Mari Artano
Laino guztien azpitik, sasi arteko istorioak eta sorginak bilatzea gustatzen zait. 'Emakume euskaldun bat Indian' naiz orain eta blogean emakumeak elkarrizketatu eta kooperaziorako ideiak emango dizkizuet. Ea nik elkarrizketak egiten bezain ondo pasatzen duzuen blogarekin.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- martano(e)k RAQUEL (II) bidalketan
- Naiara(e)k RAQUEL (II) bidalketan
- martano(e)k Behi indiar baten memoriak bidalketan
- Maialen(e)k Behi indiar baten memoriak bidalketan
- martano(e)k Behi indiar baten memoriak bidalketan
Jinaten azken laneguna
Atalak: Emakumeak
Jinat eta Nuzhat alabatxoa
Desberdina da. Irekia eta ausarta. Bakarrik egotetik jendearen errespetua irabaztera pasa da Jinat. Hainbat gauzei egin die uko bere ametsak betetzeko, familiari eta aberastasunari besteak beste. Gernikako enpresa batentzat jardun da lanean ia bi urtez eta gaurkoa azken eguna du fabrika honetan. Egunero bezala arratsaldeko seietan iritsi da etxera autobusean, penarekin laga du Rinder, baina bere erabakiz.
Zeure borondatez utzi duzu lana, zergatik?
Ni gustura nago lanarekin, enpresa oso ona da eta baldintzak ere bai. Auto eta motoentzako argiak egiten ditugu eta Produkzioaren planifikazioaz arduratzen naiz, bezeroen eskaerak kudeatzen ditut. Emakumeek ardura hauek izatea ez da arrunta, niri asko gustatzen zait lan hau. Baina bi urteko alaba bat dut eta egun osoan amaginarrebak zaintzen du. Eta horrek arazoak sortu dizkigu familian: Batetik haserreak bikote harremanean eta senarraren familiarekin eta bestetik inguruko jendearen mesprezua. Hemen gaizki ikusita dago emakumeek etxetik kanpo lan egitea. Ohituraren arabera amaginarrebari lagundu beharko nioke eta pixkanaka bere lana nire gain hartu, adinean aurrera egiten duen heinean.
Gero eta emakume gehiago daude etxetik kanpora lanean baina oraindik oso gutxi. Rinderren sei emakume gaude eta ni naiz ezkonduta dagoen bakarra, emakume ezkondu bakarra da 100 langileko ofizina batean; izan ere, ezkontzean lanari uko egiten diote gehienek. Nik uste dut emakumeok behar duguna autoestimu gehiago dela, gure ametsak defendatzeko.
Enpresa berrian haurtzaindegi bat dago eta alaba nirekin eramateko aukera dut, horregatik Yazaki-ra aldatzea. Hau ere automozioko enpresa bat da eta antzeko funtzioa izango dut.
Beste multinazional batera zoaz, aukera hobea al da enpresa indiar batean lan egitea baino?
Bai. Nire ahalmena erakusteko aukera gehiago dut atzerriko enpresetan, emakumeenganako errespetu gehiago dute eta horrek autokonfidantza irabazten laguntzen du, profesionalki errazagoa dut garatzea. Gainera sistema eta prozesu aurreratuagoak erabiltzen dituzte oro har, eta etikoki zuzenagoak direla esango nuke.
Zure ingurukoek onartu al dute zuk etxetik kanpo lan egitea?
Nire jatorrizko familiak ez. Beraiekin harremana erabat eten nuen duela zenbait urte. Senarraren familian emakume bakarra naiz etxetik kanpo lanean, eta nola hala onartu dute. Indian ehuneko hogei zeuretzat bizi zara eta ehuneko laurogeia gizartearen onarpenarentzat, horregatik da gogorra denontzat. Adibidez bizilagunek ere gaizki ikusi dutelako nire jokabidea, eta horrelako gauzek familian ere badute eragina, ez nigan bakarrik.
Batzuetan galdetzen diot neure buruari ‘Merezi al du hainbesteko ahaleginak?’ Etxetik kanpo lana –batzuetan uste dut jendeak pentsatzen duela lanera ondo pasatzera joaten naizela–; etxera etorri eta etxeko lanak; umearen ardura; horiek denak gutxi ez eta gainera presio soziala eta familiarra…
Baina ni nire ametsa betetzen ari naiz. Ni beti sentitu izan naiz berezia, apartekoa. Eskolan oso azkarra nintzen, talentuduna. Lanean emakume bakarra naiz, eta ezkontza, zer esanik ez, hori ere diferentea izan nuen: Musulman batekin ezkondu nintzen ni hindua izanik. Beraz islamera aldatu behar izan nuen. Odol hindua dut baina bihotz musulmana.
Nola iritsi zara honaino?
Hasteko, nire familiarekin apurtuta. Punjab-en jaio nintzen familia tradizional eta aberats batean. Nire aitak armadan egiten zuen lan eta hiriz hiri aldatzen ibili behar izan nuen berarekin. Bestalde, familiako negozioa genuen eta ni horren arduradun izan nedin nahi zuten. Baina nik ez nuen bizimodu hori nahi. Dena baztertu eta etxetik alde egin nuen.
Hogei urterekin erabateko bakardadean nengoen bat batean. Bizitza erreala ez nuen ezagutzen ordura arte dena eginda eman zidatelako, etxea zerbitzarik josita izaten genuen; esne-mamitan hazitako neskatila inuzentea nintzen. Sekula enkargu bat egitera joan gabekoa nintzen, hortik atera kontuak.
Ez nekien espinakak erosten. Ez nekien kozinatzen, ezta gasa pizten ere. Jendearekin hitz egiten ere ez nekien! Poliki-poliki ikasten joan nintzen eta urtebetean lana aurkitu nuen. Lan horretan ezagutu nuen Nizam, senarra, eta berak eta bere familiak asko lagundu zidaten. Gainera ingeniaritza ikasi nuen lanean ari nintzen bitartean.