Mari Artano
Laino guztien azpitik, sasi arteko istorioak eta sorginak bilatzea gustatzen zait. 'Emakume euskaldun bat Indian' naiz orain eta blogean emakumeak elkarrizketatu eta kooperaziorako ideiak emango dizkizuet. Ea nik elkarrizketak egiten bezain ondo pasatzen duzuen blogarekin.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- martano(e)k RAQUEL (II) bidalketan
- Naiara(e)k RAQUEL (II) bidalketan
- martano(e)k Behi indiar baten memoriak bidalketan
- Maialen(e)k Behi indiar baten memoriak bidalketan
- martano(e)k Behi indiar baten memoriak bidalketan
Palak Paneer… edo espinakak espinaka zapore gabe
Atalak: Sailkatugabeak
Hilean behin edo bitan gertatzen zait: etxera iritsi eta giltzak falta. Giltza etxean ahazteko zaletasun handia dut eta auzoko sarrailagileek ondo ezagutzen naute. Oraingoan etxeko apopiloari deitu diot laguntza eske:
—Kaixo Paula, badakit zita batean zaudela, baina giltzarik gabe nago eta txizak lehertzen gainera. Etortzerik ba al duzu?
—Bai Mari lasai, oraintxe naiz, hamabost minututan,
—Eskerrik asko, eta barkatu…
Hamabost minutu 900 segundo dira, eta horiek segundo asko dira etxeko ateari begira egoteko… Goiko solairuan ahotsak entzun ditut, disimulurik gabe begiratu dut eta zabalik dagoen ate batetik emakume bat ikusi dut haurra besoetan hartuta.
—Kaixoo! –hasi natzaio ahotsa pixka bat altxatuz-. Bosgarren pisuko bizilaguna naiz, giltzarik gabe nago eta… zure komuna erabili al dezaket?
Saritha haurrarekin sukaldeko atean eta bere ama espinakak txikitzen.
Horrela ezagutu dut Saritha. Oso neska atsegina, urtebeteko haurra du eta oraintxe etorri da Punera senarraren lana dela eta. Aurkezpenetan egiten dizkidaten ohiko galderak egin dizkit: «Nongoa zara? norekin zaude Indian? zenbat ordaintzen duzu pisua?». Indiarra izateko gainera bere txispak harritu egin nau, hau esan dit bere gorpuzkera dela eta: «Ez didazu sinestuko akaso, baina ni lehen fitness-eko irakaslea nintzen; Haurdun geratu nintzen ordea. Eta badakizu zer gertatzen den hemen haurdun geratzen zarenean, denak hasten zaizkizula: jan, jan!! Jan denetik eta jan asko, horrela umeak bere kabuz denetik pilatuko du eta osasuntsu jaioko da. Eta berak ez dakit baina nik ondo akumulatu dut dena!».
Sofan eserarazi nau baina sukaldetik zetorren usainari jarraitu diot segituan… «Bazkaldu al duzu? Oilasko pixka bat egin dugu amak eta biok, rotia ere egin dugu eta orain palak paneer prestatu behar dugu, probatu al duzu?», «probatu? Nire jaki gogokoena da! Erakutsiko al zenidake nola prestatu?».
Saritharen Palak Paneer-a (Espinakak gazta freskoarekin)
OSAGAIAK:
– Kilo bat espinaka
– Piper berdeak (berez txileak erabili ditu, ondo pikatzeko)
– Gazta freskoa 700gr
– Olioa
– Marañon intxaurrak edo kakahueteak
– Sei baratxuri ale
– Jengibre pasta (nahi izanez gero)
– Tipula bat
– Esne krema edo gurina
– Espezieak:
Erramua
Kuminoa
Kanela
Turmerikoa (nahi duenari Eguberriko oporretan eramango diot)
PAUSOAK:
1) Espinakak txikitu.
Sarithak ama jarri du lan horretan.
2) Txikitu ondoren uretan garbitu eta xukatu.
3) Kazuela batean bi taza ur bota eta irakitan jarri. Ura irakitan hastean espinakak bota. Espinakek gehienez bi minutu egon behar dute irakitan. Gero ura kendu.
Espinaka kiloa ur kantitate horretan irakin du.
4) Txileak edo piper berdea garbitu eta irabiatu. Berak likuadora erabili du baina irabiagailu elektrikoa ere erabili daiteke. Piperrari gatz apur bat bota bestela zaporea mikazten zaie.
5) Espinakak gehitu piperren ontzira eta dena birrindu pasta bat lortu arte.
6) Kazola batean olio txorrota bat bota eta frijitu bertan tipula bat txikituta, baratxuria txikituta, Marañon intxaurrak eta jengibre pasta pixka bat. Osagaiek kolore pixka bat hartzen dutenean bota erramu hosto pare bat, kumino hazi batzuk eta kanela apur bat.
7) Espinaka eta txile pasta kazolara bota eta sutan eduki hamar bat minutuan. Turmeriko pixka bat eta gatza gehitu nahi den neurrian.
Turmerikoaren kolore laranja espinaka pastaren erdian.
8) Gurin zati bat edo esnegaina bota, krematsuagoa egiteko.
9) Gazta freskoa dadotan zatitu eta lapikora bota.
10) Dena nahastu eta listo!
Palak paneer-a eta rotia mahairako prest.
Bukaeran, niretzat bakarrik jarri du mahaia Sarithak, eta atera dit Palak paneer razioa bazkaltzeko. Bera ondoan eseri zait, begira. Eta nik pikantea nola disimulatu ez nekiela… “ze goxoa! zoragarria dago bai, ur pixka bat emango al zenidake?”. Pena izan da pikantearena, ez dut errezeta gozatu gaurkoan baina oso plater goxoa da eta egiteko erraza!