Mari Artano
Laino guztien azpitik, sasi arteko istorioak eta sorginak bilatzea gustatzen zait. 'Emakume euskaldun bat Indian' naiz orain eta blogean emakumeak elkarrizketatu eta kooperaziorako ideiak emango dizkizuet. Ea nik elkarrizketak egiten bezain ondo pasatzen duzuen blogarekin.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- martano(e)k RAQUEL (II) bidalketan
- Naiara(e)k RAQUEL (II) bidalketan
- martano(e)k Behi indiar baten memoriak bidalketan
- Maialen(e)k Behi indiar baten memoriak bidalketan
- martano(e)k Behi indiar baten memoriak bidalketan
Askatasuna paretean
Atalak: Sailkatugabeak
Puneko zalapartaren erdian oasi bat, hiriko erritmo eta tradizioak ahazten dira horma honen inguruan. Kasualitatez iritsi nintzen lehenengoan eta koadernoa eta boligrafoa hartuta bigarrengoan. Puneko eskalada mundutxoa ezagutu dut, giroa aparta da, adin, sexu eta klase guztietako jendea ongietorria da hemen.
Annie-k Hogeita bederatzi urte ditu eta bere buruari urtebeteko epea eman zion bizitzeko, gauzak aldatzen ez baziren bere buruaz beste egingo zuen. Aitorpen hori bota dit bat batean, eskaladak bizitza aldatu diola azaltzeko. Baina gero kostata eta isilune askorekin atera zaizkio hitzak: «Duela lau hilabete anaia galdu nuen. Auto istripu batean hil zen hamasei urteko anaia, eta nolabait horren arduradun sentitu nintzen. Gainera oso iragan gogorra izan dut… baina ez dut nahi horri buruz hitz egin». Lagun batek eskalatzera ekarri zuen duela bi hilabete eta hemen «bakea» aurkitu du, «askatasuna».
Apartekoa da Annie, bakarrik bizi da eta ez ezkontzeko erabakia hartu du. Lana ere bere kasara egiten du, arkitekto freelance-a baita. Eta bi urtez egon zen New Yorken bizitzen hirigintzako masterrak egiteko Columbiako unibertsitatean. Eta horrela ere bere ametsa pertsona independenteagoa izatea da.
Ederra da Anniek eskalada nola deskribatzen duen: «Zerbait meditatiboa da, burua eta gorputza erabili behar dituzu, mina eta plazera elkartzen dira, adiktiboa da. Gainera hemen familia bat bihurtu gara, ez dago juiziorik, giro zoragarria dago, berdin dio neska edo mutila izan, guztientzako kirola da eta guztien babesa eta laguntza duzu».
Oraindik berria da horma hau, 2011an ireki zuten eta ez du jende gehiegik ezagutzen, orain emakumezko eta gizonezko kopuru antzekoa biltzen da hemen.
Annie-ri bizitza aldatu dio eskaladak
Sherya-k zibilizazioen historia azterketa du hamarretan baina goizeko zortzietako agertu da hormara, argazkiak aterako nizkiola hitz eman diotelako. Horma behin igo du di-da batean. Hamaika urte ditu, aurten hasi da eskalatzen eta dagoeneko Indiako bosgarren onena da bere mailan. Urrian izan zen txapelketa, orduan azterketak galdu zituen eta aste honetara atzeratu dizkiote. «Aitak ekarri ninduen hona lehenengoz, bera da gehien animatzen nauena. Lagunek, irakasleek eta gainontzeko familiak ere asko animatzen naute». Bere ametsa Everest mendia eskalatzea da.
Rucha-k hamasei urte ditu eta sei hilabete daramatza eskalatzen, «anaiak ekarri ninduen probatzera eta izugarri gustatu zitzaidan, eguneroko errutinan abentura topatu nuen. Eta lehen aldiz goraino iritsi nintzenean negarrak irten zidan». Ruchak dioenez pareta honetan entrenatzen duten guztiek dominaren bat irabazten dute, egunero egunero entrenatzen dute bi orduz. Horma naturaletan lehen postua lortu zuen Hampi-n egin zen txapelketa nazionalean.