Mari Artano
Laino guztien azpitik, sasi arteko istorioak eta sorginak bilatzea gustatzen zait. 'Emakume euskaldun bat Indian' naiz orain eta blogean emakumeak elkarrizketatu eta kooperaziorako ideiak emango dizkizuet. Ea nik elkarrizketak egiten bezain ondo pasatzen duzuen blogarekin.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- martano(e)k RAQUEL (II) bidalketan
- Naiara(e)k RAQUEL (II) bidalketan
- martano(e)k Behi indiar baten memoriak bidalketan
- Maialen(e)k Behi indiar baten memoriak bidalketan
- martano(e)k Behi indiar baten memoriak bidalketan
Goiz bat Lakshmiren etxean
Atalak: Sailkatugabeak
–Namaste.
–Namaste.
Indiako ohiturak ahantziz muxuak eta besarkadak eman dizkie Eshanak etxekoei. Hoztasunez jasotzen dituzte mimoak. «Badakit ez zaiela gehiegi gustatzen, baina nire ohitura da eta onartu egiten dute».
Eshana kataluniarra da, baina ez da atzerritar arrunta: Indian jaso zuen izena erabiltzen du (desira esan nahi du Sanskritoz), eta gutxitan elkartzen da gainontzeko atzerritarrekin; txurien planetatik alde egin eta aterpea bilatu du bere familia indiarrean. Duela sei bat urte iritsi zen Eshana Punera, GKE batean lan egitera. Orduan ezagutu zuen familia, GKEko Fundatzailearen bitartez. Eta ordutik ia astero bisitatzen ditu. Nik ere ezagutu nahi nuen bere familia indiarra, eta eraman nau azkenean.
Lakshmi da ama, aitarik ez da ageri, eta hiru seme alaba gora eta behera dabiltza. Beno hirurak ez, seme gazteena kieto dago lurrean, Rangoli bat osatzen ari da etxeko aldare aurrean. Koloretako hareaz zoruan egiten den marrazkia da Rangolia.
Eta iritsi zait kafea, eta galderak egiteko txanda. «Zergatik zuri eta niri bakarrik? Beraiek ez al dute kaferik eta gailetarik nahi, Eshana?». «Guk gaur barau eguna dugu, Navratri festaren hasiera delako, horregatik ari naiz Rangolia marrazten, eta bederatzi egunez ez gara aulkietan eseriko, zoruan bakarrik», aldare aurrean marrazten ari den gazteak erantzun dit, Akshay da bera.
Berriketan hasi eta amak seme baten falta duela konturatu naiz. «Eta non da ba?», «Spain» amak, «Donostian!» Eshanak, «Hara!». Orduan etxeko alaba bakarrak, Chandra-k, koko bat hartu eta hura apaintzen hasi da aldarean, «jainkosaren irudia egingo dut kokoarekin». Durga jainkosaren omenez ospatzen dituzte egun hauek, eta harrigarria izan da pausoz-pauzo kokoari Durgaren itxura nola eman dion: lehenengo margotu, gero begiak eta ahoa jarri, gero jantzi, gero belarritakoak… zenbat filigrana, zenbat detaile batzuetan; eta zer nolako soiltasuna besteetan: amak esan digu «jana?», guk «ez, lasai», eta amak berriz «ondo da».
Eta pixkanaka dena kontatu didate: Familia Karnataka-tik (India hegoaldeko estatua) etorri zen Punera lan bila. Hemen jaio ziren semeetako bi (lau dira guztira) etxerik ez eta kalean bizi ziren denak. Gizonak edan egiten zuen eta zorrak sortu, amak familiatik bota egin zuen. Semeetan azkena, Akshay, ttipiegia jaio zen eta ez zuela bizirik iraungo esan zioten. Orduan Uilhas (falta den semea), mutil koskorra, atzerritarren kafetegietara joaten zen eskean, anaiarentzat esnea erosteko diru eskean. Hala, egun batean Uilhasek Juleni eskatu zion dirua. Eta Julenek dirua baino zerbait gehiago eman zion.
Julen donostiarra da, eta sarri bidaiatzen zuen Indiara, kaleko haurren egoerak kolpatuta Asha-Kiran fundazioa sortu zuen 2002an (hau da Eshanak lan egiten duen GKEa). Eta sasoi horretan ezagutu zuten elkar Julenek eta Uilhasek. Hasteko, Julenek bidaia bat proposatu zion Uilhasi eta eskean ibiltzen ziren beste bi haurri: hondartzara eraman nahi zituen, opor batzuk oparitu nahi zizkien kaleko ume horiei. Lakshmik, amak, ezezko borobila eman arren semea Goa-ra joan zen, itsasoa ezagutzera, eta zortzi egun negarrez pasa zituen semea lapurtu ziotela pentsatuz. Baina itzuli zen Uilhas, pozik.
Julen Uilhasen familia laguntzen hasi zen apurka, etxetxo bat, dirua, jatekoa eta lana. Atzerritarra gero eta sartuago zegoen familian eta orduan egin zuen bigarren proposamena: «Lakshmi, zure semea nirekin eraman nahi dut bizitzera». Eta amak hasieran ezetz. Baina Uilhasek ere desio zuen eskaintza, kaletik mundu berri batera joatea. Horrela iritsi zen Uilhas Donostiara.
Uilhas Algorriko puntan, Zumaian. Orain Madrilen bizi da eta Asha-Kiran fundazioan egiten du lan.
Eta amak zenbat negar, bere semetxoaren faltan… baina sarri etortzen da Uilhas amarenera, urtean bizpahiru aldiz. Eta amak errietan egiten dio zigarroa erretzen duelako, eta errietan egiten dio Juleni ere erretzen uzten diolako. Baina Uilhas pozik dago eta osasuntsu, amak badaki: «Hemen jarraitu izan balu ez luke aurrera egingo, bere lagunak kartzelan daude, edo hiesak jota, edo ez daude…»
Lakshmik eta bere familiak, beren xumean, ez dute ezeren faltarik: «Lehen ez genuen ezer: ez dirurik, ez etxerik. Nik eraikuntzan egiten nuen lan eta egunean hogeita hamar rupia (0’50€ baino gutxiago) irabazten nituen asko jota». Orain etxea dute eta ikasteko lekua ematen die ilobei eta auzoko haurrei etxean. Uilhasek Asha-Kiran fundazioan lan egiten du. Eta ez al hau jasotako eskuzabaltasuna ematearen eredua?
Zubi lana ere egiten du Eshanak familian, India eta Euskal Herri artean, “horregatik ere gustatzen zaie ni hemen egotea”.