Sareedunak eta sareegabeak
Hasiera » Sailkatugabeak » Beltzezko jostunen bilera
Urr28 2

Beltzezko jostunen bilera

Atalak: Sailkatugabeak

1-IMG_0865

Nilofer-ek ukitu positiboa eman dio bilerari amaieran, emakumeen egoera hobera doala aldarrikatuz

Josten ikasten ari diren emakume batzuekin egon naiz. Slum-eko emakumeak dira, arau eta debeku artean bizi dira. Barrea ere galarazita dute, hori da krudelena. Baina jostera biltzen direnean, euren txokoan, arauetatik ihes egiteko parada dute, hemen barre egiten dute.  

Goitik behera oihal beltzez jantzitako emakumeen ondoan jartzeak zirrara eragiten du. Behintzat niri eragin dit. Hasieran. Ez naiz kamera ateratzera ausartu. Bere ohiko jarduna eten dudala uste dut, denak begira nituen, ez zekiten joatekoa nintzela. Deeptik aurkeztu nau eta gero emakumeak banan bana beren izena esan dute.

—Gyoti naiz

—Nik Pallabi izena dut

—Shagupta

—Mubina

—Aisha

Nire txanda iritsi da.

—Aïcha, Aïcha, écoute-moi…

Barrez lehertu dira, eroso sentitu naiz.

Josten ikasten ari dira, oraintxe hasi dira; botoi-zuloak josi, ohial zati txikiak albaindu… Mubina eta Aisha ditut alboan, pubertaroan daudenez beltzez jantzi eta eskola utzi behar izan dute. Orain jostun izan nahi dute. Koloretako soinekoak egingo dituzte noizbait. Beltzezko jostunak jarri diot testuari baina ez dira denak beltzez janzten, musulmanak baino ez; Hinduak kolore biziko kurtak erabiltzen dituzte. Horrek bakarrik bereizten ditu, ondo ulertzen dute elkar komunitateko emakume gisa.

1-IMG_08421-IMG_0852

Aurreko post batean aipatu nuen Asha-kiran fundazioa. Beraiek sortua da josketa ikastaroa, eta Deepti koordinatzailearen eskutik ezagutu dut nik proiektua. Rajesh markako hiru makina zahar dituzte gela batean jarrita, Euskal Herrian ikusi ohi diren antigoaleko Singer horien tipokoak. Dena dela hariz lotzen dutena baino garrantzitsuagoa da ahoz askatzen dutena. «Hitz egiteko leku bat da hau, norbaitek entzun egingo dituen espazio bakarra. Gainera dirua irabazteko aukera dute jostun egiten badira» azaldu du Deeptik. Proiektuaren arrakastaren giltzarrietako bat gertutasuna da: «komunitatean bertan eskaintzen dugu ikastaroa, eta etxetik gertu dutenez senarrak errazago konbentzitzen dituzte baimena lortzeko, gainera dohainik da».

Jostorratzak baztertu eta hitz egiten hasi gara. Deeptik egin ditu itzultzaile eta bitartekari lanak. Goxotasuna eta errespetua magiaz uztartzen ditu, bistan da lanak bete egiten duela.

1-IMG_0859

Deeptik (aulkian) egin ditu itzultzaile lanak.

Etxeko arazoez hitz egiten dute sarri jostunek eta horrek arindu egiten dizkiete kargak, «Hemen barre egiten dugu» esan dit batek, «eta ahoa estali gabe gainera, ohiturak dioenaren kontrara». Oihal beltzez estalitako emakumek ere barre egiten dute hemen, libre. Barre egin dute, adibidez, gizonek ere platerak garbitu ditzaketela aipatu dugunean, «Bai, badakigu etxeko ardurak eta lanak senarrarenak ere badirela baina ez diegu eskatzen…».

«Emakumeen egoeraz ere jarduten dugu, zergatik gertatzen diren hainbeste bortxaketa adibidez», aipatu du Pallabik, hitz egiteko orduan bera izan da ausartena. Hiru arazo larriez mintzatu dira emakumeak:

Bortxaketak.  komunikabideek arazoa okertu dutela diote, lehen telebistan ez zela indarkeria eta sexu eszenarik ikusten edo ez zirela pelikula pornografikoak hain erraz lortzen. «Ez da sexualitateaz hitz egiten, eta gazteentzat pelikulak dira erreferentzia bakarra. Haietan ikusitakoa praktikan jarri nahi izaten dute mutilek eta gizonek eta edozein emakume hartzen dute horretarako» itzuli dit Deeptik emakumeen iritzietatik. Eta gaineratu du: «Gizarte patriarkala da arazoa, emakumezkoa menpekotzat ikusten dute gizonek. Gainera, badakite biktima aukeratzen: emakume ahulena hartuko dute, erresistentziarik jarriko ez duena; neskatilak adibidez. Eta errua beti neskarena izango da».

Presio soziala. Hau da bildutako emakumeen iritziz arazo gogorrena, besteek zer pentsatuko duten horrekin bizi beharra. Banan-banan adibideak ematen hasi dita:

  • Ezin dugu iritzia eman, gaizki ikusita dagoelako.
  • Ezin dugu familiatik kanpoko gizonekin hitz egin.
  • Ezin dugu kalera irten. Eta irten behar izanez gero zazpietarako etxean izan behar dugu.
  • Jantzi beharrekoa ezarrita dugu.
  • Ezin dugu barre libreki egin.
  • Emakumeak gainontzekoek jan dutenean jaten dute, besteei sobratu zaiena. Haragia beti gizonezkoentzat da.
  • Burua estali behar dugu familian daudenean (amaginarreba izan arte)…
1-IMG_0873

Bilera ondoren Deeptik komunitatea erakutsi dit.

1-IMG_0878

Nesken jaiotzak. Emakumeak karga bezala ikusten dira komunitateetan: gaizki tratatuko dute, ezkontzean beste familia batera joango da eta gainera dotea eman beharko du… zertarako erditu neskak? Emazteek izugarrizko presioa izaten dute. «Baina, emakumeak garrantzitsuak gara: Gu gara ama, emakume gabe ez dago jaiotzarik» arrazoitu du Pallabik, gehien hitz egin duenak.

Nilofer-en ukitu positiboa

Bilera amaitzear geundela Niloferrek, ordurarte isilik egon den emakume batek zerbait gehitu nahi izan du, kopeta ere osorik estaltzen dion niqab-a darama Niloferrek: «zergatik ari gara gauza txarrak bakarrik esaten? Gero berak atzerrian kontatuko ditu eta irudi oso txarra emango du. Baina esan dezakegu adibidez Indiako presidentea emakumezkoa izan zela 2012 arte eta Puneko polizien nagusia emakumezkoa dela».

 

 

2 Iruzkin

  1. Nerea | 2013-10-31 at 16:34

    Kaixo Mari, Indian bueltaka gabiltzan 3 euskaldun gara eta asko gustatu zaigu zure bloga. Zurekin harremanetan jartzea gustatuko litzaiguke, Indiari buruz informazioa elkarbanatzeko. Mila esker

    Reply
    • martano | 2013-11-01 at 1:56

      Kaixo Nerea, eskerrik asko idazteagatik, pozte naiz bloga gustatu zaizuelako! hau da nire emaila: artano.mari@gmail.com, ze aldetan zabiltzate orain?

      Reply

Iruzkina idatzi Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Mari Artano

Laino guztien azpitik, sasi arteko istorioak eta sorginak bilatzea gustatzen zait. 'Emakume euskaldun bat Indian' naiz orain eta blogean emakumeak elkarrizketatu eta kooperaziorako ideiak emango dizkizuet. Ea nik elkarrizketak egiten bezain ondo pasatzen duzuen blogarekin.

Azken bidalketak

  • Behi indiar baten memoriak
  • Askatasuna paretean
  • Jinaten azken laneguna
  • Palak Paneer… edo espinakak espinaka zapore gabe
  • Beltzezko jostunen bilera

Iruzkin berriak

  • martano(e)k RAQUEL (II) bidalketan
  • Naiara(e)k RAQUEL (II) bidalketan
  • martano(e)k Behi indiar baten memoriak bidalketan
  • Maialen(e)k Behi indiar baten memoriak bidalketan
  • martano(e)k Behi indiar baten memoriak bidalketan

Artxiboak

  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila

Kategoriak

  • Emakumeak
  • kooperazioa
  • Sailkatugabeak

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA