Behi indiar baten memoriak
“Eta jiratu nuen burua, ikusi nuen ikusi nuena, baina, edozein modutara, zerbait berriaren aurrean nengoela iruditu zitzaidan, eta agian mundu honetara etorria nintzela”
Bernardo Atxaga.
Atxagaren imajinaziotik sortutako Mo behi maitagarri hark munduratzean sentitu zuena sentitu dut nik sarritan sortaldera etorri nintzenetik. Indiak egunero harritu nau. Eta batzuetan behi indiarren tankera hartu diot nire buruari: pasatzen denari begira lelotuta bezala, ikusitakoaz hausnarrean, juiziorik egin ezinik. Baina ni ez naiz behia eta orain zapatak jantzi eta banoa. Bukatzear da; bai bidaia eta bai bloga.
Ikasgai ederra izan da, gogorra ere bai zenbaitetan. Indian zaildu egiten da dena, Indiak zaildu egiten zaitu; hain gara desberdinak… Oro har menpekoagoak direla esango nuke, batez ere emakumeak, baina hauek ere erakutsi didate irribarrea bizi baldintza gogorrenetan. Hori irakaspen paregabea izan da.
Hasieratik sortu zidaten jakinmina emakumeek Indian, beren bizitza isila ezagutu nahi nuen. Bizitza isila daramate, plano ezkutu batean gainera, emakumeak ez dira protagonista. Horregatik eman nahi nien tartea blogean. Beren ahotsa entzunarazi nahi nuen. Zer moduz bizi zara? Zer aldatuko zenuke? Zeren falta duzu? Nola iritsi zara egoera honetara? Gauza asko jakin nahi nituen, eta tradizioaren pisua ikusi dut gehienetan. Eta ikusi dut gero eta historia gehiago ditudala inguruan, gero eta gertuago gainera. Denek egon beharko lukete blogean.
Bi urte hauetan zer geratu zaidan bihotzean:
– Bihotzean daramat elkarrizketa bakoitzean sortu den lilura. Enpatia eta intimitatea. Badakit emakumeak inportante sentitu direla nik beren hitzak koadernoan apuntatzen nituen bitartean. Bat nabarmentzekotan, Raquelen elkarrizketa aipatuko nuke. Nire antzeko neska bat ikusten nuelako, bat batean, egoera jasangaitz batek irentsi zuena.
– Bihotzean daramat negar egin dudan aldi bakoitza. Batez ere atzerritarrentzako erroldatze bulegoan. Gaizki tratatzen dute atzerritarra han, mila oztopo, mila buelta, mila paper… Fotokopiagailuko arduraduna den gizonak titietara begiratzen dizu bulegotik gertuen dagoen kioskoan (hamabost minutora gutxienez). Bost txakur erdi hilda kioskoaren ondoan, bero lamara, eta bazoaz fotokopiarekin bulegora, baina jakinaren gainean zaude fotokopia entregatu bezain pronto beste paper berri bat eskatuko dizuetela, edo fotokopiaren fotokopia, edo ezkerreko belarriaren neurria enbaxadako zigiluarekin. Ez da inoiz amaitzen. Unibertsitatean lau hilabeteko ikastaro baterako hamar argazki aurkeztu behar izan nituen matrikula osatzeko, uste dut bi unibertsitate karrera egiten ez nuela hainbeste paper bete Euskal Herrian.
Burokraziaren amesgaiztoaz aparte atzerritarrekiko jarrera deserosoa nabari izan dut sarri. Esango nuke indarrak, kasta gizartean ohitutako daudelako seguru asko, gutxietsita sentitzen direla zurien aurrean, zuri garelako bakarrik, automatikoki. Eta orduan gure gainetik daudela erakutsi nahi dute askok, lekuz kanpo gaudela erakutsi nahi digute, batez ere lezio moralak ematen. Kontraesan kulturalek gaizki ulertuak sortzen dituzte. Horrelakoetan bizi izan dut indiarren jarrera soberbio eta gutxieslea neure azalean. Banketxeetan, unibertsitatean, eta etxe atarian bertan ere bai: bikotekideari besarkada bat emateagatik errieta entzun behar izan nuen adibidez: «Gure kultura ez duzue errespetatzen! Zer pentsatuko dute haurrek!».
– Bihotzean daramat atzerritarron harropuzkeria. Guk ere badakigu lerdoak izaten. Uste dut atzerritar batzuek, hemen hainbeste pobrezia ikusita, beren burua petrolioaren magnateen pare ikusten dutela… Sarritan sentitu dut lotsa, batez ere beren buruari gogorarazten diotenean hemen “certain level-eko jendea” direla, eta nahi dituzten kapritxoak lor ditzaketela. Sarritan sentitu dut lotsa certain level-eko zuri hori zerbitzaria hutsaren pare tratatzen hasten denean, edo bere lantegiko indiarrak kritikatzen hasten denean. Kode kultural desberdinak ditugula ahaztuta, mundu-ikuskera desberdina dugula ahaztuta… Eta batez ere bere eskulan merkeari esker aberasten ari dela ahaztuta.
– Bihotzean daramat eskale baten negarra gauean. Afari batetik bueltan gentozela izan zen, semaforo batean. Agure batek haur jaioberri bat zuen besoetan. Parrandara zihoazen gazte aberats artean ari zen eskean, baina autoetako leiho polarizatuek babesten zituzten. Bazuen eskale hark zerbait ez zaidana inoiz ahaztuko. Desesperazioa agian, malkoak… eta oraindik ez diot barkatzen nire buruari ezer eman ez izana.
– Bihotzean daramat irribarrea, irribarrerik espero ez nuenean. Gure aitaren bila joan nintzen Mumbai-ko aireportura pasa den astean. Bidean familia asko ikusi nituen kalean lo. Semaforo gorri bat familia horietako baten pare-parean tokatu zen. Berriz ere semaforoa. Eta errukiz begiratu nien. Alabatxo bat eskuak hanka artean zituela lo. Beste bi anai arreba elkarri helduta. Esna zegoen bakarra, emakume bat zen, ama izango zen. Eserita zegoen niri so. Elkarri begira egon ginen segundo batzuk eta, orduan, sekulako irribarrea erakutsi zidan, eta eskuarekin agur egin. Harrituta erantzun nion, pozik. Barruak mugitu zizkidan jarrera horrek.
Zerbait berria daramat barruan Indiatik.
zorionak bidaiagatik eta kronikengatik, eta ongi etorri.
eskerrik asko!
Izugarriak argazkiak, izugarriak hitzak… Blog hau irakurtzea opari bat izan da niretzat. Eskerrik asko.
Mila esker zuri Ane, zure hitzek bai poztu nautela.
Zorionak lanagatik eta eskerrik asko artikulu politt hauek gu danoi helarazteagatik!
Eskerrik asko zuri…
Bukaera ezin hobia, han bertan eongo banitza bezela sentiu naiz zure bloga irakurtzen. Eskerrik asko ta honea allautakuan e zure hitzak irakurtzen segitzia espero det. Ongi etorri ta muxuak!!!!
Eskerrik asko Maialen!!! hau poza gustatu zaizula! Ia Euskal Herrian ere zerbait berria haste dudan! Muxu haundi bat!