Olatz Sanchez Lamikiz
Latitudeekin dantzan dabilen barakaldarra naiz, han eta hemen, Iparra eta Hegoa orratz. Hizkuntza ttipiez arituko naiz, besteak beste; ikusi eta ikasi dudana zurekin konpartituko dut. Küpaelueyu, kiñetrokin, espazio zati bat eskainiko dizut zentzurik zabalenean, dela idatzi puxka, dela lur zati, dela bitxikeria, dela begirada. Haiek geureganatu eta iraultzen ahaleginduko naiz espazio berriak sortzeko.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
Artxiboak
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
Atakama basamortuko altxor bilatzaileak: zeruak eta heriotzak bat egin zutenekoa
Atalak: Historia, Hizkuntza
Munduko basamortu lehorrena da Atakama; Txileko iparraldean dago eta turistentzako ohiko geldiunea da. Basamortuak paisaia bitxia dauka: batzuetan ez dakizu hare artean edo Marten, bietako zein bazterretan zauden. Begiek lasaitua hartu ohi dute ezerezera begiratu eta deus ikusten dutenean, bakean datzate zentzumenak.
Patricio Guzmanen “Nostalgia de la luz” dokumentala
Atakama turistentzako ezezik, izarren maitaleentzako ere leku ezaguna da oso. Atakamako zerua munduko zeru garbiena da izar eta planetak behatzeko. Astronomo eta astrologo ugarik zeru oskarbi haren magalean lo egitea dute amets. Basamortuan galdurik, badira behaketa lana egiteko begiralekuak: iragana berreraikitzen dute astronomoek eta hein batean, iraganean bizi dira cosmosaren sekretuak deskubritu bitartean, bestelako abiaduran.
Urte batzuk atzera egiten badugu, ordea, Atakama diktadurak erabilitako “hilerri” ez ofiziala ere izan zen; horren adibide dugu Chacabuco, Txileko kontzentrazio esparru handiena garai hartan. XIX. mendean mehatzea izandako lur eremua da.
Basamortuan zeruari begira daude astronomo eta izar maitaleak; desagertuen senideek, berriz, lurrari begira eman dituzte hogei urte luze haien kuttunen hezur puxka baten bila, bertan daudela erakutsiko dien edozein zantzuren bila.
Inoiz berreskuratu gabeko iragana da beste hura, jendeak aitortu nahi ez duen historiaren pasadizoa, ezen askoz ere samurragoa baita zeruari begira jarri eta iraganaz galdetzea, izar batek behin-betiko erantzuna emango baligu lez. Sarritan gertatu ohi da askatasunak kapsula batean gorderik daukala iragana, astronomoen aburuz, izarrek gure jatorriaren sekretua laino artean bilduta daukaten bezala. Heriotza eta oihal ustelduak oparituko dizkigun iraganak ere oraina zein etorkizuna eraikitzeko tresna izan behar du, aurkikuntza irmoena, lehenaldia ulertzeko gakoa.
Zoritxarrez, halakoxeak dira trantsizio ugari, amnesia pilula apartekoak.
Pinochetek atxilotu ugari itsasoan eta basamortuan desagerrarazi zituen. Calamako lagunek eta ipar zein hegoaldeko bizilagunek bi hamarkada luze daramate hildako eta desagertuen arrastoaren bila basamortuan bertan. Nekez agertuko dira egunkari eta aldizkarietako azaletan; haien aurkikuntzak ez dira ezelango liburuetan argitaratuko. Mututurik idatziko dute lerro arteko historia.
Basamortua paradisu izatetik dexente hurbil dago abenturazale, geologo eta astronomoentzako; altxorrez beteriko mapa marraztu ahal da bazter batetik bestera. Urteek, aireak eta hareak higatutako altxor preziatuenak aurkitzeke daude ordea: senideak eta memoria.