Olatz Sanchez Lamikiz
Latitudeekin dantzan dabilen barakaldarra naiz, han eta hemen, Iparra eta Hegoa orratz. Hizkuntza ttipiez arituko naiz, besteak beste; ikusi eta ikasi dudana zurekin konpartituko dut. Küpaelueyu, kiñetrokin, espazio zati bat eskainiko dizut zentzurik zabalenean, dela idatzi puxka, dela lur zati, dela bitxikeria, dela begirada. Haiek geureganatu eta iraultzen ahaleginduko naiz espazio berriak sortzeko.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
Artxiboak
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
Rapa Nui: Te pito o te henua. Munduaren zilborra
Atalak: Historia, Hizkuntza
Badirudi zilborrak harri bitxi batekin zerikusi handia duena: kondaira batek dioenaren arabera, txaluparen oreka gorde nahirik, Hotu Matua erregeak bi harritzar garraiatu zituen Hivatik Rapa Nuira. Irlara iritsitakoan bi harriak erabili zituen lurraldea mugatzeko eta hala, harri bana jarri zuen irlaren mutur banatan. Te Pito O Te Henua izena daukana garrantzitsuena da, iparorratzak zoratzeko moduko energia berezia baitauka gorderik eta bertako bizilagunek harri hura baliatzen dute eskaintza eta egun berezietan, beronek ematen dituen bibrazio onak xurgatzeko.
Nerudak dio Rapa Nui “Itsaso zabalaren zilborra zara, itsasoaren tailerra, diadema galdua” dela, sumendiaren garrek itsasoa garaitu zuten, nonbait, eta hantxe azaldu zen lur puxka txiki hura, hamarnaka sumendiz osaturikoa.
Eta halaxe ei da, sumendi baten ondorioz “jaiotako” irla bitxia baita Rapa Nui, munduko ezein lekutatik urrun. Mapari begiratuta, bazter hura apenas dago ikusgai, mapetatik haratago dagoen lurraldea ahu edo moai izeneko estatuek besarkatzen dute isilpean. Bitxia da harrizko estatuen historia; tira, kondairez beterik dago irla, irudimenaren oasia da. Edozein kasutan, estatuok bertako herritarrek eurek eraiki zituzten; batzuek diote hilobi antzekoak zirena eta haien arteko guda baten ondorioz erdia baino gehiago suntsitu zituztena, moai bakoitzak tribu bat ordezkatzen zuen eta. Halako teoria ugari dago baina bakar batek ere ez ditu historialari guztiak asetu.
Egun irlan Rapa Nui hizkuntza hitz egiten da baina berez, mende batzuk atzera rongo-rongo hizkuntza sistema ideografikoa zerabilten, hau da, irudiz osaturiko hizkuntza. Ezker eskuin eta ondoren eskuin ezker idatzi eta irakurtzen da. Tradizioak esaten duenaren arabera XII-XII mende artean asmaturiko hizkuntza da baina aurkitu, XIX mendean Rapa Nui irlan aurkitu zuten rongo-rongo hizkuntza. Marrazo haginez eginiko “arkatz” zorrotzak oinarri harturik, egurrezko tauletan margotzen zuten. Izaki antropomorfikoak ziren nagusiki, hainbat jarreratan margotuak. Bestelako uretako zein lurreko animaliak irudikatzen zituzten: izarrak, landareak, hegaztiak… Irudi geometrikoak ere baziren haien idazkietan.
Huraxe zen XVIII mendera arte irlan erabiltzen zuten hizkuntza idatzia. Tangata rongo-rongo izeneko abeslari eta idazle finek ezagutzen zuten idazkera hura eta egur edo harrizko taula batzuez lagundurik, ahozko tradizioa mantentzeko eta memoriarako tresna gisa erabiltzen zuten, besteak beste.
Tauletako inskripzioen esanahia 1862 eta 1863 urteen artean galdu zen Perutik etorritako nagusiek taulak lantzen zituzten gizonak bahitu zituztenean; ondorioz, Rapa Nui irlatik joan behar izan zuten, esklabu. Hizkuntza irakurtzen eta sortzen zekitenak haien sorlekutik urrun eraman zituzten eta erbestean hil ziren. Haiekin batera, hizkuntzaren sekretua ere hil omen zen.
Rongo-rongo hizkuntzaren zeinu bakoitzak hitzak, aditzak, mugimenduak eta zenbakiak dakartza: esanahi anitza duten esaldiak. Hizkuntza artea izatetik zein hurbil egon daitekeen erakusten digun historia eta istorio tristea da, heriotzera kondenaturiko enegarren hizkuntzarena.
Irlaren jatorria eta haren antzinako hizkuntzaren berezitasuna literatura eta magiarako osagai perfektuegiak dira.
.