Olatz Sanchez Lamikiz
Latitudeekin dantzan dabilen barakaldarra naiz, han eta hemen, Iparra eta Hegoa orratz. Hizkuntza ttipiez arituko naiz, besteak beste; ikusi eta ikasi dudana zurekin konpartituko dut. Küpaelueyu, kiñetrokin, espazio zati bat eskainiko dizut zentzurik zabalenean, dela idatzi puxka, dela lur zati, dela bitxikeria, dela begirada. Haiek geureganatu eta iraultzen ahaleginduko naiz espazio berriak sortzeko.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
Artxiboak
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
Calafate aike joiuen, Calafate landarearen mitoa.
Atalak: Historia, Hizkuntza, Legenda
Calafate hitza ezaguna da hiriguneko tabernetan, halaxe deitzen baita hegoaldean ekoizten den garagardo mota bat. Tehueltxe eta selknam jatorrizko herriek, aldiz, bestelako erreferentziak dituzte izen honen baitan.
Edozein kasutan, Calafate hamaika kontakizunen ama da eta kondaira batzuk beste batzuk baino bitxiagoak dira zalantza barik. Nik ohiko mitoetatik urrundu nahi izan dut: maitasun istorio tradizionalak, traumatikoak!, elkar ezin maita dezaketen gizon eta emakume amoranteen zorigaitza..…kontakizun garaikideak direla esan ohi dut nik, garai batean herriaren ahotik jaiotako istorio edo legenda baten bertsio modernizatua, egungo ezaugarriez jantzirik.
Eta euskal mitologiari buruzko klase baten ostean, ikasleen elkarrizketa batek Calafatearen bertsio berria oparitu zidan.
Koonek amona sendagilea akiturik zihoan iparralderantz, negua gainean zuten eta ehizatzeko bazter epelagoen bila zebiltzan. Halakoetan egin ohi zuten bezala, andreari kau, bizileku txukuna eraiki zioten eta urtaro hotza babesturik igarotzeko beste janari etxean gorde zuten. Garai hartan ez zegoen zaldirik eta amonak erabat isolaturik bizi behar izango zituen neguaren hilabete hotzak. Hilabete ilunak hurbildu ahala, bakardadea are sakonagoa zen, txoriek ere ihes egin baitzieten lehen elurteei. Baina Koonek, gainontzeko kideen harridurarako udaberriaren lehen eguzki printzeak besozabal hartu zituen. Enarak eta txepetxak kuku egitera esnatu ziren eta andreak errieta egin zien negu osoan bakarrik uztearren, isiltasuna izan zuelarik adiskide bakarra. Txoriek estuturik, neguko hilabeteetan haien gorputz ttipia hotzetik eta haize zurrunbiloetatik babesteko habiarik ez zutela azaldu zioten, udazkenetik aurrera apenas zegoela zer jan inguru hartan. Koonek kautik irten barik halaxe erantzun zien “ gaurtik aurrera, datozen hotzaldietan non lo egin eta zer jan izango duzue”
Etxea ireki zutenean baina, andrea jada ez zen bertan. Amona lore horiz beteriko zuhamuxka arantzadun ederra bilakatua zen eta uda iritsi orduko, loreak fruitu more goxoak bihurtu ziren, haziz beterik. Txoriek eta Kooneken bizilagunek denek jan zituzten zuhaixkaren fruituak, eta sasiaren haziak aikez aike ,ahoz-aho, zabaldu zituzten. Urruti samar ziren hegaztiek albistearen berri izan zuten eta ordutik, hilabete hotzetan ez dute lur mutur hura gehiago abandonatu, akaso hargatik esan ohi da “ Calafateak jaten dituena atzera itzuliko da bueltan”.