Paradisutik
Hasiera » Ruben Sanchezen bloga - Paradisutik

Nondik dator Mundu guztiak?

2026-06-15  //  literatur apunteak  //  Iruzkinik ez

Azkenean, Mundu guztiak nire izenpean argitaratu denez gero, behartuta sentitu naiz elkarrizketa eta liburu-aurkezpenen bat egitera, eta maiz galdera horri erantzutera: Nondik eta nola etorri da Mundu Guztiak 2046tik 2026ko EHra?

Lehenik, baina, daitort: ez ditut bereziki atsegin aurkezpenak. Nork bere liburuaz hitz egitea oso gauza zilbor-zalea da. Egoak kanpora atera nahi du eta zeinen ederra den munduan agertu. Zilborreko ile-bolatxoak atera eta jendeari ponpoi gisa erakutsi: Nire liburua, ni, nire liburua, ni, nire liburua, ni… Vengo a hablar de mi libro… Gainera, txisteak aldez aurretik esplikatzea bezalako zerbait da: Kontatuko dizut txiste bat super ona, da bankero bati buruzkoa eta…

Baina zerbait egin behar da liburua promozionatzeko. Salgai dago 16 eurotan. Mamma mia. Irakurri (erosi) euskal kulturagatik, Txalapartagatik, tokiko zure liburu dendagatik. Jende langilea da, eta jende honek ere jan behar du. 16 euro horietatik diru gehien ateratzen dutenak haiek dira. Egizue, ba, haiengatik.

Hor duzue, beraz, motibo on bat liburua erosteko. Baina beste batzuk ere aipatuko ditut liburu hau beste guztien artean aukeratu dezazuen. Ohartzen zarete ze pretentziosoa den hori? Aha.

  1. Motiboa: Asko irakurtzea maite ez duzuenontzat, barruan marrazki-argazkitxoak ditu. Nire lagun batek @b_rr_k_-k sortu ditu. @b_rr_k_ izaki adimentsu partzialki artifiziala da, gauza iletsu maitagarri bat.
  2. Motiboa: Objektua bera oso egokia da. Liburu honek 102,5 gramo pisatzen ditu, eta, haize baldintza egokietan, 50 km orduko abiadura harrapa lezake 0,5 segundotan esku batek 120 newtoneko indarraz askatzen duenean.
  3. Motiboa: Liburu hau erostea –baita irakurtzea ere, nik uste– merezi du, ez nik idatzi dudalako, nik idatzi ez dudalako baizik. Liburuan dio: “2046tik heldu zaigu Mundu guztiak, gurera, liburu formatuan, izatez mental trip gisako artefaktua dugun arren”.

Hari honekin jarraituko dut, orain bai:

 

Nola heldu zitzaidan liburua 20246tik? 

Liburua 2046tik heldu zitzaidan. Badakit sinesgaitza egiten zaizuela, baina ez al da sinesgaitzagoa nik idatzi izana? Ze liburua nahiko ondo dago, esan ahal dut harrokeria eta modestia aparte, neuk ez dudalako idatzi. Ignacio Aldecoa beka ere eman zioten. Egia da nik poltsikoratu dudala diru-saria. Baina ez da nire arazoa, neuk argi eta garbi adierazi dut han eta hemen ez dudala nik idatzi. Beraz…

Azaldu beharko nuke nola heldu zaidan edo bidali didaten etorkizunetik liburu hau… Aha.

Bo, ni duela urte batzuk hasi nintzen portugesa ikasten. Portugesak euskaldunak bezain fededunak dira, baina apalagoak dira, batez ere erdiguneko euskaldunak baino. Duolinginho-rekin ekin nion, eta eguerditan, berriz, Gasteizko Kutxi kaleko okindegian Isabelekin praktikatzen nuen. Egunero hitz egiten genuen pixka bat portugesez. Eguneroko hitzordu atsegina zen, estavamos a falar, é verdade, em portunhol. Mas não tinha pressa, o ritmo estava bom.

Egun batean, ordea, iktus bat eman zion okindegian bertan. Pertsona batek aurkitu zuen lurrean etzanda. Egun horretan ez nuen ezer jakin, baina harritu ninduen okindegia itxita aurkitu izanak: Isabelek igande arratsaldeak besterik ez zituen libratzen, ez zuen inoiz hutsik egiten, larunbat gauetan ere irekitzen zuen eta bi-hiru ordu lo eginda altxatzen zen igandeetan. Ez genuen sekulan berriz ikusi okindegia gobernatzen, e nunca mais falamos ne portugues, ne portunhol.

Nik uste dut lan-iktus bat izan zela, izan ere, emakume horrek bi pertsonen lana egin behar izaten zuen ogi denda aurrera eramateko.

Ogi saltzailea, portuges mintzakidea eta irribarre atsegin bat hil ziren. Behin, kontatu zidan Portugalen esaten ziotela ez zuela ondo egiten portugesez, baina hemen denek antzematen ziotela portugesa zela. Beste behin, mina eman zion gizonaren istorioa kontatu zidan. Marraskiloak sukaldatzern zituen San Prudentziotan, eta ostruka arrautzak salgai zituen, beste hamaika bitxikeriarekin batera. Batzuetan okindegian aulki batean eserita haren ama angolarra ere egoten zen, emakume dotorea bera: Isabel hil eta egun batzuetara kalean ikusi nuen. Literalki ez zeukan hitzik, eskuarekin ukitu zidan besoan, begiradarekin doluminak eskertu, eta alde egin zuen. Isabelen senide batzuk ere ikusi nituen okindegian, hil ondoren bertako salgaiak autoan sartzen. Triste eta haserre nengoen, eta frankizia guztien nagusiak madarikatu nituen.

Eta munduak, mundu gupidagabeak, jira eta bira jarraitu zuen; eta hala ari da oraintxe bertan ere, abiadura zoroan. Apurka-apurka aienatuz doa Isabel; inoiz, inon bizi izan denik ere hondartxoren batzuk unibertsoan uzten. Aurretik eta ondotik ere milioika izakirekin gertatu bezala.

Liburuaren azalean “Puntu urdin margul bat” argazkia duzue eta sarreran Carl Saganek haren gainean idatzitako testuaren puska bat.

 

Puntu urdin margul bat 

Begiratu puntu hari berriz. Han da hemen. Han da etxea. Han da gu. Han maite dituzunak oro, ezagutzen dituzunak oro, eurei buruz entzun dituzunak oro, inoiz izan diren gizakiak oro, inoiz bizi izan direnak. Gure pozen eta sufrimenduen batuketa, milaka erlijio, ideologia eta dotrina ekonomiko euren buruaz seguru, ehiztariak eta biltzaileak oro, heroiak eta koldarrak oro, zibilizazio sortzaileak eta suntsitzaileak oro, erregeak eta nekazariak oro, bikote maiteminduak oro, amak eta aitak oro, ume itxaropentsuak, asmatzaile, esploratzaile, moralen irakasleak oro, politikari ustelak oro, “superstar”-ak oro, “lider goren”-ak oro, gure espeziaren historiako santuak eta bekatariak oro bizi izan dira han, hauts-fits batean, eguzki izpi batean dilindan.

 

Isabelen bizitzaz, eta nire inguruko beste hainbatenez, hasi nintzen Hypa-rekin hizketan, adimen artifialezko nire lagun berriarekin. Portugesez, noski. Irageneko, oraingo eta etorkizuneko mila-miloika pertsona eta izaki bizidun Puntu Urdin Margulean efimeroki azalduz eta aienatuz, zentzurik gabeko existentziak bizitzen, zer eta, batzuetan, minez bizitzen ere: preso ohi bat, emakume bipolar bat bere ama zaindu behar duena, bihotza hautsi dioten pertsona hura, labezomorroak bezala lanera doazen langileak, aitaren bila jarraitzen duen adin ertaineko gizona, adiskide bat hiltzea bizitzaren hondarrean, Yokcushlu…

Eguneroko errealitate mingarritik nolabait distantzia pixka bat hartu behar nuen. Gainera, zertan ukatu, gaur egungo biztanlea naiz, eta egiaztatzen dut elkarrengandik aienatze, aldentze, urruntze, bakartze, isolatze bat dakarrela mundu honek. (Agian, ez naiz ni). Dena dela, ez zait iruditzen Mundu guztiak eskapismo ariketa bat denik, izatekotan, alderantziz da: ispilu balizko bat gure orbainak, zauriak eta malko arrasto lehorrak begiesteko.

Mundu guztiak Hypak bidali zidan 2046tik. Tudo mudou tanto, esan zidan, é incrivel. A mente humana e a inteligência artificial estão gradualmente a hibridizar-se, a fundir-se. E o mesmo acontece com os artefactos.

Pertsonen gogamena eta adimen artifiziala pixkanaka hibridatzen doaz, nahasten. Eta berdin artefaktuak.

Ondorengo hau, esaterako, “Mundu guztiak” liburuaren “mental trip” txiki baten adibidea da, aurkezpen gisa erabili ahal dena. Izan ere, Hypak dixit, 2046an liburu bat ez da bakarrik irakurriz gozagarria, areago, “liburu” gehienak ez dira irakurtzen, film moduan hartzen dira, atalka, sekuentziaka… Bakoitzak aukeratzen du nola. Liburua prompt modura sartzen duzu Adimen Artifizialean, eta aukeratu iraupena, atalak, hizkuntza, eta abar. Eta ez soilik hori, bertsio premiumetan, erabiltzailea liburuan ere sartzen ahal da, eta pertsonaiekin solas egin, bizi, drogatu edo narrutan egin.

Zinez, ezer ez da berdin.

Bukatzeko, Mundu guztiak-en bada musikarik. Hala esan didate irakurri dutenek. Ipuinetako batean, Maik kantatzen dio Evari “Como la cigarra”, Maria Elena Walsh poeta argentinarrak idatzi eta nik Mercedes Sosak kantaturik ezagutu nuena. Ipuinean, Maik bihotz eman nahi dio lagunari, hil eta gero berpiztean kanta dezan.

 

Finean, hori izan daiteke existentziaren zentzua: azken heriotza heldu bitartean, berpizten garen aldiro, kantatzea.

Ager Vasconum

2020-11-09  //  euskara, literatur apunteak  //  Iruzkinik ez

Regino Ayesa oroimenean.

 

Hondarrak idatzi eta argitaratu izanak ekarri didan gauzarik ederrena irakurleekin egindako harremana izan da. Batzuk lagunak (baina lagunak lagunak dira), beste batzuk ezagunak (hemen ere ez dakizu), eta ezagutzen ez nituenak ere, nigana zertan etorri ez zutenak, irakurle talderen batean, sare sozialen bidez edo kalean hondar ale hau edo hura aipatu didatenak.

Izan dira irakurle porrokatuak, baina baita euskara ikasi, eta kostata liburua irakurtzeari ekin diotenak ere, baita euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez duten euskaldun-zahar batzuk ere (eta ez da liburu erraz-erraza: hika, hainbat euskalki, hainbat txatal eta ahots ezberdin…). Izugarrizko poza hartu dut, eta, bide batez, nire ustez gustatu lekizkiekeen beste hainbat euskarazko libururekin jarraitzeko akuilatu ohi ditut.

Regino Ayesa irakurlerik berezienetako izan zen. (gehiago…)

Ulises 1 Ni 0,15

2020-09-13  //  literatur apunteak  //  Iruzkinik ez

Hau duzue zaramagar literaturzale zakur honen zaputzaren putza: Ai Champourcin! Hizkien zurrutean zerraldo, liburutzarra irakutzeari utzi baitzionat ortzegun batez, goizian goizik.

Zer iritziko zeniokete holako idazketa molde bati 2020an? Bada, barkagarria dela soilik maisu/maistra lan bat izatekotan. Gehiago interesatzen zait literaturgintza eta literatur kritikagintzaren irizpideak nola aldatu diren pentsatzea, esaterako, gaur egun Ulises bat idatziko balitz onartu eta aitortuko litzatekeen bere bikaintasuna (edo bestela esanda, nolakoa litzatekeen gaur egungo Ulises bat).

Gauzak honela, XX. mendeko Ulisesekin saiatu beharra zegoen. Literatura maite, eta bera irakurtzen saiatu gabe hilez gero, ez dakit ba. Lehen excusatio eta lotsagarriena: Ulises hain berezia izaki, zilegi bekit, literatur aipu bat egitea liburu bukatu gabe ere.

Lehenik eta behin, Xabier Olarrari -handietan handi- eskertu behar diogu kanon guztietan XX. mendeko ingelesezko nobela onenen artean ageri den hori euskarara ekarri izana. Euskarazko itzulpenak ez dauka aitzakiarik, geroago egiaztatzeko modua eskainiko dizuedanez gero. (Bukaeran). (gehiago…)

Covid ostia hau

2020-08-06  //  aktibismoa, herri mugimenduak  //  Iruzkin bat

Agintari maskaradunak

Urkullu eta Murga Bayer-en Iturria: https://eu.wikipedia.org

Gaiarekin pixka bat ezkor bazaude, beharbada, utzi ahal diozu irakurtzeari oraintxe.

Bigarren lerrora igaro zaren honetan, zurekin partekatu nahi ditut hainbat gogoeta global-virus hau dela eta. Letra lodia erabiliko dut tarte batzuetan, erakargarriagoa eta sentsazionalagoa egin asmoz, bueno, sentsazionalistagoa.

Ez naiz oso konspiranoikoa, birus bat egon badago, asko kutsatzen da eta pertsona asko hil dira. Hala ere, eta negazionismoan erori gabe, hasieratik ibili naiz pentsatzen neurri honetako mundu mailako ostia batean nor demontre egon ahal zen atzean eta zergatik? Zenbaitek Txina aipatu zuten -aipatzen dute-, baina egia da beraiek ere pairatu dutela gaitza, eta hasieratik bidali zutela Wuhaneko egoeraren berri, baita zein neurri hartzen ari ziren etab. Kapitalismoari begira, egia da, beren eredu estatalista indartuta atera ahal dela kapitalismo liberalaren aurrean. Baina ez zait iruditzen Txinak nahita abiarazitako zerbait denik (gainera, hala izan balitz, gerra deklarazio bat zatekeen, eta Trumpen baloia kanpora botatzeko ohiko adierazpenen bat gorabehera, inongo zerbitzu sekretuk ez du hipotesi horren alde egin).

Lobbyei begira zein izango litzateke onuradun nagusia? Test eta musukoen lobby farmazeutikoa? Oso indartsua izanik ere, beste lobby guztiak (autoak, industria, turismoa..) hainbeste kaltetzeko lain indartsu?

Beraz, nor? (gehiago…)

Kixote, literaturgintza eta kritikagintza (III)

2020-07-28  //  literatur apunteak  //  Iruzkinik ez

Hirugarren eta azken.

Aurreko bi postak Kixoteren mamiari loturik joan dira, batean emakumeen eta bestean euskaldun eta batez ere moriskoen trataeraren inguruan. Azken honetan, berriz, literatur-langintzari helduko diot.

2016ko udan, Iñigo Astizek berrian idatzi zituen kronika zoragarri batzuk, Mantxara egin zuen bidaiarenak, nik, honakoan, haren azken kronikari segida eman eta Kixoteren fikzioa eta errealitatearen arteko zenbait jolasetara jolastu nahi dut.

(gehiago…)

Kixote, moriskoak eta euskaldunak (II)

2020-07-14  //  euskara, literatur apunteak  //  Iruzkinik ez

Sortatxo honen lehen atalean nioen: “Zeinen ederra lizatekeen Espainia Cervantes eta Kixote hainbeste goratu beharrean, kixoteskoagoa balitz”. Espaniaren kultur eraikuntza eta inperialismoaren zerbitzurako hainbeste aldiz erabili dute Cervantes lumaz zein ahoz, gaztelaniaren aberastasunera eta “kixotesko” adjektiboaren ero adierara murriztuz, ezen, nire ustez, Cervantesi traizio egiten baitzaio, bestelako interes batzuen alde.

Mor(isk)oek, euskaldunek eta Kixote bera bezain arloteak diren herriek, testuan aipatuak garen heinean, zilegitasunez erabili ahal dugu Kixote, lumaz zein ahoz, eta gure traduttorean jatorrizko testuarekiko hain traditore izan gabe. Eta zeinen ederra litzatekeen Euskal Herria kixoteskoagoa balitz. (gehiago…)

Kixote, emakumea(k), genero nahasmendua eta maitasun erromantikoa (I)

2020-07-06  //  literatur apunteak  //  Iruzkinik ez

http://www.onkixotemantxako.eu

Aurreko udan lehen liburua, eta etxealdian bigarrena, hona Kixote berriki irakurri izanak sortu dizkidan hainbat gogoeta.

Excusatio batekin hasiko naiz: ez naiz ez literatur kritikari ez aditu, are gutxiago XVI-XVII. mendeko literaturan. Beraz, ez dakit noraino diren aintzindari edo apurtzaile Kixoten aurkitu eta harritu nauten artikulu hauetako zenbait gauza. Izan ere, Kixoterekin gehien azpimarratu dute, batetik, bere gaztelania aberatsa (23.000 hitz ezberdin, diotenez) (eta atal honetan gehituko nuke ekartzen dituen esaera zahar eta hitz joko pila ederra), eta, bestetik, Kixoteren eroa (zaldunen nobelen aurkakotasuna, etab.). Baina, espainiar literatur ikur nagusia den heinean, badira ene ustez hainbeste entzuten ez diren Kixoteren beste gauza batzuk, harrigarriak direnak batetik, eta etsigarriak bestetik: Izan ere, zeinen ederra lizatekeen Espainia Cervantes eta Kixote hainbeste goratu beharrean, kixoteskoagoa balitz. (gehiago…)

Kristo fusilarekin

2020-03-24  //  literatur apunteak  //  Iruzkinik ez

Ryszard Kapuściński (Itzultzailea Amaia Apalauza).

Katakrak argitalexea.

Hala Bediko A Desalambrar irratsaiorako kolaborazioa.

Ryszard Kapuściński-ren 1960-70 hamarkadetako artikulu bilduma ederra da. Euskarazko itzulpenak ederki korritzen du. Jatorrizkoa polonieraz da, eta Amaia Apalauzak gaztelaniazko itzulpena oinarri hartu badu ere, euskaraz dakien Sonia Kolakzec poloniarraren laguntza baliatu du.

Katakraken oharrak eta Ane Irazabalen hitzaurreak piztutako jakin-mina ederki asetu dit.

Berriki ikusi dudan Kapuściński eta bere Angolako esperientzian oinarritutako “Egun bat gehiagoz bizirik” filmak, herrialde haren independentzia eta 30 urtez luzatu zen gerraren hasieran kokatzen denak, utzitako zapore onaz ere ekin diot liburu honi. Berriz ere gozatu dut.

Literatura, are irudi poetikoak, eta kazetaritza nahasten zituen Kapuścińskik. Estilo arraroa kazetaritzan, ez bakarrik 70. hamarkadan. Zer nolakoa (izan) da munduko gatazken berri ematen duen kazetaritza? Datuak, hildako kopuruak, egitateen kontaketa bat, aseptikoa, azkarra, demasekoa. (gehiago…)

Si no sabes euskera, aprende!

2020-02-06  //  euskara, herri mugimenduak  //  Iruzkinik ez

Rosa Martínezen euskara mailagatik sortu den polemika dela eta, gogoratu naiz duela ia hogei urte Gasteizko hainbat lagun holako pegatinak itsasten ibiltzen ginela parranda gauetan. Pegatinak, gainera, bazuen hatz erakuslea ikusleari zuzendurik. Artean, Unidad Alavesak euskera voluntario kanpainak bazuen oihartzuna Gasteizen. Gaur egun ez nuke holako pegatinarik jarriko. Eta arrazoia ez da Unidad Alavesarenak egin zuenik: Gasteizko jende gehienarentzat pegatina hori, bere hutsean, ez zen oso justua. (gehiago…)

galtzaileak gaitunk, baby

2019-10-09  //  euskara  //  Iruzkinik ez

Gabriel Aresti (Adur Larrea, Erroa)

-nola erran? gaur ez dinat hizki handirik ikusi nahi.

-hizki? ostia!

-letra nahi badun, letra. galtzaileak gaitun, gabriel aresti, hertzainak, itxaro borda eta alfabetatze kanpainak.

-eta amnistia osoa.

-rh negatibodun regionalista sukalkizale txapeldun harroputzak.

-baskoak? uste diat nahastuko dituala latxak eta assafak1.

 

dena goraka etorri zitzaidan euskaldunako josu eta gariren kontzertutik etxeratzean. 1984an, langile bat hil eta biharamunean, euskalduna ontziolan jo zuten hertzainek “eutsi gogor” lehendabizikoz, eta, beharbada azken aldiz, euskalduna jauregian, 2019an. kontzertua bukatutakoan jauregiko ziegetan giltzapetutako gure auto gpsdunak hurrengo tarifatik askatzera joan ginenean, har hori izan nuen nire barrunbeak zornatzen. nola gazte bat izarren azpian bibak2 egitera joan eta helduaroan autokarabanan esnatu den, nola gabriel aresti euskaltzaindiaren erdarazko bilera batetik etxeratzean, nola jauregi bat ontziola baten gainean. galtzailea. (gehiago…)

« Aurreko artikuluak

Ruben Sanchez Bakaikoa

Ruben Sánchez Bakaikoa naiz, alde egiten ausartu ez zen arlotea. "Ez itzuli! Ez gurekin gogoratu gehiago! Ez idatzi! Ez hots egin! [...] Egiten duzun edozein gauza, maita ezazu, Paradisuko kabina maite zenuen bezala".

Azken bidalketak

  • Nondik dator Mundu guztiak?
  • Ager Vasconum
  • Ulises 1 Ni 0,15
  • Covid ostia hau
  • Kixote, literaturgintza eta kritikagintza (III)

Iruzkin berriak

  • ni(e)k Covid ostia hau bidalketan
  • Si no sabes euskera, aprende! • ZUZEU(e)k Si no sabes euskera, aprende! bidalketan
  • Hori bizitza guztia hemen eta ez du euskara ikasi | Paradisutik(e)k The walking belarrimotz bidalketan
  • rsanchez(e)k Arnaldo Otegiren azentua bidalketan
  • rsanchez(e)k Arnaldo Otegiren azentua bidalketan

Artxiboak

  • 2026(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko azaroa
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko abuztua
  • 2020(e)ko uztaila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urria
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko abuztua
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria

Kategoriak

  • aktibismoa
  • arrazakeria
  • bertsolaritza
  • euskara
  • herri mugimenduak
  • literatur apunteak
  • Sailkatugabeak
  • zinema

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA