The walking belarrimotz
Ez dakit noiz hasiko zen dena, batzuek diote mendeak daramatzagula horrela. Hozkariz inguratuta. Guk badugu babesgune on bat, eta han gaudenean lasai mintzatzen gara, barre egiten dugu, jolasten dugu… Baina badakigu ezin dugula zirrikiturik zaindu gabe utzi, hozkariak edozein unetan ager daitezkeela: txirrina joaz, atearen bestaldean gu noiz atera zain, edo telofonoa jotzen digute bat-batean, telebista ere ezin dugu piztu hozkariak agertu gabe. Etsigarria da.
Kalera goazanean, -ezinbestekoa denean soilik ateratzen gara-, hozkariz mozorrotzen gara, belarriak ileekin estaltzen ditugu eta biserak janzten, baina amatxok lortu zituen kamisetak janzten ditugu azpitik (“tz”, “tx”, “edo “k” bezalako hizkiz beterik daude, gulako bat agertzen bada, elkar idetifikatu ahal izateko). Hozkari bat inguratzen denean, bere zaratak imitatzen saiatzen gara, baina onena da ahalik eta gutxiena hitz egitea, ez nabarmentzeko.
Inoiz edo behin pentsatu dugu babesgune handiago batera joatea, “arnasgune” deitzen omen diete, eta han hozkari gutxi omen dago eta ia-ia lehen bezala bizi daiteke. Seguruak omen dira, eta belardi zabalak omen dituzte berde-berdeak, edo orlegiak. Nik beti galdetzen diot amari, zergatik ez goazen, ez dut ulertzen.
Aurrekoan, neba eta biok, bertso-eskola batera bidali gintuzten aita eta amak, ondo pasatu genuen, baina bat-batean hango ume bat eraldatu zen, eta hozkari bihurtu zen! Hura beldurra pasatu nuena! Besteak barrez hasi ziren, eta orduan neba eta biok ere, plantak egite aldera, barrezka hasi ginen. Nik uste dut, nahiko ondo egin genuela barre.
Gure egoera hain da nekagarria! Batzuetan pentsatzen dut ez ote den hobea ur lasterrak eraman gaitzan uztea. Aurrekoan kanta bat entzun nuen, “Dena dago dekadentzian, dena doa hiltzera, orain ez dut gehiago borrokatuko, orain neke bai nago, eta geratzen zaidan gauza bakarra, heriotzaren bixita lasaia itxarotea”. Sekula ez naiz hainbeste identifikatu beste gizaki batekin.
Horregatik, pentsatzen dut hurrena hozkari bat etortzen zaidanean, kosk egin diezadan utziko diodala, eta kitto! Izan ere, atzo neba eta biok, Olentzeroren gaua zela eta, jaiki ginen, ea ikusten genuen, eta gurasoak harrapatu genituen!
Gure opariekin ari ziren jolasten edo… eta hozkariek bezala egiten zuten hitz.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks