Arnaldo Otegiren azentua
Belodromoko ekitaldi mesianikoaren bezperan, gogoan dut Arnaldok “El atxikimendu! Que no me sale en castellano!” belodromoan esan zuenekoa, eta belodromotar gehienak barrez gustura. Baina orduan entzun nion nik lehen aldiz euskara puruaren zaindari horietako bati “Bai, hori ez zaio gaztelaniaz atera, eta denak barrez, baina niri Otegiren euskarazko azentua erderaren kalko hutsa iruditzen zait, eta joskera, eta…”. Neu ere lehen kolpean horretaz hausnartzen geratu nintzen, larreko behi gorria eguzki beteko arratsaldean nola.
Ez dut fokalizatu nahi ezker abertzalean, berdin-berdin zait Laura Garrido izatea (aurrekoan Fermin Etxegoienek egin zion elkarrizketa osorik irentsi bainuen), berdin zait Idoia Mendia izatea, Joan Jose Ibarretxe edo Txiki Muñoz. Besterik da, politikari batek euskara ikastea erabakitzen duenean, izan ditzakeen abantailak (ekonomikoak, ordutegia, irakasle propioa, etab.) herritar arruntentzat ere noraino iritsi beharko liratekeen eztabaidatzea.
Post honen helburua hizkuntzari datxekio soilik. (To! datxikito!).
Fermin Etxegoienek berak duela gutxi Toti Martinez de Lezeari egin zion elkarrizketa. Euskaraz jaun andreok, lehenbiziko aldiz! Eta atzo Gasteizko Martxoaren 3ko 40. urteurrena zela eta, Felix Placer apaiz euskaldunberriari (benga txiste txar bat: “Feliz Placer” izan balitz, apaiza zatekeen?) eta Josu Ormaetxea eta Norberto Mujika balez zaurituriko euskaldunberriei ere egin zien elkarrizketa. Ez dakit, baina agian Fermin Etxegoieni hizkuntz espediente disziplinario bat ireki beharko lioke norbaitek. Azkar.
Hau dena gutxi balitz, “Herri Txiki” telesaioa bi aldiz izan da Araban, eta Aramaixo zapaldu gabe! Alegia eremu “erdalduneko” bi udalerritan egon dira: Kanpezu eta Arrazua-Ubarrundian. Telesaio hori hasi zenean, ni sinetsirik nengoen, herri euskaldunetatik, osea, euskaraz, baina benetan euskaraz, bizi diren herrietatik, ez zirela irtengo. Nora zoazte Zuhaitz, Pagadi eta Lizaso? Nora?
Nora goaz? Zer pasatu da? Norbaitek pentsau du noraino kutxatu ahal ditugun arnasguneetako ume garbi (eta haietariko batzuk ilehoriak)? Kontra-asentu, ahozkera eta, oro har, mordollo hori guztia, antrax bat dira. Nahiko da behin entzutea, bat-batean, hiztun puru bat, betiko lohiturik geratu dadin.
Zer izango da hurrena? Tafallako euskaldun berri bat Gaur Egun edo Azpimarra aurkezten beren “euskarazko” erdal azentu nabarriko horrekin? (Imajinatzen? “Eguerdion ikus-entzule jatorriko guztiak, gaur sorpresika bat dugu zuentzat!” eta horrela).
Fakultatera Gasteiza joandako super-euskaldun batzuk beren jatorrizko herrietara ez dira inoiz itzuli. Txantxetan esaten da errotondetan jira-biraka beren herrietarako bidea ezin topatu eta etsi-etsian alde zaharreko pisura bueltatu direla mozkortzera, baina ez ote da izango haien euskara kutxaturik beren jatorrizko herrietara itzultzeko lotsaturik daudela?
Nik ahaleginak eta bi egin ditut (dagoeneko etsi dut) nire hizkuntz-komisarioa akatzeko, galdetzen diot nire buruari, zergatik euskal hiztun bat entzuten dudanean erreparatzen diedan hainbeste azentua, ahoskera, ergatiboa, pluraleko komunztadura, etab.-ei. Eta zergatik, ordea, demagun, espainola (edo euskaldun kolonizatua) ez den futbol entrenatzaile bat erdaraz entzuten dudanean ez diedan hainbeste erreparatzen bere ahoskera-adizki-komunztadura eta abarrei. Baina holakoak gara euskaldunok, Elgoibarko 58 urteko gizonezko baten azentuak edo Gasteizko 67 urteko andrazko baten komuztadura arazoak mina ematen digu belarrian.
Eta okerrena da beraiek dagoeneko ez dutela asko hobetuko, ez eta gure belarriak horren gozagarri egingo.
Euskaldunberriek ere behar dute/dugu (beno euskara 3 urteekin ikasi dugunoi euskaldunberriak kontsideratzen zaigu, seguru azentu erdalduna daukadala) euskaldunzaharrek ez erratea dena gaizki erraten dugula, euskaldunzaharrek erdarara ez pasatzea guk euskaraz ez egiteko asmoarekin. Atzerritar 1ek erdaraz hasten denean ez diegu erraten ezer. Nik pentsatzen nun euskararekiko jarrera kritikatu behar zenutela liburua leno erdaraz egitrea (hori da kritikagarria), baino azentua…
P.D Gazapo haundia: Herri txiki egon ziren Aramaion. Eta Arabako 2 ‘herri erdaldunetan’ egotea positiboa iruditzen zait sinbolizatzeko hor ere euskaldunak existitzen direla. Ezin dugu beti euskaldun programak herri zehatz batzuetara (euskaldunzaharrak bizitzen dutenean) mugatu, ordun oso gutxi iraunen lukete, bertze lekuetan euskaldunak daude, eta euskaldunzaharrak ez daudela iruditzen den leku batzuetan euskaldunzaharrak daude). Hain euskaldunak gara euskaldunzaharrak ta euskaldunberriek, garrantzitsuena euskaraz hitz egitea da. Euskaldunzahar ospetsu 1ek erraten zun ‘ez dago euskara politagorik euskaldunberriarena baino. Esfortzua egiten ari direlako’.
P.D Nik ez dut ikusten Otegi edo Ibarretxek hain gaizki hitz egiten dutenik euskaraz (1.arekin zalantza izan dut euskaldunzahar edo berria den). Idoia Mendia bai hitz egiten duela gaizki, Asiron ere bai. Adibide 1 Hasier Arraiz heldutan ikasi zuen eta nahiko ongi hitz egiten du. Artikuluaren mentalidadearekin inork ez luke euskaraz ikasi beharko heldua bada ezta eskolan ere ez ‘erdarazko eragina ta azentua’ izanen duelako. Mesedez, utzi dezagun hain tikismikis izaten…
lasai ni euskaldun berria naiz, ez naiz egunero dutxatzen eta hitz gehiegi egiten dut, isildu gabe! 😉
Otegiren euskararen arazoa ez da azentoa, hizkera mugatua darabilela baizik. Nagusiki erdaraz bizi denaren euskara hain zuzen.
Eta egia da euskaldunak oso bitxiak garela, bai. Eskuzabal jokatu behar omen da euskarari ostikoka, edo baikor izate aldera, euskañolari dizdira ateratzen diotenekin, baina ez genioke sekula barkatuko inori, ezta Txindokipeko azken baserritar elebakarrari ere, Otegik euskara darabilen moduan, Txindikopekoak gaztelera erabiltzea.
Mendiaren euskara penagarria da. Garridorena ere bai. Otegirena ez da ona (bere gaztelera bai, ordea), eta Goirizelaiarena ere ez. Gauzak horrela dira.
mmmm ba ni onberagoa baiz zu baino euskaraz egiten saiatzen direnekin. Jakina, zenbat eta gehiago saiatu hobeto egiten da eta batzuk gutxiagotan saiatzen dira beste batzuk baino bai.