Si no sabes euskera, aprende!
Rosa Martínezen euskara mailagatik sortu den polemika dela eta, gogoratu naiz duela ia hogei urte Gasteizko hainbat lagun holako pegatinak itsasten ibiltzen ginela parranda gauetan. Pegatinak, gainera, bazuen hatz erakuslea ikusleari zuzendurik. Artean, Unidad Alavesak euskera voluntario kanpainak bazuen oihartzuna Gasteizen. Gaur egun ez nuke holako pegatinarik jarriko. Eta arrazoia ez da Unidad Alavesarenak egin zuenik: Gasteizko jende gehienarentzat pegatina hori, bere hutsean, ez zen oso justua.
Era guztietako ikasleak izan nituen euskaltegian. Jendea matrikula-saria (gu ahalik eta merkeena jartzen saiatu, eta, hala ere, garesti) ordainduta etortzen zen. Orduan, ordutegi ugariena gaueko 20:00etatik 22:00etara zen, astelehenetik ostiralera. Egun ia hutsik dago ordutegi hori. Nola aldatu diren gauzak, kamarada. Neuri ere nagi infinitua emango lidake asteko 5 egun, ordutegi horretan, eguna ostendu, eta gorputza Aski da! oihuka ari zigularik, euskara maiteari emateak.
IVAPera, berriz, goizez joaten ginen, han funtzionario eta funtzionario-gaiei ematen genien eskola, beren lan-orduetan. Autobusez eramaten zituzten. Aukeran ere bazuten barnetegietara joatea, hori ere administrazioaren kontura eta beren lan-egunetan. Bertan, IVAPen, entzuten genituen euskararen kontrako kexa gehien. Normalean, nik, euskara debalde eta laneko denboran ikasteagatik beste batzuen aldean zorionekoak zirela aho txikiarekin gogorarazi arren, arrazoia ematen nien: Zuri ez dizute euskara irakatsi eskolan eta arrazoi duzu horrekin kexu izatea. Ez da bakarrik euskara irakatsi ez izana, ez ziguten (nik neuk ikasi nuen eskolan kasu) ez euskara, ez euskal kultura, ez eus deusik erakutsi. Beraz, normala zen eus hasten zen edozer gauzari, gutxienez arrotz iritzi edo errezeloa izatea.
A ereduan ikasi duen pertsona batentzat zer da normalagoa, euskara maitatu eta bi-hiru urtez ikasi nahi izatea (gehienetan norbere poltsikotik ordainduta) ala euskara (herrialde txiki bateko hizkuntza gutxitu eta garesti hori) ez hainbeste maitatu eta ez ikastea?
Euskararen ifrentzu gaztelania. Aurrekoan Gasteizko EPAn helduei gaztelania eskolak ematen dituen lagun bati galdetu nion zenbat ikasle dituzten. Hiru-lau mila lagun. Gasteizen gaztelania debalde ikasten.
Euskarazko murgiltze-eredu publiko eta bakarra ezarri, eta pertsona gazte-heldu guztiek euskara guztiz debalde (ez diruz lagundua) izateko eskubidea ez duten bitartean, zer ari gara pertsonei euskara ez dakitela leporatzen eta arbuiatzen?
Pertsona batek euskara ikasi ez izanagatik egin dugun kritika bakoitzeko euskararen doakotasuna eta unibertsaltasuna borrokatzeko erabili bagenu, euskararen herri zabalago batean biziko ginateke.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks