Euskararen Herriaren mugak
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko Oiongo kanporaketan, Etxahun Lekuek, bere lagunetako batzuek Oion urrunegi zegoela esan ziotela, eta beraiekin haserreturik, Oiondarrei kantatu zien “ez dakit zelan sentitzen diren zuek baino euskaldunago”. Kasualitatez, atzo irakurri nion Patxi Gaztelumendiri Hernanitik Bardoxera urruti zeritzon musika talde bati buruzkoa. Eta azkenik, gaur Jose Mari Esparzaren artikulu batekin gogoratu naiz Tafallan aekegun bat izan zela-eta, Bilboko aek-ko arduradun batek Tafalla “urruti egon arren” jende asko ibili zela nabarmendu zuen, Esparzak “urruti nondik maitea?” galdetuz erantzun zion.
Nire buru arloteak, orduan, Xabi Payarengana eraman nau eta berak kontatutako beste anekdota batekin oroitu: bertso-eskoletako topaketa batzuetan “inguru ez hain euskaldun”-ean bertso-eskolak euskararen erabilerako zein lagungarri izan daitezkeen azaldu ondoren, “inguru euskaldunago”-ko batek erantzun zion “barkau baina guk ez deu arazo hori”. (Hala ere, neuk herri horretan jaiotako bat izan nuen ikasle barnetegi batean 3. urratsean).
Bertsolaritzarekin segiz, 2005ean estreinakoz superfinala Barakaldon egin zenean -“inguru ez hain euskaldun” batera mugitu zenean alegia-, egin zen lehen ahalegin serioa bertsolaritza erdal mundura hurbiltzeko. Batek esango luke, erdaldunak, Euskal Herriko biztanleen 2 heren horiexek, gutxiengoa beraiek direla!
Horrek denak azaldu dezake hein batean behintzat Donostian, Iruñean edota ezkerraldeko herri handi askotan, bertso-eskolak orain arte intermitenteak izana, edo batere ez izana, helburu estrategikoak izan beharrean.
Neuk ere sarritan, nire Gasteizko periferiatik, ikusten nuen Euskal Herria, han, mendi berde haietako baserri eta herri koxkor haietan, edo Azpeitian edo Ondarrun… Normala, ezta? Haiek ikusten nituen euskaldun, han ikusten nuen euskararen bizi-iraupenaren miraria bizirik. Ez nintzen konturatzen euskaldun horien meritu bakarra bertan jaio izana zela, euskaldunak zirela ile-marroidun eta metro eta hirurogei eta hamabost zm. luze ziratekeen bezala.
Murgildu gaitezen Euska Herri(ago) horretan: Lorea Agirrek mahai-inguru batean planteatzen zuen, Gipuzkoa soziolinguistikoki Catalunya dela; alegia, Catalunyan egiten diren politika soziolinguistikoak egin litezkeela Gipuzkoan. Orduan zergatik kostatzen zaigu hainbeste “inguru euskaldunago”-etan euskararen egoera ahularen konszientzia gizarteratzea?
“Inguru euskaldunago” batean bizi den euskaldun arruntak “Euskal Herri” batean bizi deneko uste osoa du. Eta esango nuke uste oso hori duela, neurri batean behintzat, Gasteiz, Oion, Tafalla edo Eibarko “inguru ez hain euskaldun”-engatik. Gure buruak mailaka funtzionatzen du: Tutera baino euskaldunago da Gasteiz, Gasteiz baino euskaldunago Eibar, Eibar baino euskaldunago Lekeitio, Lekeitio baino euskaldunago Arantza eta Arantza baino euskaldunago gure baserria.
“Inguru euskaldunago” batean bizi den euskaldunak euskararen egoera txarra “inguru ez hain euskaldun”-ean dakusa, eta ondorioz ez da bere arazoen jabe. Euskalduna da eta kitto. Ez du arazorik ikusten gai ez bada euskaraz zuzen idazteko, irakurtzen dituen egunkari, aldizkari, etab.-en %80 erdaraz irakurtzen baditu, ez zaio mespretxugarri egiten zinema batean euskarazko filmik ez badago, eta normaltzat du telebistan euskaraz kirola izatea, eta programa onak eta filmak erdaraz.
“Inguru euskaldunago”-ko euskaldun arrunt horrek bere nerabeari euskaraz hitz egiteko esaten dio, eta uste du berak ia dena egiten duela euskaraz. Ez da konturatzen hobe lukeela erdararekiko harremana normalago hartu, eta berak antzematen ez dituen arazoak bere umeengana ez bideratzea (berak gauza pila bat erdaraz egiten duelarik, umeak erdaraz zerbait esan orduko, ia errieta egin).
Egin kontu Euskal Herri berdeko euskaldunok! “inguru ez hain euskaldun”-etan bizi garen euskaldunok, “inguru euskaldunago”-etan bizi zareten euskaldunek aurrerapauso gehiago eman ezean, geuk ere bidea murritzagoa dugu.
Zuengatik ez bada, egizue gugatik periferiako euskaldun arloteongatik! Autodeterminatu zaitezte linguistikoki!
Joe!
6 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Izkiriaturik aurkitu ditudan ene artikuluak (IX) - Garaigoikoa - [...] - Ruben Sanchezek “Euskal Herriaren mugak” izenekoa plazaratu du eta arnasguneetan bizi direnei adorea eman (edo): http://www.argia.eus/blogak/ruben-sanchez/2013/11/06/euskararen-herriaren-mugak/ [...]
Periferia? Periferia izateko Zentroa behar da, eta nik dakidala euskararen mapa soziolinguistikoan ez da horrelakorik ikusten. Euskararen arnasguneak deritzan horiek, autobidez jositako herri/eskualde isolatuak dira Hirigintza planek eta kapitalak itota, artxipielago izatera ozta-ozta heltzen direnak. Zentroa izatetik beraz, urrun daude horiek.
Behin Koldo Izagirreri esaldi borobil hau entzun nion: “Euskararen geografia ez da mapa linguistiko bat, euskararen geografia asimilazioaren aurkako borroka da”. Borroka hori irabaziko bada, zelai askotan jokatu beharko da; Rubenek dioen “Euskal Herri berdean” noski! Baina baita porlanaren errepubliketan ere, eta horietan, paternalismorik gabe.
Nire ustez, komeni da Periferia-Zentroren diskurtsoa alboratzen hastea. Izan ere, hemen Epizentroak dira beharrrezko; Euskal tsunami berrien epizentroak, asimilazio guztiekin amaitzen lagunduko digutenak.
Guztiz ados Edorta. Eman lezake harrokeriaz idazten dudala hau, baina agian gaizki deituriko “periferia”-ko euskaltzaleok nahiko argi dakusagu tsunamirako beharra, euskara ustez sendoago dagoen lekuetan, berriz, ez da ikusten hainbesteko beharrik… (egon badagoen arren).
Ruben,idatzi duzunarekin erabat identifikaturik sentitu naiz eta ezin izan diot iruzkina idazteari eutsi; periferiako euskaldunok zama bikoitza garraiatu behar dugula uste dut, euskaraz bizitzeko espazioak sortzeko ahalegin handiagoa egin behar dugu sarritan eta geure burua “euskaldunagoak” direnen aurrean aurkezten dugunean, askotan euskaraz mintzatzeko gai garena demostratu behar dugu . “Barakaldokoa eta bizkaieraz egiten duzu? hara, bitxia” ” Portugaletekoa eta euskalduna?”.
Beste planeta batekoak garela ematen du, halako iruzkinen aurrean urdailean hamaika sentsazio nahasten zaizkigula.
Euskararen etorkizuna ez dago kolokan hain euskaldunak ez diren lekuetan soilik, eta beronen biziraupenaren erantzukizuna ez dago periferiako euskaldunon ahotan beren beregi; inguru euskaldunagoetan bizi direnek euskara hondasun kolektibotzat hartu behar dute, elkartasunez bizi behar dute Euskal Herri idiliko hartatik “urrun” bizi garenokiko eta batez ere, Euskal Herriko zilborra direna pentsatzeari utzi behar diote. Norabide berean igeri eginik itsaskirria eramangarriagoa izango da.
Ah, eta bide batez, aupa Oion, Tutera, Gasteiz eta ezkerraldea, dedio.
Besarkada beroena euskaldun arloteoi!
Ja, ja, ja! Aupa bai!
Tokian tokian eragin!
Nik bi euskaldun mota bereizten ditut, beren bizitzako hainbat esparrutan saiatzen direnak eta paso egiten dutenak. Batentzat izan daiteke koadrilakoekin hitz egitea, beste batentzat euskaraz irakurtzea…. Hor ez dago zentro/periferia diglosiarik.
Eskerrik askooo!
Buurutik mila aldiz pasa zaidan, baina oraindik filmatzeko dagoen, mugaldetako euskalduntasunari buruzko dokumentalaren pasarte bat ederki azaldu duk.
proposamen desonestoa ote? ederra hala balitz pirata!