Ruben Sanchez Bakaikoa
Ruben Sánchez Bakaikoa naiz, alde egiten ausartu ez zen arlotea. "Ez itzuli! Ez gurekin gogoratu gehiago! Ez idatzi! Ez hots egin! [...] Egiten duzun edozein gauza, maita ezazu, Paradisuko kabina maite zenuen bezala".
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- ni(e)k Covid ostia hau bidalketan
- Si no sabes euskera, aprende! • ZUZEU(e)k Si no sabes euskera, aprende! bidalketan
- Hori bizitza guztia hemen eta ez du euskara ikasi | Paradisutik(e)k The walking belarrimotz bidalketan
- rsanchez(e)k Arnaldo Otegiren azentua bidalketan
- rsanchez(e)k Arnaldo Otegiren azentua bidalketan
Artxiboak
- 2020(e)ko azaroa
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko abuztua
- 2020(e)ko uztaila
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko otsaila
- 2019(e)ko urria
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko urtarrila
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
Kixote, moriskoak eta euskaldunak (II)
Atalak: euskara, literatur apunteak
Sortatxo honen lehen atalean nioen: “Zeinen ederra lizatekeen Espainia Cervantes eta Kixote hainbeste goratu beharrean, kixoteskoagoa balitz”. Espaniaren kultur eraikuntza eta inperialismoaren zerbitzurako hainbeste aldiz erabili dute Cervantes lumaz zein ahoz, gaztelaniaren aberastasunera eta “kixotesko” adjektiboaren ero adierara murriztuz, ezen, nire ustez, Cervantesi traizio egiten baitzaio, bestelako interes batzuen alde.
Mor(isk)oek, euskaldunek eta Kixote bera bezain arloteak diren herriek, testuan aipatuak garen heinean, zilegitasunez erabili ahal dugu Kixote, lumaz zein ahoz, eta gure traduttorean jatorrizko testuarekiko hain traditore izan gabe. Eta zeinen ederra litzatekeen Euskal Herria kixoteskoagoa balitz.
Moriskoak
Aintzat hartzeko lehen faktorea, nire ustez, Kixote liburua, narratzailearen arabera, ez zuela berak bakarrik idatzi, izan ere, narratzaileak Zide Hamete Benengeli idazle moriskoaren Kixoteren istorioa topatu du arabieraz idatzita, eta itzultzaile baten bidez, berak ematen digu gaztelaniaz. Literatur jolas horren bidez, beraz, Cervantesek bere nobelaren iturri nagusia morisko bati zor dio.
Lehen zatia 1605ean argitaratu zen, moriskoak Espainiatik kanporatu aurretik. Narratzaile hori bertan zen dagoeneko. Bigarren zatia 1615ean argitaratu zenerako, ordea, Espainiako historian izan denik eta gertakizun latzenetakoa gertatu zen: Judutarrekin mende bat lehenago egin bezala, espainiar monarkia ultrakatolikoak moriskoak kanporatu zituen, gutxi asko, 300.000 bat. Cervantesek mairuei herra ere eduki ahal zien, izan ere, Aljerren bost urte eman zituen gatibu itsas-lapur batzuek bahiturik. Baina Kixote irakurtzen duenak nekez topatuko du halakorik. Bigarren zatian, pasarte batean baino gehiagotan ageri dira moriskoak:
Bada eztabaidarik adituen artean Cervantesek moriskoen gainean zuen iritziaz, El coloquio de los perros eta Los trabajos de Persiles y Sigismunda lanetan ageri diren pertsonai morisko gaiztoengatik. Lan horiek Kixote baino lehenagokoak dira. Kasu honetan kontuan hartu behar da Kixoteren bigarren zatia moriskoen kanporatzea gauzatu ondoren idatzi zuela, edozein fikziotan bezala egileak erabaki zuen ze pertsonai sartu eta pertsonai bakoitzaren nolakotasuna, zentzu horretan, kanporatze horri nahiko kritika egin ziola iruditzen zait. (Eta ezin ahaztuzkoa testuingurua ere: kanporaketa gertatu berritan eta monarkia absolutista-inkisitorial-ultrakatoliko batean egina, beharbada, horregatik da erregearen bandoa bidezko, inspirazio jainkotiarrezko eta adoretsua, pertsonai morisko maitagarri eta aberats baten ahotan).
Bestalde, Kixote eroa da, bai, baina bere eroan, 1000 orrialdetan behin ere ez da mezetara sartzen, erregearen aginduz gatibuak zirenak askatu zituen, jaun tirano baten morroia bere zigorretik behin-behinean libratu, elizaren gaineko kritika liburua osoan zehar transmititzen da: Con la Iglesia hemos topado, Sancho (Elizarekin topatu gaituk, Santxo).
Alabaina, irakurri dudan Kixoteren edizioa, 400. urteurrena dela eta, Espainia eta Latinoamerikako espainiar hizkuntzaren akademiek editatua da, Ricoteren azalpena hasten den orrialdean, oin-ohar luze bat dakar moriskoen kanporatzea azalduz, eta bukaeran hauxe diosku: “katolizismora asimilatzeko ezintasuna, beren lanerako iaiotasunak eta zuhurtziak eragiten zuen antipatia, eta turkiar eta berberiskoen aldeko bostgarren zutabe bat bihurtu zitezkeelako beldur zentzukoak eragin zuten 1609 eta 1613 artean hartu zen Espainiatik kanporatzeko erabakia”. Akademia horiek moriskoen kanporaketa irakurleoi azaltzeko bulkada sentitu dute, ironiarik gabe. Amen.
Euskaldunak
Kixotek euskaldun batekin lehenengoz topo egin zuenekoa irakurrita nekez irudika genezakeen hamar urte eta atal batzuk aurrerago botako zuena.
Goazen lehen agerpenarekin. XVI. mendean aski erabilia zen euskaldunek gatezlania hitz egiteko zuten modu xelebrea, gutxi gora behera Buenafuente eta Bertok egiten duten moduan. Azpeitiko (barka bezate zapuek ;-)) Santxoren lehen hitzak sarrera honekin datoz: “(Kixoteri) erran zion gaztelania txarrean eta euskara txarragoan”:
“Anda, caballero que mal andes; por el Dios que crióme, que, si no dejas coche, así te matas como estás ahí vizcaíno”.
Gogora dezagun XVI mendean gaztelaniaz vizcaíno esatean egungo vasco ulertu behar dela, are, euskalduna, izan ere euskerari ere lengua vizcaína esaten zioten.
Kixotek erantzun dio, euskalduna ez dela zalduna, eta azpeitiarreren erantzuna hona:
“¿Yo no caballero? Juro a Dios tan mientes como cristiano. Si lanza arrojas y espada sacas, ¡el agua cuán presto verás que al gato llevas! Vizcaíno por tierra, hidalgo por mar, hidalgo por el diablo, y mientes que mira si otra dices cosa”.
Bide batez, euskaldunak ohoretxo bat oparitu zion Kixoteri, bere lehen garaipena duelu batean (eta bakanetakoa).
Kixoteren bigarren zatiko hamaseigarren atalean, gazte baten erromantzean egindako poesia maite ez duela eta, haren aitari zera dio Kixotek: “Ez dabil oso zuzen horretan, eta hauxe da arrazoia: Homerok ez zuen latinez idatzi, greziarra zelako; Birgiliok ez zuen grekeraz idatzi, latindarra zelako. Labur esatearren, antzinateko olerkari guztiek euren ama-hizkuntzan idatzi zuten, edoskitako hizkeran, eta ez ziren hizkera arrotz bila abiatu euren kontzeptuen gorentasuna aldarrikatze aldera; gauzak horrela, beraz, bada arrazoirik ohitura hau nazio guztietara zabaltzeko, eta ez dadila gutxietsia izan olerkari alemaniarra bere hizkuntzan egiten duelako, ez gaztelarra, ez eta euskalduna bera ere, bere hizkeraz idatziko balu”.
Zeinen Kixote gutxi Espainian, zeinen Lazarraga eta Etxepare gutxi Euskal Herrian.
Baina aldarrika ditzadan hemen, Kixoterekin maitemindu diren euskaldun zenbait, berak aldarrikatu eta euskal mundura eta euskaraz nola edo hala erabili dugunon klubean badira ero dezente: José Palacio Sáenz de Vitery, Jean Pierre Duvoisin, Julian Apraiz, Paulo Zamarripa, Ebaristo Bustintza, Mateo Muxika, Gabriel Aresti, Pedro Berrondo, Jose Estornes Lasa, Patxi Ezkiaga, Iñigo Astiz, Pruden Gartzia eta txapelduna: Kepa Barañano alias Eneko Iñarrondo, itzulpen osoa interneten eskegi zuena: http://www.onkixotemantxako.eu/.
(Hauek aurkitu ditudanak dira, izango da besterik).
Gaurko atala bukatuko dut erronka zaila bezain apala harturik, azken aurreko orrialdeko Kixoteren epitafioa euskaratzea (kapare=hidalgo, ados? 😉 ) :
O kapare indartsua
hemen datza hain bulartsua
heriok ere ez baitu
bere bizitza garaitu
itzaltzean haren sua.
Mundu osoa txiki ote,
munduko mamu txingote,
haren gisan erakutsiaz
bere menturaren graziaz:
senez hil ero biziaz
(Yace aquí el hidalgo fuerte
que a tanto extremo llegó
de valiente, que se advierte
que la muerte no triunfó
de su vida con su muerte.
Tuvo a todo el mundo en poco,
fue el espantajo y el coco
del mundo, en tal coyuntura,
que acreditó su ventura
morir cuerdo y vivir loco.)