Ruben Sanchez Bakaikoa
Ruben Sánchez Bakaikoa naiz, alde egiten ausartu ez zen arlotea. "Ez itzuli! Ez gurekin gogoratu gehiago! Ez idatzi! Ez hots egin! [...] Egiten duzun edozein gauza, maita ezazu, Paradisuko kabina maite zenuen bezala".
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- ni(e)k Covid ostia hau bidalketan
- Si no sabes euskera, aprende! • ZUZEU(e)k Si no sabes euskera, aprende! bidalketan
- Hori bizitza guztia hemen eta ez du euskara ikasi | Paradisutik(e)k The walking belarrimotz bidalketan
- rsanchez(e)k Arnaldo Otegiren azentua bidalketan
- rsanchez(e)k Arnaldo Otegiren azentua bidalketan
Artxiboak
- 2020(e)ko azaroa
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko abuztua
- 2020(e)ko uztaila
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko otsaila
- 2019(e)ko urria
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko urtarrila
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
Ametsaren kondaira
Atalak: literatur apunteak
Ekaitz Samaniegori.
Hau da istorio bat, edozein gizakiri, bere bizitzaren -edo guztion existentziaren- misterioaren gaineko galdera barrena jaten dionean, ezer azaltzeko ez, baina agian bizitzaz harritzeko balio liezaiokeena. Hamaika antzeko istoriok egin lezaketen moduan.
Ez naiz flamenkoan aditua, ezta Camarón edo Lorca-n ere. Hainbat kasualitatek ekarri naute hitz hauetara, hori da dena, bizitza bera azkenean hainbat kasualitateren batuketa, maiz ausazkoa, den heinean. Niri Camaronek kasualitatez eragin zidan, nire bizitzako une berezi batean, aita hil berritan. Ez dakit nork oparitu zidan “Antología inedita” (eta ez dakit non dagoen egun). Eta hor bazegoen “La leyenda del tiempo” kantaren bertsio bat. Sasoi hartan mila saltsatan nenbilen, baina gogoan dut hala bedi irratian “zernahi” izeneko kolaborazio bat egiten nuela eta ale bat, kanta horren aitzakian, aitari eskaini niola. Eta geroztik haizeak haren musikaren lurrina ekarri didanean, gizaminez aditu dut. Batez ere “La leyenda del tiempo” kanta eta izen bereko diskoa.
Ezustean usain bat aditu dugu, eta jarraitu diogu eta bat-batean bizimina piztu zaigu, gizamina, esaterako, gure hitzak baste baten eskutik izkiriaturik aurkitzean, areago hitz konbinaketa eder bat geuretik atera denean, melodia batek bereganatzen gaituenean, edo denetan ederrena, Lorcak zioen gisan, leku batera sartu zara eta bat-batean ematen du hango pertsona batek aura berezi bat duela. Azala sentibera, begiak erretzen, besarka gaitza(te)n besterik ez dugu nahi. Mundua jan ahal dugula sentitzen dugu. Unearen jainko txiki bihurtzen gara. Bakan unibertsoan.
Eta ondoren, goiz edo beranduago, bat-batean ohartzen gara bakarrik gaudela basamortuan.
Hegan noa
Hegan noa, hegaka nator, eta bidean luzamendutan.
Bizitzaz maiteminduta, batzuetan minez
hotzak banago, kandela(re)n bila
Hegan-(hegaka/hegan) noa, hegaka nator (nator), eta bidean luzamendutan.
Jakitun izan gizona, eta andereeeeea!
Merezi duenarentzat gaueko lorea
Hegan-(hegaka/hegan) noa, hegaka nator (nator), eta bidean luzamendutan.
Bizitzaz maiteminduta, batzuetan minez
ez dakit nor naizen ezta nork maite nauen
Hegan-(hegaka/hegan) noa, hegaka nator (nator), eta bidean luzamendutan.
Bizimina.
Unibertsoa den kasualitate multzoa nola, Camarón joan zen Sevillara 1979an, berez, Manuel Molina eta Loles Montoyarekin disko bat grabatzera, itxuraz, baina, izara batzuk zirela eta haserretu ziren, eta agur, bazihoala, esatera joan zen Ricardo Pachón produktorearengana goizeko zortzietan. Honek badaezpada egoteko, eta lotsari gain hartuta, zituen 3 kanta joko zizkiola. Camaroni gustatu zitzazkion, eta azkenean “La leyenda del tiempo” diskoa grabatzen hasi ziren. Bide batez, disko hori, beste genio bat zen Paco De Lucíarekin, hainbat disko grabatu eta emanaldi pila bat eskaini eta gero, egiten ez zuen lehenengoa zen, bolada batez haserreturik ibili zirelako. Manuel Molina, Loles Montoya eta Francisco Pachónengana jotzeak asmo argia zuen: bere flamenko purutik abiatu, beste musika batzuekin nahastu, mestizajea egin, eta esperimentazio horrekin gozatzea. Flamenko berri bat munduko bestelako airez gozatua.
Asmoak handi ziren eta ulergarria da sasoi hartan, artean, hain ezagun eta aintzatesiak ez ziren Kiko Veneno, Tomatito, Raimundo eta Rafael Amador etab. hain urduri egotea, izan ere, ordura arte Camaron eta Paco de Lucía elkarrekin gaindiezinak baitziren. Musikari haiek izan ziren “La leyenda del tiempo” diskoa grabatzeko hautatuak. Batzuetan, hala ere, artista asko elkartzeak ez dakar eztandarik sortzea. Musikari gazte haientzat Camarónekin lan egitea bertigoa zen, eta bertigoak lurrera iltzatzen zaitu, hegan egin behar duzunean. Tomatitok berak aipatu zuen nolako karga zen berarentzat Paco de Lucíaren lekua hartzea, baina irribarrez gero “baina uste dut bi hiru urte hauetan rollo ona, feeling bat daukagula”. Parte hartu zutenek, beldurretik askatu eta ausardiaz, are ausarkeriaz, jotzeko, psicodelia aipatzen dute hari gidari majiko gisa, estudioko ormetatik urdaizpikoak zintzilik egon ordez, marihuana landareak zeuden, eta gorputza hidratatzeko pattarrik eta “muztio”-rik ez zen falta.
Disko horrek iraultza bat ekarri zuen musika flamenkoan (ondoren sakonduko dut honetan, baina diskoak une hartan ez zuen arrakastarik lortu, flamenkozale puristek bazterturik, eta publikoak, lana goizegi, aurreratuegi etorri baitzen, ezin gozaturik). Egia da Iruñean jaiotako Sabicas-ek 1967an egin zuela aurreneko diskoa flamenkoa eta jazza/rocka uztartuz Joe Beck-ekin batera, baina New Yorketik Nafarroara eta Andaluziara bide luzea dago. Sabicas 1936an atera zen Pirineotatik ihesi eta Argentinan eta Mexikon bizi izan eta gero, Estatu Batuetan geratu zen hil arte, tarte laburrez baino ez zen itzuli sorterrira. Gero estatuan Smash eta Lole y Manuel-ek ere nahastu zuten musika flamenkoa bestelako airez, baina Camarón zen beren izar eta arima nagusia, purua, eta berak bide berritzaile horiek jorratzea… besterik zen.
Bestetik 1979an trantsizio sasoia zen, estatuan baziren pertsona asko politikan, kulturan, sexuan etab.-etan gauzak nola egin, nola sortu, nola bizi gogoetan ari zirena. Diskoa grabatzeko elkartu zirenek pentsatu zuten Fedérico García Lorca ekartzea letretarako, Franquismoak lurperatu zuen hura lur azalera ateratzea. Hau da “irauli dezagun flamenkoa, letretan ere, baina andaluziar unibertsalenarekin, Federico García Lorcarekin”. Luze jardun gintezke, Granadako idazleaz, baina oraingoz gauza bakar bat: badu ezaugarri bat ni erakarri izan nauena: nola jorratu eta uztartu zituen bere sorterriko lirika tradizionala, romance-ak, etab. sasoi hartako abanguardiarekin. Eta aldeak alde, hori izan zen, hain zuzen ere, 60 urte beranduago, musikaren esparruan, “La leyenda del tiempo” egiten saiatu zena.
Tarara
Ai Tarara eroa
zure gerri dantzak
azeitunetako
mutil gazteentzat
Ai Tarara bai
Ai Tarara ez
Ai Tarara ene
bihotzekoa
Ene Tararak du
soineko berdea,
kaskabilo eta
parpailez betea
Ai Tarara bai
Ai Tarara ez
Ai Tarara ene
bihotzekoa
Ene Tararak du
zetazko dandarra
ta ondoan isats ta
menda-fin belarra
Ai tarara bai
Ai Tarara ez
Ai Tarara ene
bihotzekoa
Sevillatik kantak egituratuta eraman zituzten Madrilera, polygram-eko estudio handira, bertan bateria, bongo, txalo, baxu elektriko, piano, teklatu, sitar, txirula, sintetizatzaile eta abarrekin nahasteko. (Camarónek flamenkoa beti estudio txikietan grabatzen zuen, eta ez zekien ezta estudio handi hori zegoenik ere). Hilabetez egon ziren estudioan sartuta. Eta azkenean bukatu zuten. Sekula denbora eta ahalegin gehien eman zion lana.
Camaron konbentzituta zegoen disko berezia zela hura, berezia eta ona. Esaten zuen “grabatu ditut 18 disko, eta “La leyenda del tiempo””.
Hala ere, bazeuden ijitoak, diskoa gasolindegian erosi, entzun eta gasolindegira itzultzen zirenak diskoa utzi eta dirua atzera eskatzera. Ataka hartan Camarónek esan zuen “entzun dutenek, eta ez bazaie asko gustatu, bada nik uste dut gehiagotan entzun behar dutela, oso ongi lortua dagoelako”. Artista batek egon behar du ziur bere lanaz, ahots apalez, baina holako ziurtasunez hitz horiek esateko. Hala ere, artelan batek hainbeste denboraz bereganatu zaituenean, normalena da, bukatutzat eman eta besteei erakustean, zalantza egitea. Ricardo Pachóni, esaterako, Paco De Lucíari erakutsi, eta orduan uxatu zitzaizkion kezkak, oso ona zela esan baitzion berak. Diskoan parte hartu ez zuen beste Artistak.
“Existitzen dira bi flamenko klase, flamenko purua da gauza bat eta flamenko poe beste bat, eta orduan nik, flamenko purua uste dudanez nire baitan daukadala, bada, nahi dudanean ateratzen dut, orduan bestelako gauzarik egiteko aukerarik topatzen badut, eta hortik pixka bat ateratzeko, bada, zergatik ez dut egingo?”. Dena den, hainbestekoa izan zen kritikari guztien gaitzespena, hain urria disko-salmenta, azkenean Camaron iritsi baitzen pentsatzera boutade bat egin zuela, handiusteko xelebrekeria huts bat. Ricardo Pachón produktoreari esan zion “Ricardo hurrengo diskoan, kitarratxoa eta txaloak e?”.
“La leyenda del tiempo” kanta bera da disko osoaren metaforarik zehatzena. Ahalegin horrena. Amets-asmo bat bete ala ez betetzearena. Izan ere, egiten aritu ziren bitartean, denentzat izan zen zerbait berezia: artista eder batzuk elkarrekin bide berri bat jorratzearen bertigoa, eta azkenean egitearena. Eta ikusten dituzu gero “Tiempo de leyenda” dokumentalean (nondik nik atera dudan hemengo informazio gehiena) 30 urte pasa ondoren, bakoitzak bere bidetik jo duela gero, baina orduko amets-denbora horrek nolako oroiminez bizitzen dituen.
Izan ere:
Ai artistak izarrak ikutu uste duenean, bizitzaren enigma ilunenak gainbegiratu dituela, π zenbaki infinitoaren armonia entzun uste duenean, une batzuetan hala izan delako, ai artista! hitzen konbinaketa majiko bat aurkitzean, edo melodia batek bereganatzen gaituenean, edo denetan ederrena, leku batera sartu eta bat-batean hango gizaki batek, denen gainetik hegan egiten, begiratu gaituela somatu dugunean; irauten du ametsaren denborak irauten duena, inork ez daki, baina bai dakigu gero esnatzen garela, eta ametsa zenbat eta ederrago izan, orduan eta gehiago kostatzen da egunerokora ohitzen, zenbat eta altuago izarra ikutu, hainbat eta beherago jausten gara gero, hainbat eta bakarrago.
Eta Lorcak, Camaronek, Ricardo Pachónek, Tomatitok, Amadortarrek, Kiko Venenok, Madrilgo musikariek, Paco de Lucíak elkar aurkitu eta denboraren lautadan utzi zuten eraikin eder bat edonor joan eta gozatzeko modukoa. Baina eraikin ederrena ere espetxe bihur liteke, hortik atera ezean, eta hortik ateratzeak dakar denboraren lautadara itzultzea, berriro ibiltzera.
Denboraren kondaira
Ametsa doa denboran
belaontzi bat lez uretan
hazirik ezin da ernatu
ametsaren bihotzean
(Ai nola kantatzen duen goizak, nola kanta!
Ze izotz-puxka urdinak altxatzen dituen altxa!)
denbora doa ametsean
iletaraino sarturik
atzo ta bihar dabiltza
dolu-lore ilunak janik
(Ai nola kantatzen duen gauak, nola kanta!
Ze anemona-multzoak altxatzen dituen altxa!)
zutabe gainean denbora
(e)ta ametsa besarkaturik
haurraren aienea igaro da
zaharraren mingain hautsirik
(Ai nola kantatzen duen goizak, nola kanta!
Ze anemona-multzoak altxatzen dituen altxa!)
Ta ametsak balegi harresi-
antzik denbora(re)n lautadan
denborak ustearazten
dio jaio dela orduan.
(Ai nola kantatzen duen gauak, nola kanta!
Ze izotz-puxka urdinak altxatzen dituen altxa!)
Musikalki, abestia ametsaren ahapaldiaz datorkigu, txaloekin alai-alai, goitik kantatuta, bizi, belaontzi bat lez uretan; ondoren, berriz, denborari dagokio erantzuna, eta behetik dato kantatuta puxkaturik bezala, pitzaturik. Eta horrela doa abestia ametsa/denbora, ametsa/denbora, ametsa/denbora… Abestiaren denbora, denboraren abestia, ametsa, bukatzen den arte. Eta ederrena da abestia iristen zaizula, letrari hainbeste erreperatu gabe ere, iristen zaizu. Funtzionatzen du. Izan ere, musikak -edo bestelako artelanek- hainbesteko analisirik gabe (ere) iritsi behar dute, gero jakina iritsi eta geratzeko, -eta hor bereizten dira alea eta lastoa-, letrak eta musikak eta trasmititu nahi den arimak, sentipenak bat egin behar dute halako armoniaz. Orduan bai, orduan gugan geratzeko etorri dira.
hitzak…
Gatozela orain hitzetara, hitz horiek izan baitziren kantaren abiapuntua. Halabeharrez behar du kasualitate ederren bat ezta? Nola heldu ziren Ricardo Pachónenganaino hitz horiek, ondoren musika ekar zezaten?
Bada heldu ziren Federico García Lorcak 60 urte lehenago idatzi ondoren. Lorca, Romance-ak eta “Poeta en Nueva York” idatzi zituen rara avis bat, ijitoak, beltzak eta juduak, gayak bai, marikak ez, eta toreroak maite zituena, Primo de Riveraren laguna, Manuel de Fallaren ikasle, Maurice Ravel, Kubako sonak, New York-eko jazza edo Carlos Garlen tangoak entzuten zituena, eta bere poesietako batzuk musikatu zituena, pianoa ederki jotzen baitzuen, edota herriz herri “La barraca”antzerki taldearekin ibili zena, eta antzezlanak bukatutakoan cante jondoko abestiak kantzera ekiten ziona. Lorca chauvinismo abertzalea gorroto zuena: “ni osorik naiz espaniarra, ezingo nuke nire geografiaren mugetatik kanpora bizi; baina gorroto dut espaniarra dena espaniarra izateagatik besterik gabe, ni guztien anaia naiz eta gaitzesten dut ideia abertzale abstrakatu bategatik sakrifikatzen den pertsona, bere aberria begiak estalirik maite duelako soilik. Txinatar zintzoa nigandik hurbilago dago espaniar txarra baino. Espaniari abesten diot, eta barne-muinetaraino sentitzen dut, baina hori baino lehenago munduko pertsona naiz eta denen anaia. Inondik ere ez dut sinesten muga politikoetan.”
(Baina Lorcaren aipua errezitatzera joz gero, gogoan hartu chauvinismo hitza frantses abertzale baten abizenagatik sortu zela, eta aberri guztietan daudela chauvindarrak)
“Le leyenda del tiempo” olerkia ez da Lorcaren olerki-liburuetatik ateratako ale bat, “Así que pasen 5 años” antzezlanetik aterea baizik, bertan olerki hori agertzen da izenbururik gabe. Abestiari jarritako izenburu hori, izatez, “Así que pasen 5 años” izenburuaren azpian agertzen den azpi-izenburukoa da. New York-en egin zuen Lorcak, bai eta “El público” antzezlana eta “Poeta en Nueva York” olerki liburua ere. Antzerkiaren aiderazpideari astindu bat eman nahi izan zion, eta Lorcak berak “antzerki ezinezkoa”-aren barruan sailkatu zituen bi antzezlanok.
Lehenago “Gallo” aldizkarian egin zituen antzerkira, edo gidoi zinematografikora, hurbiltzen ziren elkarrizketa biziak “El paseo de Buster Keaton” bezala, eta aldeak alde, Camarónek bezala, bere lehen antzezlan eta olerki liburuekin arrakasta lortu ondoren, bere sormena beste bide batzuetatik eraman nahi izan zuen. Ezagunak dira sasoi horretan Madrilgo ikasle egoitzan Dalí, Buñuel eta hiruren arteko harremanak. Hortaz, ez da arraroa bi antzezlanetan surrealismoa, mundu onirikoa eta formato transgresoreagoak erabili izana. Pozik egon zen emaitzarekin, hain pozik, ezen Lorcaren esanean “komedia ezinezko horietan datza nire benetako asmoa. Baina nortasun bat erakutsi eta errespetatua izateko eskubidearen jabe egiteko, bestelakoak egin ditut”. Zeinen antzekoak adierazpen horiek eta Camarónen “grabatu ditut 18 disko, eta “La leyenda del tiempo””.
Hainbesteraino behartu zuen antzerkiaren adierazpidea, ezen hainbat laguni irakurtzeko eman, eta beren eszeptizismoa ikusi ondoren, zalantzak sortu baitzitzaizkion, eta pixka bat kokildu zen “Así que pasen 5 años” taularatzeko. 1936an egitekoa zen, baina gerra zibila lehertu zen, eta antzezlana eta egilea, biak, lurperatu zituen.
“La leyenda del tiempo” esan bezala azpi-izenburuan agertzen diren hitzak dira, eta antzezlanaren barruan agertzen den olerki horrek, berriz, antzezlan osoaren metaforarena egiten du. Izan ere, antzezlanaren gaia, -maitasun harremanetan mozorroturik-, ametsak ez betetzearen drama da. Mutil batek 5 urte itxaron behar du bere maitearen baiezkoa jasotzeko, baina 5 urte igarotakoan bere maiteak rugby jokalari batekin alde egiten du, orduan mutila oroitzen da berak ezezkoa eman zion neska mekanografoarekin, baina honek ere 5 urtez itxaroteko eskatzen dio. Mutilak azkenean bizia galtzen du kartetan jokatzen.
Eta existitzen gareneko bizi-espazioa, bizi-denbora eta bizi-ametsaren arteko harreman lorcarraren azken bitxikeria bat, agian harira ez datorrena, baina lantxo honetan txertatzeko tentaldiari ezin eutsirik: denboraren erlatibotasunaren teoriaren egile Albert Einsteinek 1923an bisitatu zuen Lorca-eta bizi ziren ikasle egoitza. Ordurako izar bat zen, bi urte lehenagoko fisikako nobel saria irabazi zuelako, eta zirraraz bizi izan zen bere bisita eta hitzaldia: zer eta denboraren igaroa erlatiboa dela frogatu zuen hura, nolako abiaduran zoazen arabera zure urte bat zure ahizparen 8 urte izan daitezkeela azkar-azkar baldin bazoaz, argiaren abiaduran, adibidez, edo ametsen abiaduran, non, gainera, egintzak ez baitoaz lerro zuzenean, jauzika eta itzulinguruka baizik.
Mutilaren ametsa maitasuna izan bazen, Lorcarena antzerki ezinezkoa, Camarónena flamenkoa transgreditzea, eta artikulu honena Lorca eta flamenkoko disko bat euskaraz interesgarri izatea, gauza bakarra da ziurra, denok hilko gara denboraren lautadan, etxeak eroriko dira eta ametsak… hegaka doaz.