Mar09
Normalizaziorako alderdi linguistikoa bigarren mailakoa da
Atalak: Sailkatu gabea
Artikulu hau erabili.com-etik lapurtu dut. Roberto Manjonena da (aurretik ere blog honetan aipatua). Eztabaida bat dabil han: hitanoa unibertsitatean erabili behar al da? Eta ze hitano klase?
Oro har, ados nago berarekin eta aurreko post batean ere zerbait aipatu nuen horren inguruan. Hemendik gonbite bat egin nahi diot Robertori. Horrelako artikulu gehiago behar ditugu. Plazarik nahi izanez gero, blog honen ateak parez pare dituzu zabalik.
Irakur dezagun, bada, zer dioen.
Nire erantzunetik ez da berez ondorioztatzen estandarizazioaren
kontra nabilenik. Hala ere, gaineratu nahi dut, ikuspegi soziologiko
batetik, nire ustez, garrantzitsuenetik, euskara batua txapuza bat
dela. Hizkuntza baten normalizazioan alderdi linguistikoa bigarren
mailakoa da, eta akats larria da oinarrizko erabakiak filologoen
eskuetan uztea, egin den bezala Baina, tira, eredu desegokia iruditzen
bazait ere, hor dago, eta funtzio jakinak eduki ditzake; arazoa
batuaren erabilera-esparrua zein den mugatzea da.
Euskara batua hizkuntzaren barietate bat da. Bakarra denean, argi
dago hizkuntzak gabezia oso handiak dauzkala. Hizkuntza hori, ziur
aski, gizartean oso desegituratuta egongo da, funtzionalki oso
murriztuta, eta oso berba-errepertorio txiroa izango du. Hizkuntzak
barietate eta erregistro desberdinak behar ditu, batzuk, informalak,
eta hori da hitanoaren tokia. Gainera, historian, esanak esan,
behe-mailako barietate bateko errepertorioa izan da, salbuespen
gutxirekin, euskara horixe izan baita.
Jakina, gaztelaniaren eta euskeraren erregistroen artean formazko
desberdintasunak daude, baita ikuspegi-aldaketak ere, baina darabilgun
gaiari bagagozkio, funtsean, ez dago desberdintasun nabarmenik, kontua
gizartearen erabilera-maila baita. Hitanoa, espainieran bezala,
herri-mailako hizkeran kokatuta dago eta maila hori dagokio. Egia esan,
euskerak bere tradizioan ia ez du bestelako mailarik ezagutu, saio
bakan batzuk gorabehera, eta nahiz eta kultura edo gizarte maila jasoko
pertsona batzuek erabili. Esan gabe doa testu “jaso” horiek ez direla
oso egokiak hitanoa agertzeko.
Ziur aski zuk ikasgelan eta Unibertsitateko irakasleen artean
berdintsu hitz egiten duzu, normala denez. Agian, familian eta
lagunartean ere bai. Barietate bakarra duzu. Hor dago koska. Euskararen
kasuan, hizkuntzaren gabeziagatik gertatzen da hori; beste hizkuntza
batzuetan ere gertatzen da, baina goi-mailako gizarte-sektoreen
errepertorioaren homogeneitateagatik. Deskribatuta dago goi-mailako
gizarte-mailako barietateak direla uniformeenak. Ziur aski, zure
inguruan, euskarak ez du inoiz oso errepertorio aberatsik garatuko.
Baina, berriro diotsut, hitanoa ez da maila horretako errepertoriokoa,
eta ez du zentzurik erregistro informalak formalizatzeak. Ahalegindu
zaitezke irakasleen artean hizkera informaleko adierazkortasunezko
formak imitatzen, baina sasi-hitano bat sortuko duzu, simulakro bat.
Beharbada, zu zeu konturatuta egongo zara formalitate-maila ez dela
nabarmenki aldatzen irakasle bati batuaren hitanoz hitz egiten
diozunean.
Hain zuzen ere, ETB1eko saio berri batzuen arrakasta berkalulua
erabiltzean datza, albiste-emankizunen eta mahai-inguruen hizkerarekin
kontrastean.
Euskaraz hitz egin nahi duten euskaldun berriek edo bernakulua galdu
duten euskaldun estandarizatuek beste bide batzuk bilatu beharko
dituzte gertuko hizkera, adierazkorra, bizia, aldakorra sortzeko, inoiz
euskara batuak maila horren premia badu. Nolanahi ere, corpusaren
plangintzak ezin du arrakastarik eduki aurretik hizkuntzak funtzioak
eskuratu ez baditu. Gainera, corpusaren plangintzak zenbait esparrutan
ez du zentzurik, adibidez, gazte-hizkeraren eremuan.
Esan gabe doa niretzat herri-hizkera eta gizarte-maila baxua ez
direla berez negatiboak, ez eta hizkera jasoa eta gizarte-maila altua
berez positiboak ere.
Hortaz, ez dut uste batasuna hizkuntzaren maila guztietan behar
denik eta, aitzitik, uste dut hizkuntza “normal” batek maila
desberdinak behar dituela. Hizkuntzaren maila batzuk eta estandarra
berez dira desberdinak, eta ona da horrela izatea. Edozein hizkuntzatan
ikusten dira mailen arteko desberdintasun horiek. Bestalde, hizkuntzen
bilakaera trikitixaren antzekoa da: batetik, kulturaren beste arlo
batzuetan bezala, gero eta homogeneotasun handiagoa dago, eta
estandarra hizkera bernakuluen tokia hartuz doa, sarritan beste
hizkuntza baten estandarra; beste alde batetik, desberdintasunak
sortzen dira atergabe, inguru metropolitanoetan bereizketa eta
bernakulu berriak sortzen dira, agian, estandar baten
desestandarizaziotik. Hori berori euskaran geratuko balitz, ezin esan
nolakoa izan litekeen, ez baitago aurretik programatzerik:
corpus-plangintzak, arrakasta izateko, aurretik funtzio egokiak eduki
behar ditu hizkuntzak. Geroxeago berriro itzuliko naiz horretara.
Horrela, akademia batek ezin du bernakulu bat sortu, gazteen hizkera
sortzerik ez dagoen bezala. Hizkuntz mailak daude eta ez du zentzurik
guztiekin bat egin nahi izateak; gainera, esan dudan bezala, espazio
pribatuak inbaditu nahi izatea iruditzen zait. Alferrik, nolanahi ere.
Nire irudiko, batuaren hitanoa, Axularren Gero euskara batuan bezala,
alferrik dago.
Zilegi bekit gai honi hertsiki lotuta daukadan kezka bati buruz
zenbait aipamen egitea. Hautapen linguistiko eta soziolinguistikoen
inguruko arazo ideologikoek, zentzu zabalean hartuta, kezkatzen naute,
alegia, zein diren joera eta jarrera batzuk sortzen dituzten baloreak,
balorazioak, mundu-ikuskerak, gizarte-proiektuak. Horregatik,
kezkatzeko modukoa iruditzen zait hizkerak arautzeko gogoa espazio
guztietara eraman nahi izatea, mundu guztia eta ahalik eta egoera
gehienetan eredu jakin batzuetara mugatu nahi izatea,
homogenizazio-zalentasuna. Adibidez, neuk artikulu bat idazten
dudanean, sistematiko “euskeraa” erabiltzen badut, eta argitaratzaileak
nire aukera zanpatuz “euskaraa” jartzen badu, nire askatasuna murrizten
ari da. Hori eguneroko gertakaria da. Zein izan da historian euskera
sustatzeko mugimendu gehienen euskarri ideologikoa? Zein izan da
akademien berezko euskarri sozio-politikoa, Frantziako aitzindaritzatik
hasita? Nazio-estatu bat eraikitzeko asmoak zein neurritan ematen die
sostengua batuaren sorrerari eta batuaren neurririk gabeko hedapenari
edo Euskaltzaindiaren? Zer toki dute euskararen ideologiek
globalizazioaren eta nazio-estatuei eusteko edo nazio-estatu berriak
sortzeko tentsioen artean?
Bakoitzak bere aukera egiten du, eta neuk arestian agertu ditudan
polo bi horien kontra. Baina aukera hori erabaki eta jarrera
bakoitzaren bidez egiten dugu, nabarmena izan gabe. Hizkuntzaren
inguruko erabakiak eta jarrerak, kulturaren eremukoak direnez,
horretarako egokienetarikoak dira.
Enpin, honekin amaitzen da gai honen inguruko nire jarduna, balizko
erantzunengatik ere. Itxaroten dut gutxienez denontzat probetxukoa
izatea, onuragarri baita ikuspegi desberdinekin elkarrizketak izatea.
Kontrakoa, endogamia kulturala, politikoa edo ideologikoa, bakean eta
gustura bizitzeko balio badu ere, espezieak desagertzera darama.
Zoritxarrez. ez dut ulertu Atxagaren inguru gogoeta, eta beste
baterako utziko dut. Nolanahi ere, ez da arazo zentral bat,
literaturaren inguruko gaiak beti interesgarriak izan arren.
Ondo izan.
Robertoren diskurtsoak apur bat gordina dirudien arren, ni ere neurri handi baten konforme nago. Une honetan hizkuntzaren corpusarekin horrelako burukominak zabaltzea eztabaida bizantinoa iruditzen zait. Sultanaren kanoiak ditugu gure etxeak birrintzen.
Argi dago corpus plangintzaren garapena Euskal Herrian izugarria izan dela azken 40 urteotan. Gehiago garatu behar dela ere argi dago. Baina, hemen eta orain, lehentasuna izan beharko luke estatus plangintzak. Argi eta garbi.
Beste kontu bat: nik uste dut herri honetan ere larregizko garrantzia ematen zaiola hizkuntza eskuratzeko plangintzari. Ereduak eta euskaltegiak. Ez daukagu besterik berba egiteko. Baina gero eta argiagoa da kaleak eta familiak balantza alde batera edo bestera mugitzen dutela, eredu egokian izanez gero edo euskaltegian ikasiz gero.
Ez dut uste arazoa hizkuntza eskuratzeko plangintzari ematen zaion pisuarena soilik denik, erabilera eta normalizazio sozialari ematen zaion pisu eta garrantzi pobrea baino (erakunde ofizial eta euskatzale askoren partetik), eta, gehien bat, hizkuntza eskuratzeko ahaleginak eta plangintza sozialak zer uztartze gutxi daukaten. Aparteko mundu bi balira bezala tratatzen dira sarri.
Garrantzi lar ematen zaiola aipatzen nuenean, esan nahi nuen oraindik orain askok uste dutela eskolak edo euskaltegiek salbatuko gaituztela. Eskola eta euskaltegiak ezinbestekoak dira, dudarik gabe. Baina eurek bakarrik ezin dute jendartea euskaldundu. Ezinezkoa da.