Abangoardiako erretagoardiara (antzerki, komiki eta musika bidez atzera egindako bidaia sentimentala-edo)
Originala Pop Pilulak fanzinean argitaratuta.
Dena hasi zen sarean. Mursego eibartarrak Fugaziren kanta batzuekin mix bat egiten entzun nuen, bere ohiko jardun psikodeliko bezain zurrunbilotsuan. Eta buruak 90. hamarkadako erdialdera egin zuen txonbo, atoan, konturatu orduko. Buruak hari matazak batu eta abangoardiako erretegoardiara egin zuen bidaia hiru geltokitan: Bilbo, Iruñea eta Hondarribia aldera. Bidaia horretakoak dituzue jarraian, luze eta zehatz.
(Hasi aurretik ohar bat: niretzat garai haiek alaiak izan ziren, batez ere gazte eta preokupazio bakoa nintzelako, ze, bestela, nire ingurua nahiko aspergarria zen. Baina, tira, antza denez, denok jotzen dugu gazte garai horiek mitifikatzera. Nire buruak desiratzen duen nostalgiaren kontra harrika egin behar izan dut behin baino gehiagotan hau idazten ari nintzela).
Lehen geltokia: Bilbo. Indautxu auzo inpertsonalaren alderik inpertsonaletako batean erditu zen Mina espazio izeneko bunker kulturala. Labairu kalean zegoen eta 1997an ireki egin zituen ateak Guggenheim museoa inauguratu egin zen egun berean. Arte dramatikoen laborategi izateko bokazioa izan zuen espazioak eta Antzerkiola Imaginarioa izeneko antzerki talde multidiziplinarra sortu zen horma horietan.
Ander Lipus buru, batzuentzat harrapatzen zaila den frekuentzia batean emititzen zuten, arriskua lagun. Zaila zen arren, harrapatzen genuenok flipatu egiten genuen: antzerki fisiko, errituala, garaikoa, nazioartekoa eta euskalduna. Esperimentazioa eta ikerketa lagun, amildegiaren ertzetik soka barik ibiltzera ohitu gintuzten horiek, muturreko antzerkigintza gurera ekarriz eta zuri-beltza kolorez zipristinduz.
“8 olivetti poetiko” obra liluragarria ikusi nuenean zoratu egin nintzen. Zortzi dira zazpi … zazpi dira sei … sei dira bost …. (hori guztia, espazio ilun batean eta ikusleak antzerkilariak korroan inguratzen, 8 olivetti makinen zarata hipnotikoarekin). Izerdiz beteriko emankizuna gogoratzen dut, energiaz blai, larru-larrukoa. Oihuak, orroak, marruak, uluak jariatzen zituen antzerki lengoaia berria, berritua, eta bertakoa. Anabasa, zoramena eta estetika narrasa domestikazioaren aurka. Sormen askeko entsalada, underground boluntarioa eta bilatua. Borborka eta taupadaka aurrera egin eta erdia ulertu barik ere, beste erdiak unibertso berria irekitzen zizun sentsazioarekin amaitu. Hunkituta, aztoratuta, artegatuta, puztuta, irabiatuta.
Bigarren geltokia: Iruñea. 80ko hamarkaren amaieran, Asisko Urmenetak eta Patxi Uhartek sortu zuten Napartheid izeneko komiki-fanzinea. Lehen labealdian bi horiek eta beste batzuk izan ziren desertuko kantinplora horren gidari eta edale, baina gazteegia nintzen. Nik bigarren labealdiko Napartheidak ezagutu eta maite izan nituen, 90eko hamarkadaren erdialdetik aurrerakoak.
Bob Dylanek zioen sasoiak aldatzen ari direla eta, ordutik ere, dezente mugitu egin dira erroten urak. Eta sasoiok mugitu dira, baietz mugitu direla, alafede. Sasoi batean fanzineek mugiarazi egiten ziguten ipurdia, eta tripetan tximeletak ez, baina irrika bizia sorrarazi bai. Eta fanzineetan fanzineena, fanzineen artean gailen, Napartheid zen. Diru barik genbiltzan eta, denboraldi prudente samarra igaro ostean, tabernetatik lapurtzen genituen aleak. Geroago (eta dirua izan bezain pronto) harpide egin eta ordaintzen hasi ginen. Denbora pasatu den arren, oraindik burrunba egiten digu zerbaitek erraietan.
Izan ere, hango marrazkiek, esanek eta txorakeriek mila aldiz begiztatu ditut, mila aldiz mamurtu eta batzuetan hausnartu. Nor ez da gogoratzen ezer ulertzen ez zitzaion Asisko izeneko hartaz? Edo Pedro Mayo beti lanean? Edo Ñomoen Hizkuntza atalez? Edo El Rusok ematen zituen Lesson magistral horiei buruz? Edo, publizitaterako, modulu prefabrikatuak erabili beharrean, marrazkiz egiten zuela? Edo fanxinotekaz? Edo “Higuina eder” liburu higuingarri, nazkagarri bezain ederraz? (… hemen bakoitzak jar dezala gura duena)
Hirugarren geltokia: Hondarribia. 1994. urteren bueltan Psilocybe izeneko elkartea sortu zen inguruko musika taldeentzako lokalak lortzeko asmoz. Hala ere, hori baino askoz gehiago izan zen (eta da) espazio hori: entsegu-lokala, kontzertu-areto, gune autogestionatu eta, urteekin, baita diskoetxe eta estudioa ere. Perretxiko haluzinogeno horren leherketatik sortu ziren oraindik gure belarriak zulatzen dituzten talde mitikoak: Dut, Lisabö, Kuraia, Beti mugan aitzindariak, Lif eta beste batzuk.
Betiko iltzatuta geratuko zait Dut taldearen bigarren diskoa plazaratu eta gutxira, Bilboko Kafe Antzokian emandako kontzertua. Intentsitatea, amorrua eta zerbait ezberdina ematen zuten. Gorka Erostarbek “Kafea eta galletak” liburuan esan bezala, zaplasteko estetikoa. Ordurako Fugazi maite nuen, baina ordutik aurrera Dut-ek ere bete zuen nire bihotzean zatitxo bat.
Zarataren abanguardian zeuden, kontsigna errazik bota barik eta kanten artean mitinak egin barik. Soinu erauntsia demasekoa izan zen, bai kontzertu horretan zein ondoren etorritakoetan (bereziki gogoan dut Santutxuko jaietan 50 ausart ari ginela euritakoen azpian euren zarataz gozatzen). Gorrotoa eta zoriona bat etorri ahal zirela erakutsi ziguten babiloniar altabozetatik, ukapenak pertsona herrenak sortzen dituela lurra iraintzeko, latza dela aberatsen zaborra, jostorratzak jabego pribatuaren herrietan daudela, zinemagile etsituak zirela gure agintariak edo sokaren itzala trapu bat dela haizerik ez badabil. Eta beste ehunka kontu, aurreko eta osteko diskoetako berbetan.
Hiru koordenada horiek, lehen kolpean, zerikusi gutxi dutela ematen du; ezpada, Euskal Herrian garatu zirela hirurak eta sasoi berdintsuetan. Baina, apur bat arakatuz gero, hiru horiek (eta beste batzuk ere, baina hori beste kontu bat da) zerikusirik badute, hari ikusezinek josten dituzte batak eta besteak. Ea hari horiek ikusgarri egiteko kapaza naizen.
Lehenik eta behin, hiru ereduek autogestioaren bidea hartu zuten nabarmen eta kontzienteki. Asko hitz egin da 80. hamarkadan autogestioak izan zuen indarraz (irrati libreak, fanzineak, gaztetxeak, …), baina, agian, eta kultur arloan, behinik behin, 90eko hamarkada garrantzitsuagoa eta sendoxeagoa izan da: disko-etxe autogestionatuak sortu ziren (Esan Ozenki, Mil a Gritos, Gaztelupeko Hotsak, …), Kafe Antzokia Bilbon (eta hurrengo hamarkadan Ondarroa, Durango, Elgeta, Donostian), Bonberenea, Kukutza eta Euskal Jai gaztetxeak, Hala Bedi irratiaren egonkortzea eta haztea, euskara elkarteen mugimendua, …
Bigarrenik, hiru koordenada horiek euskaraz nagusiki jardun zuten. Antzerkiolak gaztelaniaz ere egin zituen lanak; hala ere, hango bururik ezagunenak (Ander Lipus aktore eta zuzendariak) gaur egun euskara hutsez lan egitera egin du salto. Eta hori berritasuna zen: euskaraz zer eta abangoardiakoak (ei) ziren hiru eremu horiek!
Hiru geltokietan harrobi lana ederto egin zuten. Han aritutako batzuen ibilbidea ikusi besterik ez da. Napartheid-en aritutako Asisko Urmeneta eta Patxi Huarte (Zaldieroa), Mattin eta Koldo Almandoz, Jokin eta Xprai; Antzerkiolan aritutako Jon Gerediaga idazlea eta Ander Lipus, Aitor Agiriano eta Miren Gaztañaga, edo Hondarribi aldeko Kuraia, Lisabö, Zura edo bestelakoak.
Punta-puntako artista hauek, gainera, gaur egun aktibo daude eta proposamen itzel interesgarriak egiten: Asiskoren “Gartxot”, Ander Lipus-en azken urteotako ibilbidea, “Hamlet”, “Publikoari gorroto” edo “Errautsak” bezalako antzezlanekin, Galder Izagirre bateria-jole Berri Txarrak taldean, Karlos Osinaga soinu teknikari, produktore, Bonberenea eta Bidehuts-en eragile eta Lisabö-n musikari, Patxi Huarte eta bere sormen lan itzelak (De rerum natura eta bere pertsonaia ahaztezinak: M´Ongolo, Yoda, Napoleon Lopez, Mitxelena XVI), Koldo Almandoz zinemagile eta kazetaria eta The Balde aldizkaria, Entzun aldizkaria eta eragin.com, Jon Gerediagaren poesia lanak, Martxel Mariskalen letrak eta poesia-minak, Xabi Strubell-en Zura taldea eta bere musika brasildarra, … (eta ahaztu edo ezagutuko ez ditudan proiektuak).
Laugarrenik, etorkizuneko mezulari jardun zuten. Ezin da azaldu euskarazko komikigintzaren loraldi berria (ernetze ez ote da?) Napartheid barik. Zaila egiten zait euskarazko musikagintzaren eboluzioa ulertzea Dut, Lisabö edo Beti mugan taldeen ekarpena eta eragina aintzat hartu barik. Eta gaur egungo euskarazko antzerkigintzaz zer esan? Metrokoadroka eta han-hemenka ari diren sortzailerik interesgarrienak Antzerkiolak irekitako ildoa aprobetxatu, sakondu eta zabaltzen ari direla esango nuke.
Bosgarrenik, garai haietan leku eta espresiobide guztietatik igortzen zizkiguten kontsignetatik harago ibili ziren hirurak. Kontsignak bihurritu egin zituzten, kontsignatik gauza potologoetara eta bihurriagoetara pasatu ziren. Eta, batez ere, hizkuntzaren plastilinarekin olgetan ibili ziren hirurak, bakoitza bere eremutik, jakina.
Eta, azkenik, eta azken finean, hirurak izan ziren gazte euskaldun batzuek euren sentimenak eta kezkak, euren mundu ikuskerak eta amorruak, euren ezinegonak partekatzeko bideak. Munduan erabiltzen ziren espresiobideak bertakotu, guretu eta bihurritu. Zelanbait, abangoardia horiek geure egin zuten eta erretagoardia bihurtu. Hizkuntzagatik, batez ere. Baina, berariaz, bilatutako erretagoardia zein abangoardia estetikoa.
Eta gaur egun aitatzen dituzun hiru esparru horietan (fanzineak, antzerkia eta musika) zer egon daiteke erakargarri gazte batentzat? Susmoa dut kostatu egin behar zaizula honi erantzutea ….
Kostatu egin zait erantzutea … bai horixe! Bi egun luze (ez dut ikusi erantzuna, barkatu!).
Zer egon daiteke erakargarri gazte batentzat? Ba, ez dakit, egokiena haiei galdetzea litzateke, ni dagoeneko ez naiz gazte-eta. Baina antzerkigintzan badaude oso gauza interesgarriak (Lipus bera, metrokoadroka, …), fanzinegintzan hor dago Pop Pilulak, H28 aldizkaria edo Xabiroi komikiak, musikan ere badago zer aukeratu (Mursego, Anari, 2zio edo Norzzone hip-hop alorrean, Berri Txarrak eta beste hainbat) … eta ikus-entzunezkoetan ere badago zerbait: Euskal Herriaren ABDak adibidez mundiala da. Non aukeratu badago, hori bai: ez dakit horiek denek nigan izan zuten eragin bera izango luketen beste batzuengan …
Eta, bide batez, beste galdera bat (erantzunak barik, galderak, Mikele!): zergatik nigan izan zuen eragin hori eta nire belaunkide eta ideia-kide askorengan ez? Agian hori litzateke aztertzeko interesgarriena ….