Euskara irakaslearen dekalogoa
Sechu Sendek idatzi eta nik itzuli (eta gurera ekarri) dut. Imanol Epelderentzat, bihotzez.
1. Zu pertsona zara eta zure ikasle guztiak ere pertsona dira. Beraz, pertsonak zarete. Berdinak zarete … eta ezberdinak. Zuk urte gehiago dituzu eta baliteke eurak baino liburu gehiago irakurtzea .. zu, gainera, irakaslea zara eta egiten duzunagatik kobratzen duzu. Berdinak zarete eta ezberdinak zarete, baina ikasturte honetan behintzat zerbait duzue komunean: euskara, alegia.
2. Zure helburu nagusietako bat da klaseak 50 minutu baino laburragoak direla iruditzea. Gozatuz ikasi. Edozein irakaslerentzat ezinbestekoa da taldeen dinamizazioan formazioa izatea. Irakasle jatorrek animazio soziokulturalari buruzko ikastaroak egin eta liburuak irakurri dituzte. Euskarak irakasle erraztaileak behar ditu, dinamizatzaileak, animatzaileak, jabetzea erraztuko dutenak, ezagutza dinamizatuko dutenak eta erabilera animatuko dutenak. Irakasle azkarrek ondo dakite taldeen dinamizazioan trebatzeak arazo asko konpontzen dituela.
3. Jarrera, balio eta arau soziolinguistikoak lantzea oso funtsezkoa da! Garrantzitsuagoa da ikasle batek aurreiritzi bat ezagutu eta gainditzea, akats ortografikorik gabe idaztea baino. Aurreiritzi batek ikasle horrek euskaraz ez idaztea ekar dezake, azterketa aroa amaitu ondoren. Gaur eta hemen lehenetsi behar da ikasleek hizkuntza-gatazka ezagutu eta barneratzea eta giza-errealitateari buruzko ikuspegi kritikoa eraikitzen joatea. Adin txikikoak izateak ez du esan nahi herritarrik ez direla. Lehen ikasgaia: pertsonak dira hizkuntza prestigiatu edo desprestigiatu egiten dutenak, ez dira hizkuntzak pertsonei prestigio gehiago edo gutxiago ematen dietenak.
4. Ikasleak arazoaren parte baino, konponbidearen parte dira. Ikasgelako pertsona bakoitza eraldaketa sozialaren iturri izan daiteke (Ah! eta ez ahaztu institutuko lankideak eta gurasoak, jakina).
5. Azukrearen prezioa, sexismoa, bizikleta erabiltzea, tabakoaren kontrako legea, natura suntsitzea, osasun publikoa, adin nagusitasuna, hizkuntza, … dena da politika. Politika da herritarroi interesatzen zaigun oro, jendarteko kide garen heinean. Inor ez da apolitikoa, denoi, gutxi zein asko, interesatzen zaigulako jendartea. Beste kontu bat da alderdi batekoa izan ala ez. Eta hizkuntza eta jendartearen gaiari buruz ari gara berbetan. Beraz, garrantzitsua da gelan honen gainean eztabaidatzea: zer garrantzia du Gaztea irratiak? Zergatik ez dago ETBn rock-ari buruzko programarik? Ezinezkoa al da euskaraz ligatzea?
6. Garrantzitsua da psikologiari buruzko liburu batzuk begiratzea. Hizkuntza nortasun kontua da, soziala bezain pertsonala. Derek Walcott poetak, adibidez, honakoa esaten du: “hizkuntzaz aldatzen baduzu, bizitza aldatzen duzu”.
7. Errespetua eskatzen badiezu, errespetatu behar dituzu; sormena eskatzen badiezu, sortzailea izan behar duzu; lana eskatzen badiezu, langilea izan behar duzu; parte hartzea eskatzen badiezu, parte hartu behar duzu; komunikazioa eskatzen badiezu, komunikatzailea izan behar duzu; zuzentasuna eskatzen badiezu, zuzena izan behar duzu; ikasteko eskatzen badiezu, haiekin ikasi behar duzu; aldatzeko eskatzen badiezu, zuk ere aldatu behar duzu; zurekin fidatzea nahi baduzu, haiekin fidatu behar zara, eta abar.
8. Egiten duzunak mundua aldatzeko balio ez duela uste baduzu, ikasleek ez dute gauzak aldatzen ikasiko. Ezta tz tx baten ordez. Egiten duzuna gure hizkuntzaren egoera aldatzeko balio ez duela uste baduzu, ikasleek ere ez dute zugandik ikasiko hizkuntzaren egoera aldatzen. Ezkortasunak geldiarazten gaitu. Ez da hezitzailea. Jendarte arauek -ikusezinak, isilekoak- esaten dute zer den normala eta zer ez. Baina arau horiek aldatu daitezke. Irakasle baten eskolak emateko moduak arau horiek betikotu edo aldatzen lagundu dezake.
9. Testu-liburuek laguntza eman dezakete. Baina hizkuntza eredurik onenak kaleetan daude, telebistan, liburuetan, hiztegietan, egunkarietan, elikagaien etiketetan, telefono-gidetan, CDetan, DVDetan, interneten, gure elkarrizketetan. Materialik onena da gutako bakoitzak egiten duena.
10. Eskola kaleetara eraman behar duzu eta gelan sartu behar duzu kanpoko errealitatea. Hizkuntza jendartean bizi da. Gela ezin da izan burbuila. Ikasgelatik irten zure ikasleekin batera. Ikasgelatik irten eta hizkuntza bizi kanpoan, hitz egiten eta mespretxatzen duen jendearekin, ikasten eta ez ikusiarena egiten duen jendearekin, eraiki eta suntsitzen duen jendearekin. Bidaia bakoitza aurrera egindako pausoa da, beti.
Anima zaitez. Egun onak eta txarrak daude. Gogoratu une onak eta indarra hartu egiteko lan asko dagoelako eta hizkuntzak behar zaituelako. Arnasa hartu. Gazteek behar zaituzte. Zorte on.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks