Euskalgintzak (2)
Originala Jakin aldizkarian argitaratua.
Gurean sarritan hizkuntzaren aldeko mugimendu soziala euskalgintzaren kontzeptuaren aterkipean aztertu da. Behin baino gehiagotan hizkuntzaren aldeko mugimendu sozialaren sinonimotzat hartua izan da. Izan ere, euskalgintza gurean asko erabiltzen den berba da. Hala ere, inork gutxik hartu du termino hori zedarritzeko lanik.
Mikel Zalbiderena da ezagutzen dudan definizio bakarra. Honelaxe definitzen du berak «berariazko euskalgintza»:
Zalbideren definizioak ez du berbarik egiten mugimendu sozialei buruz: hori baino zabalagoa da bere berbetan euskalgintza («ekimen sorta» gisa edo «giza artean deliberatuki egindako saio multzo» gisa dakargu berak). Azken aldian, gainera, erakunde publiko batzuek (Eusko Jaurlaritzak zein Gipuzkoako Foru Aldundiak, esaterako) euskararen eta euskal kulturaren alde egiten duten lana euskalgintzatzat hartu dute (Patxi Baztarrikak euskalgintza instituzionala eta euskalgintza soziala bereizten ditu Babeli gorazarre liburuan).
Euskalgintzaren kasuan bereziki garrantzitsua iruditzen zait autopertzepzioa. Izan ere, gurean hainbat komunikabidek, aholkularitza-enpresak, elkargo profesionalek, ikastetxek eta abarrek euren burua dute euskalgintzatzat (eta ez hori bakarrik, Kontseiluak berak, zeinak bere burua euskararen aldeko erakunde sozialen bilgune gisa duen, horietako askoren batze-lana egiten du). Eta, noski, lehen aipatutako erakunde publikoek ere.
Horrek guztiak itzelezko aniztasuna islatzen du. Eta, hori gutxi balitz, Mikel Zalbideren definiziora itzulita, irakurle azkarra konturatuko zen berak «berariazko euskalgintza» definitu duela. Baina, horrez gain, «bide batezko euskalgintza» ere definitzen du Zalbidek eta, jakina, euskalgintzaren barruan sartu ere. Honela dio berak:
Kasu horretan, asmoei baino, emaitzei begiratzen die Zalbidek.
(Parentesia irekiko dut: ez al da gaur eta hemen beharrezkoagoa bide batezko euskalgintza berariazko euskalgintza baino? Ez al da eraginkorragoa euskara sustatzeko berariazko asmoa izan barik euskara sustatzen duena? Galderak utziko ditut airean ea nork erantzungo…)
Beraz, ematen du gaur eta hemen euskalgintzaren kontzeptura biltzen direnek esparru semantiko zabalagoa betetzen dutela hizkuntzaren aldeko mugimendu sozialak betetzen duenak baino. Ez hori bakarrik: luze-zabaleko literatura zientifikoan mugimendu sozialen inguruko teorizazioak tradizio sakona du gurean zein nazioartean. Hortaz, ez zait zentzuzkoa iruditzen bata zein bestea sinonimotzat erabiltzea.
Eta, gainera, esan bezala, aniztasuna ikaragarria da. Hori dela eta, eta beste batzuek dagoeneko jorratu duten bidetik (esate baterako, feminismoek, ezkerrek…), ez al litzateke egokiago singularrean jokatu beharrean, pluralean jokatzen hasiko bagina euskalgintzarekin? Hau da, ‘euskalgintza’ baino, ez al litzateke egokiago ‘euskalgintzak’ erabiltzea?
Pluralean zein singularrean, behin baino gehiagotan galdetu diot neure buruari zein izan beharko litzatekeen euskalgintzaren lehentasuna. Mila erantzun egon daitezke, mila ikuspuntu, mila ñabardura. Ez delako batere erraza horren inguruan iritzi sendo eta egituratu bat izatea, ia denontzako balioko duena (eta, agian, ez da desiratzeko modukoa ere).
Baina paperaren gainean zirriborratzen ari naizelarik, botako dut erantzun moduko bat, inork gutxik bere egingo duena. Baina, tira, talaiatxo hau probestu beharra dago. Nire ustez, euskalgintzako erakundeek kontrapubliko modura jokatu beharko lukete (jokatzen dute hein handi batean, baina, tira, balizko egoera idealaz ari naiz eta gurago hipotetikoa erabiltzea). Eta zer da kontrapubliko modura jokatzea?
Hor nonbait dabilen definizio baten arabera, kontrapublikoak lirateke talde sozial menderatuetako kideek sortu eta zabaltzen dituzten kontradiskurtsoak, euren nortasun eta beharrizanen interpretazio beregaina egiteko asmoz. Baina kontradiskurtso horiek helburu zehatza dute: publiko orokorretan eragitea, publiko orokorretan aldaketak sorraraztea (Jakinen aurreko zenbakian aipatutako gutxiengo aktiboen alderik aktiboenak lirateke kontrapublikoak, gutxi gorabehera).
Beste era batera esanda, kontrapubliko alternatiboak izan beharko lirateke euskalgintzako erakundeak, berrikuntzak sortu beharko lituzkete beste mugimenduek kopia ditzaten. Jarri beharko lituzkete martxan praktika performatiboak. Izan ere, laborategi sozialak diren kontzientzia garatu beharko lukete. Aurrehartze esperimentala landu beharko lukete, utopien laborategi sozial gisara egin beharko lukete lan. Hortaz, komunitatearen logikak barneratuta, eragin ere eragin beharko lukete euskalgintzako erakundeek. Komunitatea sortu efikazia handiagoz eragin ahal izateko, hain zuzen ere.
Harremanetarako forma berritzaileak esperimentatu beharko lituzkete, praktika alternatiboak eraiki beharko lituzkete, nortasun kolektiboa praktikatu beharko lukete. Hori guztia, handik eta hemendik, behetik gora eta goitik behera, ertzetatik zein erdiguneetatik. Euskalgintzaren ohiko berbakerara itzulita, gaur eta hemen arnasgune funtzionalak sortzea litzateke, euskaraz funtzionatuko duten guneak eta uneak eraikitzea litzateke, nortasun kolektiboa elikatuko duten (alaitasunez, koherentziaz eta maitasunez) praktikak han eta hemen saretzea litzateke.
Eta hemen esandakoak, gainera, berdin balio beharko luke mugimendu sozialentzako, aholkularitza enpresentzako, komunikabideentzako edo euskalgintza instituzionalarentzako (aldeak alde eta bakoitzak eragin ditzakeenak aintzat harturik, beti ere). Berdin, logika bera, filosofia bera, emaitzak biderkatu ahal izateko.
EUSKALGINTZAREN DEFINIZIOAZ, ZERTXOBAIT
Definitu ahal da?
Definizioak “produktu amaitua” dakar burura: zerbait zehatza eta dagoeneko osotasun bat duena. Definizioa kontzeptu bat non hasi eta non amaitzen den zehatz-mehatz esatea da (de- finire).
Diotenez, definiziorik ezean distintzioak behar izaten dira: bereizketak. Distintzioak prozesuaren ideia dakar: behin-behinekoa da, oraindik ere eraikitzen dagoen zerbait, amaitu gabea.
Definizioak “harro” samarrak izan ohi dira: kontzeptu bati buruz dakiguna bildu eta biribildu egiten du. Distintzioak ez: distintzioak ez du esaten kontzeptu bat “zer den” baizik eta “zer ez den”. Distintzioak langak dira, edo hesiak… kontzeptuak nork bere erara erabiltzea saihesteko modu bat, ez gertatzeko Oskorrik zioena: “Lau gauzak izen bat dute eta gauza batek lau izen”.
Ez zaizu iruditzen?
Orduan, zer den baino zer ez den begiratu beharko niokeela iradokitzen duzu, ezta? Baina, eta tranpa apur bat eginda, zer ez den erabaki orduko zer den erabakitzen ari zarelakoan nago, baina tira …
Zer ez da euskalgintza? Edo, hobe esanda, zer ez dira euskalgintzak? (bufff, galdera hau uztailean paratu beharra ere!!!!, uda osoan jirabiraka edukiko dut ganbaran!!)
Ez pentsa!
Hiru erantzun posible dago: (1) bai, (2) ez, (3) eztakitpa…
“Eztakitpa” atala oso interesgarria da… Berrikuntza periferian sortzen dela esan ohi da, ezta? Prozesu dinamikoen ideia da: normalean “euskalgintzatzat” hartuko ez genituzkeen eragileak “eztakitpa” kategoriara iristen direnean, mugimendu interesgarriak izaten dira eta baliteke gauza interesgarriak gertatzea.
Bromak alde batera utzita, nik neuk, gehienetan, salbuespenak salbuespen eta kontraesanak kontraesan, “euskalgintza = gizarte zibil antolatua” bikotea erabili izan dut, baina –zure moduan– inoiz ez erabat eroso.
“Eztakitpa” horiek dira azken finean Zalbidek aipatzen dituen bide batezko euskalgintzaren barruan sar daitezkeenak, eta nire ustez, gaur eta hemen beharrezkoak eta ezinbestekoak direnak. Izan ere, askotan lehentasuna “hizkuntzan” duten erakundeen eraginkortasun maila zeharo murritza izan daiteke. Hala ere, biak dira beharrezko, biak dira gutxi hemen eta orain.