Gero eta gehiago erabili, gero eta gutxiago esateko
Originala Info7 irratiko Gureaz blai irratsaioan:
Gero eta gehiago erabili, gero eta gutxiago esateko. Honako berba hauek jaurtiki zituen Txepetxek Galizia aldean orain dela urte batzuk. Bertan izan nintzen eta, ordutik, behin baino gehiagotan etorri zaizkit burura. Batzuetan esangura argitu nahian datozkit burura. Beste batzuetan, ostera, egiten duguna prisma horretatik epaitu edo baloratu gura izaten dut.
Esaldia, izan ere, oso indartsua da, iradokitzailea oso. Eta esanguratsua, zeharo esanguratsua. Askotan bat nator esalditik ulertzen dudan apurrarekin. Politikarien gatz eta piper bako ahozko jarioa entzutean, edo inork irakurtzen ez dituen itzulpenekin edo liburutegi publikotik euskarazko liburu bat lehen aldiz zuk hartzen duzunean (liburutegian bost urte eraman arren). Gauza bera gertatzen zait hitz hutsak baino ez diren plangintzak irakurri behar izan ditudanetan.
Bernardo Atxagak ere orain dela gutxi antzeko zerbait esan izan du Euskadi Irratian. Bere ustez, euskarak duen arazorik handiena itzulpenak ei dira, itzulpen esanguratsuagoak eta indartsuagoak egin beharko ditugula esaten zuen gutxi gorabehera, errepikapenean datzalako edozein hizkuntzaren etorkizuna.
Beste batzuetan, ostera, sorpresa atseginak hartzen ditut, han edo hemen. Eta, orduan, zalantzan jartzen dut Txepetxen esaldia, egiatik zertxobait duela iruditzen zaidan arren. Eta, orduan, esfortzuak merezi duela iruditzen zait: ilusioa, maitasuna, irribarrea, …berba batean, gauzak aldatzeko grinak dakarren pasioa. Eta egiten duguna zuzena bezain zirraragarria dela iruditzen zait.
Izan ere, sasoi hartan Galizian Marije Manterola eta biok bi orduko elkarrizketa egin genion Txepetxi. Haren liburu eta artikuluak irakurri bai, baina ez nuen aurrez aurre ezagutzen. Sarritan gogoratzen dut egun hura, sarritan haren berben oihartzunak dakartza neure burmuinak. Egun hartan erdia ez nion ulertu, trinkoegi, sakonegi eta mardulegia izan zen niretzat. Gerora, apurka-apurka zentzu hartu diot, edo hori uste dut behintzat.
Berba hauekin amaitu zuen Txepetxek berbaldia (itzulpena neurea da, jakina)
Gure kantua birsortu dezagun.
Amets eginarazi diezaiogun banaka-banaka, pribatuan.
Eta gero, bakoitzak bere eremutik
Ikasarazi dezagun denok salbuespenik gabe,
Edonori, diskriminaziorik gabe,
Publikoan.
Berreskuratu dezagun gure kantua.
2017an 30 urte betetzen ditu Txepetxek egindako lan nagusiak: Un futuro para nuestro pasado. 30 urte mugarria ezarri zuen obratik eta oraindik bere lanak gogora ekartzeko modukoak direla iruditzen zait. Ea gehiago irakurtzen diogun eta gehiago aplikatzen ditugun bere esanak.
Aupa, Txerra.
Guztiz bat nator zure ustearekin. Batzuetan badirudi ahaleginak okerreko bidetik egiten ari garela, baina, zorionez, emaitza onak ere ikusten ari gara eguneroko jardunean, hurbileko hartu-emanean, eta, horrek, hegoak askatzen laguntzen digu, ego guztien gainetik euskararen indartzea bilatzen dugunok.
Segi tinko ekarpenak egiten!
Eskerrik asko, Marije, segi zuk ere fin eta txukun!