Jarraitu eta ireki
Euskara nondik dator? Ahaiderik al du? Milaka liburu eta artikulu daude horren inguruan, milaka teoria. Baina oraindik ez dute teoria horiek adostasunik. Eztabaida biziko gaia da oraindik ere eta horrela izango dela luzaroan ematen du.
Baina euskarak misterio handiagoa gordetzen du bere baitan: XXI. mendera arte bizirik irautea. Zergatik dirau bizirik euskaldunon komunitateak XXI. mendean?
Hainbat erantzun egon dira: bakartze geografikoa, kasualitatea eta abar. Juan Carlos Etxegoien “Xamarrek” testu honetan horiek denak birrintzen ditu:
“Gure hizkuntza komunitatearen iraupena harrigarria da historikoki. Pentsatzea hori kasualitatea izan dela, mendien artean ahaztutako herri bakartua izatearen ondorio dela, inozokeria galanta da, historian eta geografian, besteak beste, ezer ez dakiguna erakusteaz gain”.
Bestelako erantzun batzuk badira, hala ere. Jon Sarasuak bi berbetan laburbiltzen du misterioa: jarraidura eta irekidura. Sarasuak jarraidura sen kultural batekin lotzen du: eman digutenari jarraipena ematea. Irekidura, berriz, unean unekoari zabalik egotea da: berrikuntzei, garaian garaiko modari, inposatu digutenari, … Bere berbetan, hala ere, askoz hobeto ulertzen da:
“Tradizioei leiala izateko modu bakarra katea segitzea da, baina katean segitzeko sortu egin behar da, eta sortzeko nahastu egin behar duzu, konbinatu, bestela egiten duzuna kopiatzea besterik ez da”.
Misterioa teorikoki argitu aurretik, gurean askotxok, intuitiboki bada ere, bi oinarri horiek praktikara eraman zituzten. Bertsolariak aipatzen dira maiz, baina gaur eta hemen, ordea, musikari buruz ari naiz. Eta euskal musikan bada horren adibiderik.
Mikel Laboak, oharkabean edo ez, bi uztarri horiek batu zituen, maisuki batu ere. Jarraidura asko landu zuen. Euskal Herriko hainbat eta hainbat kanta tradizional berreskuratu eta guztion ondare musikalaren parte egin zituen: esate baterako, Haika mutil, Bereterretxeren kanthoria edo Iturengo arotza.
Baina Mikel Laboaren kantagintza ez da bakarrik herri kantak berreskuratzea. Beste bi zutabe nagusi izan zituen, irekiduraren adibide biak ala biak. Batetik, egile modernoen poesiak musikatu zituen: Gabriel Aresti, Bertold Brecht, Joseba Sarrionandia, Joxanton Artze edo Bernardo Atxaga musikatu ditu. Eta, bestetik, abangoardiako kantak ere eratu zituen: Lekeitioak sailekoak hain zuzen ere.
Hori gutxi balitz, bere kantu asko tradizional bihurtu dira (edo bihurtzen ari dira): Txoria txori, Izarren hautsa, Martxa baten lehen notak, … Bertsolariek ere erabili dituzte berak sortutako melodiak bertsoak taxutzeko.
Baina ez hori bakarrik. Musikari gazteagoekin harreman sakona izan zuen. Baita haiengan eragin eta arrasto sakona utzi ere. Adibidez, rock musika muturrukoena egiten duten Lisabökoekin lan egin zuen (nahiz eta bera bestelako musika egiten zuen “agurea” izan). Gazteek bi disko (eta hainbat bertsio) paratu dituzten haren omenez: Txerokee mitikoa (Negu Gorriak, Sutagar, Bap!, M-ak, Delirium Tremens, …) eta Txinaurriak (Willis Drummonds, Ama Say, Anari, Mursego, Berri Txarrak, Ruper Ordorika, …). Eta beste talde batzuek ere egin dituzte bertsioak: Oreka Tx, Morau, Zea Mays, Dut, …
Jarraitu eta ireki. Bertatik bertara eta bertakoentzat, baina kanpokoa gureganatuz. Horixe izan da Mikel Laboak soziolinguistikari egindako ekarpena, ekarpen oharkabea bada ere. Ireki eta jarraitu. Bertakoa ahaztu gabe, begi bat (edo bi) kanpoan egiten denari adi. Oso adi.
Baina nik baino hobeto beste batek adierazi zuen behinola. 1974an Joxanton Artzek honela definitu zuen Mikel Laboaren kantagintza: “Herriak beti zahar beti berri izaten dira; eta garaian garaiko, eta lekuan lekuko mendez mende egosi duten tankeraz sortzen zaizkien galdekizunei erantzuna ematen saiatzen dira; honek, hain zuzen, beren nortasuna bakana eta orokorra finkatzen du”.
Mikel Laboak Atxaga musikatuz honela gaztigatzen zigun bere kanta ezagun batean:
Gure hitzak
esan berriz esan
ez daitezela ahaztu
ez daitezela gal
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks