30 urte: nukleo sinbolikoa
Nukleo sinbolikoa edo gune sinbolikoa: hor jartzen zuen Txepetxek motorra, horrek gidatu eta tiratu behar zuen biziberritze prozesua aurrera. Gune sinbolikoa. AB eta BA hiztunez osatutako gunea.
Baina goazen hasierara berriro. Hiztun osoek bete behar dute hizkuntzaren bihotza Txepetxen ustez, bete behar dute komunitatearen zentroa komunitate hori birsortu eta biziberritu dadin. Baina zer dira hiztun osoak? Zer ulertu dugu orain arte guk hiztun osoz?
Hiztun osoak dira, jakina, gaitasunak dituztenak bizitzako edozein arlotan euskaraz aritzeko. Beraz, ahoz zein idatziz gaitasuna dutenak euskaraz aritzeko, euskaraz entzun eta irakurtzeko gaitasuna dutenak. Baina, horrez gain, gaitasuna ez ezik, praktika ere dutenak dira (praktika bako gaitasuna izatea zaila den arren).
Hiztun osoak horiek dira, hortaz: praktika eta gaitasun nahikoa dutenak euskaraz aritzeko. Baina … inplizitutzat eman dugu beste kontu bat, nire ustez. Gaur eta hemen, praktika eta gaitasun nahikoa izateko, beharrezkoa da (Jaingoikoaren graziaz euskaldun diren horiek kenduta) hautua egitea, euskararen aldeko hautua egitea, euskaraz bizitzearen aldeko hautua egitea. Hortaz, hiztun osoa izateko ere beharrezkoa da motibazio altua izatea euskararen alde, ezta?
Hortaz, hiztun osoek bete beharko lukete gune sinbolikoa. Baina gune sinboliko horrek eragina izan dezan, Txepetxek zioen trinkotuta egon behar duela. Hau da, gune trinko eta sendoa osatu behar du horrek.
Txepetxek zioen hori berori, bera baino lehen esan zuen Serge Moscovicik. Berak gutxiengo aktibo deitu zion Txepetxek aipatzen zuen gune sinbolikoa. Baina, funtsean, nire ustez, gauza bera esan gura dute (baita Iñigo Errejonek famatu bihurtu zuen gune irradiatzailea ere).
Hala ere, Moscovicik trinkotasunez harago, bestelako ezaugarri batzuk ezartzen dizkie gutxiengo aktiboei. Izan ere, aldaketa sozial gehienak ez dira izan gehiengoaren bultzadaz eginak. Gutxiengoek eragin dituzte aldaketok, oro har. Eta aldaketa horiek eragin ahal izateko, zenbait baldintza eta zenbait betekizun bete behar dituzte gutxiengo hauek.
Baina … gatozen gaur egunera. Gune sinbolikoa trinkotuta al dugu? Trinkotzeko modurik ikusten al da gaur eta hemen? Nire ustez, azken urteotan euskalgintza noraezean ibili da, GPS imantatuta bezala izan du tarteka-marteka. Baina Egiakoek irekitako bideak eman dezake aukera gune sinboliko hori trinkotzeko, gune sinboliko hori edukiz betetzeko eta gune sinboliko horrek aldaketak eragiteko jendartean.
Zergatik? Praktika argia eta zuzena dakar, erraz ulertzen dena eta sistematiko bihurtuz gero, eragin biderkatzaileak izan ditzakeena. Eta, gainera, esan eta egiten denaren arteko koherentzia dakar, eta ziurtasuna eta determinazioa adierazten du, transmititzen du. XXI. mendeko gune sinbolikoaren trinkotzea praktika zuzenetik etorriko ote da? Gure esku dago horretan bultzada ematea eta koherentziari leku gehiago egiteko gure egunerokoan.
Aurreko sarrerak:
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks