Denok itzultzaile?
Urtzi Urrutikoetxeak Finlandiari buruzko artikulua idatzi du, orain dela gutxi Berria egunkarian. Bertan, Islandiari buruz ere aritu izan da. Eta honako hau zioen Urtzik:
Ostegunean, urteurrenaren bezperan, Ezkerra-Berdeak alderdiko emakume bat Islandiako gobernuburu bihurtu zen: Katrin Jakobsdottir. 2014an Bilbon elkarrizketatzeko zoria izan nuen (Zuzeu-n duzue irakurgai), eta txunditu ninduten gauzen artean, euskararen hiztunen erdiak dituen islandierak hain osasuntsu egoteko daukan errezeta izan zen: itzuli, itzuli eta itzuli, hizkuntza handiagoen makulu eta zubiak onartu gabe.
Bernardo Atxagak ere behin baino gehiagotan aipatu du itzulpengintzak duen indarra, hizkuntza baten biziberritzean. Eta, orduan, burura galdera bat etorri zait: euskaldun guztiok izan behar dugu itzultzaile?
Kontuan hartuta, gaur milioi bat inguru euskaldun garela eta gehienez ere hiru bat milioi izan gaitezkeela (hori bai, hemendik zenbat urtetara?), nire ustez denok izan beharko genuke (eta, hein batean, bagara) itzultzaile, gaur, bihar eta etzi.
Inoiz egingo dugun curriculum soziolinguistikoan itzulpengintza ere sartu beharko da gaitasun bezala.
Eskerrik asko aipamenagatik, Txerra eta barka berandu ibiltzea erantzuteko. Islandiakoaz, itzulpena klabea da, noski, baina baita hizkuntza handi eta hegemonikoei atea ixtea ere: islandiarrek ondo dakite ingelesez, eta pentsatzen dut danieraz ere jakin edo ulertuko dutela askok (Danimarkaren kolonia izan zen XX. mendera arte). Baina inork ez du liburuak, telesailak edo filmak (edo AEBtik datozen realityak) jatorrizkoan ikusten, dena itzultzen dute, hizkuntza hegemonikoaren makulua ezertarako erabili gabe. Euskaldunok gure eskubideen urraketa itzela deritzogu medikuarekin edo udaltzainarekin espainieraz egin beharra, tabernariarekin ahalduntze ariketa ezartzen diogu gure buruari, euskarara ekartzeko solasaldia, eta aldiz, ez dugu inolako konplexurik gure liburutegiak espainieraz eta espainierara itzulitako liburuz beteta izateko, sare sozialetan publizitatea egiteko espainolez irakurtzen ditugun liburuei. Naomi Klein eta John Bergerren liburuak adibide, hainbatek aipatu, baina inor ez da kexatu gure hizkuntzan ez daudelako.
Beraz, munduko kultura euskaraz kontsumitzeko kontzientzia behar da -eta kontzientzia txarra, hori egin ez(in) dugunean. Horretarako, noski, ezinbestekoa da itzulpenak biderkatzea. Baina ez nago hain ziur DENOK itzultzaile bihurtzea ote den gakoa. Kontua ez da klasista izatea, baina badira horretan ofizioa eta esperientzia dutenak -are gehiago, egun idazten den euskararik onenetakoa itzulpenetan dagoela esango nuke, sorkuntzako euskara oharkabean espainierara hurbiltzen ari da-, eta atera kontuak zenbat egin litekeen horiei guztiei alferrikaok lanak kendu eta zentzuzkoak egingo balituzte: administrazioko testuak euskaraz sortu eta ez etengabe itzuli, eta itzultzaileak funtsezko itzulpenetarako egon. Kátrin Jakobsdottir-ek hori ere aipatu zidan: itzultzaileekiko estimu handia dutela, eta etengabe zain daudela zer iritsiko, baita jatorrizkoa ezagutzen dutenean ere, konparatu ahal izateko. Gure egoeratik, ulertzen dut oraindik denok itzultzaile filosofia hori behar dela -hara, azpitituluak-en kasua, baina helburu gisa, ez luke behar. Besarkada!