Tosepan 2
Abentura bat izaten ari da hau, esperimentu bat, proba pilotu bat. Izan ere, ari gara hemen Euskal Herritik kanpora lehendabiziko aldiz gurean funtzionatu duen metodologia eta egiteko modu batzuk probatzen eta hemengo errealitatera egokitzen eta moldatzen. Aitzindariak dira, horretan ere, Tosepaneko kideak. Hortaz, Euskal Herritik kanpora martxan jarriko diren lehen hiru erabilera planak ari gara taxutzen.
Eta zelan egiten ari gara hori guztia? Ba, Euskal Herrian egiten ari garen ezaugarri beretsuekin, baina hemengo errealitatera, hemengo lokatzetara, hemengo erritmoetara eta hemengo egiteko moduetara egokitzen. Eta zeintzuk dira ezaugarri horiek?
Ba, gu pertsonekin aritzen gara lanean, han eta hemen. Eta pertsona horiek nahitaez hartzen dute parte planetan, bai diseinuan, bai inplementazioan, bai eta ebaluazioan. Pertsona horiei entzuten diegu, elkarrekin eta elkarri lagunduz eraikitzen dugu plana, osatzen dugu plana, bakoitzaren begiradak, kezkak, beldurrak eta gogoak kontuan hartuta. “Adituok” egiten dugun bakarra da parte hartzaileei adimena zabaltzen saiatzea. Plana eurok egiten baitute.
Eta horrela ari gara hemen ere. Denon artean ari gara eraikitzen bide eta zoru komun bat, denon artean ari gara sortzen, denon artean ari gara elkarri laguntzen, denon artean ari gara amets honi baliabideak jartzen, denon artean jakintzak partekatzen, denon artean begiradak trukatzen, denon artean ahalduntzen eta boteretzen.
Komunitatea da hemen zentroa, komunitatea da enborra eta gero hainbat adar ateratzen dira: agroekologia, arbasoen jakintzak, jateko ohitura osasuntsuak, amalurraren defentsa sutsua, metodologia pedagogiko berrituak eta errealitatera egokituak, autonomia, identitatearen gorazarrea eta, jakina, gero eta gehiago, hizkuntza propioaren harrotasuna (eta erabilera).
Osagai horiek guztiak hartu eta hiru plan egiten ari gara. Batetik, Tosepan mugimendu osoari dagokion plana egiten ari gara, oinarri komunak izango dituena kooperatiba guztietan. Zelanbait esateko, kooperatiba guztietan aplikatzeko moduko irizpideak jartzea da gure nahia. Bestetik, beste bi kooperatibetan (aurrezki eta kreditu kooperatiba den Tosepantomin eta eskola den Kalnemaxtiloyan) nahi dugu plan intentsiboagoak egin, eragin handikoak. Azken finean, nahi dugu plan bi horiek proba izatea, hurrengo bi urteotan probatzea, martxan jartzea eta, ahal den neurrian, bi plan horietatik ikasi beste kooperatibetan hurrengo urteotan eragin handiagoko planak egin ahal izateko. Hau da, bi hauek probatu, ikasi, erabilitako lan-tresnak eta metodologia testatu (prototipatu) eta beste kooperatibetarako jarduteko modu finagoak aurkitu. Asmoak ez dira txikiak, ezta horiek lortzeko egiten ari garen lanak eta ahaleginak, ea zer dakarren …
Jarraituko du …
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks