Tosepan 7
Badira hiru aste Cuetzalanetik itzuli naizela. Eta bada garaia Tosepaneko serieari amaiera emateko. Behin-behineko amaiera gutxienez. Dagoeneko martxan dira diseinatu genituen lau planak, dagoeneko martxan da Tosepanen biziberritzea gidatuko duen talde motorra, dagoeneko Lizbeth Sanchez Ortiz hango hizkuntza aholkulari da.
Ordutik hona, euskal herrietako zurrunbilora ohitzen ari naiz (ohitzeko beta handirik ez nuen izan, heldu eta berehala lanean, baina tira). Eta bada sasoia askok egin didaten galderari erantzuna emateko (edo erantzun bat zirriborratzeko behinik behin). ZER IKASI DUZU MEXIKON, TXERRA?
Mila gauza ikasi ditut, mila, baina hori erantzunda inork ez dit bakean uzten. Gauza batzuk esan behar ditut, beraz.
Lehenik eta behin, Tosepan proiektu eredugarria ezagutzea izan da ikaspen handienetako bat. Burujabetzak berreskuratzen ari dira Tosepanekoak, autonomia ardatz eta autoeraketa bide. Burujabetzak bai, elikadura, energia, segurtasuna, ekonomia, kultura, lurraldea eta … , jakina, hizkuntza burujabetza. Komunitatea antolatu horiek guztiak (berr)eskuratzeko, hori da Tosepan bi berbatan.
Bigarrenik, han bizitakoak nire lan jarduna aztertzeko balio izan dit. Zer egiten dudan, zer egiten dugun, zelan egin behar dugun, … Eta edozein hizkuntza planak behar dituen hiru arrakastarako faktoreak aztertu: pertsonen konpromisoa, entitatearen konpromisoa eta, zelan ez, konpromiso teknikoa. Behin eta berriro aztertu, behin eta berriro aintzat hartu.
Hirugarrenik eta azkenik, eta Txepetxengana itzuliz ostera ere, sormenaren garrantziaz ohartu naiz Cuetzalanen. Hizkuntza baten biziberritzearen muina sormenak duela gero eta argiago daukat. Baina ez normalean aipatzen den sormenaren definizio mugatu hura: sormena literaturan bai, sormena zineman bai, sormena musikan bai, baina baita zientzian, egunerokoan, fiosofian, lanean eta abarretan ere. Euskaraz sortzea, alegia, euskaratik eta euskaraz gurago bada.
Horiek ikaspenak. Eta buruan dabilzkidan beste kontu batzuk ere bai. Esate baterako, identitatea eta kosmobisioaren garrantzia. Zer da identitatea? Zelan landu norgintza? Zelan edukiz bete identitatea?
Edo beste hau: nondik elikatu gure ametsak? Iraganetik? Etorkizunetik? Orainetik? Zer pauso eman behar ditugu bizitza hobe baten bila? Zer garrantzia du hor hizkuntzak?
Edo beste hau: zelan deskolonizatu burmuina? Zelan atera gure poroetatik neoliberalismoa eta gurasokeria?
Edo azken hau: zelan artikulatu norbanakoa eta komunitatea, batak bestea ito ez dezan? Zelan?
Hori izan da guztia Cuetzalandik, hori izan da dena momentuz. Itzuliko naiz bihar edo etzi. Eta, orduan, beste iruzkin batzuk ekarriko ditut blogera (edo ez). Aurreko kronikak irakurri nahi baduzue, hemen dituzue denak:
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks