Hirigintzak
Hirigintzak baldintzatzen ditu bertan bizi direnen hizkuntza-hautuak? Galdera horri erantzuna ematen saiatu da Galder Unzalu azken urteotan. Bere ustez, hirigintzak baldintzatzen ditu hautu horiek. Lurraldea eta Hizkuntza graduondokoaren bueltan dabiltzanek ere gauza bera esaten dute. Mikel Zalbidek ere, hein batean (eta ñabardura askorekin), horren alde egiten du azken Bat aldizkarian arnasguneen gainean egindako artikulu luze bezain mamitsuan (eta, zenbait arlotan, eztabaidagarrian).
Eta nik? Nik zer iritzi dut? Ba, ez dakit. Hirigintzak, jakina, zerikusia eta lotura du hizkuntzarekin eta haren erabilerarekin. Izan ere, hizkuntzaren erabilerarekin denak du zerikusia, bizitza osoak du zerikusia: hirigintzak, lanak, zuzenbideak, aisialdi ohiturak, sozializazioak, kulturak eta abar. Baina ez nuke esango hizkuntza-hautuetan horrenbesteko eraginik duen. Beste faktore batzuekin konbinatuta, bai badu. Baina, bere horretan, bere xumean, bere apalean, esango nuke ezetz. Baina, beti, esango nuke ezetz hipotesi moduan. Ez daukat daturik, ez ebidentziarik hautuetan eraginik ez duela esateko. Baina, era berean, ez daukat daturik, ez ebidentziarik hautuetan eraginik duela esateko. Jarraitu beharko da ikerketan, hortaz. Ea Galderrek hurrengoetan pista eta ebidentzia gehiago ematen dizkigun.
Hirigintzak eskala oso ezberdinak biltzen ditu: eskala txikiko urbanizazio-proiektuetatik eskala handiko lurralde-antolamenduko planetara.
Eskala txikiko hirigintzak, beharbada, ez dauka hizkuntz eraginik, zuk esan bezala.
Baina eskala handiko hirigintzak edo lurralde-antolamenduak sekulako eragina eduki dezakete. Hirigintzaren eta lurralde-antolamenduaren bidez erabilerak (etxea, lantokia, jolastokia…) espazialki pilatu ala sakabanatu daitezkeelako, hiztunak lekualdatuz.
Hirigintza eta lurralde-antolamendua tresna garrantzitsuak izan dira, esaterako, kolonizazio prozesu guztietan. Konkistatutako lurraldea egituratzeko balio dutelako. Kontuan izan, adibidez, sionisten kolonien lurralde eta hizkuntz eragina.
Adibide gertuak ez dira hain muturrekoak, eta beraz ez dira hain argiak, noski. Baina adreiluaren burbuilan (1997-2007) EAEn “kontraurbanizazioa” (nahita ala nahi gabe) sustatu da, herri txikietan dezente eraiki araziz, eta udalerri euskaldunenak kaltetuta irten dira, salbuespen gutxi batzuk kenduta, Gaindegiak 2014an datuen bidez frogatu bezala.
Gehiago ikertu behar dela? Jakina baietz!
Baina nik eskala txikiko eta eskala handiko hirigintzak ezberdinduko nituzke.
Unai, zure iruzkina irakurrita, sentitu dut sartu dudala oina (edo hanka, edo gorputz osoa) gehiegi menperatzen ez dudan potxingo batean eta basatzaz blai aterako naizela. Galderrekin txioerrian izan dudan eztabaidan esan dudan bezala, argi dut hirigintzak eragina duela hizkuntza-hautuetan. Argi dut gehienetan eragin negatiboa duela eta Galderrek esan duen bezala, baldintzak zailtzen dituela gaur eta hemen. Baina, era berean, argi dut pertsonok agentzia dugula eta hirigintza-planifikazioak gorabehera, horien aurka eta horietatik harago joateko modua dugula. Ikusten duzunez, seguruenik, nirea ez den potxingoan sartu naiz baliabide gutxiegiekin, baina txonbo egitea ausardiaz da nire ezaugarrietako bat.
Kaixo!
Lurraldea eta Hizkuntza izeneko jardunaldien bideo ugari daude sarean. Gehientsuenak entzun ditut eta oso interesgarriak dira, hirigintzak duen garrantziaz jabetzeko lagungarriak egin zaizkit.
Bestetik, siria iparraldean hizkuntzen trataeari buruz iruzkina egin nizuna naiz, saiatu naiz aipatu nizun zirkasiera hezkuntzan nola sartzen ari direneko artikulua berriz bilatzen. Baina ez dut aurkitu. Hori bai, bertan hizkuntzen garapenaren alde egiten ari direnari buruzko zerbait aurkitzen badut aipatuko dizut. Asko ikasteko bait dugu hortik, akatsekin bada ere ene ustez bide onetik doaz eta.
Eskerrik asko, Iker.
Irrikitan nago Kurdistan aldeko berrien inguruan. Edozer lortuz gero, abisatu eta sarrera/post bat egingo dugu bion artean, hala nahi baduzu.