Esku-liburu bat gure etorkizuna planifikatzeko (edo)
Orain gutxi aurkitu nuen esku-liburu bat interneten. Izenburu zeharo erakargarria zeukan (“Gure hizkuntzaren etorkizuna planifikatzeko esku-liburua”) eta deskargatu nuen. Eta egun hauetan irakurri dut eta lagun batzuei gomendatu.
Esku-liburua ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz eta turkieraz dago (eranskinak bakarrik ingelesez). SIL erakundeak argitaratu du (ez sakondu larregi erakunde horren historian badaezpada) eta nik gaztelaniazko bertsioa irakurri dut. Eta oso interesgarria eta baliagarria iruditu zait, baina, tira, goazen apurka-apurka.
Esku-liburua fazilitzaileentzako da, bertako komunitateko kide diren fazilitzaileentzako. Zeharo praktikoa da, zentzu horretan oso anglosaxoia (eta zenbat maite ditudan nik mota honetako esku-liburuak!). Eta gustatu zaidan beste kontu bat da gure lanbidea (euskara teknikari, aholkulari edo dena delakoa) fazilitazioarekin bat ikusten duela erabat (Emunen ari gara horrekin aspalditxotik beharrean). Beste berba batzuekin esanda, liburuak argi uzten du (esan barik baina) komunitateak hartu behar duela bere gain erantzukizuna, ardura eta gure lana dela bide horretan laguntzea, bide horretan eurei gauzak erraztea (ez dator harira, baina igual zait, orain dela gutxi irakurri dut akonpainamendu berba euskaraz bidelaguntza moduan itzulita).
Fazilitatzaileak gaitzeko, gainera, kapazitzaileak daudela dio esku-liburuak (SIL erakundekoak, hain zuzen ere). Eta horrekin Cuetzalanera joan naiz zuzenean, Tosepanera. Azken finean, han egin dugun lanik gehiena horixe izan baita: fazilitzailea trebatu, komunitateak bere bizkar har dezala ardura. Zentzu horretan, iruditzen zait Garabiderentzako material aproposa izan daitekeela (edo ez, eurek ikus dezaten).
Edukietara sartuta gehiago, diagnostiko parte-hartzailea egiteko argibideak eta aribideak ematen ditu. Oso bisualak dira proposatutakoak eta, horren bidez, mapa bisual batzuen bidez zehaztuko dira hizkuntza haren erabilera guneak, erabiltzaileak (eta haien ezaugarriak) eta funtzioak. Hori guztia ahozkoa eta irakurri/idatzi bananduta.
Diagnostikoaren ostean, esku-liburuak planifikazioa bera dakar. Hala ere, betiko legez, hauek ere garrantzi handiagoa ematen diote diagnostikoari (liburuak dituen 87 orrialdetik 66tik aurrera hasten da planifikazioa).
Kontzeptu interesgarriak ere agertzen ditu esku-liburuak. Funtzio hegemonikoen garrantzia nabarmentzen du (25. orrialdean agertzen den irudia zentzu horretan oso adierazgarria da). Helmuga errealistak ezartzeko garrantziaz ere aritzen da (beti da hobe hordagoa txikira jotzea). Eta, hari horretatik tiraka, aipatzen du behekoa indartzeak goikoa indartzea dakarrela (oso ideia fishmanianoa, bide batez). Horrez gain, identitateari ere garrantzi berezia aitortzen dio esku-liburuak eta hizkuntza berreskuratzearen oinarrian jartzen du identitategintza.
Esku-liburu osoaren oinarrian, baina, hizketa-komunitatea dago (antropologian erabiltzen den praktika-komunitatetik gertuko kontzeptua), ez hiztun komunitate osoa. Hortaz, ez du balio liburuak hiztun talde osoari konponbidea emateko, ezpada komunitate horren baitako komunitateei. Beraz, gurean erabiltzeko mikrokomunitateetarako balio dezake. Esate baterako (eta moldaketak moldaketa, ze batzuk egin beharko lirateke derrigorrez) balio dezake lantegien planetarako, edo eskolen planetarako edo …
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks