Arteak guri zer?
Orain dela ez asko deskubritu nuen badagoela figura bat arte-zuzendari deitzen dena. Marketin arloan oso erabilia da, baina beste arlo batzuetan ere hasi da lanean (bideo-klipetan eta abarretan). Eta zertan datza arte-zuzendari baten lana, ba? Bera da kontzeptu abstraktu bat irudi bihurtzen duena.
Orain gutxi ere, arte garaikideari buruzko ikastaro bat egin dut (etxealdian, badakizue). Eta balio izan dit artetzat neukan kontzeptua apur bat zabaltzeko (eta, bide batez, gurean egiten diren hainbat ekintza artetzat hartuak izan daitezkeela pentsatzeko, baina hori beste kontu bat da). Eta, amaitutakoan, arte-zuzendariaren figura etorri zait berriro burura. Eta horrekin batera galdera (zalantza) bat: gure protestek, ekintzek edo dena delakoek behar al dute arte-zuzendari bat? Edo, beharbada, apalago planteatuz, behar al dute arte-zuzendari baten aholkurik?
Jo, ba ez dakit, baliteke. Gure mugimenduen esku hartze ereduak seguruenik berritu beharko genituzke, joskerak askatu beharko genituzke, koreografia kolektibo berriak sortu beharko lituzke gure mugimenduak, partitura sinple eta oinarrizkoa idatzi edo interpretatzeko, gero bakoitzak bere kasara interpretatu dezala, tokian tokiko berezitasunen arabera, edo egoera bakoitzaren arabera.
Dudak, zalantzak eta abar. Eta gai hau apur bat harago eramanez: behar al du arte garaikidearen ekarpena euskararen aldeko mugimenduak? Ez daukat erantzunik, baina bai kezkatzen nau orain dela ez asko Ismael Manterolari ez dakit nori irakurri nion hau: arte garaikidea dela gaur eta hemen arte adierazpiderik erdaldunena. Horrek asko kezkatzen nau.
Beharbada Ismael Manterolaren zutabe hau irakurriko zenuen:
https://www.berria.eus/paperekoa/1842/033/001/2018-03-20/artearen-euskal-kontsumitzailea.htm
Bai, horixe. Eskerrik asko Xabi!