Bizitza euskaraz “ospatzen” duten 100 proiektu
Joseba Barriolaren berba batzuetatik abiatuta ekin nion bizitza euskaraz “ospatzen” duten proiektuak batzeari. Honako hauek, hain zuzen ere:
Ez dugu aurrera egingo dauden espazioak okupatuz euskararekin. Kalitate berria duten espazio berriak sortu behar dira. Bizitza lantzen duten espazioak sortuz. Eta bizitza duina lantzeko espazioak. Ez bizitzari buruz diskurtsoak soilik egiteko eremuak, eremu biziak eta bizigarriak.
100 batu ditut, 100, seguruenik 100dik gora batu zitezkeen, baina 100 dira (adibidez, Kukulaisi edo Audioliburuak euskaraz). Aska dezagun hitza, hauspotu dezagun hitzaren sua. Liberazioari itxoiten ez dioten 100 proiektu bizigarri euskaratik eta euskaraz.
- Gure zirkua: Bakion birritan ikusi dut eta bietan barrurainoko poza eta estimua hartu diot zirko apal eta gutar honi. Guretik abiatuta eta zirkoaren balioekin bat, jakina. Helduentzako ohartxo bat: galdu lotsa eta joan ikusten, ez zaizue damutuko.
- Aiaraldea faktoria: Laudion ireki berri dute proiektu honen etxea. Gartzen Garaioren berba hauek ederto laburbiltzen dute faktoria, nire ustez: “Ohartu ginen ez zela nahikoa euskalduntzeko egiten ari ginena eta bizitzaren esparru guztietan ekimen eraldatzaileak abiatzea erabaki genuen, proiektu integral batean eta burujabetza printzipiotik”.
- Kafe Antzokia: hutsune nabarmena dago Bilbo erdigunean, itxita jarraitzen duelako gure tenpluak. Baina, gauzak ondo bidean, urrirako berriro irekiko du arnasgune eraldatzaile honek. Ea hala den, beharra dugu-eta.
- Argia: txikitik eta behetik eragiten duen proiektu komunikatiboa (hori baino gehiago da, nire ustez). Ezinbestekoa den proiektu horietako bat.
- Gaindegia: euskararen lurralde osoa (euskal herriak) aintzat hartzen duen behategi sozioekonomikoa dugu edo genuen Gaindegia. Erein eta haziarazi behar dugun mundu berrirako beharrezkoak zaizkigu mapak, beharrezkoak zaizkigu datu hauek guztiak. Ea laster horri ere buelta emateko gai garen.
- Pasa zaite: argitaletxe apala da hau, itzulpengintzari emana. Beste herrialde eta galaxia batzuetako paperezko uzta erakargarria eta ezberdina dakargun proiektua.
- Dinamoa: euskaratik eta euskaraz sormen lanketa dakar dinamoak, lau diziplinatan: hitza, irudia, gorputza eta soinua. Sormen kontuetan aipatuko nuke, horrez gain, Udabiltzak bultzatutako Geuretik sortuak beka eta egonaldi programa.
- Emun: lan mundua euskalduntzetik, euskarak eta berrikuntza sozialak bat egiten duten bidegurutzeetan eragitera pasatu da Emun, izaera kolektiboa, berritzailea eta komunitarioa bazterrean utzi barik.
- Berria: gure periodikua. Hizkuntza komunitatea aintzat hartzen duen egunkari bakarra, gure ahalduntze eta harrotasunerako ezinbesteko pieza.
- Irrien lagunak: balio eraldatzaileek eta euskarak bat egiten duten gune horretan batzen dira Irrien Lagunak, ikuskizunetan, aldizkarian edo beste hainbat elkarterekin batera lantzen duten proiektuetan (Bizipoza aipagarrienetakoa, nire ustez).
- Laba: Iruñeko bihotzean sortuko den proiektua dugu Laba: oholtza, kafetegia, erakusleihoa, elkargunea eta laborategia izan nahi duena. Eta orain dirua batzen ari dira (ez baduzu ekarpenik egin, zeren zain zaude?).
- Bilgune Feminista: erakunde feminista eta abertzalea da Bilgune Feminista. Euskaraz funtzionatzen du eta euskaraz bizitzeko lana egiten du euskal feminismoaren barruan (besteak beste, hori ez baita euren lan ildo bakarra inondik ere).
- Xabiroi: euskal komiki aldizkaria izateaz gain, euskarazko komikigintzaren oraingo egoeraren erantzule nagusienetako bat dela ausartuko nintzateke esatera. Komikigileen sarea eraiki du eta abar.
- Libertimenduak: Baxenafarroan xaxatu eta sortutakoak (edo biziberritutakoak) dira. 2020an, esate baterako, Luhuson, Garazin, Amikuzen, Irisarrian eta Esnazun egin ziren, baita Iruñean ere (Iruinkoko izenarekin). Parte hartzaileak dira, inperfektuak, pobreen antzerkia eta euskaratik eta euskaraz.
- UEU: herrigintza eta akademia uztartzen maistrak dira UEUkoak. Udako izena aspaldi gainditu eta urte osoan jarduten du: ikastaroak, gradu-ondokoak, material pedagogikoa, topaketak, kongresuak (biba Ikergazte!) eta definizioetan zail sartzen diren beste hainbat eta hainbat lantxo.
- Arrosa sarea: euskal herrietako irrati libreen sarea da Arrosa. 20 urte bete berri ditu, baina ezaugarri batzuk mantentzen ditu: elkar laguntza, irrati bakoitzaren independentzia mantentzea, behetik gora antolatua, eta euskaraz.
- Euskal Herria Zuzenean: programazio musikal eta kultural alternatiboa ekartzeaz gain, festibal honek baditu beste ezaugarri batzuk ere: komun idorrak, plastikoa desagertzeko hautua, brigada berdea, bertako ekoizkinak jatekoan zein edatekoan, euskoaren erabilera eta abar. Eta aurten 25 urte bete ditu.
- Errigora: auzolana, elikadura burujabetza, euskal herriak eta euskara du oinarri Errigorak. Interes handikoa izango da etorkizunean Agerraldia izeneko ekimenarekin lantzen ari direna. Lehen fruituak ematen hasi da dagoeneko, haien artean, Union Tutera futbol taldea.
- Susa: argitaletxe historikoa dugu Susa (beste batzuk ere ager zitezkeen, Pamiela, Denonartean, Alberdania, Erein, Elkar, Igela edo Maiatz) eta euskarazko liburuen pozik handienak eman dizkidana pertsonalki (oso interesgarria da Lisipe kolekzioa, feminismoari buruz).
- Izarkom: euskal telekomunazio operadore kooperatibo eta herritarra. Bertatik bertara, ekonomia sozialean oinarritua eta hizkuntza politika ausartarekin.
- Soziolinguistika Klusterra: 2004an sortu zen euskal soziolinguistikaren ikertegi hau. Sortzeko hainbat unibertsitate ikertegik, aholkularitzak eta euskalgintzako elkartek bat egin zuten ezagutza soziolinguistikoa ikertu, zabaldu eta aplikatzeko. Beti ere, euskara biziberritzeko prozesua elikatzeko.
- Bidehuts: bizirik balego, duda barik, Esan Ozenki aipatu beharko nuke, baina ez da horrela. Eta, zelanbait, Bidehutsek hartu du erreleboa (ahaztu barik, adibidez, Taupaka elkartea). Autogestioa, independentzia eta euskarazko sorkuntza.
- Olatukoop: ekonomia modu eraldatzailean ulertzen duten enpresa, elkarte, erakunde eta kooperatibek osatzen dute sare hau (guztira, 58 kideko sarea da). Horietako asko euskaraz bizi dira eta ia guztiek euskaraz zerbitzuak emateko gai dira.
- Mimukai: Larraun-Leitzaldean sortu berri den proiektu komunitarioa da Mimukai. Bertako ehun ekonomikoa indartu gura du, lehen sektorea eta industria bultzatzeko asmoz. Momentuz, coworking espazioa irekiko du eta obradore bat, bertako produktuak transformatzeko eta saltzeko.
- Garabide: nazioarteko kooperazioa egiten du bai, baina modu berri batez. Izan ere, dirua ez ohi dute eman (ez dute egiten lan asistentziala). Horren ordez, ezagutzak trukatzen dituzte, euskararen biziberritzean pilatutako ezagutzetatik abiatzen dira garapena egiteko.
- Jakin: aldizkari historikoa da Jakin, euskara, kultura eta herria oinarri duena. Baina hori baino gehiago da gaur eta hemen: feminismoa, filosofia eta kronika lantzen duten liburu bildumak ditu, euskarazko liburuaren behatokia kudeatzen du, Joxe Azurmendi, Joseba Intxausti edo Txillardegiren obra osoa digitalizatu dute, Lokatza izeneko podcast zeharo gomendagarria egiten dute eta abar.
- Teatreroak: euskarazko antzerkiaren inguruan azken urteotan mugimendua dago. Artedrama eta Aulestiko topaketak, Metrokoadroka, Oreretako Eztena jaialdia, EHAZE eta bere argitalpenak, Fuchs anaiak eta abar, eta abar.
- Goiener: energia burujabetzaren bidean, kooperatiba honek energia elektrikoari dagokionez energia berriztagarrien alde egiten du. Horrez gain, kontsumoa jaisteko aholkuak ematen ditu eta bezero/kooperatibistekin tratu zuzen eta egokia du. Ipar Euskal Herrian ere bada I-ener izeneko tankera bereko beste kooperatiba bat.
- Hik Hasi: euskal heziketarako proiektua da. Aldizkari pedagogikoa argitaratzen dute, gurasotasunari buruzko beste aldizkari bat, formazio ikastaroak egiten ditu, baina hori baino gehiago da Hik Hasi. Euskarazko heziketa integral eta integratuaren bidean ezinbesteko erreferente dugu Hik Hasi.
- Librezale: software librea euskaratzen duen talde irekia da librezale, sarea da librezale eta orain gutxi 18 urte bete ditu. Nabigatzaileak, irudiak manipulatzeko programak, posta zerbitzuak, sare sozialak, P2P sareak, multimedia, hezkuntzarako programak eta abar. Asko dago itzulita, asko, eta guri ere tokatzen zaigu erabiltzen hastea (jarri Ubuntu euskaraz zure ekipoan).
- Kanaldude: euskarazko herri telebista parte-hartzailea da Kanaldude, Ipar Euskal Herrian ardaztua. Denetariko programazioa du eta nahieran zerbitzu duina ere bai.
- Herri hezitzaileak: zazpi kontzeptutan oinarritzen dira herri hezitzaileak. Euren berbetan, “jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzailea eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta ingurumen kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea”. Eta sarea osatzen ari dira herriz herri.
- Armiarma: sareko liburutegi zabala da armiarma, baina, era berean, entziklopedia ere bada. Gaur eta hemen ez dugun liburutegi nazionalari zerbait hurreratzen bazaio, hori armiarma dugu. Aldizkariak, euskarara ekarriak, kritika literarioak, euskal prentsaren lanak, teatro testuak, idazleen argazkiak eta abar, eta abar.
- Badok: aurrekoa literaturari buruzko liburutegia bazen, oraingo hau musikari buruzkoa da, euskarazko musikaren bilgunea dugu badok, entziklopegia izaerakoa ere honako hau. Badira beste bi biltegi ere, ganbara eta zinea, bi hauek ikus-entzunezkoei buruzkoak.
- Euskarazko wikipedia: eta biltegi nagusirik bada, hori da, hain zuzen ere, euskarazko wikipedia. Entziklopedia libre, kolaboratibo eta parte hartzailea, eta mugimendu handikoa, eta txikipedia umeentzako, eta abar.
- Ahotsak: eta bada beste biltegi bat, ahotsak. 369 herrietako euskarazko grabazioak daude ikusgai, 6259 pertsonetakoak. Eta denak lizentzia libreekin. Eta erabilgarri. Euskal herrietako ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzea du helburu azken biltegi honek.
- Biba ardoak: euskal mahastizainen ardo ekologikoak saldu eta banatzen dituen kooperatiba da honako hau. Ardogile txiki eta artisauak batzen dira, euskal herrietakoak eta agroekologian dihardutenak. Eta, jakina, euskaraz.
- Ikaselkar: euskal curriculumaren garapena sustatzeko argitaletxea da hau, Elkar eta Ikastolen Elkartearen artean sortutakoa. Euskara, euskal kultura, izaera globala eta tokian tokikoa, ekimen soziala. Hori guztiaren batura izan gura du argitaletxe honek.
- Aroztegia: bizitzaren aldeko hainbat borroka daude gurean (baso biziak edo azpiegituren kontrakoak edo …). Aroztegiaren proiektuaren kontrakoak batzen ditu ekologia, lurraren defentsa, herri txikien defentsa baita euskararen garapena ere. Aroztegia bizirik!
- Euskal encondings: euskarazko film eta telesailak doan eskaintzen dituen irabazi-asmorik gabeko komunitate irekia da. Ehunka fim, telesail eta abarrak daude hor eskegita, zuek noiz ikusteko zain (azpititulatuak edo doblatuak).
- Azpitituluak: baina horiek ikusi ahal izateko, askotan film edo telesail horiek azpititulatu behar dira. Auzolanean eta modu boluntarioan egin nahiko baduzu, azpitituluak izeneko webgune honetan badituzu hori egiteko argibideak eta ikusteko argibideak.
- Korrika: euskararen alde herririk herri bi urterik behin egiten den lasterketa herrikoia da Korrika, irakurle gehienek dakizuen bezala. Euskarazko kontzientzia suspertzea du helburu baita euskaltegietarako sosak batzea ere. Korrika kulturala ere badakar, eta Korrika beka, baina hori beste kontu bat da.
- Durangoko azoka: Gerediaga elkarteak antolatzen du urtero Durangoko azoka 1965etik. Bereziki nabarmenduko nuke azken urteotan egileei ahotsa eman izana (Ahotsenea) eta azoka hutsa izateaz aparte, kulturaren plaza bihurtzeko egin duen ahalegina.
- Iparra-Hegoa: Urruña eta Segurako lagun-talde batzuek sortutako ekimena da, 26 urte egin dituena. Goierrin eta Ipar Euskal Herriaren arteko harremanak sustatzeko jaio zen eta ordutik bide ederra egin du (nabarmendu behar da, adibidez, Euskal Herriko Mus Txapelketa ekimen honen ondorioz sortu zela). Eta aurten Kutxabira antolatu dute hainbat eta hainbat euskal herritatik.
- EHKOlektiboa: kolektibo hau ekarri dut, baina, tira, agroekologia mugimendu osoa aipatuko nuke (herrietako kontsumo kooperatibak, lurzaindia, haziak berreskuratzeko Aleka elkartea eta abar). EHKOlektiboak agroekologia praktikan jartzen du, herrigintza eta auzolana lagun. Euren asmoen artean, identifikagarri bat bultzatzea dago.
- Puntueus: nazioarteko aitortza ematen dion domeinua dugu puntueus, euskara eta euskararen herriari ikusgarritasuna emateko. 2014an hasi zuen ibilbideak eta gaur egun (2020ko abenduan) 12.000 domeinu izen daude erregistratuta.
- Astra: sormen fabrika Gernikan, edo Abadetxea, edo Hori bai, edo Bira, edo Oihaneder, edo San Agustin, edo Azebarri, edo Mullerenea, edo Borderline, edo Kalostrape, edo Gasteizko gaztetxea, edo Faktoria, edo Laba, edo Bonberenea, edo Lekuona, eta beste hainbat eta hainbat. Hau da, euskarazko bizitza kulturala biziarazten duten eta irabazi-asmorik ez duten gune horiek guztiak.
- Euskarabentura: errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko nahiz kultural ezberdineko neska-mutilak nahastu eta, hilabetez, Euskal Herria zentzu zabalean ezagutzera eramango dituen esperientzia ahaztezina da Euskarabentura. Espedizio katartikoa izan da orain arte, eta gazteen artean euskara sustatzeaz gain, bestelako balio batzuk ere jartzen ditu erdigunean: naturarekiko errespetua, bizi-ohitura osasuntsuak, bizikidetza, parekidetasuna, ardura eta autonomia, eta turismo jasangarria. Euskarabenturan!
- Tokikom: herririk herri eta eskualderik eskualde sortu ziren 90. hamarkadatik aurrera hainbat herri komunikabide. Aspaldi elkarrekin lanean hasi ziren, baina orain dela urte batzuk pauso garrantzitsu bat egin zuten: Tokikom sortu eta euren artean zero kilometroko hedabideen sarea ehundu (momentu honetan 76 hedabidek osatzen dute elkartea).
- Bertsozale elkartea: 1987an sortu zen bertsolariak eta bertsozaleak batzen dituen elkarte hau. Bertsolaritza zaindu, sustatu, ikertu, transmititu eta etorkizuna bermatu: horiek dira euren helburu nagusiak. Autonomiaz eta mugimendu sozialen tankerara antolatua du bere burua elkarteak eta fruitu emankorrak izan ditu historian zehar (eta izango ditu, Mintzola adibidez).
- Egiako Teila fabrika: balore eraldatzaileetan garatzen diren ekintzaile, elkarte, enpresa txiki zein kooperatiben teilatupea da, Egia auzoan. Hango memoria sozial eta historikoarekin bat egiten du fabrikak eta, esate baterako, webgunea euskara hutsean du.
- podcastak.eus: euskarazko podcastak biltzen dituen webgunea da. Euskarazko eduki interesgarri askoren aterpea hau ere bai.
- Deabruaren eskola: euren berbetan, testu ederrak irakurtzeko lekua da, online eta euskaraz. Irati Jimenezek eta Mikel Sotok abiatu zuten eskola orain gutxi.
- Plaza hutsa: euren berbetan, plaza hutsa ekimen ireki bat da. Euskal Herriak arnasaldi berri bat behar duela uste duen edozeinena, herri gisa pentsatu eta bizitzeko urgentzia partekatzen dugunona. Begirada asko nahasi nahi dituena, herrigintza aro berri bat pentsatu eta gorpuzteko ahaleginari ekarpena egin nahi diona.
- Pantailak euskaraz: Pantailak Euskaraz ikus-entzunezkoen mundu pantaila-anitzean euskarak duen presentzia eskasarekin arduraturik dauden hainbat herri ekimen eta eragilek sortu duten mugimendua da. Indarrak batuz, egoera hau irauli eta euskarazko etorkizun bat lortzeko helburua du.
- Hamaika telebista: euskarazko ikus-entzunezkoak sortu eta garatzen dituen telebista da. telebista eredu gazte, garaikide, bizi, hiriko eta parte hartzailea plazaratzea du helburu.
- Marabilli sormen festibala (Ondarru): marabilli sormen festibala Aitzol Aramaio zenaren indarrarekin jaiotako egitasmo bat da eta helburua da hainbat artista Ondarroan biltzea, idazleak, musikariak, zinegileak, antzerkilariak, artista plastikoak, diseinatzaileak… Eta dena bere betiko lagunek antolatua.
- Elhuyar fundazioa eta hari lotutakoak: hiztegia, zientzia dibulgazioa, adimen artifiziala eta hizkuntza teknologiak, euskara planak eta abar.
- Booktegi: euskarazko hainbat liburu duen webgunea da booktegi, denak modu digitalean eta doan. Argitaratzeko eta liburuak irakurtzeko modu ezberdin bat.
- Emagin: pentsamendu kritiko feminista sustatzen duen elkartea da. Jendarte eraldaketaren alde lan egiten dute eta horretarako prozedura feministak erabiltzen dituzte euren oinarrizko lan esparruetan: formakuntza, ikerketa, ekoizpena eta dokumentazioa.
- Gastibeltza filmak: euskal zinema ekoitzi eta banatzeko sortu den enpresa da, Ipar Euskal Herritik lurralde osoa kontuan hartuta.
- Dantzan: herriz herri euskaraz aritzeko aukera eskaintzen duten espazioak baitira dantza taldeak, eta @dantzan elkartea dantzazaleen komunitate euskalduna baita finean. https://dantzan.eus/kidea
- Euskal hedabideen Behategia: antena bat da, Antena bat hedabideen mundura zuzendua; eta antena bat euskal hedabideei begira dagoena, euskaraz diharduten hedabideen eragin kuantitatiboa eta kualitatiboa neurtzeko.
- Ikerbiltza programa: Euskal Herriko unibertsitateetan sortzen den ezagutza eta jakintza herrien garapenerako mesedetan jartzeko asmoa duen proiektua da Ikerbiltza.
- Martin Ugalde Kultur Parkea: euskal kultura sustatzeko gunea da, gune nagusienetakoa. Martin Ugalde zenaren izena darama eta bertan daude euskaraz bizitza “ospatzen” duten hainbat eta hainbat ekimen: Berria egunkaria, Soziolinguistika Klusterra, Emun, Irrien Lagunak, Kontseilua eta abar.
- Koop 57: zerbitzu finantzario eta etikoak eskaintzen dituen kooperatiba da. Katalunian sortua, orain dela urte batzutatik Euskal Herrira ere hedatu da.
- Bizibaratzea: Jakoba Errekondo paisajistaren lan guztiak batzen ditu webgune honek. Landareen eta agroekologiaren inguruko jakintza eskuratzeko eta praktikara eramateko ezinbesteko erreferentzia da hau.
- Loraldia: 2014an sortu zen, Bilbon. Festibala da Loraldia, kultur diziplina guztiak batzeko asmoa duena, euskal kultura garaikidearen babespean.
- H28: aldizkari saretirikoa da, euskaraz, komiki bidezkoa. Euskarazko hainbat marrazkilari, komikilari batzen zituen eta ditu, eta merezi du sare sozialetan jarraitzea (edo ez).
- Ereindajan: Arrasaten eta Bergaran daude denda bi hauek. Hurbilekoak eta sozialki justuak diren kontsumo-ereduak bultzatu nahi ditu. Antzeko ekimenak daude beste leku batzuetan:
Labore (Oarsoaldea, Bilbo eta Txingudi), Elikagunea (Azpeiti), Lakari (Zarautz), Bidazi (Bidasoaldea), Marisatsa (Durangaldea), Landare (Iruñerria), Bioalai (Gasteiz) eta askotariko kontsumo-taldeak eta ekoizleak.
- Gartxot ekimena: Itzaltzuko gazteek sortutako ekimena da, Gartxot bardoaren kondaira zabaltzeko asmoarekin. Xune eta euskara erdigunean jarrita, mitoak berritu eta eguneratzeko lanean ari dira. Batez ere, Gartxot eguna izan ohi da jai nagusia.
- Euskoa: Ipar Euskal Herriko tokiko moneta soziala da. Trantsizio ekologikoaren alde egiteaz gain, euskararen alde ere egiten du. Euskoaren sarean sartzen den profesional orok euskararen aldeko erronka bat hartu behar du derrigorrez. Adibidez, 250 saltegik jarri duten seinaletika bi hizkuntzatan.
- Joxemi Zumalabe Fundazioa: Euskal Herrian bestelako jendarte-eredu baten alde lanean ari diren Herri Mugimenduak laguntzea da fundazio honen helburua. Fundazioaren bokazioa Herri Mugimenduekin, Herri Mugimenduetatik eta Herri Mugimenduentzako lan egitea da. Sinergia eta ahalduntze prozesuak bilatuz, Euskal Herrietako Herri Mugimenduek dituzten gogoeta, dinamizazio eta formazio prozesuetan laguntzea, hain zuzen ere.
- 111 akademia: Euskal Herriko literaturazaleen bilgunea da 111 Akademia. Ia 200 irakurlek parte hartzen dute egitasmoan: liburuak irakurri, iruzkinak bidali eta urtero 111 Akademiaren Saria ematen dute.
- Hitzen uberan: euskarazko literatura modu sakon aztertu nahi duen kazetaritza-proiektua da uberan hau. Digitalki egiten dute lan hau eta euskarazko literatur lanean gaineko hainbat elkarrizketa, gogoeta eta abar aurkituko dituzu bertan.
- Tropela: 2005ean sortu zen. Txirrindularitza du ardatz webgune honek eta porrak antolatzen ditu, besteak beste, txirrindularitza proba nagusietan. Euskara hutsez sortu arren, gaur egun beste hizkuntza batzuetara itzulita dago, galiziera, katalana eta asturiera euren artean.
- Behatokia: hizkuntza eskubideen defentsan aritzen da Behatokia, euskararen lurralde guztietan (EAEn Elebide ere badago). Kexak ez ezik, txaloak ere emateko baliatu dezakegun proiektua da.
- Gamerauntsia: Game Erauntsia 2014an sortu zen euskarazko bideo-jokoen kopuru eta hauei lotutako edukien eskaintza urriari aurre egiteko. Horregatik hasieratik oinarrizko helburua bideo-jokoak eta euskara uztartzea izan da. Bi bide nagusitik: batetik, euskara eta bideo-jokoak lotzen dituzten ekintza orotarikoak bideratu: gamer gelak, txapelketak, argitalpenak, streamingak, hitzaldiak, tailerrak… eta, bestetik, bideo-jokozale euskaldunak elkartzeko espazioak sortu.
- Egunean behin: tribial estiloko mugikor bidezko jokoa da hau. Itzelezko arrakasta lortu du; esate baterako, 2021eko finalean 20.000 pertsona batera aritu ziren jokoan.
- Ega-Higa: hizkuntza gutxituetako gazteen topaketa da Higa (azken urtean pandemiagatik digitalki garatu da eta Ega izena hartu du). Mundu mailako mota honetako topaketa bakarra da, Gasteizen egiten dena eta sinergia politak sortu eta sorrarazi dituena dagoeneko.
- Bai euskarari: alor sozioekonomikoan eragiteko elkartea, izen bereko ziurtagiria kudeatzen duena. Horrez gain, Lansarean euskarazko lan eskaintzak kudeatzen dituen ataria ere kudeatzen dute. Baita Euskaragileak sarea ere (enpresen euskalduntzean aurreratuta dabiltzan eta euskararen erabilera normalizatua duten Euskal Herriko zenbait enpresek osatzen dute Euskaragileak enpresen batzordea). Baita enpresarean ere (euskaraz lan egin nahi duten enpresen eta profesionalen arteko harremana eta elkarlana sustatu nahi duen sarea).
- Artisten bilgune batzuk: gero eta gehiago dira artistek eurek kudeatutako espazioak. Horietako batzuetan euskararen presentzia handia da: adibidez, Bilbon Okela, Uztaritzen Ttok, Gasteizen Artgia, Oiartzunen Ehuntze, Oreretan Mikelazulo, …
- Oihaneder euskararen etxea: behin baino gehiagotan aldarrikatu dut emakumeen etxeen tankerakoak egin beharko genituzkeela euskaltzaleok herririk herri. Aldarrikapena hor da, baina hortik gertuen dagoen proiekturik bada, Oihaneder da, Gasteizeko bihotzean. Ikastaroak, erakusketak, kultur ekitaldiak eta abar, eta abar.
- Badalab: euskalgintzak eta erakundeek batera sortutako ikerketa eta esku-hartze laborategia da. Sortu berria da eta ikusi beharko da zer dakarren. Berrian albistea laborategiari buruz.
- Uema: herri euskaldunen mankomunitatea da Uema, ezagutza %70etik gora duten herrien bilgunea. Bere helburua da lurgune euskalduna biziaraztea, iraunaraztea eta euskararen garapenean aitzindari izan gura du, etorkizuneko Euskal Herri euskaldun baten alde lanean ari den erakunde publikoa den heinean.
- Euskal irratiak: Ipar Euskal Herrian dauden euskarazko irratien federazioa da, Antxeta, Gure Irratia, Irulegiko irratia eta Xiberoko Botza batzen dituena. Euskarazko irratigintzan erreferente erabatekoak, guztiak eta batuta, zer esan.
- Euskomanga: Japoniar edukiak euskaratzen dituen taldea da Euskomanga, boluntarioz osatutakoa. Filmak, telesailak eta abar euskaratu eta batu dituzte webgune batean.
- Azpititulatuak kanala telegramen: euskaraz azpitulatutako hainbat film eta telesail daude, klandestinoak eta boluntarioek egindakoak horietako asko. Orain horiek errazago jendearen eskura jartzeko telegram kanala ireki da.
- Arbonako okupazioa: orain dela hilabete batzuk hasi zuten Arbonan etxalde baten okupazioa, lurrak hasieran eta etxea geroxeago. Lurzaindiak eta ELBk bultzatutako okupazioa da eta helburu du lur horiek laborantza lur izaten jarrai dezaten. Okupazio horretan ohar guztiak euskaraz daude eta ez dakitenentzako hiztegi txikiak ere badira. Eta ez ahaztu: elikagai burujabetzeak balio du elekagai burujabetzarako.
- Arrapitz federazioa: Ipar Euskal Herriko lurretatik jarraitzen dugu. Arrapitz federazioak laborantzaren garapenerako 19 elkarte biltzen ditu, Euskal Herriko laborariek plantan eman dituztenak, Euskal Herriko laborarien onerako. Berriki 30 urte egin ditu eta Argiaren erreportaje honek ederki laburbiltzen du sarearen funtsa.
- Kaixo maitia: euskaldunak harremanetan jartzeko webgunea da. Harremanetan jarri harremanak izateko, jakina, hau da, han eta hemen dauden ligatzeko beste zerbitzu bat, baina euskaratik eta euskaraz. Baina ez hori bakarrik: blogean kontakizun erotiko batzuk biltzen ditu adibidez.
- Euskal Herria kirola: edozein estatutan kirol nazionala arautzen eta antolatzen duen instituzioaren baliokide izan gura du. Euskal Herria Kirola erakundearen jardun-eremua Euskal Herriko 7 lurralde historikoetara zabaltzen da, eta horrela, erakunde honek egungo hutsunea betetzen du.
- ITA: Artean egin berri da Iraultza Txikien Akanpada. Herri mugimenduen bilgune eta borroken biderkatzaile izan gura du. Eta euskara oso presente egon da. Argiak argitaratu duen kronika oso esanguratsua da.
- Arropak ere nortasuna ematen digu, modu batera edo bestera. Euskal herrietan badira hainbat arropa marka ehun organikoak eta euskara uztartzen dutenak. Esate baterako, Ez kexa karrikastyle, edo Puntutan (bertsomoda), edo Atxandigaina, edo Zergatik, edo Amarenak edo Erabili eta han edo hor dauden eta ezagutzen ez ditudan beste hainbat.
- Eraldaketa feministak edo LGTBI prozesuak gidatzen dituzten hainbat kooperatiba eta ekimentxo daude. Haietako batzuk nabarmendu gurako nituzke, Eihera eta Hiruki larroxa, Sorginlore eta Parean, euskaraz eta euskaratik.
96: Erabil kolektiboa: euskaldunak ahalduntzeko lanean ari den elkarte irekia da, Ipar Euskal Herrian. Profesionalez eta herritarrez osatutako elkartea da eta haren helburua da euskararen biziberritzean ekarpen landu eta zehatza egitea. Tailerrak egiten dituzte, euskarri pedagogikoak eta abar.
- Helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko eskola eta barnetegi asko daude. Horietatik batzuk kooperatiba dira (AEK, IKA, Gabriel Aresti edo Bilbo Zaharra, kasurako).
- Hiritik at: tokiko garapen komunitarioa lantzen duen enpresa kooperatiboa da: analisia, ikerketa, formazioa, parte hartzea eta gauzatzea. Arkitektura garapen komunitarioaren zerbitzura, euskaraz.
- Gureak egin: Iruñerriko gazteentzako kultur laborategia izango da (urrian jarriko dute martxan). Ikasturtean zehar, kultur erreferentzia batetik abiatu eta sorkuntza prozesu txikiak aktibatzeko ibilbideak eginen dituzte. Horrela, adierazpide, molde eta diziplina ezberdinetatik saltoka ibiliko dira (oso interesgarria da Aritz Ibañezi egindako elkarrizketa hau). Itxura benetan ederra du proiektuak. Ea!
- Batura: eta azkena, Batura. Euskal herrietako ekonomia sozial eraldatzailearen mapa da. Soziala, bizitza erdigunean jartzen duten eta lurraldearen arazoei irtenbideak eskaintzen dizkioten ekimenen mapa delako. Eraldatzailea, merkatu eta kapitalaren menpe dagoen mundu honen aurrean alternatiba sendo bat delako. Eta haien baloreen artean, euskara ere badago. Eta garrantzitsuagoa dena, webgunea euskara hutsezkoa dute. Eta …
- Marrazkeraz: Gorka Belaskok tw-n egindako ekarpena. Marrazkilari euskaldunen topagunea.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks