Pribilegioak
Antza denez, hizkuntzen gaineko begirada neoliberala nagusi da hizkuntza hegemonikoetan bizi direnen artean. Haren arabera, hizkuntzak komunikazio tresnak baino ez dira, merkatu “librean” lehiatzen diren artefaktuak. Ikustea besterik ez dago azken urteotan berrindartu diren diskurtso dikotomiko bezain faltsuak: zer gura duzu mediku ona ala mediku euskalduna?
Begirada neoliberal horretan, jakina, askatasun neoliberala da nagusi: hau da, nik askatasuna dut, baina ez dut inolako ardurarik. Hau da, joan naiteke egunero ogia erostera nire autoan, nire askatasuna erabiliz, baina gero niri ez eskatu ezelako ardurarik ekintza horrek dakarren ondorioari buruz.
Gurera ere heldu da diskurtso hori. Batetik, Euskaraldiak berak indartu du hein batean diskurtso hori. Norberak ardura hartzeko ariketa dugu Euskaraldia eta, hein handi batean, ariketa horrek erantzuten dio norbanakoon gaitasunak aktibatzeari. Baina sektore batzuetan Euskaraldia basque-washing ariketa bihurtu da eta, gainera, batzuei norbanakoen gainean erantzukizun osoa trasladatzeko bidea eman die. Jakina, basque-washing-a ez da bakarrik Euskaraldiarena, beste hainbat eta hainbat alorretan ikus daiteke (Ibilaldian, edo Korrikan, adibidez, azken Korrikan gure inguruan niri belarriek ia eztanda egin zidaten Aena ere euskararen alde entzun nuenean!!).
Bestetik, hor dugu audientzia eta kontsumoen gainean eraiki diren diskurtso batzuk. Horren arabera, euskaldunok ez dugu behar beste kontsumitzen eta horrek esplikatzen du hein handi batean dagoen eskaintza eskasa. Egia da honek sorgin gurpil baten forma hartzen duela, baina, era berean, horrek ez du bat egiten bestelako kontsumo batzuekin (eta ez du bat egiten han eta hemen egin diren ikerketa batzuekin, ahozko erabilerarenak kasu).
Hirugarrenik, diskurtso neoliberal horren beste erpin bat dakar pribilegioen kontuak (Ezer ez eta festa podcastean esaten duten bezala, eskubideak pribilegio bihurtzen ditu hizkera mertzenarioak, hizkera lizunduak). Antza, euskaldunok pribilegiatuak gara, diskriminatzaileak ere. Diskurtso hau hauspotzen ari dira euskaltzale ei diren batzuk ere. Eta, horretarako, klase sozialen inguruko azterketak erabiltzen dituzte eta, horren ondorioz, lanpostu batzuetarako euskara eskakizuna jaistea proposatzen dute. Diskurtso hau arriskutsua da gero, nire ustez, arrazoi bategatik: ematen du (eta ez da horrela inondik ere) euskaldunon komunitateak indarra eta ahalmena duela berak nahi dituen politikak eta estrategiak garatzeko hizkuntzaren garapenerako. Baina ez da horrela eta, hortaz, diskurtso hori hauspotzeak nire ustez kalte baino ez digu egiten. Anarik dioen modura, atzera eta atzora geu eramateko ahalegina da. Orain dela gutxi, Paulo Iztuetak honako hau zioen Hik Hasi aldizkarian: “Begiak ireki behar ditugu eta historia ulertu behar dugu: hemen asimilazio prozesu bat egon da, eta, horren ondorioz, ezin dugu guk nahi dugun mundua eraiki”.
Uste dut begirada neoliberala bazter utzi behar dugula eta hizkuntzen dinamikak (batez ere, hizkuntza ez-hegemonikoak tartean badaude) zeharo konplikatuak, multifaktorialak eta abar direla aintzat hartu, edozein diskurtso edo gogoetari ekin aurretik. Baina gai honetan ere nik zalantzak ditut (eta zalantzak ebazteko modu bakarra iruditzen zait ekimen eta gogoeta kolektiboa izan daitekeela, adibidez, Nafarroan Topaguneak landu duen tankera honetakoa). Era berean, Barbarizatuak eta zibilizatuak liburuan Ibai Atutxak darabilen diskurtsoa ere kontuan hartuko beharko genuke.
Aupa Txerra. Zer pentsatua eragin dit, beste behin ere, zure gogoetak. Hona apuntetxo batzuk burura datozkidan zenbait konturekin.
Boladaka funtzionatzen dugu batzuetan gizarte gaien gaineko irakurketak egiten ditugunean. Hitzak moda bihurtzen zaizkigu hainbatetan, baita ikuspegiak ere. Eta batzuetan zeharo harritzen naiz urte gutxiren buruan nola irakurri dezakegun hain ezberdin antzeko egoera eta ekimenak. Kuriosoa iruditzen zait duela hamar urte (edo gutxiago) hizkuntza asertibitatea lantzea zena, harrotasuna zena, orain neoliberalismoaren diskurtsoa indartzen duen ariketatzat hartzea. Ez da lehen aldia irakurtzen dudana.
Gogoan dut Lorea Agirrek Bilbon amaitu zen Korrika hartan “bagara nor” izenburuarekin “Kontua ekitea da. Egitea. Egiten duguna gara. Izatea egitea da” zioenean, “Euskara ez da norbanakoen auzia, nirea, zurea, beste harena” esaterakoan, “Euskararena hiztunon auzia da, herritar guztion auzia da” ere esan zuela. Eta orduan, TELP tailerrek ibilbide bat eginda zutenean, ahalduntzeaz eta asertibitateaz (kolektiboaz eta pertsonalaz, bietaz) hitz egiten genuenean, beste borroka batzuetatik ekarritako kontzeptuak (harrotasuna, besteak beste) euskarara ekarri genituen.
Gogoan dut Lutxo Egiak ondoren egindako performance hura ere. Ariketa pertsonala, gerora hainbat dinamika sortzeko inspirazio iturri izan genuen ariketa.
Eta horregatik harritzen nau orain hiztunon hizkuntza ohituretan eragitea eta euskararen praktikarako gune erosoak sortzea helburu duen ekimen bat (ahalduntzea, harrotasuna eta asertibitatea lantzen dituena, besteak beste) diskurtso neoliberala indartzen ari dela irakurtzeak.
Boladan dagoen beste kontzeptua da “basquewashing”arena ere (asmatuko al dugu euskarazko ordainik, bide batez), greenwashing, pinkwashing eta antzekoen ildotik. Eta orain konturatzen omen gara egunerokoan euskaratik urrun bizi diren erakunde, enpresa edo norbanakoak euskararen aldeko ekimen jakinetara hurbiltzen zaizkigula (bakoitza bere motibazioekin). Baina hau ere ez da berria, ezta? Euskaraldiari buruz esan izan den hori ezin genezake esan Bai Euskarari kanpaina, Kilometroak, Korrika, denadelako ziurtagiri edo Boiseko euskal jaiaz? Badakit zein da ekimenen arteko ezberdintasuna, badakit batean praktikatan eragin nahian ari garela eta beste hainbat ekimenetan atxikimenduaren arloan ari garela nagusiki. Baina hala ere, boladan dauden irakurketetatik harantzago, euskaratik urrunago dauden pertsona, erakunde, enpresa edo kolektiboekin zer nolako harremana nahi dugun eta zer bilatu nahi dugun baloratu beharko genukeelakoan nago, sakon.
Galderak eta burutazioak datozkit burura. Jarrai dezagun pentsatzen, egiten eta ekiten.
Aupa Iker. Eta barkatu arinago erantzun ez izana (onartu nuen iruzkina eta neure buruari esan nion erantzun behar nizula, baina gauza bat edo beste ahaztu zait eta ez dut erantzunik eman).
Bueno, harira. Euskaraldia eta basquewashing. Ea esplikatzen naizen. Nik jarraitzen dut esaten kontua ekitea dela, jarraitzen dut esaten asertibitatea eta abarrak beharrezkoak (ezinbestekoak) ditugula. Eta ahalduntzea, eta beste kontu batzuk. Hala ere, iruditzen zait batzuen partetik (eta horien artean ez ditut sartzen antolatzaileak) aitzakia ona dela honetan bakarrik sakontzea eta ez egunerokoan izorratzen gaituzten bestelako neurri batzuetan. Beharrezkoak zaizkigu biak ala biak, ahalduntzea eta egunerokoan izorratzen gaituzten baldintza material horietan eragitea. Baina batzuentzat Euskaraldia bihurtu da liberalismo linguistikorako aitzakia. Horrek esan gura du baztertu behar dugunik Euskaraldia? Ez, inola ere ez. Horrek esan gura du, neure ustez, begi kritiko batzuekin begiratzea eta liberalismo linguistikorako tranpez ohartzea. Baina ekiten jarraitzen, noski.
Basquewashing-aren inguruan esaten duzunarekin bat nator eta, seguruenik, horretan sartu dut hanka. Ez da, zoritxarrez, Euskaraldiko kontu bakarrik. Zuk aipatu dituzunak (Korrika, Ibilaldia, Bai euskarari, …) eta beste batzuk (euskara planak kasu batzuetan) ere sar daitezke horretan. Aldatuko dut blogeko sarreran, badaezpada.
Mila esker eta segi dezagun, zuk diozun modura, pentsatzen, egiten eta ekiten.