Hegemonia (edo autozentroa)
Euskaldunon komunitateak hegemonia esparruak eraiki behar ditu. Esaldi indartsua, bezain sinplea. Ba, nire ustez euskalgintzaren adar guztiak bat datoz esaldi honekin. Izan fishmanzale, izan odriozolazale, izan txepetxzale, izan Kontseilua, Topagunea, Berria, euskara elkarte, Kafe antzoki edo dena delakoa. Gainera, askok erabili dute era batera edo bestera esaldi hau azken aldi honetan (nik neuk ere autozentramendua aipatu nuenean):
– Jon Sarasua.
– Mikel Irizar.
– Mikel Zalbide.
– Kike Amonarriz.
– Joxe Manuel Odriozola.
Euskaldunon komunitateak hegemonia esparruak eraiki behar ditu. Eta zer demontre da hori? Ba, euskaldunok euskara nagusi izango diren esparruak eraiki behar ditugula, gure komunitatea biziberritzeko, indartzeko edo salbatzeko. Bakoitzak erabili dezala berak nahi duena. Batzuek esparru fisikoak nahiago izango dituzte (UEMA kasu), beste batzuek berriz esparru sozialak (auzo-etxe-komunitate hurbila, nahiz hurbiltasun soziala), edo bestelako esparruak (komunikabideak, kultura, lan mundua, …).
Ideia totem honen inguruan euskalgintza guztia biltzeko modurik bai? Behintzat Maltzagaraino,horrek esaten zuen moduan ….
Eta denok bat bagatoz ideia batean, non ote dago arazoa? Arazorik balego.
Arazoa da, Benito, esan eta egiten denaren artean normalean aldea dagoela. Ezagutza eta erabileraren artean dagoen amildegia bezala.
Bueno, igoal jarrera batzuetan ere bai. Beitu zer irakurri dudan oraintxe bertan Erramun Osaren blogeko iruzkinetan:
“Nik ez dot uste ‘koadrilategi’ eta halako txorradek euskerea salbauko dabenik.”
Txorrada zer den eta zer ez den jakingo bagenu!