Euskara triglosian
Atzo eduki genuen Tximintxeko batzarra Derion. Urtero gabonen bueltan batzar potolo bat egiteko aprobetxatzen dugu, urteko balantzea egin eta hurrengo urteko lan ildoak definitzearren. Baina, sarritan gertatu legez, batzarostea batzarra bera baino interesgarriagoa izan zen.
Batzarosteak Derion Txapasenean egiten ditugu. Bertan eztabaida mamitsua eta saltseroa izan genuen. Gaia: batua, euskalkiak, mendebaldeko hizkera, bizkaiera batua, etxeko hizkera.
Denetarik entzun zen, baina oro har denok nahiko ados geunden eztabaidaren funtsean. Batek esan bezala, batuazale amorratu izatetik orain beste muturrera pasa da jende asko herri honetan. Mutur batetik bestera, beraz.
Azkenean, mendebaldean hiru hizkuntza mota lehian daudela izan zen ondorioa: euskara batua, espainola eta bizkaiera (baina ez bizkaiera batua, etxeko hizkera baizik). Bizkaiera batuaren aurkako iritzia orokorra zen: ez du ezertarako balio, egoerak eta egoerak daude eta horien arabera estandarra edo etxekoa erabili beharko lirateke, batuaren kontrakoek bizkaiera batuarekin gauza bera egin dute, …
Ni ere eztabaidan izan nintzen, sutsu gainera. Eta goian esandakoarekin bat nator, erabat. Bizkaiera batua baino gauza absurdoagorik ez dut ezagutu. Euskalkiek batua aberastu behar dute, jakina. Eta euskalkiek euren lekua dute etxeko hizkeran, herri komunikabideetan eta abarretan. Baina zer zentzu du Txorierriko herri aldizkarian dabe aditza erabiltzea Txorierrin inork erabiltzen ez badu? Horretarako, dute erabili eta kitto.
Posta geratu zait eztabaida bezala, apur bat kaotiko, baina hori da eztabaidek dakartena, kaosa, eta galdera berriak egitea.
Segi dezala eztabaida …………
Nik horrelakoekin aspaldian daukat eztabaida bizantinoen sentsazioa. Komeni zaigun hizkuntz-eredua baino halako sinboloen guda begitantzen zait. Inguruko hizkuntzetan ez da eztabaida hori gertatzen, erregistro bakoitzari bere lekua ematen zaio automatikoki. Oraindik gogoratzen dut Makinavajaren komikia adibidez.
Euskaltegien eta eskolen inguruan aspaldian dabiltza halakoekin: ikasleei batua ala bizkaiera irakatsi, honako edo halako berba irakatsi. Ez dakit, kasu honetan inon baino argiago ikusten dut irakatsi-erakutsi diferentzia eta halako demandetan gabiltzan bitartean igual zer erakutsi barik geratuko gara.
Zentzu batean arrazoi duzu, Benito. Auzo herrietan ez dira gai honekin arduratzen. Baina egia da ere auzo herri horietan hizkuntza normalizatua dagoela. Izan ere, eztabaida hauek izatea sintomatikoak dira, zerbait ondo ez doan seinale.
Irakaskuntzan zer irakatsi-erakutsi? Hori potoloagoa da. Nire ustez, oinarria izan behar du euskara batuak, duda barik. Baina mendebaldean zer? Derion edo Larrabetzun euskara ikasi duenak kalera doanean bestelako euskara mota topatuko du, berak ikasitakotik oso urrun. Gainera, gutxiagotasun konplexuak ere indarrean dirau mendebaldean. Dena den, inguru urbano batzuetan lagunartean euskaraz egin gura duten askok bizkaierara edo horren antzekoetara ari dira jotzen eta horrek ekar dezake bizkaieraren prestigioa handitzea.
Esanak esan, askok esango dute euskaldunok jarraitzen dugula beti legez: gure zilborrari begira eta hikamika antzuetan. Batek daki …