30 urte: Adorez eta Atseginez
Orain dela 30 urte argitaratu zuen Txepetxek bere tesi doktorala, Un futuro para nuestro pasado liburukotea. Ordutik, euri asko egin du eta euri horren zipriztinak ari naiz gogoratzen urte honetan artikulu sorta batean. Eta gaurkoan Adorez eta Atseginez mintegia nahiko nuke gogora ekarri.
Aurreko artikuluak:
Ni gazteegia nintzen, baina euskalgintzan hasi nintzenetik mila biderrez entzun ditut Adorez eta Atseginez mintegiari buruzkoak (baina, adibidez, wikipedian ez dago honen inguruko sarrerarik). 1991n sortu zen delako mintegia, Eskoriatzan, Huhezin. Gidaria Julen Arexolaleiba izan zen eta mintegi horretan hartu zuten parte euskara elkarteen mugimenduan zeresan handia izango zuten hainbatek.
Mintegiaren helburua Txepetxen oinarri teorikoak garatzea eta hedatzea izan zen. Eta, zentzu horretan, euskara elkarteak sortzeko eta garatzeko lanetan sekulako eragina izan zuen (euskara elkarteak eta beste ekimen asko). Izan ere, gurean inoiz izan den mintegi soziolinguistiko ia bakartzat har dezakegu Adorez eta Atseginez-ek. Gainera, oinarri teorikoak landu bai, baina baita praktikara eramateko jauzia eman ere. Mintegi soziolinguistikoa bai, akademikoa bai, baina izaera herrikoia eta komunitarioa ahaztu ez zuena.
30 urteren ostean, zer geratu da mintegitik? Ez da erraza emaitza kualitatiboak aztertzea, ikerketa sakona egin barik (inoiz doktore-tesia egin nahiko balu inork, gai aproposa eta interesgarria izan daiteke honako hau). Baina emaitza ukigarri batzuk ekarri zituen.
Batetik, “Un futuro para nuestro pasado” liburua berrargitaratu zuen mintegiak (liburua merezi luke beste berrargitaratze bat, baina tira). Horrez gain, Jordi Soléren “Soziolinguistika gazteentzat” liburua itzuli egin zuen (eta UEUk argitaratu). Era berean, “Giro urbanoko gazteak eta euskara” liburua ere sustatu zuen (hau ere UEUk ekarri zuen paperera).
Bestetik, aipagarria da euskara elkarteen inguruko teorizazioa eta ikerketa bultzatu zuela (eta ordutik nahiko geldi dago bi gai hauen gaineko jardun akademikoa). Izan ere, nekez uler liteke Jazten aldizkariaren sakontasuna eta Bat aldizkarian euskararen mugimendu sozialen inguruko monografikoak Adorez eta Atseginez egongo ez balitz.
Horiek dira nik esateko nituenak. Nik ez nuen garai hura bizi, ez nintzen mintegiko kide izan. Hemen agertutakoak irakurri ditudanak dira eta han eta hemen entzundakoak. Orduko horiei buruzko nire ikuspegia baliteke desbideratua izatea, mitifikatua izatea. Hortaz, garai haietan mintegiko kide izan zen baten batek gehitzekorik, zuzentzekorik edo argitzekorik balu, ondo etorria. Gehitu iruzkinetara eta haren gaineko ikuspegi osoagoa izango dute blog honen irakurleek (eta idazleak).
Berba zuona da!
Mintegiko partaide izan nintzen. Eskoriatzan urte biko soziolinguistika ikastaro bat egin ostean, Julen Arexolaleibak egin zigun gonbitea.
Orduan oso gaztea nintzen, eta esperientzia gabea euskararen munduan. Beraz, niretzat ikasteko sasoia izan zen, hausnartzeko eta jende interesgarri asko ezagutzeko aukera.
Uste dut gutako asko eragile bihurtu ginela, eta gure herrietan euskara elkarteak sortze prozesuan partaide.
Egia esatera, laburregi iraun zuen eta proiektu asko egin barik geratu ziren.
Atseginez gogoratzen dugu sasoi hura, adorea ere izan genuenekoa!