10 “produktu” on
Aurreko batean, erronka, “lagun” batek: gaur eta hemen ari diren euskarazko 10 produktu on ezetz esan! Eta nik baietz, buruari eragin eta zerrenda egin nuen. Berak euskarazko kulturaren ez-modernotasuna aipatzen zidan, aski argudio kosmopaletoa, jakina. Gerora, patxada gehiagorekin aritu eta honako zerrenda hau prestatu dut, baten bati ahoa ixteko balioko duelakoan:
- Ttap aldizkaria: hori izan zen burura etorri zitzaidan lehena. Produktu hori ez dago erdaraz, eskuko telefonoetara (edo tableterako) bereziki prestatutako aldizkaririk ez dago gurea artean, euskaraz ezpada. Eta, gainera, sekulako erakarmen bisualarekin nire ustez.
- Gure zirkua: ez naiz joan ni emanaldietara, baina sare sozialetan bolo-bolo ibili da udan horren gaineko zurrunbilorik. Itzelezko arrakasta izan du eta, gainera, balioak transmititzen.
- Mursego: edo euskarazko musikako besteren batzuk izan zitezkeen. Baina Mursegorena, nire ustez, berezia da. Bera bakarrik, ikaragarrizko emanaldiak egiten zuzenekoetan, ibilbide erabat originala eta koherentea egiten, herri musika eta abangoardia lotzen …
- Xabiroi komikia: tiraldi handia duen aldizkaria da, komikia da, eta, gainera, berezia da, gazte aldizkari batean nekez aurkituko dituzun eduki edo ikuspuntuekin. Urtero albuma argitaratzen dute eta euskarazko komikigintzaren azken urteotako igoerarekin zerikusi zuzena du. Ikastolek (beste behin) egiten duten ekarpena itzela dela ahaztu barik. Lehen ere horren gainean egin nuen berba blogean.
- Hiri gorrian: arratsaldero Euskadi Irratian magazine fresko eta ezberdina egiten dute, gaztea, kosmopolita (edo), baina euskaratik eta euskaraz. Pisukideen tertulia mitikoa, fanzinea, nazioarteko berriemaileak eta abar. Autoko bidaia askoren banda sonora jarri didan programa.
- Pasa zaite argitaletxea: argitaletxe xumea da, txikia eta, gainera, itzulpenak baino argitaratzen ez dituena. Sekulako liburutzarrak ekarri ditu euskarara, “Hamar”, “Post it bizitzak”, “Muskuiluak afaltzeko”, “Errusiar diskoteka” eta, berriki, “Errepidean” klasikoa.
- Zuzeu orainkari horizontala: interneteko twitterreko jarduna edo wikipedia bera izan zitezkeen, baina zuzeu aukeratu dut. Orainkaria da eta erabat horizontala, edonork publika dezake ia edozer. Mugimendu bizia izan ohi du eta eztabaida luuuuzeak, troll askotxo badago ere. Baina, tira, hori ere modernoa ei da, ezta?
- Metrokoadroka antzerki kolektiboa: abangoardia maite du, ertzak maite ditu, gauzak ezberdin egitea maite du, banakotik baino kolektibotik eraginda. Esperimentazioa, diziplinartekotasuna, kolektibotasuna, kritika, ausardia, autogestioa, eta abar. Miss Karaoke ikusi ez baduzue, ez galdu aukera (bi hogerlekoko gomendioa).
- Aiora naiz youtuberra: modan daude youtuberrak antza. Ni ez naiz oso zale, baina tira, horrek ez du esan gura baten bat ikusten ez dudanik. Eta horietako bat (ez beti, tarteka) Aiora da. Freskoa eta berezia iruditzen zait, batez ere berezia.
- Sormen eskola edo sormen laborategia: harrobi lana ere baten batek egin behar du, sormena landuz eta bultzatuz. Eta, horixe da hain zuzen ere, Oihanederren hainbat eragileren artean garatzen hasi diren sormen laborategia, gazteentzako sormen eskola. Ea fruitu onak dakartzan uztak!
10 dira hauek, baina beste batzuk izan zitezkeen eta 10 beharrean, 20 ere izan zitezkeen. Eskaintza badago (gehiago eta anitzagoa behar bada ere), eskaera ere sustatu beharko da, noiz edo noiz.
Ezagutzen ditudanak berretsiko ditut.
– Metrokoadroka antzerki kolektiboa: joan zaitezte MIS KARAOKE ikustera parean tokatu bezain laister, merezi du!!!
-Zuzeu orainkari horizontala: egunero ez bada ere noizean behin begiratzekoa
– Gure zirkua: ez dut sarrerarik lortu, kabenzotz!!! Ea datorren udaran espabilatzen naizen eta nonbait ikusteko aukera dudan.
– Hirigorrian: arratsaldero etxerako bidean entzuten hasi eta bukatu arte engantxatua izaten nau.
Besteak probatzeko ditut eta nire gomendioa ere bota nahi dut: EUSKALONSKI EITB-n munduan zehar dauden euskaldunen egunerokotasuna Pello Reparazen eskutik
Gehiago ere bota daitezke:
Eskerrik asko gomendioagatik, ez nuen ezagutzen …
https://twitter.com/garaigoikoa/status/1069584473140969472