Teknikari
Orain dela ez asko (eskerrak Allartean-i), honako hau zioen Eduardo Apodakak: “euskara teknikarien gaineko azterketa soziologikorik ez dago. Ez dakigu nor diren, nondik datozen, zer ikasi duten, zer balio duten, zer ideologietakoak diren, zer trebetasun duten, zer adin, non ikasi zuten egiten dutena egiten …”
Eta hala da. Eta, gainera, ez dago sarerik (ezpada Udaltop jardunaldia, baina hori oso zentratuta dago udaletako teknikariengan), ez dago koordinaziorik (toki mailako batzuk dira, baina tira), ez dago gure lanbidearen gaineko interneteko foro ziztrin bat bera ere ez, ez dago ezer. Hori, ez badiogu begiratzen prekarietatearen begietatik, ze bestela … (bai bi edo hiru post bete daitezke gure lanbidean edo inguruetan dagoen prekarietatearekin).
Galizian, adibidez, badute sarerik: CTNL (edo Cotenol). Sare horretan nagusi dira administrazioetako teknikariak (Galizian gehien bat administrazioan daude teknikariak), baina edonor egin daiteke erakundearen bazkide. Eta, tarteka, proiektu oso erakargarriak sortzen dituzte (adibidez, Apego), formazio jardunaldiak antolatzen dituzte eta euren lanbidearen gaineko aitortza ere sustatzen dute (adibidez, adierazpen hau).
Bada nora begiratu hortaz ….
(Agian, agian, egun batez gure lanbidearen izenari ere erreparatu beharko genioke, ze teknikari izena ez dakit egokiena den)
“Ez dago sarerik”, Udaltop eta Gailizakoa salbuespenak omen. Beno, oso urrutira joan gabe, Nafarroan udal euskara teknikarien sareak basitu ia 30 urte lanean eta koordinatzen, besteak beste, urte horietan guztietan etenik izan gabe. Gogoratzeko, besterik gabe, eta gainerako hausnarketari deus kendu gabe.
Bai, eta Bizkaian Alkarbide, eta Gipuzkoan Udal-ekin, eta Araban eta Ipar Euskal Herrian ere bai. Baina Galiziakoaren aldean, bakarrik udal teknikarien koordinazioak dira, eta ni euskara “teknikari” guztien bilgune izango zen koordinazioaz ari nintzen, batik bat ….