Sistematizazioa
Blog honetan normalean soziolinguistikaz aritzen naiz. Gaur, baina, parentesi bat irekiko dut eta sistematizazioari buruz berba egingo dut.
Sistematizazioa Hego Ameriketan sortu zen, 60ko hamarkadaren abaroan. Ordutik, garapen teoriko eta praktiko itzela izan du eta gaur bada erreferentea beste mundu batzuk amestu eta gauzatu nahi ditugunontzako. Baina, askotan gertatzen den bezala, oso gutxitan begiratzen diogu hegoari eta ez dugu izaten euren eztabaida, praktika eta begiraden berri.
Sistematizazioa ez da ikerketa, ez da ebaluazioa, baina bien arteko potxingoetan sartzen ditu hankak. Paradigma berri bat dakar (paradigma epistemologikoa), ikerketa eta ebaluazioaren artekoa zelanbait esateko (eta harreman estua duena ikerketa parte-hartzailearekin). Izan ere, ebaluazioak prozesu baten emaitzak (edo ez-emaitzak) aztertzen ditu, planifikatutakoa zer punturaino bete den edo ez. Hau da, produktuari begiratzen dio, eta sistematizazioak, ostera, prozesuari begiratzen dio.
Ikerketak, berriz, ezagutza zientifikoak eraiki gura ditu. Hortaz, ikerketaren emaitzak probatu, erkatu eta aurkatu ahal dira. Gainera, ikerketek esperientziak marko orokorragoetan ulertzeko bidea ematen dute. Sistematizazioak, ostera, esperientziak ulertu nahi ditu bere horretan, eskema orokorragoetatik ihesi eta egunerokoari itzelezko garrantzia emanez.
Orduan, zer demontre da sistematizazioa? Hausnarketa prozesu indibidual eta kolektiboa da, egindako edo bizitako esperientzia baten gainean, bertan gertatutakoa ordenatu eta berreraikitzen duena, begirada kritikoa dakarrena eta ezagutza berriak sorrarazten dituena. Hau da, parte hartzaileek eurek egindako hausnarketa praktikaren gaineko jakintzak eta ezagutzak ekoizteko.
Hortaz, sistematizazioak jakintza kokatua sortzen du eta prozesuan bertan parte hartzen dutenak boteretu egiten ditu zelanbait. Gainera, imajinazio sortzailea ere sustatzen da. Era berean, begirada objektiboa (objektiboa ulertuta ez subjektiboaren kontraposizioan, ezpada distantzia hartuta bezala ulertuta) eta begirada kritikoa bilatzen du.
Gurean, orain arte, gutxi aipatu da sistematizazioa eta oso gutxi erabili da (Elhuyarrek egin zuen sistematizazio bat eta Joxemi Zumalabe fundazioak egin ditu saiakera batzuk). Agian, akaso, euskararen aldeko mugimenduek ere hasi beharko lukete honen tankerako tresnak erabiltzen. Agian.
Gehiago sakontzeko sistematizazioan online-ko hiru baliabide:
- Sistematizazioaren abentura (Alboan): eskerrik asko Allartean!
- Orientabide teoriko-praktikoak sistematizaziorako (Oscar Jara)
- Esperientziak sistematizatzeko orientabideak (Beatriz Borjas)
Oscar Jararen liburu bat ere gomendatuko nuke, baina badakit zaila dela eskuratzea: “La sistematización de experiencias. Práctica y teoría para otros mundos posibles”.
Ados guztiarekin.
Sistematizazioak, gainera, badu beste birtute bat: erabat ongi ezkontzen da enfoke narratiboekin. Kasik esango nuke txanpon beraren bi aldeak direla.
Beharrezkoa iruditzen zait euskalgintzaren historia eta euskalgintzaren istorioak kontatzen hastea (edo jarraitzea). Geuk ere gure errelatoa eraiki behar dugula iruditzen zait, bi arrazoirengatik: (a) zer garen eta zer nahi dugun komunikatzeko erarik onena delako, eta (b) gure burua sendatzeko eta sendotzeko bide bat delako. Pertsonekin bezala, erakundeekin ere gauza bera gertatzen da: erakunde batek, osasuntsua izateko, beharrezkoa du bere buruari buruzko istorio koherente bat eraikitzea.
Euskaraldiaren testuinguruan, esate baterako: herrietan (ziur aski) sortu zen ezagutza eta eskarmentua nola sistematizatu eta nola forma eman? Bigarren faseari ekiten diogunean, nola kontatuko dugu gure ibilbidea? Aurrekoan ere horretaz aritu zinen, ezta?
Ez nuen gogoratzen, baina blog zaharrean aurkitu dut horri guztiari buruzko zerbait. Hemen: http://allartean.blogspot.com/2013/11/kontulariak-storytelling-1.html
Bai aurrekoan ere aritu nintzen horren inguruan bai, gure narratibak eraiki beharraz aritu nintzen, herriz herri zelan antolatu dugun geure burua, zer arrakasta/porrot izan dugun, zer harreman izan ditugun gure artean, zelan jokatu dugun administrazio eta mugimenduaren artean, eta abar. Eta, gainera, egingo nuke dagoeneko aurrera begira (hau da, euskaraldiaren ostean zer? ari gara? bakoitza gure etxera joan gara? zer arrasto/lorratz utzi du horrek euskalgintza sozial eta instituzionalaren jardunbidean?