Komunitatea hats-bahiturik
Ainize Madariagak iaz argitaratu zuen izenburu hau zeukan liburua (azpi-izenburuarekin hobeto ulertzen da: hiztunaren trauma, diagnosia eta paliatiboak). Zuberoako pertsona baten historia kontatzen du ikerketak, bizitza-historia izeneko teknika baten bidez. Pertsona horrek lau-bost urterekin behartu zuten euskaratik frantsesera pasatzera, eskolan baina baita etxean ere. Handik urte batzuetara, psikoterapia egiten hasi zen eta terapia hasi eta bost urtera, trauma horren zantzuak deskubritu eta hizkuntza erauztearen inguruko minak eta lotsak azaleratu. Hori da labur-labur liburuko protagonistaren bizitza.
Ainize Madariagak bizitza-historia hori marko teoriko baten barruan kokatzen du eta norbanakotik jendartera proiektatzen du kasua. Bere iritziz, oro eri gaude, trauma komunitateak du, alegia. Diagnosi osoa egiten du liburuak (kolonialismoa, mespretxua eta abar).
Gehiago interesatzen zait, ostera, hortik ateratzeko bidea. Eta nor izateko bide horretan, sorkuntza edo sormena proposatzen du egileak (eta nire artikulu hau aipatzen du, bide batez). Izan ere, erresilientzia da bidea (gurera ekarrita, irauntza) eta horretarako, autozentratu edo ahaldundu behar dugu, gugan zentratu behar dugu (ez gara gure baitakoak!). Eta, bide horretan, Ainize Madariagak masturbazio linguistikoa ere proposatzen du (nahiz eta berak ere aitortzen duen ganorazko bizitza sexualerako partaideak ere beharrezkoak diren). Azken finean, elkar ahalduntzeko guneak eraiki, sortu behar ditugu.
Ez nuke amaitu nahi gauza bat aipatu barik. Izan ere, liburua osorik irakurri dut, hasi eta buka. Eta, nire ustez, liburuaren harribitxirik bitxiena azken orrialdeetan dago. M. J. Sibille psikoterapeutari egindako elkarrizketa osorik transkribatuta dator. Gomendatzen dut goitik behera eta ezker-eskuma irakurtzea, eta, ahal dela, azpimarratuz. A zer gozatua!
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks