Narrazioak
Orain ez asko, bati irakurri nion (ez naiz gogoratzen non ezta nori) narratzaile hobeak izatea dagokigula. Eta, jakina, bat nator. Fikzioek eta ipuinek, narrazioek, itzelezko indarra dute. Askotan ondo kontatutako istorio batek errealitatearen gainean argi gehiago egiten du teorizazio burutsu eta konplexuek baino. Ipuinak benetako egiak barneratzen laguntzen duten gezurrak dira.
Narratzaile hobeak izateko bide horretan, oinarrian istorio onak daude. Gure istorioak, gure betaurrekoekin ikusitakoak, guretzako. Forma hibridoekin, bai, fusioan oinarrituak, bizitzaren gidalerroekin bat, berdinen artekoak. Eta, zergatik ez, kasu batzuetan, epika apur bat dakartenak, emozionatzeko, hunkitzeko, negar edo oihu egiteko, egindakoa goratzeko.
Narratzaile hobeak izateko bide horretan, asmatu beharko genuke euskalduntzearen inguruko narrazio epikoago bat. Asmatu beharko genuke hori berbetan jartzen, egindako hautu eta desobedientzia eta hartutako arrisku guztiak nabarmentzen, asmatu beharko genuke narrazio horietan emakumezkoen parte hartzea behar bezala ekartzen (euskalduntzean emakumezkoek izan dute ikaragarrizko protagonismoa, Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek eta enparauek behin baino gehiagotan esan duten legez).
Narratzaile hobeak izan bai, baina grin eta alkimia eraldatzaile berriak behar ditugulako euskalgintzetan, gurea ez baita bakarrik lan teknikoa.
Beharbada Garro anaiei irakurri zenien kontakizuna hobetzearena?
https://www.berria.eus/ahomentan2020/08/30/bizitza-bat-bitan.html
Jo, ba esango nuke ezetz, nahiz eta antzeko ideia ekarri amaiera aldean. Esango nuke gaztelaniaz irakurri nuela, baina ez naiz gogoratzen non eta nori!
Eskerrik asko ahaleginagatik, Xabi!