Garaigoikoa
Hasiera » Txerraren bloga - Garaigoikoa

Lizentzia libreko euskara

2020-07-20  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Lizentzia libreko euskara

Hizkuntza gutxi izango dira munduan (proportzioan behinik behin) euskarak adina eduki libre sortzen duenik. Ez da ahaztu behar, adibidez, idatzizko euskarazko komunikabide gehienak lizentzia librearekin argitaratzen direla (Berria, Argia, tokiko komunikabideak, …). Hizkuntza akademia txit gureak ere lizentzia librearekin jarduteko hautua egin du.

Gainera, hiztun kopuruari dagokionez, euskarazko wikipedia goialdean dago. Baina ez bakarrik artikulu kopuruari eta artikuluen kalitateari dagokionez, dinamismoari dagokionez ere. Txikipedia, lehiaketak, hezkuntza eragileeekin harremanak eta abar. Eta azken aldion Euskal Herriko bidaia gida irekia egiteko garatzen ari diren Wikibizi kanpaina.

Badira hobetzekoak, jakina. Esate baterako, testu-liburuetan edo literaturan, idatziari dagokionez, eta ikus-entzunezkoei dagokienez. Ez da oso ulergarria euskarazko idatzizko komunikabideei lizentzia libreak ezartzea eta hedabide publikoek lizentzia pribatiboekin aritzea. Nire ustez, horiek ere lizentzia libreen uhinera batu beharko lirateke.

Azken finean, hizkuntza eraikuntza librea da, denok egunero erabili eta moldatu egiten duguna. Eta edukiak askatuz, eraikuntza libre horren garapena laguntzen dugu.

Hizkuntza ez da kultura

2020-07-13  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Hizkuntza ez da kultura

Yasnaya Aguilarren “La lengua no es cultura” artikuluaren bariazioa da artikulu hau. Itzulpen-bariazioa, ariketa librea, alegia.

Jatorrizko herri askorentzat, lurra entitate fisiko zehatza da, baina lurraldearen kontzeptuak bere barne hartzen ditu lur horri lotutako bizitza eta entitate fisikoari lotutako adierazpen kulturalak, parte izateko zentzua eta harekin harremanetan jartzeko modua. Lurraldea, askotan esan den modura, ez da bakarrik lurra. Hizkuntza bat ez da bakarrik sistema linguistiko zehatza, lurralde kognitiboa da batez ere. Hortaz, ezin da pentsatu gure hizkuntzaren bizitasunaren aldeko borroka gure lurralde eta prozesu autonomoen aldeko borroka barik. Joseba Sarrionandiaren poesia batean kontatzen da kartzelan zeudela euskararen erabilerak sortzen zuela funtzionarioentzako sartu ezina zen espazio bat. Euskaraz egiten zuten berba presoek, konspiratzeko, alai egoteko, euren sentimenduak adierazteko eta abarrerako. Baina funtzionarioek ez zuten bat ere ulertzen. Antzeko egoerak gertatzen dira gure inguruan behin baino gehiagotan eta, kasu horietan, ulertzen ez dutenen molestia begi bistakoa da (gogoratu orain gutxi Mikel San Jose eta Beñat Etxebarria jokalariekin gertatutakoa). Hortaz, hizkuntza ere lurraldea da eta gure hizkuntzaren bizitasunaren borroka beste borroka batzuetatik askatzea iruditzen zait akatsa dela.

Administrazioarentzat, hizkuntza da kultura. Kultura berbaren bi adiera dugu begi aurrean: batetik, badu zentzu antropologiko zabala bizitza sozialaren edozein adierazpide barne biltzen. Adiera honen bidez, jakina, hizkuntza kultura da, sistema ekonomiko edo politikoaren beste edozein adierazpide adierazpide kultural diren heinean. Hala ere, beste adieran, kulturak bakarrik hartzen du barne adierazpide estetiko eta artistikoa. Horregatik, dago kultura saila, kultur etxeak edo programa kulturalak. Adiera honen barne, arriskutsua iruditzen zait hizkuntzen biziberritze prozesuak kultur sailen menpe uztea. Musika, bertsoa, antzerkia edo ikus-entzunezkoak zeharo garrantzitsuak dira gure etorkizunerako, baina adierazpide hauek espazio tenporal eta fisiko zehatzak dituzte; ez gabiltza momentu oro musika edo dantza egiten, baina hizkuntzak pertsona guztiak zeharkatzen ditu une oro. Adierazpide estetiko edo artistikoak ez bezala, hizkuntzak interakzio guztiak bustitzen ditu, baita gure pentsamenduak ere. Batzar batean bagaude, gure bikotekidearekin berbetan ari bagara edo hurrengo eguneko erosketen inguruan bakarka gogoetatzen ari bagara, hizkuntza presente dago. Bigarren adieraren araberako fenomeno kultural bat baino, hizkuntza jendarte mailako fenomenoa da. Gure borroka guztiak hizkuntzak bustitzen ditu eta, hortaz, linguistikoa zeharo politikoa da.

Hizkuntzen indarberritzea eta biziberritzea bakarrik kultura sailetik eginez gero, ekintzak askotan sinbolikoak izaten dira kasu askotan eta, gainera, administrazioari atea irekitzen zaio folklore moduan bereganatzeko. Hortaz, ez da harritzekoa gure hizkuntzen inguruko adierazpide literarioak modu batera edo bestera onartuak izatea, baina, aldiz, sekulako indarra egiten du gure hizkuntza eskubideen kontra, dela justizia administrazioan, osasun sistemetan edo poliziaren aurrean (besteak beste). Hortaz, adierazpide batzuk baimentzen dira, sustatzen dira kasu batzuetan, espazio edo erakunde kulturaletan, baina administrazioak jarraitzen du gogor erabilera elebakarra egiten. Beraz, premiazkoa da adierazpide horiek apurtzea eta ezetz esatea, gure hizkuntza ez dela kultura, edo zehatzago esateko, gure hizkuntza ez dela bakarrik kultura.

Hizkuntza baldin bada jendarte osoa blitzen duen fenomenoa, galdetu beharko genuke zertan ari den Ogasun saila, Garraio saila, Kirol saila, Emakumeen saila edo Justizia saila gure hizkuntza eskubideak behin eta berriz, eta leku orotan, bortxatuak izan ez daitezen.

Politika hauen ispilu, mugimendu sozialaren zati batek erakundeak sortu ditu eta, horietan ere, hizkuntza edo kultura sailak sortu dira. Horrekin beste sailek hizkuntzarekin harremanik ez duten ideia sendotzen da. Zoritxarrez, gure hizkuntzen biziberritzea lantzen dugun pertsona askok gure zeregina egiten dugu kultur ekintza deitzen den eremu horren barruan. Hizkuntzaren aldeko borrokaren ikuspegi partzial honek azaltzen du mugimendu abertzalearen zati batek hizkuntzarekiko duen ezaxolagabezia.

Munduko beste leku batzuetan izan diren hizkuntza biziberritzeko prozesuen praktika onenetatik zerbait ikasterik baldin badago, hori da gure hizkuntzak diren lurralde kognitiboen aldeko borroka ezin dela kultur sail, koordinakunde edo espazioetatik gidatu; borroka hori borroka integralago baten parte bezala ulertu behar da, alegia. Gure borroka guztiak blaitzen ditu hizkuntzak eta, beraz, borroka horietan guztietan sendotu daiteke (eta sendotu behar da) hizkuntza. Horrexegatik, gaur inoiz baino gehiago, nabarmendu behar dugu hizkuntza ez dela bakarrik kultura eta erresistentzia linguistikoaren etxea den lurralde kognitibo horren alde egin behar dugula.

Erresilientzia gaitasuna

2020-07-06  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Erresilientzia gaitasuna

Orain dela gutxi, Argia aldizkariak artikulu gogoangarria argitara eman du Aizarnako baserri lurren erabilera historikoari buruz egiten ari diren ikerketa dela eta. Nik, batez ere, azken lerrokada hau azpimarratu gurako nuke:

Honek erakusten du eskualde honetako herri-sareak erresilientzia-gaitasun nabarmena izan duela, koiuntura historiko desberdinak gora-behera, egokitu eta bere oinarrizko fisionomia mantendu baitu. Beste aldetik, erresilientzia horren zergatiak aztertzerakoan, ezinbestekoa da kontutan hartzea baserri-paisaiaren berezko ezaugarriak diren dispertsioa eta baliabideen kudeaketa dibertsifikatua. Hala, ustiategien eskala txikiak zein erabakimena etxe-mailaraino deszentralizatu izanak aldeko faktore gisa jokatu izan lezakete, edozein krisi egoeraren aurrean, estrategia produktiboak birkonfiguratu eta tokiko errealitatera egokitutako erantzunak emateko orduan.

Irakurri bezain pronto, hizkuntza-komunitatera joan zitzaidan burua. Izan ere, nire ustez, erresilientzia horren baitan ebazten baita hizkuntza komunitateak mendeetan erakutsi duen erresilientzia. Izan ere, hizkuntzak gure eguneroko eginbide guztiak zeharkatzen ditu, Yasnaya Elena Aguilarrek maistraki gogorarazi digun bezala.

Gela bat norberarena

2020-06-30  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Gela bat norberarena

Virginia Woolf-ek esan zuen emakume batek sortu ahal izateko dirua eta gela bat behar zuela (guztiz gomendagarria, jakina, Consonnik euskaraz argitaratu zuen liburu hau). Euskaldunok ere beharko genuke gela bat norberaren sormena elikatzeko?

Espazio fisikoei dagokienez, euskalgintzak Kafe Antzokiak sortu ditu han eta hemen (Bilbo izan zen lehena, gero etorri dira Durango, Elgeta, Ondarroa, Donostia, Derio eta, gutxi barru, Gasteiz). Baina espazio horiek propioak dira? Bai?

Hein batean, bai. Baina, hein batean, ez. Izan ere, nork ikusi du erdaldun bat deseroso Kafe Antzoki batean? Guretzat leku erosoak eraiki ditugu, baina ez diogu inori deserosotasunik eragin. Eta agian deserosotasun minimoa ere eragin beharko genuke (edo ez, ez dakit).

Askotan esaten da begiratu behar diegula feminismoei. Bilbon bada nora begiratu, adibidez: Oihu-k etxe okupatu feminista, non ni adibidez ezin naizen sartu. Euskaldunentzako bakarrik (eztabaida latza ekarriko luke euskaldun zer den eztabaidatzeak) espazio bat irekiz gero, zer gertatuko litzateke?

Patologiak

2020-06-22  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Patologiak

Orain dela gutxi irakurri dut Ainize Madariagaren Komunitatea hats-bahiturik liburua. Bertan, hizkuntza patologia zuen pertsona baten ibilbidea berregin zuen egileak (zeharo interesgarria Kanaldudek grabatutako bideo hau). Bateratsu irakurri nuen Argia aldizkarian Marie Pourquieri egindako elkarrizketa antzeko gai baten inguruan …

Eta akordura etorri zait orain dela urte batzuk nigana heldu zen kasu bat: ume baten kasua. Kontua da umeak berba egiteko zailtasunak zituela eta, orduan, gurasoek erabaki zuten ortofonista batengana joatea. Hara heldutakoan, lehen egunean ortofonistak esan zien umearen arazoa hizkuntzen arazoa zela. Izan ere, gurasoetako bat katalana da eta katalanez aritzen zen umearekin, eta bestea euskalduna eta euskaraz aritzen zen umearekin, nahiz eta euren artean gaztelaniaz aritu. Orduan, ortofonistaren aholkua izan zen umeari laguntzearren etxeko hizkuntzak murriztea (eta, beraz, agi denez, denak gaztelania hutsean aritzea).

Gurasoak haserretu ziren eta ez zioten kasurik egin. Baina beste ortofonista bat bilatu aurretik, nirekin egin zuten berba (gaiaz gutxi jakin arren, badirudi eurentzat “aditua”-edo nintzela). Nik, jakina, esan nien nire ustez eta nire ezjakintasunetik, etxeko hiru hizkuntzak (eskolako hizkuntza euskara zen) ez zirela arazo. Arazoa egotekotan, beste nonbait zegoela. Eta aholkatu nien gutxienez elebiduna zen ortofonista bilatzea (nire aurreiritzia zen ortofonista euskaldun batek hobeto ulertuko zuela hainbat hizkuntzaren kudeaketa). Bigarren ortofonista horrekin ahalegindu eta baietz, hizkuntza aniztasunean ez zegoela arazoa esan zien. Tratamendu luze baten ondoren, aurrerapen nabarmenak lortu zituen umeak eta gaur egun ondo moldatzen da hiru hizkuntzetan.

Honek guztiak, nire ustez, adierazten du oraindik, gaur eta hemen, sekulako aurreiritziak daudela hizkuntzekiko, eta zehazkiago hizkuntza aniztasunarekiko. Eta, zelan ez, aurreiritzi horietan beti sobera dagoela hizkuntza gutxitua, beti daudela haren aurretik beste lehentasun batzuk, eta ez bakarrik hizkuntza patologiei dagokienez.

 

Indigenak

2020-06-15  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Indigenak

Etxealdian egon garen bitartean milaka hitzaldi eta abar egon dira hor nonbait. Haietako bat izan da Francesc Bailón-ek eman duena Groenlandiari buruz. Francesc-ek beste mila gauzen artean (bi ordu eta erdi egon zen berbetan) honako hau aipatu zuen: Kalaallit Nunaat-en (Groenlandia bertako izenez) munduko lehen gobernu indigena dagoela.

Berak indigena esan zuen. Beste leku batzuetan jatorrizko herri berba erabiltzen dute. Ez naiz sartuko bi termino horien arteko aldeetan. Ez du merezi. Baina zer da indigena izatea? Zer da jatorrizko herritar izatea?

Termino horrek mila konnotazio izan ditzake. Batetik, leku bateko jatorrizko herritarrei egin dakieke erreferentzia. Hala balitz, Francesc-en baieztapena gezurra litzateke. Ze, Afrikan, Asian edo Europan ere badira gobernu indigenak. Bestetik, indigenak izan daitezke kultura tradizionalak gordetzen dituzten etniako kideak. Kasu horretan ere, zalantzazkoa litzateke Francesc-en baieztapena. Afrikan eta Asian, batez ere, kultura tradizionaletako kide askok dutelako gobernu egiturarik. Hirugarrenik, indigena terminoa batez ere Ameriketan erabili da (salbuespenak Australia eta Zelanda Berria lirateke). Hirugarren adiera horren arabera, bai, inuitek dute munduko lehen gobernu indigena, bai.

Honekin guztiarekin ez dut gutxietsi nahi Groenlandian inuitak egiten ari diren autodeterminazio prozesua, inondik ere. Baina bai ohar bat egin gurako nuke indigena terminoaren inguruan, nahasgarria iruditzen zaidalako. Tira, Garabideko lagunek seguruenik honen inguruan nik baino zeresan handia izango dute, edo ez …

NGk 30 urte

2020-06-08  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

NGk 30 urte

Gazte-gaztea nintzen, oraindik institutua hasi barik. Ordurako, entzuten genuen auzoan hip hop musika, Run DMC, LL Cool J, Beastie Boys eta, batez ere, Public Enemy. Entzuten genuen ere musika elektronikoa (acid house deitzen genien orduan), eta abar.

Eta bat-batean, euskaraz gauza bertsua egiten zuen talde bat deskubritu nuen gelako lagun bati esker, errepikatzailea zen lagun bati esker: NG, aizkora bi, portada gorri bat eta ume bat tankeen aurrean skate baten gainean. Eta buruz ikasi nituen kantuak, hasi eta amaitu, eta mundu berri bat deskubritzeko sentsazioa izan nuen (gainera, mundu berri partikular samarra, ze ni nintzen auzoan euskaraz zekien bakarra, gure lagunartean behinik behin).

Eta horrek ate batzuk ireki zizkidan. Euskara erabat modernoa zela, gure inguruari begiratzeko antioju ederrak zirela euskararenak, gertatzen zitzaiguna adierazten zutela euskaraz eta guri gustatzen zitzaigun erritmoekin, eta abar. Adin horretan horrek errebelazio kutsua izan zuen neuretzat.

Ekainaren 5ean 30 urte egin zuen bizitza aldatu behar zidan disko horrek. Egun horretan bertan aurkeztu nuen doktore-tesia. Eta TWn esan nuen: disko horretan Neguk egindako hizkuntza-hautuari esker hein batean nengoela aurkezten egun horretan bertan euskararen biziberritzearen inguruko tesia. Eta hala da. Betirako gogoan!

Faroak

2020-06-01  //  Etxealdia  //  Iruzkinik ez

Faroak

Sasoi latzak datoz, baita euskararen aldeko mugimendu sozialarentzat ere. Baina argi izan behar dugu gaur-gaurkoz badirela gure bidea argitu dezaketen faro batzuk. Yayo Herrerok nik baino hobeto azaltzen du, jakina: “Esperientzia komunitarioetan, ekonomia sozial eta solidarioan, emakumeengan, jatorrizko herrietan, agroekologian pilatutako jakintzak, azken finean, sistemaren ertzetan sortutako jakintza konplexuak dira gaur eta hemen egin behar ditugun eraldaketa sozialak argitzen dituzten faroak”. Kontseilua ere bide horretatik ari da Geroa euskaratik izeneko kanpainarekin.

Hortaz, nik gaur bost faro ekarri nahiko nituzke hona. Beste hainbat daude, baina bost hauek nabarmendu ditut nik:

  • Aiaraldea Ekintzen Faktoria: mundua (edo euren eskualdea, gauza bera dela) aldatu nahi dute ekonomia solidariotik eta euskaraz. Autoeratzetik eta euskaraz. Jendearen beharretatik eta euskaraz. Bide batezko euskalgintza ere deitu zaio ekiteko modu honi eta, nire ustez, etorkizunean bide horretatik jo beharko genuke (aipagarria da, zentzu horretan, Lautadakoek ere bide beretsua hartu izana, moldaketak moldaketa).
  • Dinamoa: Azpeitia inguruan orain dela urte batzuk martxan jarri zuten izen honekin sormen gunea. Euskara hutsez aritzen dira, baina, horrez gain, hainbat balio ere txertatuta: parte hartzea, emaitza baino prozesuari begira, sortu aditza pluralean jokatzen dute, artistekiko hurbiltasunezko tratua dute eta abar. Nik baino hobeto esplikatu zuten orain gutxi Argian egindako erreportaje mamitsu honetan.
  • Iruinkokoa: Iruñean bigarrenez egin dute Iruinkokoa eta horren inguruan artikulu mamitsua argitara eman zuen Dantzan.eus webguneak. Prozesua, plaza hartzea, euskaldunen komunitate trinkotzea, umorea, ondo pasatzea, bizipen positiboak eta abar dakartza maskaradun festa honek. Baxenafarroan egiten diren Libertimenduek ere antzeko funtzioak betetzen dituzte.
  • Oihaneder euskararen etxea: orain arte, ohituta geunden Kafe Antzokietara, non ostalaritza zerbitzua eta kultur plaza nahasten ziren. Eredu ona da eta horren adibide da Bilbokoaren ostean euskal herrietan sortutako tankera beretsuko proiektuak (Durango, Elgeta eta abar). Baina Gasteizko honek badu berezitasuna (eta da ostalaritza proiektua oraindik ez dagoela martxan). Eta, hortaz, feminismoak hartutako ahalduntze-eskolen proiektura gehiago hurbiltzen da (ikastaroak, kultur jarduerak eta abar antolatzen ditu) ohiko Kafe Antzokietara baino.
  • Herri haur eskola: urteetan aldarrikatzen eta eskatzen ibili dira Iruñea aldean haur eskola euskaldunak eta beti topatu dituzte han eta hemen oztopoak eta trabak. Aurten, baina, aurrerapausoa egin dute eta gurasoek eurek sortuko dute herri haur eskola. Bidea hortik doa, duda barik. Zuzeun egin diote elkarrizketa Saioa Anzizuri eta oso interesgarria da nondik norakoak hobeto ulertzeko.

Bost faro, bost argindar, bost argilagun, etorkizuneko bidexkak nondik nora joan daitezkeen antzemateko. Ea horiek (eta beste askok) bidea argitzen diguten.

Nork eragiten du erabileran?

2020-05-25  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Nork eragiten du erabileran?

Pasa den astean albiste pozgarri bat plazaratu zen: azken 100 urteotan lehendabiziko aldiz euskararen erabilera gaztelaniaren erabilera baino altuagoa dela Tolosako kaleetan. Datua pozgarria da, baina tentuz hartu beharrekoa nire ustez (joerak bai dio erabilera urtetik urtera handiagoa dela, baina neurketen eraginez baliteke hurrengo urtean datua apur bat baxuagoa izatea. Nik parra daudela esango nuke, baina, tira, ulertzen dut titularra).

Albistea pozteko modukoa da, are gehiago kontuan izanda Tolosak bere eskualdean betetzen duen funtzioa. Eta Miquel Grosek egindako ikerketa honekin, gainera, koherentea da. Labur zurrean, Miquelek aipatzen zuen eskualdeburuak direla Nafarroan euskararen berreskuratzearen motor.

Baina … egon zen sare sozialetan Galtzaundi euskara elkartea zoriondu zuenik. Eta, seguruenik, Galtzaundik badu zer zoriondua (beste eragile askok bezala). Hala ere, kaleko erabilera bezalako adierazle multifaktoral bat elkarte baten lanera errenditzeak badu arriskurik. Izan ere, beste herri edo eskualde batzuetan erabilera jaisten bada, orduan, logika horrekin, aipatu beharko genuke bertako euskara elkarteak lana ez duela txukun egin (eta, agian, hala da, baina ez du zertan).

Hortaz, zoriondu bai, noski, baina kontuz. Zoritxarrez (ze bestela errazagoa zatekeen) milaka faktorek dute eragina erabileran eta ezin zaio egotzi eragile baten lan onari edo lan ez hain onari.

Arteak guri zer?

2020-05-18  //  Sailkatu gabea  //  2 iruzkin

Arteak guri zer?

Orain dela ez asko deskubritu nuen badagoela figura bat arte-zuzendari deitzen dena. Marketin arloan oso erabilia da, baina beste arlo batzuetan ere hasi da lanean (bideo-klipetan eta abarretan). Eta zertan datza arte-zuzendari baten lana, ba? Bera da kontzeptu abstraktu bat irudi bihurtzen duena.

Orain gutxi ere, arte garaikideari buruzko ikastaro bat egin dut (etxealdian, badakizue). Eta balio izan dit artetzat neukan kontzeptua apur bat zabaltzeko (eta, bide batez, gurean egiten diren hainbat ekintza artetzat hartuak izan daitezkeela pentsatzeko, baina hori beste kontu bat da). Eta, amaitutakoan, arte-zuzendariaren figura etorri zait berriro burura. Eta horrekin batera galdera (zalantza) bat: gure protestek, ekintzek edo dena delakoek behar al dute arte-zuzendari bat? Edo, beharbada, apalago planteatuz, behar al dute arte-zuzendari baten aholkurik?

Jo, ba ez dakit, baliteke. Gure mugimenduen esku hartze ereduak seguruenik berritu beharko genituzke, joskerak askatu beharko genituzke, koreografia kolektibo berriak sortu beharko lituzke gure mugimenduak, partitura sinple eta oinarrizkoa idatzi edo interpretatzeko, gero bakoitzak bere kasara interpretatu dezala, tokian tokiko berezitasunen arabera, edo egoera bakoitzaren arabera.

Dudak, zalantzak eta abar. Eta gai hau apur bat harago eramanez: behar al du arte garaikidearen ekarpena euskararen aldeko mugimenduak? Ez daukat erantzunik, baina bai kezkatzen nau orain dela ez asko Ismael Manterolari ez dakit nori irakurri nion hau: arte garaikidea dela gaur eta hemen arte adierazpiderik erdaldunena. Horrek asko kezkatzen nau.

22 / 140«Aurrekoa1021222324304050Hurrengoa»

Txerra Rodriguez

Soziolinguistikari buruz dihardu blog honek, euskararen hizkuntza komunitatearen ikuspegitik beti ere.

Azken bidalketak

  • Sabela
  • Kontzientzia kritikoa
  • Algoritmoa asaldatu
  • Irakurgaiak: No hablaras
  • Fora da aula

Iruzkin berriak

  • Fora da aula - Garaigoikoa(e)k Idatzi nahiko nituzkeen aipu batzuk bidalketan
  • Ketxus(e)k Deskodetzea bidalketan
  • Txerra Rodriguez(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • allartean(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • Barbarizazioa(e)k A casa do amo bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko abendua
  • 2025(e)ko azaroa
  • 2025(e)ko urria
  • 2025(e)ko iraila
  • 2025(e)ko uztaila
  • 2025(e)ko ekaina
  • 2025(e)ko maiatza
  • 2025(e)ko apirila
  • 2025(e)ko martxoa
  • 2025(e)ko urtarrila
  • 2024(e)ko abendua
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko urria
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko uztaila
  • 2024(e)ko ekaina
  • 2024(e)ko maiatza
  • 2024(e)ko apirila
  • 2024(e)ko martxoa
  • 2024(e)ko otsaila
  • 2024(e)ko urtarrila
  • 2023(e)ko abendua
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko urria
  • 2023(e)ko iraila
  • 2023(e)ko uztaila
  • 2023(e)ko ekaina
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2023(e)ko apirila
  • 2023(e)ko martxoa
  • 2023(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko urtarrila
  • 2022(e)ko abendua
  • 2022(e)ko azaroa
  • 2022(e)ko urria
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko abuztua
  • 2022(e)ko uztaila
  • 2022(e)ko ekaina
  • 2022(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko apirila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2022(e)ko otsaila
  • 2022(e)ko urtarrila
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko urria
  • 2021(e)ko iraila
  • 2021(e)ko uztaila
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2021(e)ko urtarrila
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko azaroa
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko abuztua
  • 2020(e)ko uztaila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko iraila
  • 2019(e)ko abuztua
  • 2019(e)ko uztaila
  • 2019(e)ko ekaina
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko abuztua
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa
  • 2012(e)ko urria
  • 2012(e)ko iraila
  • 2012(e)ko abuztua
  • 2012(e)ko uztaila
  • 2012(e)ko ekaina
  • 2012(e)ko maiatza
  • 2012(e)ko apirila
  • 2012(e)ko martxoa
  • 2012(e)ko otsaila
  • 2012(e)ko urtarrila
  • 2011(e)ko abendua
  • 2011(e)ko azaroa
  • 2011(e)ko urria
  • 2011(e)ko iraila
  • 2011(e)ko abuztua
  • 2011(e)ko uztaila
  • 2011(e)ko ekaina
  • 2011(e)ko maiatza
  • 2011(e)ko apirila
  • 2011(e)ko martxoa
  • 2011(e)ko otsaila
  • 2011(e)ko urtarrila
  • 2010(e)ko abendua
  • 2010(e)ko azaroa
  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila
  • 2010(e)ko uztaila
  • 2010(e)ko ekaina
  • 2010(e)ko maiatza
  • 2010(e)ko apirila
  • 2010(e)ko martxoa
  • 2010(e)ko otsaila
  • 2010(e)ko urtarrila
  • 2009(e)ko abendua
  • 2009(e)ko azaroa
  • 2009(e)ko urria
  • 2009(e)ko iraila
  • 2009(e)ko abuztua
  • 2009(e)ko uztaila
  • 2009(e)ko ekaina
  • 2009(e)ko maiatza
  • 2009(e)ko apirila
  • 2009(e)ko martxoa
  • 2009(e)ko otsaila
  • 2009(e)ko urtarrila
  • 2008(e)ko abendua
  • 2008(e)ko azaroa
  • 2008(e)ko urria
  • 2008(e)ko iraila
  • 2008(e)ko abuztua
  • 2008(e)ko uztaila
  • 2008(e)ko ekaina
  • 2008(e)ko maiatza
  • 2008(e)ko apirila
  • 2008(e)ko martxoa
  • 2008(e)ko otsaila
  • 2008(e)ko urtarrila
  • 2007(e)ko abendua
  • 2007(e)ko azaroa
  • 2007(e)ko urria
  • 2007(e)ko iraila
  • 2007(e)ko uztaila
  • 2007(e)ko ekaina
  • 2007(e)ko maiatza
  • 2007(e)ko apirila
  • 2007(e)ko martxoa
  • 2007(e)ko otsaila
  • 2007(e)ko urtarrila
  • 2006(e)ko abendua
  • 2006(e)ko azaroa

Kategoriak

  • 30 urte
  • Aipuak
  • Atik Zra
  • Azatzak
  • Etxealdia
  • Info 7
  • Irakurgaiak
  • Jakin
  • Poema soziolinguistikoak
  • Sailkatu gabea
  • SL domestikoa
  • Sutondoko kontuak
  • Tosepan

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA