Garaigoikoa
Hasiera » Txerraren bloga - Garaigoikoa

Komunitatea hats-bahiturik

2020-05-11  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Komunitatea hats-bahiturik

Ainize Madariagak iaz argitaratu zuen izenburu hau zeukan liburua (azpi-izenburuarekin hobeto ulertzen da: hiztunaren trauma, diagnosia eta paliatiboak). Zuberoako pertsona baten historia kontatzen du ikerketak, bizitza-historia izeneko teknika baten bidez. Pertsona horrek lau-bost urterekin behartu zuten euskaratik frantsesera pasatzera, eskolan baina baita etxean ere. Handik urte batzuetara, psikoterapia egiten hasi zen eta terapia hasi eta bost urtera, trauma horren zantzuak deskubritu eta hizkuntza erauztearen inguruko minak eta lotsak azaleratu. Hori da labur-labur liburuko protagonistaren bizitza.

Ainize Madariagak bizitza-historia hori marko teoriko baten barruan kokatzen du eta norbanakotik jendartera proiektatzen du kasua. Bere iritziz, oro eri gaude, trauma komunitateak du, alegia. Diagnosi osoa egiten du liburuak (kolonialismoa, mespretxua eta abar).

Gehiago interesatzen zait, ostera, hortik ateratzeko bidea. Eta nor izateko bide horretan, sorkuntza edo sormena proposatzen du egileak (eta nire artikulu hau aipatzen du, bide batez). Izan ere, erresilientzia da bidea (gurera ekarrita, irauntza) eta horretarako, autozentratu edo ahaldundu behar dugu, gugan zentratu behar dugu (ez gara gure baitakoak!). Eta, bide horretan, Ainize Madariagak masturbazio linguistikoa ere proposatzen du (nahiz eta berak ere aitortzen duen ganorazko bizitza sexualerako partaideak ere beharrezkoak diren). Azken finean, elkar ahalduntzeko guneak eraiki, sortu behar ditugu.

Ez nuke amaitu nahi gauza bat aipatu barik. Izan ere, liburua osorik irakurri dut, hasi eta buka. Eta, nire ustez, liburuaren harribitxirik bitxiena azken orrialdeetan dago. M. J. Sibille psikoterapeutari egindako elkarrizketa osorik transkribatuta dator. Gomendatzen dut goitik behera eta ezker-eskuma irakurtzea, eta, ahal dela, azpimarratuz. A zer gozatua!

Balkoietako behaketa

2020-05-06  //  Etxealdia  //  Iruzkinik ez

Balkoietako behaketa

Etxealdia bizitzen ari gara Euskaraldiarekin batera. Ariketa batzuk egin ditut eta beste batzuk, ostera, ez. Baina bai egin dut ariketa bat (akaso, egin behar ez zena): balkoietako behaketa. Lasai, ez naiz ibili inori ezer esaten balkoietatik (ez ume, ez guraso, ez txakur-jabe, ez beste inori). Baina bai entzun ditut elkarrizketak, entzun ditut etxeko ohiturak eta abar.

Lehenik eta behin, oraindik Bilboko Zazpi Kaleetan bizi naiz, gutxi barru Deriora banoa ere. Eta etxealdia hasi denetik, esan dezaket euskara gehiago entzuten dudala kalean. Agian, lehen ere entzuten zen, baina turistek alde egin dutenetik bertakoon berbak ozenago entzuten ditut neure balkoitik, okindegirako bidean, edo umeen solasak eta abar.

Horrez gain, ondoko bizilagunen hizkuntza ohiturak behatzeko aukera ere eman dit egoera honek. Adibidez, pareko etxean bizi da familia bat, bi guraso eta bi ume. Euren artean beti ari dira berbetan gaztelaniaz, gutxi batzuetan umeei euskaraz egiten badiete ere. Baina … gurekin umeak euskaraz ari dira, baita gurasoak ere (zailtasunak badituzte ere). Apur bat urrunago, badago beste familia bat. Aita, ama eta bi seme. Aitak umeekin beti egiten du euskaraz (umeek berari gaztelaniaz egin arren) eta amak beti gaztelaniaz. Nik uste nuen euskararik ez zekiela, baina … aurreko egunean balkoian nengoela, nirekin hasi zen euskaraz egiten balkoitik balkoira (eta zeharo harrituta geratu nintzen).

Bi egoera dira, baina zer pentsatua eman didatenak. Batetik, erakusten dutelako hein batean euskaraz aritzen direnen indarra handia izan daitekeela besteen ohiturei begira. Zergatik egiten dute hiru horiek gurekin euskaraz euren ume eta abarrekin egiten ez dutenean? Ba, seguruenik, gu euskara hutsean aritzen garelako. Eta, bestetik, euskararen etxeko erabileran euskaraz halamoduz dakiten horiek zer paper garrantzitsu bete dezaketen (eta askotan ez duten betetzen) pentsatzera ere eraman nau horrek.

Eta, gogoratu, gaur eta hemen, balkoia ere dela gure territorio libre (ia) bakarra.

Aldatuz

2020-05-04  //  Etxealdia  //  Iruzkinik ez

Aldatuz

Etxealdi honek erakutsi digu gauzak aldatu behar ditugula, ekonomian, kontsumoan eta abarretan. Baita hizkuntza kontuetan ere, nire ustez. Mapa zahar batzuk erre behar ditugu. Gure amets kolektiboaren sasoia da eta orain da. Orduan. Atzo. Bihar. Gaur. Herrigintza sasoia da, herrigintza garaia da.

Zomorro ostia honek ere erakutsi digu eguneroko ohiturak aldatzea ez dela horren zaila edo, behintzat, eguneroko ohitura batzuk aldatzea ez dela horren zaila. Gainera, Euskaraldiak erronka batzuk jarri ditu egun hauetan horietan sakontzeko, bidelaguntza moduan.

Eta erronka horiei lotuta, Berriak artikulu-serie bat egin du eta artikulu batzuetan aurrera egiteko aholku garrantzitsuak eman dituzte aditu batzuek, Gemma Sangines, Maite Asensio, Pablo Suberbiola edo Ainhoa Lasa, kasurako.

Pareen arteko sareak sortu nahi izan dituzte, bizipenak eta abar partekatzeko. Aldaketa horietan garrantzitsuak dira errutinak, gogoetarako errutinak, ekintzarako errutinak eta ebaluaziorako errutinak. Geure buruarekin, jakina, baina baita kolektiboki ere. Politika horizontalak behar ditugu pertsonen arteko harremanetan eragiteko, behetik gora eta elkarri ahaldunduz, komunitatea sortzeko eta eratzeko. Gutako bakoitza da eta izan daiteke eredu, ez ala?

Aipatzen hasita …

2020-04-30  //  Aipuak  //  Iruzkinik ez

Aipatzen hasita …

“Euskal ikuspegia ez da kontzeptu edo kategoria estatiko bat, ezta gutxiago ere; euskal ikuspegiaren izaera dinamikoak -non kanpo eragin ororekiko hartu-emanak etengabeak (izan eta izango) diren- iraunarazi du. Lanabes filosofiko, estetiko edo poetiko desberdinak baliatuz bide berriak zabaltzen direnei esker, euskal ikuspegi aldakor horrek denboraren igarobidean aurrera segitzen du”.

Hasier Arraiz

“Ez dugu Neguko Jauregia okupatuko. Ez goaz Bastilla okupatzera. Ez bilatu epikarik. Zeruak hartzea baino lurra lantzea da gurea. Ez espero epopeiarik. Heroi ahalguztidunaren balentriak baino, herritar xumeen auzolana dugu oinarri. Ez dago mitorik. Mirarietan baino eguneroko erabakietan sinesten dugu. Ez gaude fokuen argipean. Ez dugu mikrofonorik parean. Ez dugu alfonbrarik oinazpian. Baina gure txikitik gauzak aldatzen ari gara, emeki, ahoz aho, herriz herri, eskutik eskura. Nork bere gurutzada partikularra abiatu ordez, hautu komunak eginez. Taldean. Harrokeriarik gabe harro gaude. Izan nahi duguna egiteagatik, harro”

Errigora

“Esku batekin urgentziei eusten diegu eta, bestearekin, utopiak laztantzen ditugu”.

María Galindo

“Guretik izendatu eta definitu beharra dugu mundua, mundua geure egiteko”.

Atopia

“Feminismoak egiten duen bezala, hizkuntza gatazka azaleratuko duen lan-molde eta forma askotariko praktika politiko euskaltzale baten premia dago”

Plaza hutsa

“Euskaldun izatea eta emakume izatea subalternitate mota ezberdinak dira, subalternitatea ez baita edukiaren arabera ezartzen, ezpada botere erlazio batean kolektibo bateko kide gisa duzun posizioaren arabera. Horrek esan nahi du «euskalduna» kontzeptua erlazionala eta performatiboa dela, ez soilik denotatiboa («soilik» hori garrantzitsua da). «Euskalduna» ez da soilik euskaraduna, «alemana» alemanieraz egiten dakiena ez den bezalaxe edo «emakumea» alua duen izakia ez den bezalaxe”.

Jule Goikoetxea

Plaza hutsean

2020-04-27  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Plaza hutsean

Plaza hutsak izan gura du hamaika borroken topaleku, ezkerreko independentismoak akuilatuta. Borroka horien artean, noski, euskararen aldeko borroka ere badago. Eta, hori dela eta, euskalgintzari lotutako txostena egin dute (eta ez, ez dago txosteneraz idatzia, ez!).

Gogoeta interesgarria iruditu zait eta puntu askotan bat egiten dut irakurketarekin. Iruditzen zait ariketa zintzoa egin duela ezker abertzaleak dokumentu honetan. Azpimarra batzuk egin dizkiot dokumentuari:

Aitortza zor zaio mugimendu euskaltzaleari eta, oro har, euskararen alde egindako ekimen orori. Egindako lanak bizia eman dio euskarari. Galera prozesu azkarra gelditzeko gaitasuna izan du.

 

Euskararen lurraldea  zabala eta askotarikoa izanik, ez da beti asmatu berreuskalduntze estrategiak lurralde eremu bakoitzeko errealitate soziolinguistikora eta soziokulturalera doitzen.

 

Euskararen geroa hiztun kontzienteak sortzeko gai den herri-gogo zaharberrituari lotua ikusten dugu inoiz baino gehiago. (…) Ametsa barreiatuko duen mugimendua behar du garai honek, euskal hiztun kontzienteak sortzeko gai diren praktika diskurtsiboak.

 

Koronategia

2020-04-21  //  Etxealdia  //  Iruzkinik ez

Koronategia

Etxealdian gaude eta azken egun eta asteetan dinamikak sortzen ari dira han eta hemen, euskara ikasteko, euskara praktikatzeko eta hizkuntza ohiturak euskarara aldatzeko. Batzuk aipatu gurako nituzke (eta ziur naiz ezagutzen ez ditudan asko egongo direla han eta hemen).

Euskaltegi eta berbalagun taldeak martxan izan dira egun hauetan, egun batetik bestera presentzial izatetik online izatera pasatu dira. Meritu handiko aldaketa, ea horrek ere aurrera egiten duen (adibidez, Bilboko Gabriel Aresti euskaltegikoak zelan bizi ari diren konfinamendua kontatzen dute bideo honetan argazki bidez). Jarraitu, adibidez, #Ezgaitumututuko traola twitterren. Mintzalasaikoak ere ari dira zerotik (eta frantsesetik abiatuta) euskara ikasteko ikasgaiak igotzen euren webgunean (euskara deskubritzea deitu diote, biba zuek!).

Horrez gain, Yasmine, AEK-ko ikasle bat, ari da bideoak grabatzen euskara ikasteari buruzko aholkuak eta gomendioak ematen. Pareen edo berdinen arteko ikasketak beti dira esanguratsuak (zure ikaskideekin zenbat ikasi duzun errepasatu mentalki mesedez).

Zaintza sareak eratu dira euskal herri eta auzoetan. Algortan eta Bilboko hainbat auzotan behinik behin, ari dira eskoletako umeentzako mintzapraktikak antolatzen.

Eta, zelan ez, Etxealditik Euskaraldira ekimena, etxeetako hizkuntza ohiturak astindu eta euskarara aldatzeko.

Izango dira gehiago, baina nik hauek nabarmendu nahi izan ditut. Zuek baduzue besterik?

Identitategintza

2020-04-18  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Identitategintza

Aurrekoan aipatu nuen esku-liburuan identitateari buruzko diagnostikoa egiteko galdetegia proposatzen zuten. Zeharo bitxia (seguruenik nire ikuspuntu zuri eta europarrak zerikusia izango du horretan) iruditu zait eta zuekin konpartitu gura nuen galdetegia bera. Jarraian datoz horren inguruan egiten diren galderak. Guztiak 1etik 5era puntuatuz gero, identitateari buruzko diagnostikoa izango ei duzue:

  • Gure komunitateko kideek erabiltzen dituzte berbak edo esamoldeak honen tankerako gauzetarako: agurrak, zeremoniak, jaiak, kantuak, erritualak, …
  • Gure komunitateko kideek beti erabiltzen dituzte berbak edo esamoldeak (agurrak, zeremoniak, jaiak, kantuak, erritualak, …) egoera jakin batzuetan.
  • Gure komunitateko kideek uste dute erabili behar direla berbak edo esamoldeak (agurrak, zeremoniak, jaiak, kantuak, erritualak, …) egoera jakin batzuetan.
  • Hurrengo belaunaldiak ikasten ari dira berba edo esamolde horiek (agurrak, zeremoniak, jaiak, kantuak, erritualak, …)?
  • Gure inguruko erakundeen politikek edo jarrerek laguntzen al diote gure identitate etnikoaren garapenari?

 

Esku-liburu bat gure etorkizuna planifikatzeko (edo)

2020-04-16  //  SL domestikoa  //  Iruzkinik ez

Esku-liburu bat gure etorkizuna planifikatzeko (edo)

Orain gutxi aurkitu nuen esku-liburu bat interneten. Izenburu zeharo erakargarria zeukan (“Gure hizkuntzaren etorkizuna planifikatzeko esku-liburua”) eta deskargatu nuen. Eta egun hauetan irakurri dut eta lagun batzuei gomendatu.

Esku-liburua ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz eta turkieraz dago (eranskinak bakarrik ingelesez). SIL erakundeak argitaratu du (ez sakondu larregi erakunde horren historian badaezpada) eta nik gaztelaniazko bertsioa irakurri dut. Eta oso interesgarria eta baliagarria iruditu zait, baina, tira, goazen apurka-apurka.

Esku-liburua fazilitzaileentzako da, bertako komunitateko kide diren fazilitzaileentzako. Zeharo praktikoa da, zentzu horretan oso anglosaxoia (eta zenbat maite ditudan nik mota honetako esku-liburuak!). Eta gustatu zaidan beste kontu bat da gure lanbidea (euskara teknikari, aholkulari edo dena delakoa) fazilitazioarekin bat ikusten duela erabat (Emunen ari gara horrekin aspalditxotik beharrean). Beste berba batzuekin esanda, liburuak argi uzten du (esan barik baina) komunitateak hartu behar duela bere gain erantzukizuna, ardura eta gure lana dela bide horretan laguntzea, bide horretan eurei gauzak erraztea (ez dator harira, baina igual zait, orain dela gutxi irakurri dut akonpainamendu berba euskaraz bidelaguntza moduan itzulita).

Fazilitatzaileak gaitzeko, gainera, kapazitzaileak daudela dio esku-liburuak (SIL erakundekoak, hain zuzen ere). Eta horrekin Cuetzalanera joan naiz zuzenean, Tosepanera. Azken finean, han egin dugun lanik gehiena horixe izan baita: fazilitzailea trebatu, komunitateak bere bizkar har dezala ardura. Zentzu horretan, iruditzen zait Garabiderentzako material aproposa izan daitekeela (edo ez, eurek ikus dezaten).

Edukietara sartuta gehiago, diagnostiko parte-hartzailea egiteko argibideak eta aribideak ematen ditu. Oso bisualak dira proposatutakoak eta, horren bidez, mapa bisual batzuen bidez zehaztuko dira hizkuntza haren erabilera guneak, erabiltzaileak (eta haien ezaugarriak) eta funtzioak. Hori guztia ahozkoa eta irakurri/idatzi bananduta.

Diagnostikoaren ostean, esku-liburuak planifikazioa bera dakar. Hala ere, betiko legez, hauek ere garrantzi handiagoa ematen diote diagnostikoari (liburuak dituen 87 orrialdetik 66tik aurrera hasten da planifikazioa).

Kontzeptu interesgarriak ere agertzen ditu esku-liburuak. Funtzio hegemonikoen garrantzia nabarmentzen du (25. orrialdean agertzen den irudia zentzu horretan oso adierazgarria da). Helmuga errealistak ezartzeko garrantziaz ere aritzen da (beti da hobe hordagoa txikira jotzea). Eta, hari horretatik tiraka, aipatzen du behekoa indartzeak goikoa indartzea dakarrela (oso ideia fishmanianoa, bide batez). Horrez gain, identitateari ere garrantzi berezia aitortzen dio esku-liburuak eta hizkuntza berreskuratzearen oinarrian jartzen du identitategintza.

Esku-liburu osoaren oinarrian, baina, hizketa-komunitatea dago (antropologian erabiltzen den praktika-komunitatetik gertuko kontzeptua), ez hiztun komunitate osoa. Hortaz, ez du balio liburuak hiztun talde osoari konponbidea emateko, ezpada komunitate horren baitako komunitateei. Beraz, gurean erabiltzeko mikrokomunitateetarako balio dezake. Esate baterako (eta moldaketak moldaketa, ze batzuk egin beharko lirateke derrigorrez) balio dezake lantegien planetarako, edo eskolen planetarako edo …

Burujabetzak berreskuratu

2020-04-12  //  Etxealdia  //  Iruzkinik ez

Burujabetzak berreskuratu

Gaur ei da aberri eguna (ez dut asko maite nik egun hau, baina tira). Askoz maiteago dut burujabetza kontzeptua. Eta egun hau beste edozein bezain aproposa da burujabetza horiek berreskuratzeko lanean hasteko. Hortaz, konfinamenduan gaudela aprobetxatuta, eta Biziren ekimenean inspiratuta (gure bizitzaren jabetza berriz berreskuratzea esaten dute Bizikoek eta ni bat nator), tori 40 proposamen burujabetzak eskuratzen jarraitzeko, euskaraz eta euskaratik. Horra hor:

  1. Goiener. Energia kooperatiba da eta merkatuan liberalizatuta dauden bi eremutan jarduten du: merkaturatzean eta sorkuntzan. Zerbitzu osoa, jakina, euskaraz jaso dezakezu. Sasoi hauetan, gainera, ordaintzeko arazoak dituzten pertsonei erraztasunak ematen dizkiete.
  2. Izarkom. Telekomunikazio operadore kooperatiboa da, telefono mugikorreko eta interneteko zerbitzuak eskaintzen ditu. Euskaraz ari dira eta ez hori bakarrik: pertsonekin aritzen zara berbaz, ez makinekin. Gainera, sasoi hauetan interneteko konexiorik ez duten ikasleei ematen diete zerbitzua, SIM txartelak banatuz.
  3. Eusko Jaurlaritzak azokak debekatu ditu baimendu ditu berriro, baina badira alternatibak: herrietako kontsumo taldeak, baserriko plaza webgunea, Kidekoop Bilbon, Labore dendak han eta hemen, eta abar.
  4. Elikadura burujabetza berreskuratzeko bidean ezinbestekoak dira haziak. Eta gurean bada Hazien sarea, erabilgarria gure ortuak aberasteko.
  5. Euskara ikasi eta hobetzeko bidea ere egin dezakegu, burujabetzaren bidean. Adibidez, AEKn, IKAn edo beste hainbat euskaltegitan.
  6. Euskara praktikatzeko bideak ere badira: berbalagun taldeak (gaur horietako asko online ari dira) edo mintzanet-en (online urte osoan).
  7. Praktikaldi horretan, gainera, aurten Euskaraldia ari dira beratzen, entitateetan eta norbanakoengan eragiteko.
  8. Informazio burujabetza ere bada bide polita burujabetzak berreskuratzeko. Horretarako, hainbat baliabide dago, baina, lehenik eta behin, euskarazko tokiko komunikabideak aipatuko nituzke. Lizentzia libreko edukiak, gertutik eta euskaraz.
  9. Informazio burujabetzan, baina, badira beste hedabide batzuk: Argia (komunitatearen hedabidea) edo Berria (eguneroko nazionala). Biak ala biak, ahalegin itzela egiten ari dira egun hauetan informazioa zabaltzeko, modu duin eta, askotan, alternatiboan, bertatik bertara. Hauek ere lizentzia libreak erabiltzen dituzte.
  10. Informazioa, baina, ez dugu jasotzen bakarrik idatziz. Irrati bidez ere zabaldu egiten da informazioa eta gurean bada Arrosa sarea, irrati libre eta komunitarioen sarea, gehientsuena euskaraz.
  11. Telebista bidez ere zabaltzen dira edukiak, zabaltzen dira informazioak. Gurean badira bi proiektu, behetik sortutakoak biak: Hamaika telebista eta Kanaldude.
  12. Teknologia burujabetza ere beharrezkoa zaigu, are gehiago, teknologia hori euskaraz izatea gura badugu. Eta langintza horretan, itzelezko lana egiten dute librezaleko lagunek, hainbat eta hainbat tresna boluntarioki euskaratuz. Eta orain tokatzen zaigu guri horiek ere erabitzea.
  13. Alternatiben eraikuntza horretan, dirua ere beharrezkoa da. Eta guk ere badugu tresna bat, Koop 57, hainbat proiektu diruztatzeko. Zergatik ez gorde hor gure diruak ekonomia sozial eta solidarioko proiektuei bultzada emateko?
  14. Gure erosketetan egiten ditugun hautuak bozkatzea baino eraginkorragoak ei dira. Eta erabaki horiek ganoraz eta taxuz egiteko, Etxaldek badu app bat, jakiteko gure kontsumo erabakiek duten eragina.
  15. Zaborra bada gurean arazo. Eta komeniko litzaiguke burujabetzak berreskuratzeko zabor kopuru hori jaistea. Zero zaborrerako bidean badira hainbat aholku, horiek ere 0 kilometrokoak dira, gure hizkuntza bezala.
  16. Burujabetzen bidean, komunitatea indartzea izan daiteke estrategietako bat. Eta komunitatea indartzeko bidean, herri hezitzaileen praktikak eta teoriak berebiziko garrantzia dute (bide batez, zer ona den Kokoriko).
  17. Komunitatea indartzeko, herririk herri dauden euskara elkarteek ere badute funtzioa. Herrietan autoeratze formulak praktikatu dituzte, gune propioak sortu (kafe antzokiak edo Karrikiri denda, esate baterako) eta mota guztietako aisialdi ekintzak eratu, besteak beste.
  18. Herri eta auzoetako denda txikiek ere badute funtzioa eta zeregina komunitatearen egituratzean (adibidez, Araban 10etik 6k ulertzen dute euskara).
  19. Azken asteetan herriz herri ari dira sortzen elkartasun eta laguntza sareak. Horiek ere badira komunitatea egituratu eta erreproduzitzeko moduak. Kasu gehienetan sare horietan dabiltzanak euskaldunak dira eta euskaraz ari dira egiten komunikazioak (eta lanak).
  20. Egoera hauetan burua ere zaindu behar da. Eta, horretarako, garrantzitsua da kulturgintza. Euskaraz ere kulturgintza oparoa dugu eta horren adierazgarri da, esate baterako, Argiak duen ikus-entzunezkoen kanala: dokumentalak, elkarrizketak, bideo laburrak eta abar. Ikus-entzunezkoetan ere azpitituluak ekarriko nituzke orriotara.
  21. Badira beste bide batzuk kulturgintzan. Adibidez, liburuak. Eta, bide horretan, gureak diren argitaletxe askeak: Susa, Katakrak, Ikaselkar, Pasazaite eta abar.
  22. Liburutegi nazionalik ez dugu gaur-gaurkoz. Hala ere, Armiarma proiektua badugu eta hor klasikoen gordailua dugu, euskal literaturari buruzko aipamenak eta abar, euskarari ekarriak, euskal prentsaren lanak eta abar. Eta badira beste proiektu batzuk: Ahotsak, adibidez (Euskal Herriko hizkeren ahozko ondare librea) edo Bertsoa (bertsoaren plaza digitala).
  23. Musika ere izan daiteke adierazpide librea, musika ere izan daiteke burujabetzak berreskuratzeko bide. Eta hor ezinbestekoa da Badok atariak egiten duen funtzioa (eta bere garaian Entzun aldizkariak egiten zuena).
  24. Euskarazko kulturgintzak bide ezberdinak landu behar izan ditu. Esanguratsua da Bertsozale elkarteak egindakoa, egileak eta zaleak egitura berean sartuta. Teatroaren ingurukoek ere EHAZE sortu dute, egileak eta zaleak batuz. Horiek ere badira burujabetzak berreskuratzeko bideak.
  25. Baina kulturgintzak ere izan behar ditu zabalkunde bideak. Batzuk eraiki ditugu eta, agian, eraginkorrena Katalogoa da, Durangoko azoka eta Literaturia ahaztu barik (baita herri eta auzoetako liburu-dendak ere).
  26. Eduki zientifikoa bada burujabetzara heltzeko bidea, bada burujabetzak berreskuratzeko bidea. Eta hor, besteak beste, azpimarratu behar da UEUk egiten duen lan aparta komunitate zientifiko euskalduna trinkotzen.
  27. Zientzia ez da objektiboa, beste batzuek hala esaten badute ere. Eta zientzia dibulgatzea ere bada burujabetza berreskuratzeko bidea: Elhuyarrek ederto batean egiten duen lana, hain zuzen ere.
  28. Interneten ere jokatzen da gaur eta hemen burujabetzaren berreskuratzea. Hortaz, puntueus domeinuak badu zeregina. Gainera, egoera zail hauetan doako zerbitzua jarri dute enpresa txiki eta ertainak digitalizazioan laguntzeko.
  29. Wikipedia entziklopedia askea da, erabiltzaileek egindakoa. Euskarazkoa oso txukuna da eta etxealdiko egun hauetan astindu eder samarra ematen ari zaio, nahiz eta esfortzu hori jarraia izan beharko litzatekeen (edukien sorkuntzan eta edukien kontsultan, jakina).
  30. Euskarazko eduki gehiago behar ditugu sareetan (eta bestelako euskarrietan). Bide horretan badira itzultzaile neuronalak gaur egun, adibidez Batua edo Itzultzailea edo Eusko Jaurlaritzakoa. Adibidez, interesgarria izan daiteke Game Erauntsiak abiatu duen bidea bideo-jokoak eta abarrak euskaratzeko.
  31. Azken aste hauetan eduki mordoa sortzen ari gara sareetan (lagin bat hemen adibidez, edo hemen). Nik bereziki azpimarratuko nuke Jakindun eta gorputz heziketa lantzeko beste hau. Interneten ere badira komunitate indartsuak (Umap adibidez) eta horiek ere badira burujabetzak berreskuratzeko bide.
  32. Gure zilborrari begiratzea ondo dago, baina kanpora begira ere jardun genezake. Eta, bide horretan, Garabide elkartea Hegoaldeko hainbat herrialdetan egiten ari den lana hizkuntzak berreskuratzean ere aipagarria da. Izan ere, guk ere baditugu zorrak beste herrialde eta komunitate batzuekin eta horiek kitatzeko bide aparta da Garabidek proposatzen diguna.
  33. Elikadura burujabetza aipatu dut goragoko beste puntu batzuetan. Baina ez dut aipatu edariri buruzkorik. Orain gutxi Biba ardoak ekimena sortu da (Euskal Herriko mahastizain organikoen ekimena), kilometro zeroko garagardoak badira (Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan ere bai), sagardoa ere hor badugu, eta abar.
  34. Elikadura burujabetza eta euskara artez eta zuzen lotzen du proiektu batek: Errigora, hain zuzen ere. Uste dut proiektu honek ez duela behar aurkezpen handiegirik.
  35. Ekonomia soziala sustatzeko programak ere badira, eta horiek ere badira burujabetzak berreskuratzeko tresna. Garrantzitsuena Koopfabrika da.
  36. Gorputzen gaineko burujabetza ere bada berreskuratu beharrekoa. Eta horretan bide aparta egina du mugimendu feministak (eta euskarak hor ere badu pisua eta garrantzia) eta bidea egiten ari da ere Harro! plataforma.
  37. Ezker independentista bultzada ematen ari zaio burujabetzen berreskuratzeari, ikuspuntu teorikotik Plazahutsaren bidez.
  38. Kirol arloan ere eraiki beharko dira alternatibak. Batzuk badira (sokatira, errugbi edo surf arloan, seguru gehiago ere badirela, baina nik ez ditut ezagutzen), baina gehiago eraiki egin beharko ditugu han eta hemen.
  39. Gure imaginario propioak eraiki behar ditugu hainbat eta hainbat arlotan. Umeen arloan ere bai. Eta, bide horretan, zeharo aipatzeko modukoa da Irrien lagunak kluba egiten ari den lana edo Bizipoza elkartearena. Gora euskal irria!
  40. Ahaztu egin zitzaidan lehenengo aldian. Baina gure estatistikak ere behar ditugu: gure gizarte eta ekonomiaren nondik norakoak ezagutzeko eta horretan erabakiak hartu ahal izateko. Eta bide horretan Gaindegiak ikaragarrizko ekarpena egiten du.
  41. Eta, azkenik, zure hizkuntza ohiturak aldatu. Hori ere bada desobedientzia eta alternatibak eraikitzeko bidea.

Gazte identitatea eraiki

2020-04-08  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Gazte identitatea eraiki

Iruditzen zait larregi egiten dugula berba gauza batzuen inguruan eta gutxiegi beste batzuen inguruan. Larregi egiten dugu berba gazteei buruz, esaterako; eta, zehatzago esanda, gazte batzuek zergatik ez duten euskaraz egiten larregi aipatzen dugu. Eta, kontrara, oso gutxi aipatzen dugu gazte batzuek zergatik egiten duten berba euskaraz. Eta, horren harira, Miren Artetxek egin berri duen tesia oso interesgarria iruditzen zait (ez dut irakurri osorik, Berrian egin dioten elkarrizketatik tiraka ari naiz hau osatzen).

Miren Artetxek aztertu ditu bertso eskolen jiran dabiltzan Ipar Euskal Herriko 14 gazteren hizkuntza ibilbideak. Eta, gainera, horiek aztertu ditu begirada kualitatibo batekin. Eta aztertzen du zelan eraikitzen diren gazte identitateak eta identitate horietan zer-nolako garrantzia duten hizkuntza praktikek. Eta hori guztia antropologia feministaren bideetatik barrena eta betaurrekoekin.

Horiekin guztiekin hainbat ondorio atera du, baina nik honako hau azpimarratu dut bereziki:

Gazteontzat hizkuntza ohituren aldaketak, bereziki, gazte identitateak eraikitzeko estrategiak dira eta horiek euskaraz garatzeko aukera eskaintzen dute bertso-eskolek.

Akabuan, galderak: zer beste bidetik jo dezakegu gazte identitate horiek euskaraz eraikitzeko? Zer bide eraiki behar dute gazteek eurek? Eta, noski, betiko legez, erantzunik ez.

23 / 140«Aurrekoa102022232425304050Hurrengoa»

Txerra Rodriguez

Soziolinguistikari buruz dihardu blog honek, euskararen hizkuntza komunitatearen ikuspegitik beti ere.

Azken bidalketak

  • Sabela
  • Kontzientzia kritikoa
  • Algoritmoa asaldatu
  • Irakurgaiak: No hablaras
  • Fora da aula

Iruzkin berriak

  • Fora da aula - Garaigoikoa(e)k Idatzi nahiko nituzkeen aipu batzuk bidalketan
  • Ketxus(e)k Deskodetzea bidalketan
  • Txerra Rodriguez(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • allartean(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • Barbarizazioa(e)k A casa do amo bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko abendua
  • 2025(e)ko azaroa
  • 2025(e)ko urria
  • 2025(e)ko iraila
  • 2025(e)ko uztaila
  • 2025(e)ko ekaina
  • 2025(e)ko maiatza
  • 2025(e)ko apirila
  • 2025(e)ko martxoa
  • 2025(e)ko urtarrila
  • 2024(e)ko abendua
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko urria
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko uztaila
  • 2024(e)ko ekaina
  • 2024(e)ko maiatza
  • 2024(e)ko apirila
  • 2024(e)ko martxoa
  • 2024(e)ko otsaila
  • 2024(e)ko urtarrila
  • 2023(e)ko abendua
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko urria
  • 2023(e)ko iraila
  • 2023(e)ko uztaila
  • 2023(e)ko ekaina
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2023(e)ko apirila
  • 2023(e)ko martxoa
  • 2023(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko urtarrila
  • 2022(e)ko abendua
  • 2022(e)ko azaroa
  • 2022(e)ko urria
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko abuztua
  • 2022(e)ko uztaila
  • 2022(e)ko ekaina
  • 2022(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko apirila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2022(e)ko otsaila
  • 2022(e)ko urtarrila
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko urria
  • 2021(e)ko iraila
  • 2021(e)ko uztaila
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2021(e)ko urtarrila
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko azaroa
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko abuztua
  • 2020(e)ko uztaila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko iraila
  • 2019(e)ko abuztua
  • 2019(e)ko uztaila
  • 2019(e)ko ekaina
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko abuztua
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa
  • 2012(e)ko urria
  • 2012(e)ko iraila
  • 2012(e)ko abuztua
  • 2012(e)ko uztaila
  • 2012(e)ko ekaina
  • 2012(e)ko maiatza
  • 2012(e)ko apirila
  • 2012(e)ko martxoa
  • 2012(e)ko otsaila
  • 2012(e)ko urtarrila
  • 2011(e)ko abendua
  • 2011(e)ko azaroa
  • 2011(e)ko urria
  • 2011(e)ko iraila
  • 2011(e)ko abuztua
  • 2011(e)ko uztaila
  • 2011(e)ko ekaina
  • 2011(e)ko maiatza
  • 2011(e)ko apirila
  • 2011(e)ko martxoa
  • 2011(e)ko otsaila
  • 2011(e)ko urtarrila
  • 2010(e)ko abendua
  • 2010(e)ko azaroa
  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila
  • 2010(e)ko uztaila
  • 2010(e)ko ekaina
  • 2010(e)ko maiatza
  • 2010(e)ko apirila
  • 2010(e)ko martxoa
  • 2010(e)ko otsaila
  • 2010(e)ko urtarrila
  • 2009(e)ko abendua
  • 2009(e)ko azaroa
  • 2009(e)ko urria
  • 2009(e)ko iraila
  • 2009(e)ko abuztua
  • 2009(e)ko uztaila
  • 2009(e)ko ekaina
  • 2009(e)ko maiatza
  • 2009(e)ko apirila
  • 2009(e)ko martxoa
  • 2009(e)ko otsaila
  • 2009(e)ko urtarrila
  • 2008(e)ko abendua
  • 2008(e)ko azaroa
  • 2008(e)ko urria
  • 2008(e)ko iraila
  • 2008(e)ko abuztua
  • 2008(e)ko uztaila
  • 2008(e)ko ekaina
  • 2008(e)ko maiatza
  • 2008(e)ko apirila
  • 2008(e)ko martxoa
  • 2008(e)ko otsaila
  • 2008(e)ko urtarrila
  • 2007(e)ko abendua
  • 2007(e)ko azaroa
  • 2007(e)ko urria
  • 2007(e)ko iraila
  • 2007(e)ko uztaila
  • 2007(e)ko ekaina
  • 2007(e)ko maiatza
  • 2007(e)ko apirila
  • 2007(e)ko martxoa
  • 2007(e)ko otsaila
  • 2007(e)ko urtarrila
  • 2006(e)ko abendua
  • 2006(e)ko azaroa

Kategoriak

  • 30 urte
  • Aipuak
  • Atik Zra
  • Azatzak
  • Etxealdia
  • Info 7
  • Irakurgaiak
  • Jakin
  • Poema soziolinguistikoak
  • Sailkatu gabea
  • SL domestikoa
  • Sutondoko kontuak
  • Tosepan

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA