Garaigoikoa
Hasiera » Txerraren bloga - Garaigoikoa

Euskararen betaurrekoak

2017-12-11  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkin bat

Euskararen betaurrekoak

Hizkuntza ohiturak aldatzearen inguruan gabiltza azken urteotan buru belarri ikertzen eta aztertzen. Baina, agian, lehen eskuko testigantzak falta zaizkigu (eta asko egon daiteke). Honako hau Jon Maiaren Berriak jaio ginen liburutik lapurtua:

Bertso eskolan nenbilen garai hartan, eta nire nerabezaroko hausnarketa abertzale sakonetan murgildua segur aski, nire anaia harrapatu nuen eta gutxi gorabehera esan nion: “Egoitz, zu eta ni euskaldunak gara eta nik ez dizut erdaraz gehiago hitz egingo”.

Ez nazazue matxakatu -oh euskal olinpoko intelektualok eta titulurik gabeko soziologook- esaldi honengatik, gogoratu ezazue 12-13 urte zituen mutiko baten bizitzaren pasarte jakin bat dela. Alta, niretzat funtsezkoa izan zen une hori, eta agian nire anaiarentzat ere bai. Egia da x adin bat arte -bakoitzarengan desberdina den adin horretara arte- inertziak edo subkontzienteak erabakitzen dituela zenbait gauza. Zure eguneroko hizkuntza, esaterako, edo baita zure futbol talde kutuna ere. Iritsi daiteke une bat, erabaki bat hartu eta inertziak hauts ditzakezuna. Gainera, hemen, Euskal Herrian, askotan gertatu den kasua da hau. Ikastolara joateko eta etxeko erdal hizkuntza aldatzeko erabakia ez genuen guk hartu, gure gurasoek erabaki zuten gure partez gure euskaldun izatea.

Lehenago edo geroago, norberak hautu bat egin behar du, edo zehatzago esanda, egin dezake. Nik nerabezaroaren hasieran egin nuen (…)

Nik ez dakit nire anaiak ze aurpegirekin begiratuko zidan, beno bai, berearekin. Baina 7-8 urte izango zituen orduan eta “Este tío que me dice” pentsatuko zuen. Baina garaipena zer den, lagunok! Ez dut gogoratzen inoiz nire anaiaren eta bion arteko gaztelerazko elkarrizketa, ez bada ama eta aita tarteko direla (…)

Baserritarrak gara gu

2017-12-06  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Baserritarrak gara gu

Gurean, profesional militantearen figura hedatua dago (gurean diodanean, euskalgintzaz ari naiz). Baina zer da? Zer demontre da? Zer eduki ditu figura horrek? Zer eduki izan beharko lituzke?

Gustatu edo ez, euskalgintza ez da ekoizpen arlo normal bat; eta sortzen diren lanpostuak ere anormalak dira; prestasunak, konpromisoak, inplikazioak eta horrelako jarrerek indar berezia behar dute. Profesinalizatzea ona da, beharrezkoa, baina profesionalizatze estandarra ez da egokitzen guk behar dugun horretara. Euskalgintzako lana hurbilago dago baserritarrenetik, eta horrek ez du ezer txarrik. Alderantziz esango nuke: bizitzeko modu bat da, eta asebetetzen du ereindakoa garatzen ikusteak ere.

Komunitatearen sendotzea

2017-12-04  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Komunitatearen sendotzea

Edo community empowerment. Honako puntu hauek izan beharko luke dena delako horrek:

  • “Arazoa” dutenek eurek hartzen dute bere gain arazoari konponbidea emateko ardura. Ahaldundu egiten dute euren burua eta, horrela, lidergoa sendotu egiten dute.
  • Tokiko testuinguruetara egokitu eta moldatzen dira ekinbideak eta jardunak.
  • Beraz, horizontala da batez ere (eta, edozein kasutan, ez bertikala da).
  • Parte hartzea bai, baina, batez ere, “arazoa” dutenek osatutako erakundeak garatu eta sendotzen du komunitate boteretzeak. Hortaz, gonbidapen bidezko parte hartzea baino (lagungarria izan daiteke, baina ez ezinbesteko), irrupzio bidezko parte hartzea bilatzen du.
  • Komunitaterako ingurune berriak sortu nahhi ditu eta, horrela, aldaketa politiko eta sozialak bultzatu.
  • Identitate kolektiboa sendotzea dakar: eta, hortaz, lotura komunitarioak ehuntzen diren heinean, komunitatea bera sendotzen da.
  • Gaitasun eta trebetasunak auto-aitortu egiten dizkio bere buruari komunitateak berak.

Eta definiziorik? Maritza Monterok honako hau ematen du: “komunitate bateko kideek (norbanakoek zein antolatutako taldeek) elkarrekin garatzen dituzten gaitasun eta baliabideak euren bizitza kontrolatzeko egiten duten prozesua da. Horretarako, konpromisoz, kontziente eta kritiko jardun behar dute euren ingurunea eraldatzeko euren nahi eta beharren arabera eta, era berean, euren burua ere eraldatuko dute”.

Ba, horixe, urtebete daukagu geure buruak sendotzeko komunitate gisara euskararen ardatzaren gainean.

Elkarrizketa berriak sortu nahi ditugu Derion

2017-11-29  //  Info 7  //  Iruzkinik ez

Elkarrizketa berriak sortu nahi ditugu Derion

Originala Info7 irratian entzungai. Bestela hemen ere baduzu aukera:

https://blogak.argia.eus/txerra-rodriguez/wp-content/uploads/sites/38/2017/11/1127_eginkontu_TxerraRodriguez.mp3

Oraintxe bertan ari gara azken ukituak ematen Derion. Azaroaren 30etik abenduaren 3ra bitartean, lau egunez, derioztar euskaldunak aktibatu eta euskaraz egiteko aukerak biderkatu nahi ditugu. Bide onean doa kontua, antza, baina oraindik egunak ez dira heldu eta ikusteko dago itxura on hori errealite on bihurtzen den.

Lehenik eta behin, kartografiatu dugu herri osoa. Euskarak geometria berriak behar ditu eta hor aritu gara dendarik denda, tabernarik taberna eta zerbitzurik zerbitzu Derion euskaraz egiteko aukerak topografiara ekartzen. Derion euskaraz egiteko aukeren mapa deitu diogu eta koordenada berriak sortu nahi ditugu herrian.

Gero hasi ginen norbanakoak bilatzen. Eta horretan ari gara oraintxe bertan. Egun bat baino ez da falta eta, hortaz, oraindik izena ez baduzu eman, sasoiz zaude. Zure zain gaude beste ahobiziok eta belarriprestak.

Hasiera batean entrenamendu modura irudikatu genuen, baina azken egunetan gure artean gehiago nabarmentzen ari gara ez ote garen terapia kolektibo bat martxan jartzen ari. Denok goaz ekaitz berean noraezean, denok inertziak erasanda, borondatea oso ahula baita ohiturek duten indar mobilizatzailearekin alderatuta. Eta hor ibili gara, bakoitza bere kontraesanekin igeri egiten, bakoitza beretik. Eta elkarrekin igeri egiten hasi aurretik, konplizitateak ehundu ditugu.

Denok ikasten dugu entzun eta ikusten dugunetik, denok. Hori hartu, imitatu eta berriro egiten dugu, gure galbahetik pasatuta. Kopiatu, aldatu, konbinatu, irauli. Hori da erremixaren artea, horixe da gauza guztien sorburu eta horixe da gizateriaren iragana, oraina eta etorkizuna. Horregatik, garrantzitsua da erremix berriak egitea, ohitura berriak sortzea eta, horregatik, garrantzitsua da ohitura berriak ikusgarri egitea, ohitura eta elkarrizketa berriei bozgorailua jartzea. Beste batzuek ikus dezaten, beste batzuek entzun dezaten. Beste batzuek imitatu dezaten, azken finean.

Gure portaerak ikasiak dira. Beraz, desikasi daitezke. Beraz, orain arteko pilotu automatikoa kendu gura dugu eta lau egunetan kamara piztuta eraman. Izan ere, oraingo pilotu automatikoa eraldatu nahi dugu eta pilotu automatiko berriarekin hasi ibiltzen, txiri-txiri eta presa barik, baina ibiltzen.

Idatzi diguten gidoitik ateratzeko gogoa pizten ari garelakoan nago. Gure bizitzaren gaineko kontrola mantendu eta berreskuratu gura dugu egunerokoan. Ez dugu nahi zaintza partekaturik, guk geuk izan gura dugu gure hizkuntza hautuen jabe. Era berean, han eta hemen dauden aukera guztiak aprobetxatu nahi ditugu, han eta hemen diren aukera guztiak baliatu eta norrago izan. Garena eta izan gura duguna hurreratuz (nahiz eta jakin garenaren eta izan gura dugunaren amildegian garela nor).

Etorkizuna orainaren menpe baitago. Orainean egiten dugunaren araberakoa, hain zuzen ere. Eta oraina aldatu gura dugu. Mozalak desestutu, mozalak zabaldu, mozalak kendu posible bada. Errealitateari gramatika eta sintaxia aldatu nahi diogu.

Gainera, hori ez dugu bakarrik egin gura. Elkarrekin egin gura dugu. Elkarrekin. Herri desbordea gura dugu, dena aldatu gura dugulako, ohiturak, inertziak. Korrontearen kontra gabiltza, korrontearen kontra, baina elkarrekin egiteak ilusioa pizten du, benetan. Geure burua aktibatzeak eragin positiboak baititu.

Irakurgaiak: El iceberg navarro

2017-11-20  //  Irakurgaiak  //  Iruzkinik ez

Irakurgaiak: El iceberg navarro

Beti esaten dut interesatzen zaidala etorkizuna iragana baino. Eta hala da. Kezka geroan dago, ez lehenaldian, baina … bakoitzak ditu bere perbertsioak. Eta nire perbertsio-obsesioetako bat euskararen historia soziala da.

Eta Peio Monteanoaren lana nire ustez ikaragarria da. Nafarroako XVI. mendeko hizkuntza erradiografia bikaina marrazten du, datuz erabat hornitua. Icebergaren metafora erabiltzen du, egoki erabili ere. Jardun idatzia erabat gaztelaniaz izan bazen ere, jardun horrek azpitik erakusten duen jendarte euskalduna islatzen du.

Eta ez hori bakarrik. Datu kuantitatiboak ere ematera ausartzen da. Duda barik, Nafarroako (eta, beraz, Euskal Herriko) hizkuntzen historia soziala egin nahiko duenak lan honetatik abiatu beharko du, ezinbestean (berak Jimeno Jurioren lanetatik abiatzen den hein berean). Benetan, liburu gomendagarria eta, gainera, irakurterraza. Zer gehiago eskatu behar zaio historia liburu bati?

Argazki finkoak

2017-11-16  //  Jakin  //  Iruzkinik ez

Argazki finkoak

Originala jakin.eus aldizkarian argitaratua.

Aldaketa sozialaren ebaluazio fidakorra izateko, konparatzeko moduko neurketak ez ezik, ahalik eta kasu gehienetan errepikatzen diren neurketak ere behar ditugu. Hain zuzen ere, orain gutxi kaleratu diren Inkesta Soziolinguistikoaren eta Erabileraren Kale Neurketaren tankerakoak. Izan ere, bi horiek tarte finkoetan egindako argazki sozialak dira, unean uneko hizkuntza egoerari egindako erretratu sozialak. Hortaz, irakurketak gehiago izan beharko lirateke argazki horiek urterik urte erakusten duten joerei buruz, eta ez herri edo eskualde batean igoerak edo jaitsierak egon diren, baina tira. Apokalipsiaren turutak entzutea maite dugun gure herri honetan…

Ez naiz luzatuko bi horien emaitzen eta abarren azterketa sotilean. Horren beharra duenak Berria egunkarian Garikoitz Goikoetxeak gidatuta egin zen seriea begiratzea badu. Han badira analisi finak, datuen azpiko joerak marrazteko saiakerak, baita aurrera begirako balizko konponbideen zirriborroak ere. Eta ziur naiz datu horien gaineko analisi sendoak egingo direla urte honetan argitaratuko den Bat aldizkari monografikoan.

Aipatutako artikulu-serie horretan nik ere hartu nuen parte. Eta nire idazkiaren azken esaldian sendotze komunitarioa ekarri nuen hizpidera. Horixe baita nik aurrera begira zirriborratu nuen konponbideetako bat. Eta badirudi horretan ari garela, apurka-apurka, herririk herri martxan jartzen ari diren aktibazio proiektuekin.

(Bide batez, baldin eta euskaldunak aktibatzeko proiektua antolatzeko asmoa badu baten batek, derrigorrez irakurri behar ditu Bagera elkarteak argitara eman dituen bi gidaliburuak: Nola egin dute? eta Ekitea da kontua).

Sendotze komunitarioa bai. Logika permakulturala erabiliz. Eta zer da permakultura ba? Wikipediaren arabera:

Permakultura gizakiok lurrean kokatzeko sistema jasangarria eta harmonikoa da, inguruan integratzeko modu egokia kontsumismotik kanpo eta naturaren baliabideak gordetzen. Permakultura hitza ingelesetik dator, ‘permaculture’, eta bi hitzen arteko kontrakzioa da: permanent eta culture, hau da, kultura (eta nekazaritza) iraunkorra. Permakulturak izadian behatutako patroiak jarraituz, giza-habitat iraunkorrak sortu nahi ditu. Diseinu ekologikoa, ingeniaritza ekologikoa eta ingurumenaren diseinua konbinatzen ditu nekazaritza eredu berri bat sortzeko.

Ematen du horrek ez duela loturarik hizkuntzen biziberritzearekin. Baina badu: izan ere, giza habitat iraunkorrak sortzeko, beharrezkoa da habitat horietara ondoen egokitutako hizkuntzak erabiltzea. Tokian tokiko hizkuntzak, hain zuzen ere. Hortaz, sendotze komunitarioa lortu, baina logika permakulturala erabiliz. Edo irauntza, iraultza iraunkorra. Logika irauntzailea, iraultzailea baino (irauteko irauli behar dela ahaztu barik).

Deserosotasunaren pedagogia

Sendotze komunitario horren adibide aipagarrienetako bat Agurain izan da. Han ere, beste herri batzuetan bezala, euskaldun batzuek euskara hutsez bizitzeko esperientzia pertsonala haragitu dute, gorpuztu dute. Horiek lehen pertsonan bizi izan dute esperimentua. Egoera erosoetatik atera dira (armairutik ere batzuk) eta hizkuntza ohiturak erdigunera ekarri dituzte, haiek aztertu eta, ahal den neurrian, aldatzen saiatzeko. Lehen aipatutako aktibazioa, hain zuzen ere.

Eta, hori samurrago izan zedin, pedagogia soziala egin dute, hizkuntzen inguruko pedagogia soziala. Gurean administrazioek mila bider eta mila gairen inguruan egiten dute pedagogia soziala (beste eztabaidagai bat litzateke ea kanpaina horiek eraginkorrak diren edo behar bezala egiten diren, baina tira). Esate baterako, tabakoarekin, botikekin, alkoholarekin, trafiko istripuekin eta beste hainbat gairekin. Baina hizkuntzekin sekula ez. Inoiz ez.

Herritarroi behin baino gehiagotan leporatu izan zaigu euskararen erabilera eskasaren ardura. Hau da, kodeak irauli, estutu, zabaldu eta bortxatu behar ditugu, baina ezelako laguntza sozial barik. Norberak egin behar du, gordin, eta korrontearen kontra. Horregatik, behar-beharrezkoa da pedagogia soziala egitea egunerokoan, aldeko giroa piztea tokirik toki.

Baina ezin da ahaztu hautu pertsonalek ere badutela eragin soziala. Kapital sozialaren inguruko teoriagile nagusietako batek, Robert Putnamek, honako hau dio:

Egunero hartzen ditugun milaka eta milaka erabaki txikiek [Oihana Bartraren berbetan, erreferendum txikiek] duten garrantzi kolektiboaz ohartarazi nahi dut eta gure herritarren irudimen zibikoa piztu gure bizitzetan gertatu diren aldaketei erantzungo dieten lotze sozialerako modu berriak sortu eta asmatzeko.

Hortaz, benetako eragin sozialaz berba egiteko, benetako aldaketa soziala gauzatzeko, lehenik eta behin, hautu pertsonalak beharrezkoak dira, baina nahikoa ez. Hautu pertsonal horiek babestuko dituen, bultzatuko dituen giro soziala ere beharrezkoa da. Eta euskaldunak aktibatzeko han eta hemen isiotzen ari diren sormenezko zirimolak horretan aurrerapauso nabarmena dira. Praktikatu daitekeenaren mugak aztertzen dituztelako, errealitatearen sintaxia eta deklinabidea hackeatu nahi dutelako. Pedagogia soziala egiten ari direlako praktikaren bidez.

Hala ere, aurrera begira matxinatutako portaera eta joera horiek arau bihurtu behar ditugu, arau sozial bihurtu, oharkabean beteko diren arau bihurtu. Saiatu, dastatu, entrenatu eta, inoiz, ohitu eta nagusitu. Hor dugu erronka.

Maurizia

Adrianne Richek honakoa dio: «metafora deritzon dialektoa da hizkuntza». Eta bat nator. Eta, gainera, bat baino gehiago dira metafora hori kontrolatu eta nahierara erabili nahi dutenak. Gurean, baita beste edozein jendartetan ere. Izan ere, hori baino ez da han eta hemengo hizkuntzen akademien zeregin nagusia.

Eta, kontrol horren ondorioz, tirabirak egon dira, daude eta egongo dira, han eta hemen. Esate baterako, Galizian ia 40 urte daramate bi ortografia arauen artean sokatiran, ñ eta nh ikur bihurtuta, tiraka, soka inoiz apurtuko den arren. Eta gurean ere (olatuak apar gutxiagokoak diren arren) badira tirabirak eta norgehiagokak (metaforaren zentzurik hertsienean).

Lagin interesgarria dakargu Ibon Sarasolak (nahiz eta ur azpiko korronteak usnatu bakarrik egiten diren) argitara eman duen Bitakora kaiera liburuan. Hala ere, ez gara horien hausnarrean ibiliko lerro hauetan. Badira gauza interesgarriagoak euskaltzainen arteko xextrak baino. Esate baterako, Ibon Sarasolaren iritziz, euskara batua da euskaldunon komunitateak inoiz egin duen miraririk handiena. Edo, bere berbetan esanda, «euskara batuaren arrakasta da, ziur aski, euskaldunen komunitatearen historiako gertaera garrantzizkoena».

Beste hainbat konturi ere heltzen dio Ibon Sarasolak bere liburuan. Bere iritziz, corpus alorrean, «gero eta normalagoak» gara. Hau da, gure inguruko hizkuntzen parera iristen ari gara. Izan ere, bere ustez, euskara gero eta beregainago jokatzen ari da, hizkuntza-akademiari gero eta jaramon gutxiago eta idazle «onei» gero eta jaramon gehiago egiten dielako.

Nik ez nuke hainbeste esango. Hurreratzen ari garela ez dut zalantzan jartzen, baina iristen ari garela ez nuke esango. Izan ere, gure inguruko hizkuntzetan corpusa berritzeko biderik emankorrena ez dira idazleak, komunikabideak baizik. Eta gure komunitateak hutsune oso nabarmenak ditu komunikabideen inguruan, batez ere ikus-entzunezkoen alorrean. Eta, hortaz, hurreratzen bai (beste euskarrietan komunikabide duinak ditugun heinean), baina iristeko oraindik bide luzea geratzen zaigu begien aurretik, nire ustez.

Hortaz, eta corpus alorrean ere bai, hurrengo urteotan tokatzen zaigu sumendi lokartuen erupzio prozesu kolektiboak esnatzea han eta hemen, hizkuntzaren corpus alorrean eta, batez ere, estatus alorrean, hau da, komunitate alorrean, logika permakulturala aplikatuz. Irauntzan. Ausardiaz eta harro, behinolako Maurizia Aldaiturriaga kantari protopunk haren gisara. Aupa Maurizia!

Irakurgaiak: Falar galego: no veo por qué

2017-11-13  //  Irakurgaiak  //  Iruzkinik ez

Irakurgaiak: Falar galego: no veo por qué

Aspaldi samar irakurri nuen Ana Iglesiasen “Falar galego: no veo por qué” liburua. Liburuan Anak bere tesi doktorala laburbiltzen du: galiziera hiztunen imaginarioen gainean jarduten du luze eta zabal. Merezi duen liburua da eta, horregatik, aste honetan berriro apaletatik atera egin dut, batez ere, orain dela gutxi ezagutu nuelako egilea bera.

Gaur, hortaz, beste esperimentu batekin nator blogera. Bere garaian irakurri nuen eta bazterretan hainbat ohar idatzi nituen. Horiek ekarriko ditut gaur blogera (apunteak direla ez ahaztu).

Arau subjektiboa: partaidetza eta errefentzia taldeek egiten duten presio soziala da. Hala ere, benetako presio sozialak baino, garrantzi handiagoa du perzibitzen den presio sozialak.

Perzibitutako gaitasuna (konpetentzia) garrantzitsuagoa da benetakoa baino. Ohiko portaera bat egiteak ez dakar esfortzurik; portaera berri bati ekiteak, ostera, bai. Hortaz, norbanakoak behar du nahikoa motibazio bere ohituraren aurka borrokatzeko. Portaera errepikatzen den heinean, ohikoa bihurtzen da eta esfortzu txikiagoa dakar.

Gizarteratzean oinarrizko (primario) 3 eragilek hartzen dute parte (eskola, familia, komunitatea) eta sekundario 1: komunikabideak. Horietatik bi informal (familia, komunitatea) eta beste bi formal (eskola, komunikabideak)

Tan realidad social es lo que existe como lo que los sujetos creen que existe.

Suena fatal cuando me oigo hablar en gallego.

Galiziar hiztunek bi dialekto ezberdintzen dute: normatiboa (hau da, estandarra, gure batua) eta tokian tokikoa. Gurean ere?

Horizonte territorial: zerumuga territoriala? Lurraldekako zerumuga?

Zer da? Hizkuntza batek noraino eramango gaituen zedarritzen du. Baina, objektiboa izateaz gain, subjektiboa ere bada. Eta zerumuga horrek ezaugarritzen du hizkuntza baten bizitasuna edo sendotasuna.

Aipuen plaza

2017-11-08  //  Aipuak  //  Iruzkinik ez

Aipuen plaza

“Ume eta gazte euskaldunak talka egiten ari dira kristalezko sabai bilakatu zaien gizarte heldu erdaldunarekin”

Iker Salaberria

“Futbolaren munduan esan ohi da hiritar bakoitza entrenatzaile bat dela. Euskalgintzan ere, denak gara soziolinguista, denok dakigu euskarak zer behar duen, euskara nola suspertu behar den, gizarte elebidun orekatua nola eta zein bideetatik erdietsi behar den”

Juan Inazio Hartsuaga

“Bai, sarri askotan Central Parken distirak eklipsatu egiten digu Derioko plaza, eta nekez ikusten diogu xarmarik etxekoari, eta kosmopolitismorik are eta nekezago”

Kepa Altonaga

“Batzuetan, lagun taldeek eta jolaskideek euren kideengan presio ikaragarria egiten dute familian eta eskolan ezarritako arau soziolinguistikoen kontra”

Suzanne Romaine

“Gure-gurea den hainbat ezaugarri bekokian iltzaturik daramagu euskaldunok, mintzajardunaren giza arteko moldaerari dagokionez. Gure bereizgarri horiek kontuan izango dituen sendabidea behar dugu, ez norbaitek noizbait eta nonbait asmaturiko botika unibertsal miresgarria. Gure etxerako egokia den, hemen eta orain aplika litekeen, irtenbide zuhurrena bilatu, zehaztu, adostu eta aplikatu beharrean geratu gara horregatik, behin eta berriro, XX. mendean”

Mikel Zalbide

“Hiztunaren hizkuntza gaitasuna oso kontzeptu dinamikoa da, etengabe eraldatzen, mugatzen eta osatzen dena”

Jaione Aiestaran

Araba: mundu mailako biziberritzearen adibide?

2017-11-06  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Araba: mundu mailako biziberritzearen adibide?

Gai horren inguruan berbaldi bat enkargatu zidaten Vigoko unibertsitatekoek (aupa Henrique!). Gero, Santiagoko unibertsitatean ere gauza bera errepikatzeko. Eta hasi nintzen buruari bueltak ematen. Azkenean, galdera horri zuzenean erantzuna eman beharrean, 16 geltokiko bidaia proposatzen dut Araban barrena. Ea zuek zer diozuen!

Euskarak behar du hip-hop

2017-11-02  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Euskarak behar du hip-hop

Pasa den larunbatean Gasteizen izan ginen, Jimmy Jazz aretoan, Gorka Suaia eta Glaukoma ikusten. Euskarak behar du reggae, euskarak behar du hip hop kantatzen dute One, two kanta gogoangarrian.

Baina beste hainbat gauza ere esaten dute. Adibidez, “dakarkigun melodia aldaketena da”, “estilo berrien beldur haiz? Ni ez”, “erritmo bizkorren katarata”, … Eta baita kritikak jaurti ere gure panorama musikalari: “ultra guayismo super kutxakultureta”, “segi parrandan tributo eta berbenak”,  “gure zaharren rock-and-rollak, momia bilduma, errautsak eta formola, laster babesle ofiziala Iberdrola”, “hau da oaintxe bertan herri honen zoru estetikoa”, ….

Ikaragarria izan zen kontzertua, mundiala. Baina, batez ere, harritu ninduen gaztetxoak dantzan ikustea, gaztetxoak diskoa atera eta hilabetera kanta guztien letrak koreatzen emozionatuta. Eta ni ere bai ahotsa urratzen ibili nintzen, jakina.

Iruditzen zait, gainera, eraberritze eta tradizioa ipar, euskarazko hip-hop-ak inoizko mailarik handiena duela: hor daude Xatiro, 2zio, Nizuri tazuneri, Aneguria, … eta beste hainbat. Ertzetatik erdigunea betetzen duen gitarra soinuei (eta aldarrikapenen sinfoniari) lekua disputatu nahian. Ea lortzen duten, euskarak behar duelako hip-hopa, hip-hop astakirtena ere bai.

38 / 140«Aurrekoa10203037383940506070Hurrengoa»

Txerra Rodriguez

Soziolinguistikari buruz dihardu blog honek, euskararen hizkuntza komunitatearen ikuspegitik beti ere.

Azken bidalketak

  • Sabela
  • Kontzientzia kritikoa
  • Algoritmoa asaldatu
  • Irakurgaiak: No hablaras
  • Fora da aula

Iruzkin berriak

  • Fora da aula - Garaigoikoa(e)k Idatzi nahiko nituzkeen aipu batzuk bidalketan
  • Ketxus(e)k Deskodetzea bidalketan
  • Txerra Rodriguez(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • allartean(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • Barbarizazioa(e)k A casa do amo bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko abendua
  • 2025(e)ko azaroa
  • 2025(e)ko urria
  • 2025(e)ko iraila
  • 2025(e)ko uztaila
  • 2025(e)ko ekaina
  • 2025(e)ko maiatza
  • 2025(e)ko apirila
  • 2025(e)ko martxoa
  • 2025(e)ko urtarrila
  • 2024(e)ko abendua
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko urria
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko uztaila
  • 2024(e)ko ekaina
  • 2024(e)ko maiatza
  • 2024(e)ko apirila
  • 2024(e)ko martxoa
  • 2024(e)ko otsaila
  • 2024(e)ko urtarrila
  • 2023(e)ko abendua
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko urria
  • 2023(e)ko iraila
  • 2023(e)ko uztaila
  • 2023(e)ko ekaina
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2023(e)ko apirila
  • 2023(e)ko martxoa
  • 2023(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko urtarrila
  • 2022(e)ko abendua
  • 2022(e)ko azaroa
  • 2022(e)ko urria
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko abuztua
  • 2022(e)ko uztaila
  • 2022(e)ko ekaina
  • 2022(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko apirila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2022(e)ko otsaila
  • 2022(e)ko urtarrila
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko urria
  • 2021(e)ko iraila
  • 2021(e)ko uztaila
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2021(e)ko urtarrila
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko azaroa
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko abuztua
  • 2020(e)ko uztaila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko iraila
  • 2019(e)ko abuztua
  • 2019(e)ko uztaila
  • 2019(e)ko ekaina
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko abuztua
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa
  • 2012(e)ko urria
  • 2012(e)ko iraila
  • 2012(e)ko abuztua
  • 2012(e)ko uztaila
  • 2012(e)ko ekaina
  • 2012(e)ko maiatza
  • 2012(e)ko apirila
  • 2012(e)ko martxoa
  • 2012(e)ko otsaila
  • 2012(e)ko urtarrila
  • 2011(e)ko abendua
  • 2011(e)ko azaroa
  • 2011(e)ko urria
  • 2011(e)ko iraila
  • 2011(e)ko abuztua
  • 2011(e)ko uztaila
  • 2011(e)ko ekaina
  • 2011(e)ko maiatza
  • 2011(e)ko apirila
  • 2011(e)ko martxoa
  • 2011(e)ko otsaila
  • 2011(e)ko urtarrila
  • 2010(e)ko abendua
  • 2010(e)ko azaroa
  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila
  • 2010(e)ko uztaila
  • 2010(e)ko ekaina
  • 2010(e)ko maiatza
  • 2010(e)ko apirila
  • 2010(e)ko martxoa
  • 2010(e)ko otsaila
  • 2010(e)ko urtarrila
  • 2009(e)ko abendua
  • 2009(e)ko azaroa
  • 2009(e)ko urria
  • 2009(e)ko iraila
  • 2009(e)ko abuztua
  • 2009(e)ko uztaila
  • 2009(e)ko ekaina
  • 2009(e)ko maiatza
  • 2009(e)ko apirila
  • 2009(e)ko martxoa
  • 2009(e)ko otsaila
  • 2009(e)ko urtarrila
  • 2008(e)ko abendua
  • 2008(e)ko azaroa
  • 2008(e)ko urria
  • 2008(e)ko iraila
  • 2008(e)ko abuztua
  • 2008(e)ko uztaila
  • 2008(e)ko ekaina
  • 2008(e)ko maiatza
  • 2008(e)ko apirila
  • 2008(e)ko martxoa
  • 2008(e)ko otsaila
  • 2008(e)ko urtarrila
  • 2007(e)ko abendua
  • 2007(e)ko azaroa
  • 2007(e)ko urria
  • 2007(e)ko iraila
  • 2007(e)ko uztaila
  • 2007(e)ko ekaina
  • 2007(e)ko maiatza
  • 2007(e)ko apirila
  • 2007(e)ko martxoa
  • 2007(e)ko otsaila
  • 2007(e)ko urtarrila
  • 2006(e)ko abendua
  • 2006(e)ko azaroa

Kategoriak

  • 30 urte
  • Aipuak
  • Atik Zra
  • Azatzak
  • Etxealdia
  • Info 7
  • Irakurgaiak
  • Jakin
  • Poema soziolinguistikoak
  • Sailkatu gabea
  • SL domestikoa
  • Sutondoko kontuak
  • Tosepan

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA