Garaigoikoa
Hasiera » Txerraren bloga - Garaigoikoa

Abangoardia …

2017-06-26  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Abangoardia …

eta euskara. Horixe etorri zait burura Sorzain argitaletxe berriak Pott bandari buruz kaleratu duen liburua irakurri ostean. Abangoardia eta euskara. Kontrakultura, underground eta euskara. Abangoardia eta euskara gurutzatzen diren mende eta segundoan.

Pott bandaren helburu nagusiena euskarazko literaturaren autonomia praktikan jartzea izan zen. Hau da, mundu mailan egiten zena euskaraz ere ematea, hain zuzen ere. Eta horretan ari nintzela, pentsakor, Nizuri Tazuneri taldearen kanta hau jarri zidan Youtubek nahierara:

40 urte pasatu dira, baina gauzak ez dira lar aldatu, ezta?

Aipatzen hasiak

2017-06-21  //  Aipuak  //  Iruzkinik ez

Aipatzen hasiak

“Bakoitzak bere bizitzan, bere eremuan, bere lantokian euskaratik eta euskaraz bizitzeko egindako ahalegina independentzia gauzatzeko modua da bere txikian”

Maialen Lujanbio

“Askeak eta aktiboak dira hiztunak, bai, baina gizarte arauek -linguistikoek tartean- moldaturiko askatasuna izan ohi da beti haiena”

Ane Larrinaga

“Hizkuntza politiken boterea aldaketak eragiteko egitura sozial, politiko eta ekonomikoek mugatzen dute eta haien eraginak sakonagoak eta intentsoagoak izan ohi dira praktika horiek baino”

Suzanne Romaine

“Inoizko askagintza erradikalena gure euskara hobetu, zorroztu, jaso eta, amorerik emateke, den-dena kontra daukagun hiltegi honetan, burua tente, gure koska historiko hau egurtzea izan daitekeela ez ikustea”

Barbalot (Lardaska)

“Etenik gabeko hiztun kate honek ekoiztutako katedral neurrigabe bat daukagu egunero mihian dantzan, beti aldatzen doan sorkuntza eskerga”

Jon Sarasua

“Hizkuntzaren erabilera ez du soilik sentimenduak, jatorriak, ama-hizkuntzak, identitateak (linguistiko, politiko, ekonomiko edo kulturalak), legeak, gaitasunak, aldekotasun pertsonal eta kolektiboak, erregistro-aniztasunak eta erraztasunak, hiperteknologizazioak eta likidotasunak, prestigioak, historiak… definitzen. Aldiz, erabilera, nagusiki, kontestu espazial zehatz batean garatzen den ikasketa sozial eta kulturalaren emaitza dinamikoa dela argudiatu daiteke”.

Galder Unzalu

30 urte: Adorez eta Atseginez

2017-06-19  //  30 urte  //  Iruzkin bat

30 urte: Adorez eta Atseginez

Orain dela 30 urte argitaratu zuen Txepetxek bere tesi doktorala, Un futuro para nuestro pasado liburukotea. Ordutik, euri asko egin du eta euri horren zipriztinak ari naiz gogoratzen urte honetan artikulu sorta batean. Eta gaurkoan Adorez eta Atseginez mintegia nahiko nuke gogora ekarri.

mRangiPapa1

Aurreko artikuluak:

  • 30 urte: ontzigintza
  • 30 urte: nukleo sinbolikoa

Ni gazteegia nintzen, baina euskalgintzan hasi nintzenetik mila biderrez entzun ditut Adorez eta Atseginez mintegiari buruzkoak (baina, adibidez, wikipedian ez dago honen inguruko sarrerarik).  1991n sortu zen delako mintegia, Eskoriatzan, Huhezin. Gidaria Julen Arexolaleiba izan zen eta mintegi horretan hartu zuten parte euskara elkarteen mugimenduan zeresan handia izango zuten hainbatek.

Mintegiaren helburua Txepetxen oinarri teorikoak garatzea eta hedatzea izan zen. Eta, zentzu horretan, euskara elkarteak sortzeko eta garatzeko lanetan sekulako eragina izan zuen (euskara elkarteak eta beste ekimen asko). Izan ere, gurean inoiz izan den mintegi soziolinguistiko ia bakartzat har dezakegu Adorez eta Atseginez-ek. Gainera, oinarri teorikoak landu bai, baina baita praktikara eramateko jauzia eman ere. Mintegi soziolinguistikoa bai, akademikoa bai, baina izaera herrikoia eta komunitarioa ahaztu ez zuena.

30 urteren ostean, zer geratu da mintegitik? Ez da erraza emaitza kualitatiboak aztertzea, ikerketa sakona egin barik (inoiz doktore-tesia egin nahiko balu inork, gai aproposa eta interesgarria izan daiteke honako hau). Baina emaitza ukigarri batzuk ekarri zituen.

Batetik, “Un futuro para nuestro pasado” liburua berrargitaratu zuen mintegiak (liburua merezi luke beste berrargitaratze bat, baina tira). Horrez gain, Jordi Soléren “Soziolinguistika gazteentzat” liburua itzuli egin zuen (eta UEUk argitaratu). Era berean, “Giro urbanoko gazteak eta euskara” liburua ere sustatu zuen (hau ere UEUk ekarri zuen paperera).

Bestetik, aipagarria da euskara elkarteen inguruko teorizazioa eta ikerketa bultzatu zuela (eta ordutik nahiko geldi dago bi gai hauen gaineko jardun akademikoa). Izan ere, nekez uler liteke Jazten aldizkariaren sakontasuna eta Bat aldizkarian euskararen mugimendu sozialen inguruko monografikoak Adorez eta Atseginez egongo ez balitz.

Horiek dira nik esateko nituenak. Nik ez nuen garai hura bizi, ez nintzen mintegiko kide izan. Hemen agertutakoak irakurri ditudanak dira eta han eta hemen entzundakoak. Orduko horiei buruzko nire ikuspegia baliteke desbideratua izatea, mitifikatua izatea. Hortaz, garai haietan mintegiko kide izan zen baten batek gehitzekorik, zuzentzekorik edo argitzekorik balu, ondo etorria. Gehitu iruzkinetara eta haren gaineko ikuspegi osoagoa izango dute blog honen irakurleek (eta idazleak).

Berba zuona da!

Yezhou

2017-06-14  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Yezhou

Urtarrrila amaieran ezagutu nuen Morgane Lincy Fercot bretainiarra. Galiziatik zetorren eta hango lagun batek nire erreferentzia eman zion. Biban ezagutu genuen elkar. Zazpi hilabeteko bidaia hasi berri zuen Europan barrena, hizkuntza komunitate gutxitutik gutxitura, Yezhou izenekoa. Nik dakidan batek esan bezala, zergatik ez zitzaigun guri bururatu?

Azkar hasi ginen planak egiten. Honi eta beste horri esan, grabazioetarako hitzorduak adostu, Morgane lagundu hara eta hona. Berarekin ikasten, bere ilusioaz blaitzen, egindakoa baloratzen, … Benetan, merezi izan zuten egun horiek.

Orain, zuokin Euskal Herriko grabazioen teaser-a, eta gero gerokoak:

 

 

Zergatik egin genuen?

2017-06-12  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Zergatik egin genuen?

Gaur kontakizun batekin nator. Behinola, 1966. urtean (hasiera data jarri behar zaie kontakizunei) hasten da kontakizuna, Europako mendebaldeko txoko batean, mendia eta itsasoa gurutzatzen diren herri txiki batean.

Baldintzak latzak ziren orduan, kaleetan, etxeetan, eskoletan, lantegietan; baldintza latzak emakumeek, euskaldunek, langileek, ikasleek, mugitu nahi zutenek. Baina … batzuek mugitzea erabaki zuten han eta hemen, eta arrakala txikiak egin zituzten hormetan, arrakalak egunerokotasunean, arrakalak hizkuntzan, arrakalak bizimodu libreagoen bila.

Komunitatea egituratu, eraiki zuten, beharretatik abiatuta, ezinbestean. Eta borroka horietan partekatutako bizipen horiek bateratu zituzten diskurtsoak, praktikak, egitekoak, funtzioak. Handik 10 urtera (1976an, hortaz) 4.000 pertsonako komunitate horrek aldaketa sakon samarrak lortu zituen (aldaketa kulturalak batez ere). 4.000 pertsonako komunitatea, milioi bat pertsona bizi ziren gune batean. Mendia eta itsasoa gurutzatzen diren Bizkaian, hain zuzen ere.

Hori guztia (eta beste hainbat gauza) kontatzen ditu Pedro Ibarrak orain dela gutxi argitara eman duen liburuan: “Memoria del antifranquismo vasco”. Eta horrek berriro eraman nau minoria aktiboen teoriara (eta Txepetxen nukleo sinbolikora).

Izan ere, eta argi-ilunak kontuan hartuta, aldaketa sakonak lortu zituzten horiek 4.000 pertsona ziren (izen-abizenekin dakar zerrenda Pedrok). 4.000 pertsona baino ez! Baina erresonantzia lortu zuten.

Aditu, Pedro Ibarrak zer dioen:

Mugimendu bat hazten da jarduten duen jendartea ulertzen hasten delako, bultzatzen hasten delako eta berarekin elkartasuna izaten hasten delako. Jendarte hori, edo jendarteko gehiengo horiek, hasten da pentsatzen, hasten da errealitatea interpretatzen mugimendu horren antzera.

Lan mundua laborategia

2017-06-05  //  Info 7  //  Iruzkinik ez

Lan mundua laborategia

Info7 irratiko Gureaz blai saiorako egindako kolaborazioa.

Entzun nahi baduzu, hemen:

https://blogak.argia.eus/txerra-rodriguez/wp-content/uploads/sites/38/2017/06/0601_gureazblai_TxerraRodriguez.mp3

Putzu berriak, proba pilotuak, laborategi izaera, esperimentazioa, … behin baino gehiagotan aditu ditut berba horiek azken aldi honetan euskalgintzei erreferentzia eginez. Bidegurutze honetan garrantzi handia ematen ari zaio berritzeari, gauzak beste modu batera egiteari. Eta hala behar du: euskararen biziberritzea berrikuntza sozial prozesu petoa baita (eta jarraitu behar du izaten). Horren gainean ari nintzela bururatu zait lan mundua toki aproposa izan daitekeela horiek guztiak martxan jartzeko. Bururatu zait esan badut ere, meritua ez da inondik ere nirea, handik eta hemendik hartutako ideien zirimolak eraman nau horretara, argi gera bedi!

Izan ere, lan munduak baldintza onak ditu esperimentaziorako. Alde batetik, lana euskalduntzeko ahaleginetan teknikari gaitu asko dabil. Gainera, teknikari horiek gero eta esperientzia gehiago dute/dugu (lanbide berria bada ere, apurka-apurka ari da sendotzen) eta gero eta gehiago ezagutzen dute/dugu jorratu beharreko soroa.

Beste alde batetik, lantegiek langileengana heltzeko erraztasunak ematen dituzte. Zentzu berean, leku itxi eta naturalak sortzen ditu lanak eta horrek, hein batean, kalea baino gune babestuagoak dakartza esperimentatzen aritu ahal izateko.

Hirugarrenik, ezin dugu ahaztu euskara plana garatzen ari diren enpresa gehienek berrikuntzarako joera nabarmena dutela. Berrikuntza kultura horrek laguntzen du euskara planaren garapenean (eta euskara planak berak laguntzen du berrikuntza kulturan) eta laguntzen du plan horren abaroan esperimentuak egiten, gauza berriak probatzen.

Hortaz, lantegiak izan daitezke gune aproposak laborategi bihurtzeko eta, gero, han esperimentatzen diren metodo eta teknikak bestelako esparru batzuetan aplikatu daitezen. Izan ere, Jon Sarasuak dioen modura, etorkizuna lantzeko gako gazi–gozo asko pilatu dute euskalduntzen ari diren enpresek. Eta horretan dihardugunok argi eta garbi esan dezakegu baietz, horrela dela, horrela dastatzen dugula egunero.

Eta, hein batean, enpresak ari dira izaten esperimentazio gune. Egia estiloaren atzetik, aktibazio sozialaren atzetik hainbat sustrai daude, hainbat iturritatik edaten du. Eta, horien artean, lan munduko batzuetatik ere edaten du. Esate baterako, lantegietan egindako Telp tailerretatik (eta horiei gero egin zitzaien jarraipen-ekintzetatik), hizkuntza ohiturak aldatzeko egindako ahaleginetatik, Aldahitz ikerketatik (eta eusle metodotik, jakina) eta abarretik.

Baina beste hainbatetarako ere balio dezake lan munduko esperimentazioak, langileak (edo, kasuan kasu, herritarrak) aktibatzeaz gain. Esate baterako, erdaldunengana heltzeko bideak esperimentatu daitezke lantokietan. Gune babestu eta itxiagoak diren neurrian, haiengana heltzeko erraztasunak nabarmenagoak dira beste esparru batzetan baino.

Horrez gain, ziur naiz beste hainbat ekimen esperimentatu daitezkeela lantokietan, hemen, hor eta han. Eta, horretarako, jarraitu beharko da lanari elefante izaera aitortzen, hau da, lanaren garrantzia aitortzen, eta jarraitu beharko da sustapen lana egiten lana euskalduntzeko beharra beste enpresa batzuetara zabaltzeko.

Habitusa, edo ezkutuko curriculuma

2017-05-29  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Habitusa, edo ezkutuko curriculuma

Bat aldizkariaren 101. alean, Eduardo Apodakak artikulu zeharo interesgarria idatzi du habitusari buruz, edo ezkutuko curriculumari buruz. Artikuluan hainbat pasarte azpimarratu eta zuei helaraztea bururatu zait, pentsarazleak izan zaizkidan heinean.

Curriculum ezkutua edozein erakunderen indar estrukturala da, erakundean sozializatuko den (kide bilakatuko den) edonork ikasi behar duen jokatze-estiloa eta jokatze-araudia, baina, ageriko curriculum baten itzalpean bai inplizituki, bai isilpean, landu eta irakatsiko dena.

 

Erakunde baten lanean eta egituraketan berez eta oharkabe erabiltzen diren mota guztietako arau eta azturen bilduma, betiere, esplizituki ezarri diren helburu eta eginkizunei eragiten dienean.

 

Esan barik doazen praktikak indartsuenak eta aldagaitzenak izan daitezke.

 

Habitusa egitura sozialen subjektibizizazioa da, baina praktiketan atzeman eta behatu ahal ditugu. Praktikak dira errealitate-egileak nonbait.

 

Bordieuk ulertarazi nahi zigun aktore sozialak ez direla indar mekanikoen mendeko partikulak, baina ezta arrazoi hutsez bere burua gidatzen duten subjektu kontzienteak ere. Aktore sozialak egoeran-egoeran senez zer egin, nola moldatu, dakiten aktoreak dira.

 

Pertsona baten gorputz-disposizioak aldatzea joko sozialean pertsona horrek dituen balio, ahalmen eta identitatea aldatzea da.

 

Praktikarekin batera, edo egiten jakitearekin batera, aktoreek praktikaren erabilera, balioa, zentzua eta ondorioak aurreikusteko eta egokitzeko jakintza bereganatzen dute.

 

Esadazu norekin eta nola ikasi duzun hizkuntza eta esango dizut norekin eta nola erabiltzen duzun.

 

Hizkuntza-egiturak haragiztatze psikosozialak dira. Jendarteko jokaerek jendearen jokaerak egituratzen dituzte, jendearengan nortuta agertzen zaizkigu eta horregatik haiek aldatzeko prozesuak beti izaten dira haragiztatze-prozesuak.

 

Baina edozein aldaketa iraunkorren gakoa praktika bera denez, hau da, praktika onartuak eragile seguruenak direnez, zeharka sortu beharko ditu alderdi ez-formalerako eta curriculum ezkuturako euskarazko praktika-guneak eta euskarazko praktiken (konpromiso) sareak.

Dikotomien jolasa

2017-05-24  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

NaturaFemeninoaPrimitiboaIndigneaIntuitiboaSentimentalaAntzinakoaLanda mundukoaPaganoaProfanoa

Saiatu hizkuntzak taula horretan kokatzen? Euskara non? Gaztelania eta frantsesa non? Ingelesa non? Galiziera edo maoriera non?

Suzanne Romaineren testu batean inspiratutakoa.

Euskalgintzaren eraldaketak

2017-05-22  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Euskalgintzaren eraldaketak

Mari Luz Estebanek “Feminismoa eta politikaren eraldaketak” izeneko liburua argitaratu berri du Susa argitaletxearekin. Azken urteotan askotan bihurritu dugu burua euskalgintzatik feminismora, argi bila-edo. Nire ustez, liburu horretatik ere irakasbide ederrak atera ditzakegu soziolinguistika eta euskalgintzatik. Hala ere, ez naiz ni izango irakasbide horiek zeintzuk diren. Hori baino nahiago dut liburutik nik azpimarratutako testu eta lerrokada batzuk hona ekartzea, irakurle bakoitzak bere ondorioak atera ditzan.

Liburuko atal batean Mari Luzek aipatzen ditu zeintzuk diren politika (feminista) baten arrakasta bermatzen duten ahalmenak eta trebetasunak. Hauexek datozkio idazleari burura:

arazo sozialen teorizazioa eta errealitatearen diagnostiko konplexuak eta txukunak egitea; testuingurua/k ondo ezagutzea eta testuinguru horietara teoriak zedarriztatzea; galdera berriak egitea; aldaketarako eta disidentziarako estrategiak bururatzea eta aurrera eramatea; herri-elkarteak indartzea eta gizartea astintzea; feministak ez diren emakumeekin nola aritu jakitea; ordezkari politikoekin negoziatzen edo haiek presionatzen jakitea.

Feminismoak gurean duen arazo bati ere aurre egiten dio Mari Luz Estebanek. Profesionalek mugimendu sozialetan bete beharreko rolaz ari da bera. Eta horretan egiten dituen ekarpen zein proposamenak nire ustez bete-betean asmatzen dute euskalgintzak duen arazo baten formulazio zein gainditzean:

Profesionalak planak eta proiektuak diseinatzeko daude kontratatuta eta horretarako egokiro prestatuta. Lehen esan dudanez, Euskal Herri mailan dugun programen eta planen jorraketa ezin oparoagoa eta miresgarriagoa da. Ederto.

Baina, bat, plan horien diseinuan eta garapenean dena ez da teknika kontrolatzea, eta profesional/liberatuen eta beste eragileen arteko elkarlana eta atzera-elikadura funtsezkoak dira. Eta horretarako malgutasun osoa behar da alde guztietatik.

Bi, proiektuek ez dute arrakastarik izango elkarteetan edo herri mailan dagoen jendearekin kontatu ezean. Proiektu bat idatzita egotea ez baita, berez, politika feminista baterako berme bakarra: gizarte eragileen parte-hartzea eta borondate politiko zabala ezinbestekoak dira nahiz eta munduko planik onena diseinatu. Beraz, erritmoak eta dinamikak harmonizatu beharko lirateke. Gainera, “paperak” dena onartzen badu ere, politika baten arrakastaren gakoa, nire ustez, osagai ezberdinen arteko oreka litzateke: plan teoriko bera, politika aplikatzen deneko testuingurua ondo ezagutzea, errealitatea aldatzeko koiuntura sozial aproposa egotea, eta prozesu horretan parte hartu behar duten eragileen mobilizazioa lortzea. Oreka hori gertatu ezean paperontzira edo tiraderara doa plana.

Eta, hiru, instituzio batean inplikatuta egoteak badakar ordezkari politikoek eta egiturak berak ezartzen dizkiguten mugei nahitaez doitzeko beharra. Aldi berean, boterea ematen dizu kaleko jendearen aurrean, botere gehiegi, agian. Eta horrek guztiak nork bere pentsamendu kritikoa pobretu dezake. Hori konpentsatzeko bide ezberdinak saia daitezke baina, nire iritziz, bat ezinbestekoa “kaleko” mugimenduarekin harreman estua mantentzea da.

Herrietako elkarteei buruz ere egiten du berba Mari Luz Estebanek. Honako hau dio eta, uste dut, euskara elkarteetako mugimenduan aritu den edonork bere burua islatuta ikusiko duela aipuan bertan:

Diru-laguntza kultura batean bizi gara, eta elkarteak askoz lehenago pentsatu behar dute zer antolatu nahi duten epe ertainean. Gainera, instituzioek zehazten dute zer eta zertarako eska dezakegun finantzazioa, helburu nagusiak eta printzipio ideologiko zein kontzeptualak xedatuz, eta ez dugu ondo aztertuta zenbaterainoko eragina duen horrek mugimendu autonomoan.

Herri mugimendua Mari Luzek gorputz kolektibo moduan ezaugarritzen du. Eta honako hau litzateke, gutxi gorabehera, berak horren inguruan egiten duen definizioa:

Norbanako gorputzak mugiarazten eta lotzen dituzten ekintzen bidez eratuz doan gorputz kolektibo bat, gorputzak hedatuz, berriztatuz eta artikulatuz doazen heinean sortzen den emozio eta energia partekatu bat, ideologiaz osaturik dagoena, jakina.

Honen tankerako beste hainbat aipu ditut azpimarratuta liburuan, han eta hemen. Baina nire ustez hobe da liburua irakurtzea eta, ahal bada, betaurreko feministaz gain, betaurreko soziolinguistikoak (edo euskaltzaleak) erabili. Ez zarete damutuko (edo hori uste dut nik behintzat).

Jarrerak, gaitasunak eta erabilerak

2017-05-15  //  Jakin  //  Iruzkinik ez

Jarrerak, gaitasunak eta erabilerak

Originala Jakin aldizkarian.

Txepetxek argi adierazi zuen eta, gaur egun ere, nazioarte mailako hizkuntza plangintzari buruzko ikerketek hiru arlo nagusiri egiten diete erreferentzia (integralak izan gura badute): jarrerei, gaitasunei eta erabilerei. Hiru horiei ere egiten diete erreferentzia Bat aldizkariaren 99 eta 100. zenbakiek. Izan ere, bi zenbaki horietan azken 35 urteen errepaso soziolinguistiko paregabea egiten dute hainbat egilek, eta, nire ustez, merezi du Jakinen horiei ere leku egitea (nire galbahetik pasatuta, jakina).

Jarrerak

Jarreren inguruko artikulu nagusia Xabier Erizek egin du. Hautu linguistikoa jartzen du berak bere azterketaren erdigunean. Izan ere, «hiztunek (bakarka zein taldeka) hautuak egiten dituzte hizkuntzen edo barietateen artean, eta hautu horien bidez hiztun komunitate baten edo bestearen balioekin lotuak izateko nahia adierazten dute». Hautuak, hortaz, kolektiboak edo indibidualak izan daitezke (eta unean unekoak edo iraunkorrak).

Galdera nagusia baita hauxe soziolinguistikan, egilearen iritziz:

Zergatik jendeak hizkuntza bat baino gehiago erabiltzeko aukera duenean, nahiago du bata ala bestea erabili? Bata zein bestea erabiliko dute, alde batetik, haien lehentasun, nahi, balio eta beharren arabera, eta, bestetik, kontuan hartuta aukera bakoitzaren kostu materialak eta ez-materialak, hautaketen baldintzak direna, azken batean.

Horri (eta beste kontzeptu batzuei) tiraka ontzen du bere artikulua Erizek: «komeni da ulertzea herritarrek, hiztunek, portaera linguistikoak dituztela, hautaketak egiten dituztela eta motibo subjektiboak dituztela horiek egiteko, baldintza sozial objektiboak ere badaudela ahaztu gabe». Marko horren barruan aztertzen ditu azken 35 urteotan euskararekiko jarrera eta motibazioen inguruan gauzatu diren ikerketak.

Amaitzeko, aurrera begira Xabier Erizek ere gomendio bat ematen digu: «euskararen sustatzaileek kontuan hartu behar dituzte/ditugu herritarren motibo subjektiboak: hizkuntza-politikan, plangintzan, lan praktikoan eta ikerkuntzan».

Artikulugile nagusiari beste egile batzuek erantzun diote. Jone Miren Hernandezek identitatearen kontzeptuari heltzen dio bere azterketan. Haren ustez, «identitateak bere kutsu esentzialista galtzen du eta norbanakoak bere identitatea eraikitzerakoan duen partaidetza azpimarratzen da, hiztunak eginkizun honetan azaltzen duen grina eta inplikazioa nabarmenduz». Edo beste berba batzuekin esanda: «Euskaraz egiteak laguntzen du giro nahiz testuinguru euskaldun bat sortzen eta lortzen, baina, gainera, aritze horrek badu ondorio bat nire/gure burua euskaldun bezala irudikatzeko garaian». Hortaz, identitatea ez da berez datorkigun zerbait, egunez egun eraikitzen duguna baizik.

Nekane Arratibel, Asier Irizar eta Joxpi Irastortzak ere erantzun diote Erizeri. Egile horien iritziz, «euskararen hautua egiten da, gehienetan, euskal hiztunen komunitatearen gune sinbolikoak erdigunea hartzen duenean». Hau da, «edozein komunitate linguistikoren erdi-erdian, boterean, alegia, euskal hiztun osoak, euskaltzaleak… egon beharko luketela normalizazioa gauzatuko bada».

Iritziak iritzi, nire ustez argi dago jarrera, hautu, identitate, motibazio eta gai horien inguruan oraindik asko dugula ikasteko, asko dugula fintzeko eta asko dugula probatzeko eta esperimentatzeko. Norbanakoaren indarra gutxietsi barik, kolektiboaren indarra gutxietsi barik, azturek eta ohiturek eragiten dutela ahaztu barik, esaten denetik egiten denera tartea badagoela ahaztu barik. Eta ahaztu barik, jakina, identitatea ez dela berezkoa den zerbait, hautuz hautu eraikitzen den zerbait baizik.

Gaitasunak

Gaitasunen inguruko artikulu nagusia, ostera, Iñaki Martinez de Lunak egin du. Transmisioa ere izan du ikerketa-gai. Hauxe dio berak horren inguruan:

Familia bidezko euskararen transmisioa ari da kasu gehienetan bermatzen guraso biak euskaldunak direnean. Hala ere, transmisioa ez dago guztiz ziurtatuta, eta hori zergatik den ezagutu eta galera eteteko aukerarik ote dagoen aztertu beharko litzateke.

Eta ez hori bakarrik: EAEn euskara hutsezko transmisioa handiagoa da Nafarroan eta Iparraldean baino.

Era berean, transmisio bikoitzaz ere egiten du berba (hau da, euskara eta gaztelania, euskara eta frantsesa). «Egokia litzateke ikertzea zein diren hizkuntza-transmisio bikoitz horren bidez eratortzen diren aukerak eta mugak, betiere HINBE prozesuari begira» (HINBE Fishmanen RSLren euskal akronimoa da: hizkuntza indarberritzea esan gura du).

Eskolaz ere egiten du berba. Eragin mugatua du horrek sozializazioan. Hala ere, «aztertu beharko litzateke irakaskuntzaren lorpen partzialak nola bermatu eta osa litezkeen, denbora igaro ahala galdu ez daitezen».

Euskarazko gaitasuna aztertzerakoan, Iñaki Martinez de Lunak nabarmentzen du hizkuntza gaitasun erlatibo terminoa sortu/asmatu izana. Izan ere, «jakina baita hainbat kasutan hobekien ezagutzen den hizkuntza dela erabilia izateko aukera gehien duena».

Martinez de Lunaren artikulu nagusiari ere beste egile batzuek erantzun diote. Batetik, Iñaki Iurrebasok gaitasunari buruzkoak aipatzen ditu eta, bestetik, Patxi Juaristik transmisioari buruzkoak.

Azken horrek mahai gainean jarri ditu datu esanguratsuak.

Emakumeek gizonek baino gaitasun gehiago dute euskaraz komunikatzeko (hobeto ulertzen, hitz egiten, idazten eta irakurtzen dute euskaraz), euskararekiko atxikimendua handiagoa eta baita euskararekiko jarrera hobeagoa dutelako.

Ezagutza, gaitasunak, transmisioa, sozializazioa. Lau berba horien artean ibili da gure azken urteotako soziolinguistikaren jarduna, hara eta hona. Oraindik jo beharko dugu bide horretatik, baina harremanetan jarriz ostean datozen erabilerekin eta praktikekin, eta aurretik etorri diren jarrera eta motibazioekin.

Erabilerak

Erabilerei buruzko artikulu nagusia Mikel Zalbidek egin du, beti bezala, luze eta sakon. Mintzaldaketaz egiten du berba luze, arnasguneei buruz, baita nazioarteko hainbat eta hainbat erreferenteri kasu egin ere (Fishman buru, jakina).

Eskolaren mugak aipagai ditu berak. «Eskola barruko saiorik sendo, sakon eta teoriaz jantzienak ere ezin izan dio herri-giro osoaren erdalduntze bortitzari aurre egin». Izan ere, «adin batetik aurrera ordain-sarien gizarte-sistemak gobernatzen du neurri handian gaztejendeak euskaraz ala erdaraz egin».

Hala ere, eskola «belaunez belauneko jarraipenaren lagungarri sendoa da». Eta, zentzu horretan, eskolak bost helburu nagusi ditu, edo izan beharko lituzke. Batetik, «etxetik euskaldun diren ikasleen gaitasuna, euskaraz mintzatzeko ahalmena, sendotu egin dezake euskal eskolak». Bigarrenik, «etxetik (erabat edo nagusiki) erdaldun diren ikasleak euskaldundu egin ditzake eskolak, halako neurri batean». Hirugarrenik, «curriculumaren euskal dimentsioa aurrez aurre landu dezake eskolak. Euskaldun izateaz harro dagoen gazte-jendea behar-beharrezkoa du hiztun-elkarte ahuldu orok». Laugarrenik, eskola «buru-langile eta buruzagi berrien harrobia» da. «Edozein hiztun-elkarte sendok, belaunez belaun bizirik aterako bada bere gogoetagile propioak, bere sormen-eragileak, bere eliteak eta bere buruzagiak behar izaten ditu». Bosgarrenik eta azkenik, «milaka euskaldun profesionalen bilgune eta pizgarri da eskola-mundua».

Arnasguneen gainean, esan bezala, luze eta zabal jarduten du bere ohiko estiloan.

Etxe giroko jarduera trinkoa menderik mende eta belaunez belaun euskararen transmisio naturalaren abiaburu eta oinarri izandakoa, bere buruari ozta-ozta eusten edota nabarmen ahultzen ari da oro har.

Bere ustez:

Soluzioa ez dago lehenari iltzaturiko euskal erreserba etnolinguistikoetan. Biziko bada, lana eta jana behar du arnasguneetako jendeak, lehenik eta behin. Mundutar zabal sentitzeko komunikabideetarako lotura-aukera eta bizimodua itxura gabe ez oztopatzeko behar besteko zerbitzu-eskaintza eta aisialdi erakargarria ere bai.

Horrez gain, arnasguneetan behetik gorako plangintza goratzen du.

Bertako bizilagunek ulertu, hobetsi eta asumitu behar dute, lehenik eta behin, abentura demografiko, soziokultural eta soziolinguistiko konplexu eta berrian, Europan pare-pareko adibide handirik gabekoan, sartzera doazela bide hori aukeratzen badute, eta, onik aterako badira, beren konpromisoz eta beren kemenez zurkaiztu, osatu eta garatu beharko dute XXI. menderako bide-erakusle izango den arnasgune berria.

Artikulu horri Olatz Altunak eta Xabier Aierdik erantzuten diote. Azken horrek Jone Miren Hernandezen ildotik jotzen du (Iñaki Martinez de Lunak ere bai hein handi batean). «Ez gara uste duguna, praktikatzen duguna baizik».

Era berean, etorkizunerako errezetak mahaigaineratzen ditu.

Lasaitasun jarrerak eta larrialdi garaietarako neurriak uztartu beharrean gaude, hori baita gure egungo dilema. Ez dugu non begiratu, non kopiatu eta gugandik kanpo ez dago eredurik. Teoria propioak garatu beharrean gaude.

Arnasguneen gainean ere aritzen da. Herri txikiak baino, eskualdeak ikusten ditu berak oinarri.

Urola Kosta, Durangaldea, Goierri, Debagoiena, Tolosaldea. Eskualde hauetan jokatzen eta bermatzen da euskararen etorkizun hurbila. Horietan daude arnasgune erabakiorrak. Eskualde hauek ez dira guztiz urbanoak biztanleria eta udalerrien biztanleria kopurutik, baina bai kultura urbanoaren hedaduratik.

Praktikak eta horrek identitatean dituen ondorioak, eta horrek gaitasunetan dituen ondorioak eta horrek jarreretan dituen ondorioak. Praktika erdigunean jarri. Horixe izan da azterketa sakon horietatik atera dudan ondorio nagusia. Eta bigarren ondorioa da euskal soziolinguistikak ezagutu behar duela Judith Butler eta haren ekarpena, baina, tira, hori ere etorriko da.

Benetan ere pentsarazleak izan dira bi zenbaki horietan jasotakoak. Horiek nire galbahetik pasatutako ohar mentalak baino ez dira izan, eta bi zenbaki horietako artikulu mamitsuak irakur ditzazuen amua baino ez. Segi haien bila atoan.

41 / 140«Aurrekoa10203040414243506070Hurrengoa»

Txerra Rodriguez

Soziolinguistikari buruz dihardu blog honek, euskararen hizkuntza komunitatearen ikuspegitik beti ere.

Azken bidalketak

  • Sabela
  • Kontzientzia kritikoa
  • Algoritmoa asaldatu
  • Irakurgaiak: No hablaras
  • Fora da aula

Iruzkin berriak

  • Fora da aula - Garaigoikoa(e)k Idatzi nahiko nituzkeen aipu batzuk bidalketan
  • Ketxus(e)k Deskodetzea bidalketan
  • Txerra Rodriguez(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • allartean(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • Barbarizazioa(e)k A casa do amo bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko abendua
  • 2025(e)ko azaroa
  • 2025(e)ko urria
  • 2025(e)ko iraila
  • 2025(e)ko uztaila
  • 2025(e)ko ekaina
  • 2025(e)ko maiatza
  • 2025(e)ko apirila
  • 2025(e)ko martxoa
  • 2025(e)ko urtarrila
  • 2024(e)ko abendua
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko urria
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko uztaila
  • 2024(e)ko ekaina
  • 2024(e)ko maiatza
  • 2024(e)ko apirila
  • 2024(e)ko martxoa
  • 2024(e)ko otsaila
  • 2024(e)ko urtarrila
  • 2023(e)ko abendua
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko urria
  • 2023(e)ko iraila
  • 2023(e)ko uztaila
  • 2023(e)ko ekaina
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2023(e)ko apirila
  • 2023(e)ko martxoa
  • 2023(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko urtarrila
  • 2022(e)ko abendua
  • 2022(e)ko azaroa
  • 2022(e)ko urria
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko abuztua
  • 2022(e)ko uztaila
  • 2022(e)ko ekaina
  • 2022(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko apirila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2022(e)ko otsaila
  • 2022(e)ko urtarrila
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko urria
  • 2021(e)ko iraila
  • 2021(e)ko uztaila
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2021(e)ko urtarrila
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko azaroa
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko abuztua
  • 2020(e)ko uztaila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko iraila
  • 2019(e)ko abuztua
  • 2019(e)ko uztaila
  • 2019(e)ko ekaina
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko abuztua
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa
  • 2012(e)ko urria
  • 2012(e)ko iraila
  • 2012(e)ko abuztua
  • 2012(e)ko uztaila
  • 2012(e)ko ekaina
  • 2012(e)ko maiatza
  • 2012(e)ko apirila
  • 2012(e)ko martxoa
  • 2012(e)ko otsaila
  • 2012(e)ko urtarrila
  • 2011(e)ko abendua
  • 2011(e)ko azaroa
  • 2011(e)ko urria
  • 2011(e)ko iraila
  • 2011(e)ko abuztua
  • 2011(e)ko uztaila
  • 2011(e)ko ekaina
  • 2011(e)ko maiatza
  • 2011(e)ko apirila
  • 2011(e)ko martxoa
  • 2011(e)ko otsaila
  • 2011(e)ko urtarrila
  • 2010(e)ko abendua
  • 2010(e)ko azaroa
  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila
  • 2010(e)ko uztaila
  • 2010(e)ko ekaina
  • 2010(e)ko maiatza
  • 2010(e)ko apirila
  • 2010(e)ko martxoa
  • 2010(e)ko otsaila
  • 2010(e)ko urtarrila
  • 2009(e)ko abendua
  • 2009(e)ko azaroa
  • 2009(e)ko urria
  • 2009(e)ko iraila
  • 2009(e)ko abuztua
  • 2009(e)ko uztaila
  • 2009(e)ko ekaina
  • 2009(e)ko maiatza
  • 2009(e)ko apirila
  • 2009(e)ko martxoa
  • 2009(e)ko otsaila
  • 2009(e)ko urtarrila
  • 2008(e)ko abendua
  • 2008(e)ko azaroa
  • 2008(e)ko urria
  • 2008(e)ko iraila
  • 2008(e)ko abuztua
  • 2008(e)ko uztaila
  • 2008(e)ko ekaina
  • 2008(e)ko maiatza
  • 2008(e)ko apirila
  • 2008(e)ko martxoa
  • 2008(e)ko otsaila
  • 2008(e)ko urtarrila
  • 2007(e)ko abendua
  • 2007(e)ko azaroa
  • 2007(e)ko urria
  • 2007(e)ko iraila
  • 2007(e)ko uztaila
  • 2007(e)ko ekaina
  • 2007(e)ko maiatza
  • 2007(e)ko apirila
  • 2007(e)ko martxoa
  • 2007(e)ko otsaila
  • 2007(e)ko urtarrila
  • 2006(e)ko abendua
  • 2006(e)ko azaroa

Kategoriak

  • 30 urte
  • Aipuak
  • Atik Zra
  • Azatzak
  • Etxealdia
  • Info 7
  • Irakurgaiak
  • Jakin
  • Poema soziolinguistikoak
  • Sailkatu gabea
  • SL domestikoa
  • Sutondoko kontuak
  • Tosepan

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA