Garaigoikoa
Hasiera » Txerraren bloga - Garaigoikoa

Hiznet: 2010eko sakontze egitasmoak

2011-09-01  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Ohi
baino beranduago, baina 2010eko Hizneteko lan batzuk ematen dituzte
argitara. azken urteetan ez bezala, ez dut beteko ez dudan promesarik
egingo. Itxura ona dute haietako batzuek, hala ere:

Alustiza Lizarazu, Uxune
(2010). “Herri txiki euskaldun bateko euskara planaren arrakastaroko
faktoreak”. Hiznet 09-10eko sakontze egitasmoa (argitaratu gabe)

Amuriza Amondarain, Saioa (2010). “Euskararen kale erabileraren neurketa Ondarroan”. Hiznet 09-10eko sakontze egitasmoa (argitaratu gabe)

Egiraun Iturbe-Ormaeche, Asier
(2010). “Ugao LHI ikastetxe publikoan euskararen erabilera indartzeko
plana (2010-2012)”. Hiznet 09-10eko sakontze egitasmoa (argitaratu gabe)

Etxabe Azkarate, Karmele
(2010). “Kode alternantzia lagunarteko gazte hizkeran. Zaldibia eta
Ordiziako kasuak”. Hiznet 09-10eko sakontze egitasmoa (argitaratu gabe)

Etxaburu Aizpurua, Urrate (2010). “Motibazioaren garrantzia hizkuntza ohituren aldaketan”. Hiznet 09-10eko sakontze egitasmoa (argitaratu gabe)

Iriondo, Asier (2010). “Politiko elebidunak euskaraz eta gaztelaniaz”. Hiznet 09-10eko sakontze egitasmoa (argitaratu gabe)

Rodriguez Zuaza, Joseba
(2010). “Suomiera eta gaelera , norabide desberdinetan ibili diren
hizkuntza bi”. Hiznet 09-10eko sakontze egitasmoa (argitaratu gabe)

Ugarteburu Iturbe, Amaia (2010). “Euskararen normalizazioa Bizkaiako Foru Aldundian”. Hiznet 09-10eko sakontze egitasmoa (argitaratu gabe)

Azatzak 16: Xamarrenak

2011-08-31  //  Azatzak  //  2 iruzkin

Euskaldunon dibulgatzailerik handiena dugu Xamar. Bere liburuak ezagunak dira (Orekan, Orhipean, Euskara jendea). Artikuluak ere idatzi ditu, Nabarra aldizkarirako adibidez. Horietako batzuk Expraik jaso ditu bere blogean. Udako irakurketa freskoenak, jakina. Eta 16. azatza, jakina.

– Mestizaje kulturala … beharrezkoa ote?

– Bizi osoko zirkulua edo zirkulu bizi osoa

– Nire egunaria

– Herriaren erakusteko laguntza praktikoa

– Euskarari, esker onez

– Zaharminak

– Alien

– Kixotekeriak

– Bountytarrak

– Kalitatearen hizkuntza

– Askatasunaren lurraldea

Herri euskaldunak eta eskola txikiak

2011-08-29  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Gipuzkoaeuskara webgunean Paula Kasaresek honako artikulu hau idatzi du. Eta horri lotuta blog honen lotura batzuk: eskola txikiak, Zeraingoak (1 eta 2) eta abar.

17_eskola_txikiak.jpg

Euskararen berreskuratze sozialaren prozesuak
hizkuntzaren hiritartzea ekarri du. Azken mendean euskara hiritik
baztertuta egon da eta bereziki landa eremuetako mintzaira izatetik,
nekazalgo eta arrantzuaren bizimolde tradizionalei lotuta egotetik,
modernitateari eta hirietako bizimoduari egokitu zaio gutxi-asko. Egun,
euskaldun gehienak hirietan bizi dira eta oso ehuneko apala baino ez,
aldiz, herri txikietan.

Bestalde, jakina da herririk euskaldunenak, IV. Inkesta Soziolinguistikoaren
arabera, biztanleen % 80tik gora euskaldunak dituztenak, txikiak izaten
direla. Hala bada, ikuspegi kuantitatibo batetik euskararen egoerarako
herri txiki euskaldunak ezer gutxi badira ere, kualitatiboki,
hizkuntzaren bizitasunerako berebiziko garrantzia dute. Herri euskaldun
horietako eskolei erreparatu nahi diet, herri txikietan eta auzoetan
egoten diren landa eremuetako eskola txikiei. Zergatik merezi dute
arreta hezkuntza errealitate ñimiño horiek?

Hizkuntzaren ikuspegitik, hiztun kopuru urria izanagatik, herri
euskaldunetan euskara bizi-bizirik dago, belaunaldi guztietako
herritarren mintzaira izaten da eta ohiko harremanetan erabiltzen da.
Herri txiki horiek hizkuntzaren bizitasunerako beharrezkoak dira, Joshua A. Fishmanen hitzetan «demographically concentrated and intergenerationally continuous» («demografikoki kontzentratuak eta belaunaldien artean jarraiak») baitira. Horregatik, «heartlands of minority languages» deitu izan zaie, hots, hizkuntza gutxituen oinarriak. Gurean, Mikel Zalbide
euskaltzainak “arnasguneak” erabiltzen du euskara gizarte harremanetan
ohikoa duten herri-eskualdeei esateko. Herri euskaldun horietan euskarak
bertako mintzamolde eta erregistro jatorrak (hitanoa, soziolektoak…)
garbien eta bizien atxiki ditu.

Herri txikien ikuspegitik, eskolak bizia ematen dio herriari,
haien bihotza eta bizipoza dira. Haurrak herrian dabiltza egun osoan
eta eskolak bertako kulturari eta ohiturei eusten die, haurrak bertako
kultura ohituretan sozializatuz: inauteriak direla, Olentzero, Orakunde
(Ostegun Santuko haurren eguna), Santa Ageda, festak… Eskola txikiek beste eskola eredu bat izan nahi dute. Bestalde, eskolak, zerbitzu gisa, biztanleak herrixkan geratzen laguntzen du.

Familien eta haurren ikuspegitik, ikasleak herriari estuki lotutako eskola batean
hazten dira, herriaren bizitzan errotuak. Adin desberdineko haurrak
biltzen dira ikastalde berean eta horrek elkarreragina eta kooperazioa
era naturalean sustatzen ditu. Gainera, eskola txikietan gurasoen
inplikazioa handiagoa izaten da.

Beraz, herri txikietan eskolak hizkuntzari ez ezik herriko bizimodu, ohitura eta kultura eusteari ere eragiten dio. Jacqueline L. Urla antropologoak eta Jakoba Errekondo nekazaritza-ingeniariak honela idatzi dute Zerain herriaz eta hango eskolaz: «One
of the first steps locals took to preserve their community was to
create a school in town for their younger children. Keeping children
close to their families and neighbours during their early socialization
was regarded by residents to be essential for the transmission of local
culture, language, and customs as well as the formation of closer life
long bonds with their peers
». Hau da, Zerainen tokiko garapen
iraunkorrerako lehen urratsetako bat herriko haur txikientzako eskola
sortzea izan zen. Izan ere, zeraindarrek haurrak herrian, haien familia
eta auzokideekin atxikitzea funtsezkotzat jo dute herriaren kulturaren,
hizkuntzaren eta ohituren transmisiorako, baita tokian errotutako
bizimodua bermatzeko ere.

Herri txikietako edo auzoetako eskolak gure hezkuntza sistemako
errealitate kuantitatiboki txikia baina kualitatiboki garrantzitsua
dira. Azken hamarkadetan teknologia berriek eskola txikien arteko
elkarlana eta koordinazioa erraztu dute. Adibidez, Gipuzkoako eskola
txikien sarea 1987. urtean abiatu zen. Irakasle talde bat, eskola
txikien balioaz jabeturik, elkartzen hasi zen. Egun Gipuzkoako eskola txikiak 26 dira eta mila bat ikasle biltzen dira horietara. Bizkaian 24 eskola txiki daude. Araban herrietako eskolen arazoei aurre egiteko Landa Eskolen Foroa sortu berri dute. Nafarroan landa eremuko eskolak
79 dira baina hemendik aurrera bat gutxiago. Izan ere, duela aste
batzuk amaitu den ikasturtea azkena izan da Nafarroako Mendialdeko Eratsungo
herriko eskolarentzat. Heldu den ikasturtean neska-mutiko eratsundarrek
Doneztebeko ikastetxe publikora bildu beharko dute. Herriak eskolari
eusteko ahaleginak eginagatik ere, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak eskola ixteko erabakia
aurrera eraman du gutxienez 5 ikasle behar baitira eskola zabalik
izateko. Eskolen itxiera behin betiko izaten da. Hau da, behin itxiz
gero eskolak ez ohi dira berriz zabaltzen nahiz eta haur kopurua hazi.
Hala gertatu da Eratsundik hurbil dauden Zubieta eta Elgorriaga herrietan (Malerrekan) eta Anizen (Baztanen), baita Arabako Bernedo herrian ere. Herriak bere eskola galtzen duenean, nolabait bizia ere galtzen duela diote.

136. metroan dago galiziera

2011-08-01  //  Sailkatu gabea  //  2 iruzkin

Hizkuntza ekologiaren diskurtsoa gero eta ozenago aditzen da gurean. Soziolinguistika Klusterrak antolatutako ikastaroa horren gainekoa izan zen (kronika ederra
egin dute Ruben eta Abel lankideek). Galizian ere aditzen da. Eta
horren froga Manuel Singalak eta Manuel Bermudezek egindako hurrengo lau bideo labur gaiaren
inguruan sentiberatze aldera.

Soziolinguistikaz berripapera: 32. zenbakia

2011-07-29  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

 

32. zenbakia / 2011ko uztaila

Word
dokumentua
/Pdf
formatua

SOZIOLINGUISTIKA
KLUSTERRA

•
IV HAUSNARTU Euskal Soziolinguistika Sarien deialdia zabalik

Soziolinguistika Klusterrak IV HAUSNARTU Euskal Soziolinguistika
Sarietarako dialdia egin du Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin.

Euskal soziolinguistika teorikotik, metodologikoaren
ingurukoak eta saiakera-arloko lanak sarituko dira. Beste ezagutza-esparruetatik
ere abia daitezke lanak: zuzenbide, soziologia, ekonomia, psikologia,
historia, geografia, gizarte psikologia, antropologia edo beste adar
zientifikoetatik abiatuz, euskal soziolinguistikaren eremura egokituak
izan daitezke.

SARIAK: Lehen saria: 1.300€;
Bigarren saria: 900€; Hirugarren saria: 600€

EPEA: 2011ko urriaren 31 arte.

NORA: hausnartu@soziolinguistika.org

OINARRIAK ETA informazio gehiago:
http://www.soziolinguistika.org/hausnartu

• HIZKUNTZA-EKOLOGIA:
TEORIATIK PRAKTIKARA ikastaroa EHUko Udako ikastaroetan

Soziolinguistika Klusterrak Hizkuntza-ekologia: teoriatik
praktikara ikastaroa burutu zuen EHUko XXX Uda Ikastaroetan, pasa den
uztailaren 7an eta 8an.

  • Ikastaroaren helburuak honakoak izan ziren: Hizkuntza-ekologiaren
    eredua euskal gizartean erabilgarri den aztertzea: Ekologiaren garapen
    historikoa aztertzea hizkuntzenarekin alderatuz; Ekologikoaren balioak
    hizkuntzen kudeaketan erabilgarri diren aztertzea; Ekologiaren aldeko
    ekintzailetasunak, hizkuntzaren arloan lekurik ote duen begiratzea;
    Komunikazio-estrategiarako ikasgai ekologikoak aplikatzeko moduak
    aurkitzea; Esparru zehatzetarako aplikazioak eskaintzea.
  • Parte hartu zuten irakalseak honakoak izan ziren: Carme Junyent
    (Bartzelonako Unibertsitatea), J. Inazio Marko (Euskal Herriko Unibertsitatea),
    Imanol Miner (Gipuzkoa Donostia Kutxako Hizkuntzen Kudeaketa arloko
    arduraduna), Jon Sarasua (Mondragon Unibertsitatea), Iñaki
    Martinez de Luna (Euskal Herriko Unibertsitatea), Patxi Baztarrika
    (Euskara teknikaria. Hizkuntza-Politikarako sailburuorde ohia) eta
    Belen Uranga (Soziolinguistika Klusterra).

Informazio gehiago: http://www.soziolinguistika.org/eu/node/5203

http://www.soziolinguistika.org/ehuikastaroa

 

• HIZKUNTZA-EKOLOGIA ETA
LURRALDE EUSKALDUNAK TOPAKETAREN BIDEOAK IKUSGAI

Apirilaren 14an Azpeitiko Sanagustin aretoan
HIZKUNTZA-EKOLOGIA
ETA LURRALDE EUSKALDUNAK
topaketa burutu zen. Bertan, besteak
beste, Jon Bollar, Belen Uranga, Albert Bastardas, Xabier Ezeizabarrena
eta Iñaki Markok gaiaren alderdi ezberdinak landu zituzten zenbait
hitzalditan.

Topaketan egoterik ez zutenentzat, webgunean
ikusgai daude dagoeneko saio guztien bideoak
, euskaraz
eta katalanez.

Gogoan izan Hizkuntza-ekologiaren gaia lantzeko hurrengo
hitzordua Donostiako Miramar Jauregian izango dela uztailaren 7 eta
8rako Soziolinguistika Klusterrak antolatu duen ikastaroan: Hizkuntza-ekologia:
teoriatik praktikara.

Informazio gehiago: http://www.uema.org/default.cfm?atala=kanpainak&id=15

• KALEAN DA GAZTEEN ERABILERAREN
GPSA!

Soziolinguistika Klusterrak Erabileraren
GPSa
kaleratu berri du, gazteen hizkuntza-erabileran kokatu
eta bertan esku hartzeko gida. Urtxintxa Eskola eta Topagunea Euskara
Elkarteen Federazioarekin batera sortutako materiala da eta Gazteen
Erabileran Eragiten Duten Faktoreen Azterketa
lana izan du oinarri.

Erabileraren GPSa gazteei eta eurekin lanean dihardutenei,
hizkuntza erabileran eragiten duten aldagai guztiak kontuan hartuz lan
egiten laguntzeko sortutako tresna da. Egiten dugunaz ondo hausnartu
eta gure lanari interesatzen zaigun norabidea emateko balio digu.

Webgunean
bertsio elektronikoa dago ikusgai. Era berean, kluster@soziolinguistika.org
helbidean liburuxka eta posterra eskuratu daitezke 5 euroko prezioan.

Informazio gehiago: www.soziolinguistika.org/gazteak

• EUSKARA SUSTATZEKO KOMUNIKAZIO-EKIMENAK
GARATZEKO GIDA-LERROAK

WEB gunean jarri dugu Euskara sustatzeko komunikazio-ekimenak
garatzeko GIDA LERROAK izeneko dokumentua.

Dokumentu honek bi parte ditu. Lehenengoan, Euskararen
komunikazio-estrategiaz sarrera labur bat egin nahi izan dugu, izan
ere, hori izan baita behin eta berriro agerian ezarri zaigun ideia,
kanpainaz harago, euskararen inguruko komunikazio-estrategia definitu
eta azpimarratu beharra, alegia. Gai horren garrantzia proiektu honi
dagokionaz harago egon arren, ez dugu saihestu nahi izan. Alta, eztabaidari
eta erabakiak hartzeari ekiteko urratsa izango delakoan bidean bildutako
hainbat ideia ekarri nahi izan ditugu hona, bide horretan lagungarri
izatekotan. Dokumentuaren bigarren partean aurkituko ditu beraz irakurleak
propio prestaturiko Komunikazio-egitasmoak garatzeko oinarrizko gida-lerroak.

Informazio gehiago eta GIDA: http://www.soziolinguistika.org/eu/komunikaziogida

EKIMENAK

•
HIZNET HIZKUNTZA-PLANGINTZA GRADUONDOKOAN IZENA EMATEKO EPEA ZABALIK

2011/2012 ikasturtean online graduondokoaren 12. edizioa
burutuko da. Asmoz fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen
dute eta Soziolinguistika Klusterra, UEU eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz
Politikarako Sailburuordetzaren bermea dauka.

Euskararen normalkuntzan jarduteko beharrezkoa den
ezagutza kualifikatu eta sistematikoaren premiari aurre egiteko antolatzen
da. Hizkuntza plangintza eta hizkuntza normalkuntzarekin lotutako hainbat
gai jorratzen dira, esperientziadun irakasleen gidaritzapean. Hizkuntza
Plangintza graduondokoak Unibertsitate Espezialista izaera du eta Euskal
Herriko Unibertsitateko Berezko Titulua da.Bere iraupena ikasturte batekoa
da, azaroan hasi eta uztailean amaitzen da. Izen emate epea zabalik
da, urriaren 5a arte.

Informazio gehiago: http://hiznet.asmoz.org

ALBISTEAK

•
OSAKIDETZAKO LAN ESKAINTZA PUBLIKO BERRIAN EUSKARARI EMANDAKO TRATAERA
SALATU DUTE HAINBAT ERAGILEEK

[Berria]

Hainbat sindikatu eta alderdi politikok gogor kritikatu
dute Osakidetzako lan eskaintza publiko berrian euskararen garrantzia
gutxitzeko Rafael Bengoa Osasun sailburuak hartutako erabakia. Halako
neurriekin Jaurlaritzak euskara bigarren mailako hizkuntza bat balitz
bezala hartzen duela salatu dute LABek, Aralarrek, EAk eta EAJk, eta
euskaldunen hizkuntz eskubideak urratzen dituela. Eskubide horiek mespretxatzea
egotzi dio, besteak besteak, EAko legebiltzarkide Juanjo Agirrezabalak
Bengoari.

Irakurtzen jarraitzeko: Berria

Informazio gehiago : Argia

• EUSKO JAURLARITZAK GIDABAIMENA
EUSKARAZ ATERATZEKO EKIMEN BERRIA AURKEZTU DU

[erabili.com]

Eusko Jaurlaritzak, Kultura SailekoHizkuntza Politikarako
Sailburuordetzaren (HPS) eskutik, eta Herrizaingo Saileko Trafiko Zuzendaritzarekin
lankidetzan, gidabaimena euskaraz ateratzeko ekimen berria aurkeztu
zuen atzo (2011-7-20) Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroak Bilbon
duen egoitzan. Aurkezpenean, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes
Auzmendiz gain, Euskadiko Trafikoko zuzendari Amparo Lopez ere izan
zen.

Irakurtzen jarraitzeko: http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1311233363

• XABIER AZANZA EUSKARABIDEAKO
ZUZENDARIA KARGUTIK KENDU DUTE

[argia.com]

Xabier Azanza Euskarabideako zuzendari kudeatzaileak
lau urteotan lan harremana izandako hainbat enpresa eta erakundetako
kideei gutuna bidali die agurtzeko. Nafarroako euskara alorreko eragile
batek Argiari jakinarazi dionez, Gobernu berriak Azanza kargutik kendu
du. Euskarabidea egiturak jarraitu egingo luke eta litekeena da Xabier
Azanzaren tokia hartzea Maximino Gómez Serranok, garai batean
Hezkuntzako Euskara Zerbitzuko zuzendari izanak.

Irakurtzen jarraitzeko: http://argia.com/erredakzio-mahaia/onintza-irureta/2011/07/18/xabier-azanzak-euskarabidea-utzi-du/

Informazio gehiago [erabili.com]:http://www.erabili.com/zer_berri/galdezka/1311060206

• HIZKUNTZAREN ESTANDARIZAZIOA.
EUSKARAREN BERRESKURAPENA” LANA AURKEZTU DUTE

[garabide]

2011ko uztaila. Uztailaren 5ean, Bilboko Euskaltzaindiaren
egoitzan Hizkuntzaren estandarizazioaren gaineko II. Liburu eta DVD-aren
aurkezpen publikoa egin genuen. Egitasmo hau babestu eta lagundu dute
Bizkaiko Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak,
Arrasate eta Aretxabaletako Udalek, Mondragon Unibertsitateak eta Fagor
eta Emun kooperatibek.

Irakurtzen jarraitzeko: http://www.garabide.org/euskara/albisteak/hizkuntzaren-estandarizazioari-buruzko-liburu-dvd-aren-aurkezpena

Informazio gehiago [euskaltzaindia]: http://www.euskaltzaindia.net/index.php?option=com_content&catid=121&id=3603&lang=eu&view=article

• JEAN-BAPTISTE “BATTITTU”
COYOS EUSKALTZAIN OSOAREN SARRERA-EKITALDIA: INFORMAZIO OSAGARRIA ETA
ARGAZKIAK

[Euskaltzaindia]

Ekainaren 25ean, Maulen, egin zen Jean-Baptiste “Battittu”
Coyosen sarrera-ekitaldia. Coyosek “Eüskararen bi dikotomia”
izenburuko hitzaldia eman zuen, eta Txomin Peillenek eman zion erantzuna,
“Mintzo haren ohoreagatik” hitzaldiarekin.

Hona hemen Michel Etchebest aüzapezaren eta Andres
Urrutia euskaltzainburuaren hitzak, baita Ibai Capot-Thornary eta Johañe
Sarraillet koblakariek eskaini zituzten bertsoak ere. Bestalde, Robert
Labordek irakurri zuen Joan Maria Grangéren testua, Estanguet
a casa (Pausaldia etxean) izenekoa, hemen argitaratzen da; testu hori
1945koa da, eta Lapurdin idatzi zuen Grangék. Azkenik, Kirmen
Uriberen HIzkuntza bat poemaren letra ere publikatzen da hemen. Poema
hori Maddi Ohienartek kantatu zuen, Jean-Christian Irigoienen (“Galtxetaburu”)
musikarekin.

Irakurtzen jarraitzeko: http://www.euskaltzaindia.net/index.php?option=com_content&catid=121&id=3597&lang=eu&view=article

• TXEPETX: EUSKARA GERO
ETA GEHIAGO ERABILTZEN DA, GERO ETA GUTXIAGO ESATEKO

[Garaigoikoa: Marije Manterola eta Txerra Rodrigezen
arteanidatzitako artikulua]bion artean lantalanerako idatzi dugun artikulua]

Txepetxek 9 urte zeraman hitzaldirik eman gabe eta
atzo izan zen Carballon . Hitzaldian muinera jo nahi izan zuen, sustraien
sustraira. Guk hemen dakarguna muin horren laburpena baino ez da. Aurrerantzean
berarekin egin genuen elkarrizketa mamitsua plazaratuko dugu.

Irakurtzen jarraitzeko: http://www.blogak.com/garaigoikoa/txepetx-euskara-gero-eta-gehiago-erabiltzen-da-gero-eta-gutxiago-esateko

 

Azatzak 15: EHAZE

2011-07-28  //  Azatzak  //  Iruzkinik ez

Orain dela urtebete inguru, Bilboko Kafe antzokian izan ginen EHAZEren sorrera galan. Urtebete pasa da eta webgunea egin berri dute.

Ekimen interesgarria da, antzerkilariak eta antzerkizaleak batzeko asmoa duena, Bertsozale elkartea legez. Gainera, aintzat hartu behar da euskarazko antzerkiak bizi duen krisi sakona (ikerketek eta guzti baieztatuta). Beraz, ondo etorri EHAZE. Eta antzerkizale bazarete, egin bazkide dedio.

Galizia bihotzean

2011-07-22  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkin bat

Galiziatik irten ezinik banabil ere (oraindik Santiagon), hemengo jardunaldiak amaitu egin dira. Hiru egun luze eta motibagarriak izan dira.

Asko ikasi dut(gu), hemengo errealitateaz jabetu naiz nolabait, harremanak egin ditugu, Txepetxen hitzaldia entzun eta bera elkarrizketatu, Gemma eta Sechurekin berba egin dugu, umore antzerkian barrez lehertu gara, …

Twitter, facebook (udalekin) eta google docs bidez egin dugu Marije eta biok jarraipena (aupa Marije!), jende asko izan dugu adi (lankideak eta abar), galiziarrak ere adi izan dira (nahiz eta ulertu ez, hizkuntza txikien arteko bidexkak egin behar ditugu). Bi berbatan, zora-garria izan da ….

Ea hurrengoan etortzerik dugun!

Graciñas!!!!

Txepetx: Euskara gero eta gehiago erabiltzen da, gero eta gutxiago esateko

2011-07-22  //  Sailkatu gabea  //  2 iruzkin

Marije Manterola eta bion artean lantalanerako idatzi dugun artikulua.

Txepetxek 9 urte zeraman hitzaldirik eman gabe eta atzo izan zen Carballon
Hitzaldian muinera jo nahi izan zuen, sustraien sustraira. Guk hemen dakarguna muin horren laburpena baino ez da. Aurrerantzean berarekin egin genuen elkarrizketa mamitsua plazaratuko dugu.

1999an Santiago bidea egin eta Santiagora iritsi; bidea egiten ikasten dena eta hizkuntza erabiliz ikasten dena bat datoz. Mugimenduaren legea -leku berdinean ez dira bi gau egin behar-, norberaren erritmoa egitea, amaiera arrakastatsua izatea -hasierako helburua aintzat hartzea-. Hizkuntzen bizitzaren legeak Santiagoko bideko legeen antzekoak dira, beraz. Batez ere, lehena: bidea egiten da ibiltzen; hizkuntza hitz
eginez egiten da, bizi da.

Euskal Herriarekin izan duen harremanean oinarrituta, Galiziako errealitatearekin dituen antzekotasunak aipatu ditu.

Motibazioa handiagoa zen ezagutza eta erabilera baino Euskal Herrian 70. hamarkadan. Edalontzi komunikanteak dira horiek eta bi hizkuntza mugimendu sortu zituen: helduen euskalduntzea eta umeak euskalduntzeko mugimendua. Horrek urteekin ezagutza igo egin du.

Galizieraren argazkia guztiz kontrakoa zen, EAErekin alderatuz. Baina Nafarroan, aldiz, argazkia antzerakoa zen. Euskara gaztelaniaratzen ari ziren Nafarroan, batez ere prestigiozko jendearekin partez. Erabilera handiagoa zen ezagutza baino eta motibazioa baino. Eta Galizian berdin. Gaztelania ikasi ahala, desertatzen ari ziren: eta gaztelaniaratzeko ereduak eskatu.

Nafarroako herri batean hasi zen irakasle. Eta lehendabizikoz euskara ikasten hasi zen herri horretan. Hizkuntza bizia gura izan zuen erabili, umeek erabiltzen zuten hizkuntzatik abiatuta, ez Bizkaian eta Gipuzkoan erabiltzen zen materiala. Egunero umeek kontatzen zituzten euren amamek kontatutako istorioak. Eta besteek bitartean idazten zituzten istorioak. Gero erabiltzen zen hizkuntza irakasteko: eta bide batez egunkari bihurtu eta alfabetatzea ere gertatu zen helduen artean.

Istorioak oso mamitsuak ziren. Indar handia zuten, bizitasun handia. Baina gero erabili izan diren istorioak ezberdinak izan dira. Ez dute indar hori izan.

Euskara gero eta gehiago erabiltzen da, gero eta gauza gutxiago esateko. Eta hori da arazoa. Zelan lortu euskara bezalako hizkuntzek zeresana izaten jarraitzea eta bakoitzak zer esan behar duen jakitea. Eta hor dauka euskarak eta beste tarteko hizkuntzek gaixotasun nagusia: zelan orekatu berba egitea eta esatea.

Hizkuntza batek oinarrizko zazpi funtzio ditu: horiek guztiak zaindu behar dira hizkuntza bat osasuntsu izan dadin. Baina funtzio horiek euren arau propioak dituzte. Lehendabizi zeintzuk diren defizitarioak jakin behar ditugu. Bigarrenik, denak dira oinarrizko, baina funtsezkoenak oso hiztun gutxiri eragiten die. Hiztun gutxi horiek
denbora batean (5-10 urte) sozializatu dezakete araua. Ez da beharrezkoa jende asko egotea hasieran, bai gero, bere momentuan eta bere hierarkiaren arabera.

Elementuak hiru dira: motibazioa, ezagutza eta erabilera. Baina laugarrena zirkulazioa da, hiru elementuen artean, jarraia eta malgua. Eta bosgarrena funtsezkoa da: pertsona da. Zu zara bosgarren elementua, zureganatu duzunean proposamen teoriko eta praktiko hau.

Afrikako herri batek hizkuntza funtzioa nola lortu duen esplikatzen ari da, Galiziak duen beharrari erantzuteko balio duelakoan: maitasunetik, hurbiltasunetik, adiskidetasunetik, laguntasunetik zaildutako hizkuntza da.

Amigas y amigos mios, recuperemos nuestra canción!

Gaur Txepetxekin izan gara

2011-07-20  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Jardunaldiak dira orain Galizian: (Re)pensando o discurso izenekoak. Jarraipen polita egiten ari gara twitteren (@lantalan), facebook-en (udalekin) eta apunteak ere ireki ditugu.

Eguneko plater nagusia Txepetx izan da. 9 urteren ostean lehen hitzaldia eman du. Eta arratsaldean Marije Manterola eta biok izan gara Txepetxekin, elkarrizketa mamitsua egin diogu (lantalanen argitara emango dugu aurrerantzean).

Baina gehiago ere izan da: galiziarren diskurtsoak eta abar. Polito joan da lehendabiziko eguna. Bihar gehiago.

Azatzak 14: Kukutza gaztetxea

2011-07-08  //  Azatzak  //  Iruzkinik ez

Gaurkoan azatzen ohiko bidetik apur bat aldenduko naiz. Azatzen helburua da euskara erdigunean duten kulturgintza jarduerak hona ekartzea. Gaurkoan salbuespen txiki bat egingo dut.

Kukutza gaztetxeak Errekaldetik Bilbo eta eskualde osora zabaltzen du bere eragina. Kulturgune autogestionatua da, beste gauza batzuen artean. Ekimen asko egiten ditu Kukutzak: zirko eskola, sanba eskola, dantzagunea, … Eta ekitaldiak: kontzertuak, zine emanaldiak, antzerki emanaldiak eta abar.

Egia da euskara ez dagoela Kukutzan erdigunean. Baina egia da ere euskarak leku duina duela Kukutzan. Eta zarratu eta bota gura dute. Eta ez nago ados. Aupa kukuen lurraldea!!!

Kukutza ikutu bez!

98 / 140«Aurrekoa102030979899100110120130Hurrengoa»

Txerra Rodriguez

Soziolinguistikari buruz dihardu blog honek, euskararen hizkuntza komunitatearen ikuspegitik beti ere.

Azken bidalketak

  • Sabela
  • Kontzientzia kritikoa
  • Algoritmoa asaldatu
  • Irakurgaiak: No hablaras
  • Fora da aula

Iruzkin berriak

  • Fora da aula - Garaigoikoa(e)k Idatzi nahiko nituzkeen aipu batzuk bidalketan
  • Ketxus(e)k Deskodetzea bidalketan
  • Txerra Rodriguez(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • allartean(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • Barbarizazioa(e)k A casa do amo bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko abendua
  • 2025(e)ko azaroa
  • 2025(e)ko urria
  • 2025(e)ko iraila
  • 2025(e)ko uztaila
  • 2025(e)ko ekaina
  • 2025(e)ko maiatza
  • 2025(e)ko apirila
  • 2025(e)ko martxoa
  • 2025(e)ko urtarrila
  • 2024(e)ko abendua
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko urria
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko uztaila
  • 2024(e)ko ekaina
  • 2024(e)ko maiatza
  • 2024(e)ko apirila
  • 2024(e)ko martxoa
  • 2024(e)ko otsaila
  • 2024(e)ko urtarrila
  • 2023(e)ko abendua
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko urria
  • 2023(e)ko iraila
  • 2023(e)ko uztaila
  • 2023(e)ko ekaina
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2023(e)ko apirila
  • 2023(e)ko martxoa
  • 2023(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko urtarrila
  • 2022(e)ko abendua
  • 2022(e)ko azaroa
  • 2022(e)ko urria
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko abuztua
  • 2022(e)ko uztaila
  • 2022(e)ko ekaina
  • 2022(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko apirila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2022(e)ko otsaila
  • 2022(e)ko urtarrila
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko urria
  • 2021(e)ko iraila
  • 2021(e)ko uztaila
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2021(e)ko urtarrila
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko azaroa
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko abuztua
  • 2020(e)ko uztaila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko iraila
  • 2019(e)ko abuztua
  • 2019(e)ko uztaila
  • 2019(e)ko ekaina
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko abuztua
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa
  • 2012(e)ko urria
  • 2012(e)ko iraila
  • 2012(e)ko abuztua
  • 2012(e)ko uztaila
  • 2012(e)ko ekaina
  • 2012(e)ko maiatza
  • 2012(e)ko apirila
  • 2012(e)ko martxoa
  • 2012(e)ko otsaila
  • 2012(e)ko urtarrila
  • 2011(e)ko abendua
  • 2011(e)ko azaroa
  • 2011(e)ko urria
  • 2011(e)ko iraila
  • 2011(e)ko abuztua
  • 2011(e)ko uztaila
  • 2011(e)ko ekaina
  • 2011(e)ko maiatza
  • 2011(e)ko apirila
  • 2011(e)ko martxoa
  • 2011(e)ko otsaila
  • 2011(e)ko urtarrila
  • 2010(e)ko abendua
  • 2010(e)ko azaroa
  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila
  • 2010(e)ko uztaila
  • 2010(e)ko ekaina
  • 2010(e)ko maiatza
  • 2010(e)ko apirila
  • 2010(e)ko martxoa
  • 2010(e)ko otsaila
  • 2010(e)ko urtarrila
  • 2009(e)ko abendua
  • 2009(e)ko azaroa
  • 2009(e)ko urria
  • 2009(e)ko iraila
  • 2009(e)ko abuztua
  • 2009(e)ko uztaila
  • 2009(e)ko ekaina
  • 2009(e)ko maiatza
  • 2009(e)ko apirila
  • 2009(e)ko martxoa
  • 2009(e)ko otsaila
  • 2009(e)ko urtarrila
  • 2008(e)ko abendua
  • 2008(e)ko azaroa
  • 2008(e)ko urria
  • 2008(e)ko iraila
  • 2008(e)ko abuztua
  • 2008(e)ko uztaila
  • 2008(e)ko ekaina
  • 2008(e)ko maiatza
  • 2008(e)ko apirila
  • 2008(e)ko martxoa
  • 2008(e)ko otsaila
  • 2008(e)ko urtarrila
  • 2007(e)ko abendua
  • 2007(e)ko azaroa
  • 2007(e)ko urria
  • 2007(e)ko iraila
  • 2007(e)ko uztaila
  • 2007(e)ko ekaina
  • 2007(e)ko maiatza
  • 2007(e)ko apirila
  • 2007(e)ko martxoa
  • 2007(e)ko otsaila
  • 2007(e)ko urtarrila
  • 2006(e)ko abendua
  • 2006(e)ko azaroa

Kategoriak

  • 30 urte
  • Aipuak
  • Atik Zra
  • Azatzak
  • Etxealdia
  • Info 7
  • Irakurgaiak
  • Jakin
  • Poema soziolinguistikoak
  • Sailkatu gabea
  • SL domestikoa
  • Sutondoko kontuak
  • Tosepan

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA