Aitor Agirrezabalaga (1985, Donostia)
Glasgowtik Derryra hegazkinez joango naiz. Handik Dublinera autostopean. Hegazkina hartu eta Kroaziara, handik autostopean berriz, nolabait Errumaniara heltzeko asmoz!
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Rozyo(e)k 18. eguna: Gudevica, Bulgaria bidalketan
- Rozyo(e)k 18. eguna: Gudevica, Bulgaria bidalketan
- Sai(e)k 28. eguna: Bucarest, Errumania – Donostia, Euskal Herria bidalketan
- Sai(e)k 28. eguna: Bucarest, Errumania – Donostia, Euskal Herria bidalketan
- Txope(e)k 28. eguna: Bucarest, Errumania – Donostia, Euskal Herria bidalketan
1. eguna: Glasgow, Belfast
Atalak: Irlanda
Belfasteko The Linen House izeneko ostatutik ari naiz. Hiriaren erdigunean dago eta sukaldea eta egongela txukunak ditu. Gainera, gaua bertan pasatzeko aukerarik merkeena 6,5 GBP (7,8€ inguru) da. Hori bai, 18 pertsonako logela batean. Dena den, oso egoitza gomendagarria.
Gaur Glasgowen esnatu, Derryra hegan egin eta arratsaldeko zortziak baino lehen Belfasten nintzen pare bat pertsona jator ezagututa. Egia esan nire urduritasunari aurre egiteko modurik egokiena gaurkoa bezain egun on bat izatea da. Baina beno has nadin hasieratik.
12:00etan Glasgowen aireportura eramango ninduen trena hartu dut. Hurrengo hiru asteetan ordainduko nuen azken garraioa zela nuen buruan, hegaldiak kenduta noski. Nahiko urduri ibili naiz. Hasera batean, aireportura ere autostop bidez joatea pentsatu nuen baina hegaldiak edonolako ezbeharren aurrean itxarongo ez zidanez, ideia hau albo batera utzi nuen.
Trenaren traketeo erregularrak eta aireportu biderako paisaia politak lasaitze lanean lagundu nau. Glasgowtik irten eta Paisly izeneko herria pasa bezain pronto, ingeleraz countryside esaten den horretan murgildu naiz. Zelai guztiak kolore orlegi argia zuten eta noizbehinka zelai hauen artean baso txiki batzuk tarte egiten zuten. Dena laua, muinorik altuenak ez zituen 20 metro baino gehiago izango. Aireportura iristen ari nintzela berriz ere herrixka txiki asko eta lehen zelaiak zirenak orain golfeko zelai bihurtuta agertzen ziren. Hainbat metrotan zehar golfeko kaleak, bunkerrak, banderak eta zuloak besterik ez ziren ikusten. Egia esan Eskozian golfarekiko duten ohitura eta zaletasuna harritzekoa da. Euskal Herrian txirrindularitzak duen bezainbestekoa dela esango nuke.
“Prestwick International Airport” entzun dut bat-batean, eta konturatzerako, 40 minutuko hegaldia egina nuen Glasgowtik Derryra. Aireportuan, kontrol polizialean, ia beti bezala, edozein bidaiarirekin baino denbora gehiago egin dute nirekin beren errutinazko galderak boteaz. “Maleta zuk egin al duzu?”, “Norbaitek ukitu al du?”, “Nonbait bakarrik utzi al duzu?”, “Nondik zatoz?”, “Nora zoaz?”… azken galdera hau erantzuten hasi naizenean bobbyak jarri duen harritu aurpegiak par egiteko gogoa eman dit baina ahal nuen bezala agoantatu dut. Azkenean, bost minuturen ostean, utzi didate segurtasun gunetik irteten eta denborarik galdu gabe aparkaletura joan naiz. Bertako autoei banan-bana galdetzen hastea baino hobe iruditu zait bide nagusira atera eta bertan autostop egiten hastea. Horrelaxe egin dut.
Derryko seinalea ezabatuta
Lanean hasi baino lehen, hemengo gatazka politikoaren lehen adibidea ikusgai. Irlandaren batasunaren zaleentzat Derry da hiri honen izena, Ipar Irlandako autoritate Britainiarrarentzat eta euren jarraitzaileentzat ordea, Londonderry. Aireportu kanpoko biribilean dagoen seinalea duzue honakoa, ikusten denez hemen ere seinale ofizialak ez dituzte oso gustuko.
Seinalea atzean utzi eta hurrengo hilabetean askotxotan egin beharko dudan keinuarekin hasi naiz autoren bat geratu nahian. Pena den arren, ez dut Derry ikusteko denborarik, gautu aurretik Belfastera iritsi nahi bainuen. Hamar minutura Robbie izeneko 80 urte inguruko eskoziar batek geratu nau bere WV Passatean. Berak esan dit nire bidean doala eta eramango nauela Derry kanpoaldera, Belfasteko bidea hartzen den lekura. Bidaia honetan hartuko nauen lehen pertsona da . Behin hizketan, esan dit bera autobus gidaria izan zela eta 1960.eko hamarkadan Bilbon bizi izan zela urte erdiz, Bilboko gidariei gidatzen irakasten! A ze kasualitatea!
Robbiek esan bezala Belfasteko bidean utzi nau eta aireportuan ez ezik hemen kartoi batean “Belfast” jartzea erabaki dut. Dena den, ez dut honetarako betarik izan zeren kartela idazten ari nintzela WV Polo gorri bat geratu da nire alboan eta galdetu dit ea nora nindoan. Nik Belfast esan eta berak bertako aireportura zihoala komentatu dit. Berehala igo naiz.
Kourchek 28 urte zituen eta jatorriz iraniarra zen nahiz eta azken sei urteak Irlanda zeramatzan. Hasieran ez dut gai politikorik atera izan nahi baina berak atera duenez hor aritu gara Ahmanydeiadi buruz berriketan. Bera Iranera ez bueltatzeko arrazoi nagusia bere erregimena zela esan dit eta honi gehienez ere bi urte gehiago eman dizkio. Aurreko urteko iraultza bera botatzetik oso gertu egon zela eta hurrengoan ez duela iraungo. Bera esanetan, Hitler gaiztoa bazen, Ahmanydeiad deabrua da. Ordu eta erdiko bidaia horrela pasa dugu eta inguruak ikuskatzeko denbora askorik ez dut izan baina ez ziren Glasgowtik aireporturako parajeen oso desberdinak. Kontutan izan nahiz eta itsasoa erdian izan oso gertu dagoela Eskozia Irlandaren Iparraldetik eta ondorioz oso antzekoak direla bertako paisaiak ere.
Belfast International Airporten utzi nau, bera oporretan alemaniara zihoalako. Egia esan aireportu honetatik hirigunera 32 bat km izango dira baina Derrytik baino gertuago nuen helmuga hemendik. Gainera, trafikoa itzela zen eta ziur nengoen asko itxaron beharrik ez nuela izango. Ordu erdia baino lehen Cary izeneko gazte baten autoan Belfastera nindoan. Caryk 32 urte dituela esan dit eta nahiz eta orain aireportu inguruko herrixka batean bizi West Belfasteko auzoan jaio eta bizi izan zen orain gutxi arte. Hau Belfasteko auzo katoliko handi eta garrantzitsuena da.
Belfasterako bidean harritu nau horren aireportu garrantzitsutik hirira ez autobide handiagorik egotea, norabide bakoitzean bide bat zegoen errepidetik baikindoazen. Dena den, Caryk berehala argitu dit pentsamendu hau esanaz West Belfastera ematen duen bidetik goazela bere auzoa erakutsi nahi zidala. Garraioa ez ezik gida ere aurkitu dut. Black Mountain (Mendi Beltza) izeneko muino baten magaletik igaro ondoren Belfast ikusi dugu muturren aurrean. Oso bista ederrak, hiri osoa ikusten baitzen. Caryk komentatu dit Black Mountainen tontorretik bistak are eta ederragoak direla baina bertaraino 2 orduko ibilaldia dagoela. Nor daki, agian bihar.
West Belfast Black Mountainen hego magalean hasten da. Auzora sartu bezain laster ikusten da hiriaren zein zatitan zauden. Kolore orlegi, txuri eta laranjadun banderak dira hemen jaun eta jabe bai auzoko etxeetan eta baita bertako etxetako muraletan. Gainera, auzoan behera Cary bertan berak bizitako istorioak kontatzen hasi zait. Alde batean behin poliziei granadak nola botatzen zizkieten ikusi zuela, beste batean manifestaldi baten ostean paramilitar protestanteek bere etxe ondoko pub batera granada bota zutela baina granada leiho batetik sartu eta atzeko leihotik atera zela inor zauritu gabe, apustu etxe batean lapurreta egin ostean polizia abisatua zegoela eta nola gupidarik gabe bost lapurrak kanpoan tirokatu zituztela… Caryren istorioekin hipnotizatua nindoan bat-batean autoa geratu duen arte.
Harriduraz galdetu diot ea zergatik geratu den eta berak behatzaz autotik hamar metrora genuen ate bat seinalatu dit. “Hori delako zure egoitza”. Harrigarria, auzoko tour pribatua gidarekin eta gainera taxia “etxeraino”. Zer gehiago eska nezake?
Egun ezin hobea. Denak horrelakoak balira…