2. eguna: Belfast, Irlanda iparraldea
Belfast, Ulsterreko probintziaren hiriburua, 280.000 biztanleko hiria da. Industrializazio garaian ikaragarrizko birsortzea jasan zuen eta bere industrien indarraren adibidetako bat bertan Titanic-a egin izana da. Hiritik barrena ehunka marrazki, maketa eta kartelek gogoratzen dizute noizbait izan zen barkurik handiena bertako H&W ontzioletan egin zutela. Dena den, Belfast nazioartean ezagun egiten duena, bertako dibertsitatea da. Esan daiteke hiria bitan zatituta dagoela, alde batetik katoliko eta bestetik protestanteak. Orokorrean, gainera, katolikoek Irlandaren batasuna bultzatzen dute eta protestanteek ordea, Ipar Irlanda Erresuma Batuaren zati dela. 2001eko zentsuaren arabera %47,2 katolikoak dira eta %48,6 protestanteak.
Euskaldunok aspalditik izan dugu testuinguru honen ezagutza baina bat hiri honetan murgiltzen den arte ez da bat konturatzen zer puntutaraino dagoen gizartea zatikatua. Hiriaren edozein auzotan, berehalakoan jakin dezakezu txanponaren zein aldetan zauden. Auzo gehienak euren koloreekin margotuak edo apainduak daude. Alde katolikoan orlegi, txuri eta laranja eta protestantean gorri, urdin eta zuria. Kale-argi gehienetan auzoak identifikatzeko banderak daude, bai Irlandakoa eta baita “Union Jack”-ak (Erresuma Batukoa) ere. Beraz nahikoa da kontzeptu hauek ezagutzea eta pixkat adi joatea zein motatako auzoan aurkitzen zaren jakiteko. Gainera, eta nahiz eta bake garaian bizi, oraindik horrenbeste borroka urtek atzean utzitako samina kalean nabaritzen ahal da.
Aurreko testuinguruan gehiago murgiltzeko eta modu nahiko objektibo batean egin nahiz gero, oso gomendagarria da Belfast Museum-era hurbiltzea. Bertan animalia eta industrializazioari eskainitako guneak ez ezik gatazkari buruzko gune interesgarri bat dago. Bertan gogoetarako gune bat ere badago eta norberak bere pentsamenduak eta irtenbideak idatz ditzan aukera ematen dute. Lehen aipatu dudan dokumentala ikusten ari nintzela atzo Cary-k apustu etxeko txikizioari buruz kontatutakoa azaldu da. Ez nuen duda izpirik halako gertakari bat benetan jazo zitekeenik baina harritu nau bideo horretan ikusi dudanean. Aipagarria baita ere, gatazkaren memoriarako gune honetan dagoen isiltasuna. Bertaraino hurbiltzen den jendeak errespetu handiz so egiten dio bertan aurkezten zaionari eta bertako isiltasun honek, historiak eta kolore txuri beltzak gatazkaren gune hau oso leku hunkigarria bihurtzen dute.
Oso gomendagarria den museo hau bisitatu ostean udaletxerantz joan naiz. Bertan doako tourrak daude 3 aldiz egunean; 11.30tan, 2.00tan eta 3.00tan. Udal baten doako tourra nolakoa izango zen jakiteko ikusmina nuen, egia esan, beste inongo udaletan horrelako ezer egiten denik ez baitakit.
14:00etan tourra hasi baino bost minutu lehenago 60 pertsona inguru geunden udalaren harreran. Halako batean Tom izeneko 60 urte inguruko gida guztion erdian jarri eta ongi etorria eman digu. Nik ez nuen sinisten, 60 pertsonako tourra udaletxean barrena, udaleko funtzionarioak lanean zebiltzan bitartean eta gainera ezkontza bateko senar-emazteak eta gonbidatuak ezkontza gelara zihoazela. Nahiko irudi surrealista eta Donostiako udalean adibidez nahiko ezinezkoa izango zatekeena.
Ordu bete pasatxo aritu zaigu Tom. Bere esanetan, tourra doakoa da udala egiteko gasaren zergak igo baitzituzten bere garaian. Hau kontutan izanik, alkate batek erabaki zuen belfastarrek jada nahiko ordaindu zutela euren udalagatik eta nahi zutenean eduki behar zutela berau bisitatzeko aukera. Eta egia esan horren eraikin handi, eder eta historikoa goitik-behera ikusteko aukera izatea pribilegio bat da.
Udala 15:30ean utzi eta Belfast politikoa sakonago ezagutzeari ekin diot. Goizez teoria eta arratsaldez praktika. Nire ibilaldia auzo protestante ezagunenetik hasi dut, Shankill Road-en inguruetatik. Auzoan sartzen orduko irakur daiteke sei bider lau metroko mural batean: “Wellcome to the Shankill” (Ongi etorri Shankill-a).
Kalean gora nabarmena zen kolore gorri, urdin eta zuria toki guztietan eta baita Ingalaterrako eta Eskoziako banderak ere. Halako batean parke batera heldu naiz eta bertan parkerantz ematen zuten etxeen pareta guztietan muralak zeuden. Egia esan Interneten ikusiak nituen mural hauetako asko, baina zuzenean ikustean barnean sentsazio arraro bat piztu dit.
Mural hauek transmititzen duten indar, gorroto, samina… ikaragarria da. Hori bai, bertako umeak eta auzokideak jada ez dituzte ezta begiratzen ere albotik pasatzean, eta turista guztiok ordea inozo-inozo mural guztieri argazkiak ateratzen ibiltzen gara. Nik uste azkenaldian mural eta gatazka hau ere puntu batean behintzat negozio huts bihurtu dela. Horren lekuko “Belfast politikoa” tourra eskeintzen duten enpresa ugariak.
Kalean aurrera jarraituz bide-ertz gehienetan hildako norbaiti omen egiten dion estatua eta oroigarri margotua, UDA eta UFFri (talde protestante paramilitarrak) eskeinitako muralak… azken finean, Erresuma Batuan zaudela argi eta garbi erakutsi nahia. Jende ugari zebilen kalean bakoitza euren eguneroko betebeharretan. Futbolzale bezala, azpimarragarria euretako askok soinean zituzten futbol taldeen kamisetak: Lingfield (Ipar Irlandako talde handiena), Rangers (Glasgowko talde protestantea) eta Ipar Irlandako selekzioa. Kalean honetan bertan, azken bi talde hauen zaletue lokalak ere aurki daitezke. Hemen bai dagoela kirola, eta futbola batez ere, politizatua.
Shankillen mendebaldera West Belfast izeneko auzo katolikoa aurkitu daiteke. Katoliko gehien batzen dituen gunea da. Bi auzo desberdin hauek banatzen bi hesi eta errepide bat. Shankillen aldean hiru metro eta erdiko hesi metalikoa, ondoren bi bideko errepidea eta ondoren West Belfasten mugatzat bederatzi metro inguruko harriz eta metalez eginiko hesia. Gaur egun alde batetik bestera inongo arazorik pasa zaitezke muga bat ematen duen 150 metroko errepidea gurutzatuz, baina orain ez asko, hau benetako muga bat zen militar britainiarrez betea alde bat bestetik banatzen. Hala ere, gaur egun ere nahiz eta inongo arazorik gabe pasa “muga” hau, muga fisikoa baino muga identitario nabarmena da bi auzoen artean.
Alde batean zeuden banderak, muraletako protagonistak, sinboloak, hizkuntza, erlijioa, baita kirolak ere, 150 metro oinez igaro ostean desagertu egin dira eta guztiz desberdinak diren ezaugarriak dituen auzo batean topatzen du bere burua bisitariak. Gaur egun “bake giroa” da nagusi, baina aurreko hamarkadetan auzo hauen arteko gatazkak pentsaezinak izan ziren.
Nahiz eta inongo momentutan ez dudan nire burua arriskuan sentitu protestanteen auzoan, niretzako lasaitu bat izan dela West Belfasten sartzea. Bertan ikurrinak ikus daitezke muraletan eta zenbait etxetan. Bertako jendea oso identifikatua sentitzen da euskaldunokin gure helburu komunagatik. Gehiengo batek ezagutzen du Euskal Herria. Hau horrela, alde honetan gurekiko duten begirunea beste aldean mesprezu izan daitekeenez, ez dut uste komenigarria denik Shankillen inor euskalduna dela esaterik. Ziurrenik ez da ezer gertatuko, baino leku guztietan daude astoak.
Falls Road da West Belfasteko arteria nagusia. Kale honetan sinbologia zeltiarra da nagusi, kartelak irlandar gaelikoz idatziak eta irlandar koloreak nagusi. Mural gehienak tropa britainiarrek hildako eta gose greban joandako IRAko militanteei eskainiak daude. Auzo honetan futbolak ez du aipamen askorik kirol gaelikoak (futbol gaeliarra eta hurlinga) baitira ikusi eta jokatuenak, baina baita ere aipagarri hemen kaletik ikusten diren futbol kamisetak Celtic-ena (Glasgowko talde katolikoa), Irlandako errepublikako (Eire) selekzioarena eta Argentinako selekzioarena direla. Azken honek aipamen berezi bat merezi duela uste dut zeren Falls roadeko pub gehienak Argentinako banderaz beterik daude. Ingelesek futbolean behintzat argentinarrak gorroto izan dituzte, Malvinen gudatik eta Maradonak egin zien sarraski eta jainkoaren eskuagatik. Horrenbestez, munduko kopa dela eta esaten den bezala; “nire etsaiaren etsaia, nire laguna da”. Ondorioz Belfasten Argentina animatu duten dudarik ez dut, Eskozian populazioaren beste zati handi batek egin duen bezala.
Falls Roadeko Cultúrlann kultur etxean izan naiz. Agian irakurleren batek jakingo du bertan egin zutela aurten “Bertso Dinnerra” Mailalen Lujanbio eta Jon Maiak. Bertan gomendatu didate Miltown hilerrira joateko. Ipar Irlandako historian zehar hainbat eta hainbat aldiz izan du hilerri honek protagonismoa. Besteak beste, bertan daude gose greban hildako IRAko militanteak euren mausoleoan hobiratuak Bobby Sands buru dutela. Beheko bideoko gertakaria ere hilerri berean gertatu zen:
Benetan hunkitu nau Belfastek, iritsiko al da benetako bakea? Ea biharko egunak zer ematen duen…
Eta ez zenuen tour politikoa egin? Euskaraz ere egiten dituzte eta oso ongi gainera! Irlandanet uste dut dela enpresaren izena eta euskaldunak tarteko daude.
Hainbeste mural ta hainbeste politika…
pinta bat hartzeko tartea ere izango zenuen, ez?
Ez gaittuk igual bizi!