3. eguna: Belfast – Dublin, Irlanda
Irlandan barrena jarraitzen dut, iparraldetik hegoalderantz. Goizeko hamabiak aldera Belfasteko hiria gurutzatzen duen autobide nagusiko sarrera batean nago autoestopean. Egia esan, asko pentsatu gabe ostatuaren ondoan dudan sarrera aukeratu dut eta bertan egon naiz ia ordubetez, inongo zorterik izan gabe. Ez dago trafiko handia eta nirekin komunikatzen diren ia gidari guztiek eskuarekin ingurura doazela esaten didate.
Motxila eta kartelak egiteko kartoiak jaso ostean beste sarrera batera noala gizonezko bat hurbildu zait. Seymus izena du eta 50 urte inguruko belfastarra da. West Belfasten bizi da eta euskalduna naizela esan diodanean aurpegia aldatu zaio. Eskerrak “niretakoa” den… Zoriondu egin nau aspaldi inor autoestop egiten ikusi ez duelako. A ze animoak! Oso tipo jatorra da eta non jarri gomendatu ostean bere etxean te bat hartzera gonbidatu nau. Nik Dublinera iritsi behar dudala eta ezin dudala esan diot; berak orduan dirurik dudan galdetu dit. Nik baiezkoa erantzun eta berak ez didala sinisten, eta hau esatearekin batera kartera atera eta bertatik 20 liberako billete bat ateratzen hasi da. Dirua eman nahi dit! Nik ezin dut ez sinistu eta ezta onartu ere eta horrela jakinarazi diot. Azkenean 2 liberako txanpon bat eman dit bere omenez infusio bat hartzeko. Aingeru bat duen txapa bat ere eman dit bidean lagunduko nauela esatearekin batera. Horretaz gain, bere helbidea idatzi eta berriz ere Belfastera itzultzean bere etxean lekua dudala esan dit.
Seymusek esandako lekuan berehalakoan lortu dut Belfastetik ateratzea. Lanetik zetorren David gazteak geratu eta Lisburneraino, Belfastetik 20 km ingurura dagoen herriraino, eramango nauela esan dit. Lisburnen iparraldetik Dublinera doanez errepide guztiak biribil batean batzen dira eta bertatik 3 bideko errepidea ateratzen da hegoalderantz. Bertan trafiko ikaragarria dago eta konturatzerako familiar erako Mercedes bat geratua dago bide ertzean. Barruan 50 urteko Tem eta Karen bikotea dago eta Dublineraino doaz pasaportea berritzera. Ipar Irlandan bizi arren irlandarrak sentitzen dira eta aukera izanik nahiago dute pasaporte orlegia izan. Hori ez da ohikoena. Halako batean protestanteak direla ere esan didate. Eta nik Ipar Irlanda eta bertako gatazkaren inguruan dudan ikuspuntuarekin bat egiten ez duen zerbait da hori. Irlandar batasunaren aldeko protestanteak? Orokortzearen arriskuak…
Bi ordu baino lehen Dublinen sartzen ari gara. Bide osoan zehar kolore orlegia eta lainoz betetako zeru nahiko tristea dira nagusi. Berriro ere etxean nagoen sentsazio dut. Beti entzun izan dut antzeko natura eta paisaiak ditugula eta benetan horrela da. Desberdintasun bakarra mendi altuen falta dela esan dezaket. Eta Dublin? Hiri handi eta oso bizia da gaurkoz ikusi dudana. Kaletik jende asko dabil hara eta hona. Gainera, argi eta garbi ikusi dut industrializazio garaitik gaur egunera ikaragarrizko itxura aldaketa izan duen hiria dela. Ibai aldeko auzoak batez ere. Dena den, bihar sakonago gozatuko dut hiri alai eta girotu honetaz.
Jende berri jatorra ezagutuz aurrerantz…
Aupa Aitor! Zorte on bidaiarekin, hemendik jarraituko zaitugu!