5. eguna: Dublin, Irlanda-Zadar, Kroazia
Egun berria eta lurralde berria. Kroazian nago, Zadar izena duen itsasertzeko hiri txiki polit batean. Herrialde, giro eta eguraldi aldaketa nabarmena jasan dut. Gaur Britainiar uharteak utzi eta berriz ere, kontinentean egingo dut lo.
Hegaldia arratsaldeko bostetan dudanez, atzo tourrean ikusi gabe utzi nuen eta biziki bisitatu gura nuen Guinness-en fabrika ikustera joan naiz. Ni ez naiz garagardo beltz horren zalea, baina, oso interesgarria da Guinness Storehouse-ra joatea. Oso ondo antolatua dute fabrikaren barruan garagardo garratzaren historia erakusten duen ibilaldia. Bertan, Garagardoa nola egiten duten eta historian zehar izandako publizitate kanpainak zein izan diren azaltzen dute, baita berau nola dastatu behar den eta Guinness pinta bat nola bota behar den ere. Azkenik, patxada ederrean, 360 graduko ikusmira duen ganbarako tabernan edari beltz horretaz gozatzeko aukera dago. Ordu eta erdian ibilaldi osoa egin daiteke. Sarrerak 13,50 euroa balio ditu eta Guinness pinta batek edozein tabernatan bost eurotik gora balio dezakela kontutan izanda ez da prezio txarra
Irlandako abenturak eta istorio ederrak alde batean utzi nahian, hegaldia hartzera joan naiz Dublineko aireportura. Kasu honetan, hegaldia galtzeko aukerak ekiditeko, autoestopa egin ordez euro eta hogei zentimo ordainduta autobusez joan naiz.
Hegazkinean sartu eta larrialdietako irteerako eserlekuan eseri naiz. Halako batean eskuineko tipoak soinean nuen Realeko kamiseta ezagutu eta nirekin hitz egiten hasi da. Ama donostiarra duen kanariarra da Leo. “A ze kasualitatea!”. Oraindik gehiago arritu naiz bere atzean zegoen neska guri gaztelaniaz zuzendu zaigunean, Malagako Marta da. Hirurak berriketan hasi gara eta Kroazian lur hartzerako bidaia-kidea dut. Leok jada garraioa eta lo egiteko lekua baditu, baina Marta ni bezala abenturan doa eta Zadarrera batera joatea erabaki dugu.
Zadarren Leo agurtu ostean hirian barrena abiatu gara Marta eta biok lo egiteko lekuaren bila. Ez dugu ezer aurkitzen eta jada gaua denez larritzen hasi gara, baina bakarrik ez egoteak lasaitzen gaitu. Halako batean, alde zaharretik goazela “Aurten bai! Aupa Reala!” garrasia entzun dugu. Hernaniko Bittor eta Gasteizko Iaski dira; Kroazian oporretan dauden bi lagun. Lauak berriketan hasi gara eta autoa alokatuta dutela eta gaua pasatzeko lekua aurkitzen lagunduko digutela esan digute. Horrela Youth Hostel-a aurkitu eta bertan ostatu hartu dugu. Gainera, bi lagun euskaldunek bihar Pletvice-ko parke naturalera joateko gonbita egin digute. Aukera ederra denez baiezkoa eman diegu. Hori bai, goizeko seietarako esnatu beharko gara.
Bakarrik hasi eta jada hiru lagunekin nabil…
aupa aitor!! Realaren izena Europan zehar zabaltzen oso ondo!! Zorte on ta ea lagun gehio aurkitzen dituzun!