7. eguna: Zadar-Hvar, Kroazia
Atzo parke naturaletik bueltatu ostean, Bittor eta Iaskik gaur egingo zutena komentatu ziguten. Goizean goiz, baina ez aurreko egunean bezain beste, Krka izeneko parke naturala ikusteko intentzioa zuten. Honen ostean, Spliteraino, Dalmaziako hiriburura joan eta bertatik ferry bat hartu behar zuten Hvar izeneko uharteraino. Marta eta biok hitz egin eta joatea erabaki dugu. Horren ondorioz, Hvar izeneko, mediterraneo itsasoko, uharte zoragarri batetatik ari naiz idazten.
Goizeko zortzietan geratu gara lagunekin. Ondo gosaldu ostean Zadar atzean utzi eta lehendabizikoz hegoaldera ekin dut. Ordu bete inguruko bidaia eginda gure helmugetako batera iritsi gara, Krka izeneko parke naturala. Krka eta Plitvice oso ezberdinak dira. Gaurkoa askoz txikiagoa da eta bertako ikusmirak ez dira aurreko egunean ikusitakoen parekoak. Hala ere, zerbaitetan ongi irabazten dio Krka-k Plitvice-ri, lehenengo honetako laku batean bainua ez dago debekatuta. Zorameneko paisaia batean uretan murgiltzea ikaragarria da. 70 metro zabalera inguruko ur-jauzi bat iristen da igerileku naturalera. Kontrako aldean egurrezko zubi bat dago eta beste bi aldeetara zuhaitzak eta bailararen paretak. Guztiaren erdian bero gogorretik aldendu nahian turista asko, zein baino zein alaiago uretan jolasean.
Parkean asko gozatu ostean, berriro ere autoa hartu eta hurrengo helmugara joan ginen: Spliteko portua. Bidean bazkaldu eta kostako bide ederrari jarraitu diogu, bat-batean urrutian hiri industrial handi bat ikusi dugu, Split da. Ulertzekoa da Zagreb hiriburuaren atzetik hau Kroaziako hiri nagusia izatea. Edonon industria eta lantegiz betetako poligonoak daude. Aireportua ere bertan dago gainera. Aldaketa nabarmena izan da bidean zehar kostaldeko herri txikiak ikusiaz joan eta horrelako hiria mutur aurrean aurkitzea. Kroaziak dituen ehunka uharteetako batera joan nahi izanez gero, ziurrenik Spliteko portutik ateratzen den barku bat hartu beharko da. Guk arratsaldeko seietan portutik ateratzen den katamaran baterako erosi ditugu sarrerak. Barkua seiak puntu-puntuan eta eserleku baino bidaiari gehiagorekin atera da Spliteko portutik. Ordu bete geroago Hvar-eko uharteko portuan leku hartzen ari gara. A ze paisaiak! Eskerrak Bittor eta Iaski ezagutu eta euren bidaiara batu naizen, bestela paraje hauek ezagutuko ez nituzkeelakoan nago eta.
Katamaranetik jaisten lehenengoa Bittor izan da eta gu jaisterako lo egiteko lekua hartua du. Portura bertara hurbiltzen da jendea alokatzeko dituzten etxeak eskaintzera. Ez dakit zenbat “regateatu” duen edo nola egin duen, baina Bittorri eskerrak portuan bertan herriaren erdian dagoen etxe bat lortu dugu gau batengatik bakoitzak 13 euro ordainduta. Etxea bertan dugunez motxilak utzi eta azken eguzki izpiez gozatzeko asmoz hondartzarantz abiatu gara. Bertan ikusi dugu eguzkia itsaso aldetik esertzen. Ikaragarria!
Nik gidoia idatzita ere, gauzak ezin hobe joan…
Joder Aitor, ze enbidia! Gainera lagunak azkar egin dituzu zuk!!!