8. eguna: Hvar, Kroazia
Hvarreko uharteak 68 km-ko luzera eta hamaikako zabalera du. Datu ofizialen arabera 12.000 biztanle ditu, baina udan datua gutxienez bikoiztu egiten da. Kroaziako uharteen artean turista kopuru handienetarikoa jasotzen du eta aipagarria da ni bezalako motxiladun gazteak ez ezik milioika euro balio duten ontzietan bertaratzen diren aberatsak ere aurki daitezkeela bertan. Katamaranak uharteak bezala izena duen herrian utzi gaitu. 4.000 biztanle inguruko herria uhartearen hiriburua ere bada. Herriaren erdian portua dago eta bere atzean muino baten gainean herri guztia kontrolatzen duen gaztelua. Portuaren bi aldeetan hondartzak ikus daitezke itsasertz osoan zehar eta Hvarreko portuaren aurrean Pakleni Otoci izeneko parke naturala osatzen duten 10 uharte txiki eder daude. Paisaia ikaragarria.
Gaurkoa relax eguna izan da, goizean hondartzara joan gara eta bertan egon gara bazkalordura arte, eguzkipean botata eta inoiz ikusi dudan ur garbi eta gardenenaz gozatzen. Hondartzarantz goazela bide ondoan dagoen bost izarreko hotel baten igerileku ikaragarria ikusi dugu eta hondartzan bazkaldu ostean bertara sartzeko ahalegina egin dugu. Baita erraz lortu ere, bertako bezero bagina bezala lasaitasun osoz atetik sartu eta han ibili gara aberats garelakoan leku ederraz gozatzen.
Eguzkiak indarra galdu ostean muino gainean dagoen gaztelura igotzea erabaki dugu eta nahiz eta aldapa nahiko gogorra izan, guztiz merezi izan du. Ikaragarrizko paisaiak ikus daitezke gaztelutik eta gaztelua bera ere ederra da. Gainera, ilunabarra ikusteko aukera izan dugu, berriro ere, herrira afaltzera jaitsi aurretik.
Afarirako bertako janari tipikoa den “chevapchichiak” jan ditugu. Hamburgesa ogi baten barruan tomatearekin eta tipula txikituarekin zerbitzatzen dituzten albondiga antzeko haragi puskak frijituak dira. Ez nago ziur goseagatik den edota hain onak daudelako baina laurok berehalakoan bukatu dugu chevapchichiz betetako sandwicha. Uharte ikaragarri polita izan ezik janaria ere ederra dute. Hau da hau paradisua!
Gaur opor eguna, relax total eta lasaitasuna…
hori da aurpegia 5 izarreko hotelean doan sartzen, jeje! Artista bat inda zaude!